Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Chichén Itzá

Koordenatuak: 20°40′59″N 88°34′07″W / 20.6831°N 88.5686°W / 20.6831; -88.5686
Wikipedia, Entziklopedia askea
Chichén Itzá
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kokapena
Estatu burujabe Mexiko
Mexikoko estatu Yucatán
Koordenatuak20°40′59″N 88°34′07″W / 20.6831°N 88.5686°W / 20.6831; -88.5686
Map
Historia eta erabilera
Irekiera455
Suntsipena1178
Gizateriaren ondarea
Irizpidea(i), (ii) eta (iii)
Erreferentzia483
Eskualdea[I]Latinoamerika eta Karibea
Izen-ematea1989 (XIII. bilkura)
Webgune ofiziala
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Chichén Itzá Yucatán penintsulako gune arkeologikorik garrantzitsuenetako bat da, Mexikon, Tinum udalerrian kokatua, Yucatán estatuan. Maia zibilizazioaren hondar garrantzitsu eta ospetsua, bertan mantentzen diren eraikinik nagusiak zibilizazio maia gainbehera zihoan garaikoak dira, arkeologoek Aro Postklasikoa izenaz ezagutzen dutena.

Gaur egun aztarnategiko arkitektura masiboa enblematikoak eragin tolteka argi bat du. Tokia presiditzen duen jainkoa bera, Kukulkan alegia, nolabait esateagatik, Quetzalcoatlen berraragitze bat da, panteoi toltekatik irten zen jainkoa. Behin hori esan ondoren, Chichén Itzá hiri edo zentro zeremonial bat izan zela kontuan hartu behar da, berau okupatu eta bere fundaziotik bultzatu zuten herrien eragin eta eraikuntza hainbat arotatik pasa zena.

Chichén Itzáko gune arkeologikoa UNESCOk Gizateriaren Ondare zerrendan gehitu zuen 1988an. 2007ko uztailaren 7an Munduko Zazpi Mirari Berrietarako aukeratua izan zen, UNESCOren babesik ez zuen ekimen pribatu baten ondorioz, baina munduan zehar bozkatu zuten milioika pertsonak babestua.

Chichén Itza izena hitz maia hauetatik dator: Chi´ (aho edo ertz), "Chen" edo Ch'e'n (putzu), Itz (azti edo magiko) eta a (ura). Esanahia "Itzen putzuaren ertza" litzateke, bertan dagoen zenote putzua dela-eta. Itza talde etnikoa bat zen, penintsula iparraldean botere politikoa eta ekonomikoa lortu zutena.

Itza taldea iritsi baino lehenago, hiriak bazuen beste izen bat. Izena zehaztea zaila da, ortografia arau estandarra ez dagoelako, baina batzuetan honela idatzi da: Uuc Yabnal[1], Uuc Hab Nal[2] edo Uc Abnal.[3]. Nahiz eta adostasun handia egon izenaren lehen zatian ("zazpi"), eztabaida handia dago bigarren zatiarekin. Itzulpenen arabera, "Zazpi Etxe Nagusiak", "Zazpi Sastrakadiak" edo "Zazpi Abnal" izan liteke.

"La Iglesia" eraikina, "Las Monjas" multzoan.

Chichén Itzá 525ean sortu zuen chân gizataldeak, gero itza izan zirenak, "kronikek dioten jaitsiera txikiaren garaian"[4]. Chân gizataldeak, mendebalderako ibilbidean, bertan ezarri zuen hiriburua, baina beste hainbat hiri garrantzitsu ere sortu zituzten, hala nola, Ek Balam, Izamal, Motul, T-hó (egungo Mérida) eta Champotón (Chan Petén: "Chânen lurraldea"), Juan Francisco Molina Solís historialariaren arabera[5].

Aro Klasiko Berantiarraren amaiera aldera (600-900), hiria Mayab beterriko hirigune politiko garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Aro Postklasikoaren hasieran (900-1500), hiria Yucatán penintsulako boteregune nagusia izan zen. Badirudi XI. mende inguruan, hiria gainbeheran hasi zen eta garrantzia galdu, ia biztanle gabe gelditu arte. Hala ere, ez zen guztiz ustu eta konkista garai ostean ere, espainiar eta maia iturrien arabera, cenote sagrado delakoak erromesak erakartzen zituen oraindik.

Hiria bi gunetan banatuta dago, iparraldekoa eta hegoaldekoa, ezaugarri desberdinak dituztenak. Hegoaldekoa, batzuetan "Chichén Zaharra" deitua, Puuc hirien ezaugarriak dituzte (Uxmal, Kabáh edo Labná hirienak, batez ere). Iparraldekoa, batzuetan "Chichén Berria" deitua, eraikin ikusgarriagoak ditu, Mexko erdialdeko hirien ezaugarriak dituztenak, batez ere tolteken hiriburu zen Tula hiriarenak.

Eraikinen kokapen planoa.

Iparraldeko gunea Kukulkan jainkoaren (lumadun sugearen) omenezkoa da. Eraikin ugarik osatzen dute. Hauek dira garrantzitsuenak:

  • el Castillo (Piramide Handia)
  • el Caracol (Behatokia)
  • Pilotaleku Handia
  • el Cenote Sagrado[6]
  • el Osario (Hezurtegia edo Apaiz Nagusiaren hilobia)
  • mila zutabeen multzoa
  • Gerlarien Tenplua
  • el Tzompantli

Hegoaldeko gunean maila apalagoko eraikinez osatuta dago:

  • la Casa Colorada
  • la Casa del Venado
  • la Iglesia
  • las Monjas multzoa

Leku ugaritan margo arrastoak ikus daitezke. Horrela, gaurko itxura gris orokorra ez bezala, jatorrian margo biziz pintatutako eraikinak zirela adierazten digute arrastook.

Sakontzeko, irakurri: «Kukulkanen tenplua»
Kukulkanen Tenpluko eskailerak.

Chichén erdigunean Kukulkanen Tenplua dago (Quetzalcoatl izendatzeko maia izena), sarri El Castillo ("Gaztelua") izenez ezaguna. Piramide mailakatu horrek oinplano laukia du, lau aldetan goraino doazen eskailerekin. Udaberriko eta udazkeneko ekinokzioetan, egunsenti eta ilunsentian, piramide mailakatuaren ertzak itzal mailakatu bat sortzen du ipar eskailerako mendebaldean, lumadun suge baten itxurakoa (Kukulkan edo Quetzalcoatl). Urteko bi une horietan, eguzkiaren mugimenduagatik itzal hori beherantz doa herrestan, eskailera oinarrian dagoen harrizko suge buruarekin bat eginik.

El Observatorio

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Behatoki astronomikoa.

Behatoki astronomikoa (gaztelaniaz El Observatorio, eta batzuetan caracol, "barraskiloa") piramide handiaren parean dago eta izarrak behatzeko balio zuen, batez ere egutegia finkatzeko. Artizarra behatzeko ere balio zuen, Kukulkan jainkoari esleitua.

Pilotaleku Handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Juego de pelota.

Hiriko 13 pilotalekuetatik handiena izateaz gain, Mesoamerikako handiena ere bada[7]. Haren neurriak 166 x 68 metro dira. Alboetako hormak 12 metro garai dira eta hauen erdian, hormen goiko ertzean, suge txirikordatuz landutako eraztunak daude.

Bertako neurri erraldoiak ikusita, arkeologoen eustetan zeremonia lekua dela uste dute, benetako kirol-gune baino. Pilotaleku inguruko behe-erliebeetan oinarrituta, jaiegun garrantzitsuetan bi taldek parte hartzen zuten: azpimundu taldea (jaguarrek irudikatua) eta argiaren taldea (arranoek irudikatuta). Jokoa kautxuzku pilota bat erabiliz egiten zen. Badirudi, galtzaileen kapitainak irabazleen kapitainaren burua moztu eta pilotalekuaren albo batean paldoztatzen zen[erreferentzia behar]. Maientzat, ohore handiko ekintza zen.

El Cenote sagrado

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Cenote sagrado

El cenote sagrado 60 metroko diametroko zenote bat da, hau da, kareharrian irekitako putzu edo dolina naturala. Horma bertikalek 15 metro dituzte lur maila eta uraren artean eta 13 metroko sakonera du, Yucatán penintsulako lehen maila freatikoa.

Sakratu deritzon zenote honetan, eskaintzak egiten ziren Chaac euriaren jainkoari. Eskaintza hauek baliozko gauzakiak ziren gehienetan eta, tradizioaren arabera, giza sakrifizioak ere bai, batez ere neskatxa nobleak, zeremonia janzkiz eta harribitxiz hornituak. Zenotean gatibu garrantzitsuak ere sakrifikatzen ziren.

Arkeologo mexikarrek jadezko gauzakiak, obsidianazko labanak, harribitxiak eta hezurdurak aurkitu dituzte, baina zenotea guztiz arakatu ez dela uste da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Uuc Yabnal izena "Zazpi Etxe Nagusiak" eran itzuli da (“Seven Great House”), in Richard N. Luxton , The Book of Chumayel: The Counsel Book of the Yucatec Maya, 1539-1638 (Walnut Creek, Calif.: Aegean Park Press, 1996) 141 ISBN 0-89412-244-4
  2. Uuc Hab Nal = "Zazpi Sastrakadiak" (“Seven Bushy Places”) in Peter O. Koch, The Aztecs, the Conquistadors, and the Making of Mexican Culture (???: McFarland & Co., 2006) 19 ISBN 0-7864-2252-1
  3. Uc Abnal = "Zazpi Abnal", non Abnal abizen bat den, in Ralph L. Roys, The Book of Chilam Balam of Chumayel. (Norman, Okla.: University of Oklahoma Press, Norman. 1967) 133n7
  4. Juan Francisco Molina Solís, Reseña de la Historia Antigua de Yucatán Descubrimiento y Conquista de Yucatán. Mérida, Yucatán, 1896.
  5. Op cit. Juan Francisco Molina Solís.
  6. Hirian beste cenote handi bat ere badago, Xtoloc izenekoa, hiria urez hornitzeko funtzioa zuena
  7. Robert J. Sharer, The ancient Maya (6e éd.), Stanford University Press, 2006, p. 565

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]