Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Elizen Arteko Biblia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elizen Arteko Biblia
Datuak
Argitaratze-data1994 eta 2006
GeneroaErlijioa
Jatorrizko izenburuaElizen Arteko Biblia
Hizkuntzaeuskara
ISBN978-84-88774-50-7

Elizen Arteko Biblia euskara batuan argitaratutako Bibliaren bertsio oso bat da, katoliko eta protestante arteko elkarlanean ekoitzia.

Itzulpen prozesua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jan Brueghelen margoan, animaliak Noeren ontzian sartzen. Hala kontatzen du Elizen Arteko Bibliak: "Jaunak esan zion Noeri: «Sar zaitez ontzian zeure etxeko guztiekin, zu beste gizon zuzenik ez baitut ikusi zure garaikideen artean. Har itzazu zeurekin zazpina bikote, ar-emeak, legez kutsatu gabeko diren abereen artetik, eta bikote bana, ar-emeak, kutsatuak direnen artetik. Zeruko hegaztietatik ere zazpina bikote, ar-emeak, hauen arrazak munduan iraun dezan".


Dionisio Amundarain itzultzaileak koordinatutako talde batek itzuli zuen Biblia euskara batura, 1977. urtetik antolatzen hasi zen ekimen batetik aurrera. Jakin aldizkariaren taldetik sortu zen gogo hura, eta hastepenetik bertatik, kristau protestante batzuen oniritzia ere jaso zuten.[1] Itzulpena egiteko moduan, lau printzipio nagusik gidatu zuten itzulpena[2]:

  1. Jatorrizko hizkuntzetatik −hebreera, arameera, greko− euskaratzea, hau da, Biblia bertsio kritiko jakin batetik;
  2. Itzulpen ekumeniko batera hurbilduz lan egitea: hau da, protestanteen eta katolikoen arteko itzulpena egitea;
  3. Biblia euskara batuan jartzea (Lexikoaren aldetik irekia euskalki guztietara irekia egin zuten itzulpena).
  4. Itzulpen formala baino gehiago, itzulpen dinamikoa, komunikatiboa egitea, hau da, baliokidetasun dinamiko edo funtzionalaren araberakoa

Amundarainek euskara batu komunikatiboa hobetsi zuen. "Ez dugu hitzez hitz itzuli, baizik eta kutsu komunikatiboa eman. Esate baterako, grazia bezalako hitzaren ordez "ongi-nahia" hobetsi dugu. Izan ere, nahiz eta "grazia" hitz sartua izan, ikusi genuen jendeak ez diola daukan esanahia ematen. Ongi-nahia joskera aldetik freskoagoa izateaz aparte, gisa horretan Iparraldean hobe ulertzen dute," adierazi zuen koordinatzaileak elkarrizketa batean.[3]

Bibli Elkarte Batuen laguntzarekin batik bat egin zen itzulpen hori. Erakunde hori, United Bible Societies ingelesez, Bibliaren zabaltzea helburu duen erakunde protestantea da, baina Eliza Katolikoak, Vatikano II.az geroztik, ontzat ematen ditu talde horrekin elkarlanean egindako itzulpenak. Hala ere, itzultzaile taldeak ez zuen harreman organikorik izan Euskal Herriko elkarte protestanteekin, eta ezta Eliza Katolikoarekin ere: arduradunekin harremanak izan arren, ez zen mandatu berezirik izan. Guztiarekin, itzulpenean parte hartu zuen Ramon Irizarren esanetan, taldean ez zen arazo konfesionalik gertatu testuen bertsio protestante zein katolikoak bat egiteko unean.[4]

Lehen edizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994an argitaratu zen lehen edizioa. Euskal Herriko Elizbarrutiak ageri dira argitaratzaile gisa, Idatz argitaldariaren bitartez.

2001ean Elizen Arteko Biblia berrargitaratu egin zen, testu aldaketarik gabe.

Bigarren edizioa eta Internetekoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006an aldaketa batzuk zekartzan bertsioa berreargitaratu zen, paperean ez ezik CDan ere. Bertsio hori harrezkero Interneten dago, beste hizkuntza batzuetako bertsioekin batera kontsultatu daiteke, Esloveniako Bibli Elkartearen ekimenez, Biblija.net webgunean.[5] Interneteko bertsio horrek Bibliako aipu-laburduren berri ere ematen du,

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Amundarain, Dionisio. (1988). «Elizen arteko Bibliaren itzulpen taldea» Senez 7 ISSN 84-7086-198-0. (Noiz kontsultatua: http://www.eizie.eus/Argitalpenak/Senez/19890130/amundarain).
  2. Amundarain, Dionisio. (2008). «Elizen Arteko Bibliaren berrargitalpenean, hitzaldia» Plazaberri (53) (Noiz kontsultatua: 2018-01-30).
  3. Elkarrizketa: Dionisio Amundarain. (Noiz kontsultatua: 2018-01-30).
  4. Irizar, Ramon. (1995). «Elizen arteko biblia eta irzulpengintza» Uztaro (15) (Noiz kontsultatua: 2018.01.30).
  5. OFMCap, br. Matej Nastran,. BIBLIJA.net - Biblia interneten. (Noiz kontsultatua: 2018-01-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]