Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Foederati

Wikipedia, Entziklopedia askea

Foederati-ak (latinez: foederatus singularrez, foederati pluralez) hiri edo tribuak ziren, Antzinako Erromarekin fœdus[oh 1] izeneko ituna sinatua zutenak.[1] Erroma errepublikanoan, Italia probintziako socii-ak izendatzeko erabiltzen zen hitza. Inperio garaian, berriz, atzerriko estatuak, erresuma bezeroak edo tribu barbaroak izan zitezkeen foederati-ak.

Itunak hainbat baldintza zituen, sinatzaileen arteko adiskidetasun-harreman iraunkorrak ezartzeko. Bi mota zeuden: foedus aequum-a berdinen arteko hitzarmena zen, betierekoa, bi aldeak elkarri laguntzera behartzen zituena, bai defentsa gerretan, bai bestelako beharrizanetan; foedus iniquum-ak, ordea, Erromaren nagusitasuna aitortzen zuen, eta beste sinatzailea beharturik zegoen Erromari laguntzera eraso-gerretan ere.[1]

Foedus latinezko hitzak Erromaren eta beste nazio baten arteko hitzarmen solemne eta loteslea izendatzen zuen, elkarri laguntzeko eginbidea ekartzen zuena. Euskarazko federazio eta federalismo hitzen sustraian dago.

Erroma errepublikanoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Errepublikaren hasieran, Erroma defendatzera beharturik zeuden Italiako tribuak. Herri horiek ez ziren erromatar koloniak, ezta erromatar hiritartasunaren (civitas) onuradunak ere. Laziotarrak odoleko aliatutzat hartzen ziren, baina gainerakoak foederati edo socii ziren. Beraz, foedus hitzarmenek eginbideak ekartzen zizkieten socii-ei, ordainetan hiritartasunaren onura jaso gabe. Horrek tirabirak eragin zituen, eta K.a. 91n Gerra Soziala piztu zen Erromaren eta haren aliatu italikoen artean.[2]

K. a. 90eko Lex Julia-k hiritartasuna eskaini zien Erromaren aurka altxatu ez ziren socii-ei, eta armak berehala uzten zutenei. K. a. 89ko Lex Plautia Papiria-k, berriz, Arno eta Rubikon ibaietatik hegoaldera bizi ziren italiar guztiei eman zien erromatar hiritartasuna.[3] Italiar penintsulatik haratago ere zeuden foederati batzuk, hala nola, Gades (gaur egungo Cádiz), Ebusus (Eivissa uhartea) eta Massalia (Marseilla).

Erromatar Inperioan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bisigodoak Erromaren foederati-ak izan ziren.

III. mendetik aurrera, Erromatar Inperioaren garaian, foederati hitzaren esanahia hedatu zen, Erromarekin hitzarmena zuten herri barbaroak izendatzeko.[4] Franko, bandalo, alano edota bisigodoekin egindako itunen arabera, herri horiek sari bat jasotzen zuten, erromatar armada soldaduz hornitzearen truke. Atzerritar soldaduak ez ziren legioan sartzen, indar laguntzaileetan baizik.[5]

Hasieran, erromatar saria dirutan edo elikagaietan ematen zitzaien herri barbaroei. IV. mendetik aitzina, ordea, zerga bidez bildutako dirua urritu zenez gero, enperadoreek lurren jabetza eman zieten eta, beraz, inperioaren barnean bizitzeko baimena; era horretan, barbaroek hutsik zeuden lurrak lantzen zituzten.[6] Godoen eta erromatarren arteko lehenbiziko itun handia 332an sinatu zen, Konstantino enperadorearen agintaldian.[7] Frankoak 358an federatu ziren, Julianok Mosa eta Eskalda ibaien arteko lurrak eman zizkielarik, Rhineko muga defendatzearen aldera.[8]

Erromatarren eta godoen arteko ituna bi herri independenteren artekoa zen, muga Danubio ibaiak markatzen zuela. Baina hori erabat aldatu zen 376an. Urte hartan, hunoen erasoaren beldur, bisigodoek Danubio zeharkatzeko baimena galdegin zioten Valente enperadoreari. Enperadoreak onartu zituen ibaiaren hegoaldean, eta ordainetan godoek limes-a, inperioaren muga, defendatzeko laguntza hitzeman zioten.[6][5] Alabaina, erromatar gobernariek tratu txarra eman zieten, eta bisigodoak matxinatu ziren. 378an, erromatar armada azpiratu zuten Hadrianopolisen. Gerra Gotikoa 382an amaitu zen, eta bisigodoak Trazian kokatu ziren, foederati izaerarekin.[7][5]

V. mendearen hasieran, hunoek erasoaldi bortitzak egin zituzten Rhin haranean. Domino-efektuz, alanoak, bandaloak eta sueboak behartuak izan ziren Galiarantz atzeraka egitera. Ordurako Erromak ez zuen sarkinei aurre egiteko baliabiderik. Anarkia giro hartan, talde handiek lortu zuten foederati estatusa inperioaren lurretan kokatzeko. 418an, Honoriok bisigodoen esku utzi zuen Akitania Bigarrena. 419an, bandaloak Hispaniara iritsi ziren, eta iparraldeko Afrikara 429an. Era horretan, Mendebaldeko Erromatar Inperioa probintziarik aberatsenak galduz joan zen, eta enperadorearen agintea Italiara eta Proventzara mugaturik geratu zen.[6]

  1. Artikulu honetan foedus figura juridikoaren esanahia eta ezaugarri legalak aztertzen dira: Fernández Baquero, María-Eva (2021 apirila) "Foedus: sobre las relaciones jurídicas de roma con otros pueblos". RIDROM. Revista Internacional de Derecho Romano, ISSN-e:1989-1970, 26. 334-383 or.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Foedus. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-9).
  2. Social War. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-9).
  3. Parte istituzionale: lex Plautia Papiria. Università degli Studi di Bari Aldo Moro, uniba.it (Noiz kontsultatua: 2024-12-9).
  4. Guégan, Pierrick. Les Barbares dans l'armee romaine de 260 à 363 apres J.-C.. Université Rennes, academia.edu (Noiz kontsultatua: 2024-12-11).
  5. a b c Sivan, Hagith. On Foederati, Hospitalitas, and the Settlement of the Goths in A.D. 418. The American Journal of Philology, 108. liburukia, 4. zenbakia (negua, 1987), 759-772 orrialdeak, kuscholarworks.ku.edu (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
  6. a b c 7 clés pour comprendre les Barbares: Des grandes invasions au baptême de Clovis. herodote.net (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
  7. a b Castillo Lozano, José Ángel. Los godos y el Imperio romano: los mecanismos de integración «del extranjero, el otro y el extraño» en el Bajo Imperio. Onoba. Revista de Arqueología y Antigüedad, (3), uhu.es (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
  8. Frank. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]