Anatomia konparatuaren eta paleontologiaren bultzatzailea izan zen. Napoleonen garaian eta Borboien errestaurazio garaian kargu garrantzitsuak izan zituen Parisen, Frantziako Historia Naturaleko Museoan irakasle izendatu zutelarik.
Animaliak beren egitura eta morfologiaren arabera sailkatu zituen lehenengotako zientzialaria izan zen 1817an Regne animal distribué d'après son organisation liburua argitaratu zuenean. Honen arabera animaliak lau talde nagusitan sailkatu zituen: ornodunak, moluskuak, artikulatuak eta erradiatuak.
Paleontologiari dagokionean Cuvierrek ekarpen handia egin zion zientzia honi fosilen inguruko ikerketa ugari eginez. Eboluzioaren erabat aurkakoa zen, fixismoaren defendatzaile sutsua, eta kataklismo jarraituen teoria plazaratu zuen: jainkoak izaki bizidunak sortzen ditu baina saiakera okerra dela uste duenean katastrofe bat sorrarazten du izaki guztiak hil eta berriak sortzeko. Horrela azaltzen zuen fosilen erregistroaren estratigrafia.
Era berean, Cuvierrek uste zuen Lurrak 6.000 urteko adina duela.