Gosari
Otorduak |
Otorduak |
Gosaria • Hamaiketakoa • Bazkaria • Askaria • Afari-merienda • Afaria • Sorgin-afaria |
Jakiak |
Janaurrekoa • Koktela • Zizka-mizkak • Hasierakoa • Jaki nagusia • Azkenburukoa • Bazkalondoa • Pintxoa |
Gosaria edo barausia gaueko loalditik jaiki ondoren hartzen den lehen otordua da. Normalean eguneko lanari ekin baino lehen hartzen da.
Gosariak desberdinak dira kulturaren arabera, baina Euskal Herrian gehienetan kafea edo tea bezalako edari pizgarriren bat (helduen kasuan), esnea eta esnekiak, zukuak eta karbohidratoen iturri bat (ogia, zerealak, opilak...) izaten ditu. Batzuetan proteinak ere sartzen dira, urdaiazpikoa, hestebeteak edo arrautza esaterako.
Goizean jeiki eta hartzen den aurreneko otordua da gosaria, lanean hasi aurretik. Era berean, goiz partean hartzen den bazkaldu bitarteko janaria, gosari txikiaren oposizioz. Eskulangileek (arrantzale, laborari, artzainek) goizeko kafeari pattarra edo, besterik ezean, ardoa, eransten zioten.[1]
"Gose" hitzarekin dago lotua gosaria eta "barau" terminoarekin, barauskarria. Tokian tokiko hitzek adierazten dute kontzeptu bera: barausi, gosari lege, askari, armosu.[1]
Gosari motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi gosari mota ditugu gurean:[1]
- kontinentala, gehien hartzen dena: edari bero gozoa (kafea, tea, txokolatea, eskuarki esnearekin) eta ogi txigortua ezti, gurin, marmeladarekin; jaiegunean, opilak (croissant, briox, madalena, bizkotxoa), fruta edo zukua (laranja, anana, tomatea), jogurta, labore azukreztatua (muesli) edo fruituekin;
- anglo-saxoia ugariagoa da: arrautzak, hirugiharra, barazkiz eta tomate saltsaz egositako babarrun zuriak, patatak, ogi txigortua eta tea, gutxienez.
Gutxi gosaltzearen edo ez gosaltzearen ondorioak —glukosa erabilgarririk ezean, nozitzen den hipogluzemiak eraginik— dira makalaldi orokorra, umore txarra, ezin kontzentratuz aritzea, etekin fisiko edo intelektual eskasa nozitzea.
Gosari bereziak Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gosariari esateko termino bereziak, Euskal Herrian erabiltzen direnak dira hauek:[1]
- espos-gosaria: Zugarramurdin XX. mendean, adibidez, ezkonberriek beren etxean ahaide eta adiskideei eskaintzen zieten.
- gosari legea: gosaria, bereziki ez oso oparoa ("Goizean, kafesnea hartu eta lanera, arin, gosari lege hori eginik").
- gosari moduko, g. mokadu, g. pasada, g. txikia, g. arina: goizean, esnatu eta berehala hartzen zen ahamena, are gosariaren aurrekoa; eskuarki, kafe edo esne hutsa, elikagai solido askorik gabea.