Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Honshu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Honshū uhartea

Honshu[1] (japonieraz 本州 "estatu nagusia" entzun) Japoniako lau uharte nagusietan handiena da. Hokkaidoren hegoaldean dago, Tsugaruko itsasarteak bereizia; eta Shikokuren iparraldean eta Kyushuren ipar-ekialdean, Kanmon itsasarteak bereizia. Munduko uharterik handienetan zazpigarrena da, eta Javaren ostean biztanle gehien duen bigarrena. Zazpi eskualdetan eta 34 prefekturatan dago banatua.

98.352.000 biztanle zituen 1990an, batez ere lautadetan. Populazio horren % 25 Tokyoko eskualdean bizi da (Yokohama, Kawasaki, Saitama eta Chiba hiriak biltzen dituen eskualdea). Kyoto, Osaka, Nagoya, Kobe, Hiroshima eta Sendai hiriak ere Honshu uhartean daude.

Honshu, satelite artifizial batetik ikusia.

Japoniako itsasoa du mendebalean eta Ozeano Barea ekialdean. Tsugaruko itsasarteak bereizten du Hokkaido uhartetik iparraldean, eta hego-ekialdean, berriz, Shimonoseki itsasarteak Kyushutik. Honshuko hegoaldean Shikoku uhartea dago, eta bien artean Japoniako barne itsasoa.

1.300 kilometro luze da, 50etik 230era bitartean zabal, guztira 230.500 km2ko azalerarekin, hau da, Japoniaren % 60. Britania Handia baino handiagoa da. Guztira 5.450 km ditu kostaldeak.

Uharte menditsua da, 3.000 metro inguru garai diren bi mendilerro ditu erdialdean (gailurrik gorena: Fujiyama sumendia, 3.776 m). Sumendi lurraldea da, eta sarri izaten dira lurrikarak. Latitudeak (Oya-shio itsaslaster hotzaren eragina iparrean, eta Kuro-shio beroarena hegoan) eta garaierak klima desberdinak eragiten dituzte bertan.

Ibaiek malda larriak iragaten dituzte, eta indar handiz eta zuzen jaisten dira. Haietatik garrantzitsuenak: Tone (400 km) eta Kitakami, Ozeano Barera doazenak, eta Shinano, Japoniako itsasora doana.

Aintzira ugari dago; haien artean, Biwa, Japoniako handiena (674km2). Japoniako uharteen artean biztanle-dentsitate handienekoa bada ere (380 biztanle/km2), oihan asko daude.

Nekazaritzari dagokionez, arroza da laborerik garrantzitsuena; harekin batera, garia, zitrikoak, sagarra, tea, soia, kotoia, eta abar. Iparraldean, behi eta zaldi azienda hazten da. Japoniak azken urteotan izan duen industria hazkunde miragarriak Honshu izan du gune nagusia. Ondorioz, bertako hiri inguruak nolanahi hazi dira, eta eraikuntza erraldoiz osaturiko halako nahas-mahas handi baten itxura dute. Hala, Tokio eta Yokohama barne, 900 km luze den Kanto izeneko megalopoliak Japoniako biztanleen laurdena hartzen du. Bigarren multzoa Kioto, Osaka eta Kobe hiriek osatzen dutena da (12 milioi biztanle). Hirugarren multzo nagusia Nagoya hiriaren ingurukoa da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-10).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orri honetako testu zati batzuk japoniar idazkerarekin idatzita daude.
Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera
ikurrak ikusiko dituzu kanji edo kana karaktereen ordez.