Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Imhotep

Wikipedia, Entziklopedia askea
Imhotep
sage (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaMenfis, K.a. XXVIII. mendea
HerrialdeaAntzinako Egipto
HeriotzaAntzinako Egipto, K.a. XXVII. mendea ( urte)
Familia
AmaKheredu-ankh
Hezkuntza
HizkuntzakEgiptoera
Jarduerak
Jarduerakarkitektoa, ingeniaria, astronomoa eta medikua

Imhotep (egiptoeraz: Jj m ḥtp, antzinako grezieraz: Ἰμούθης, K.a. XXVII. mendea) egiptoar polimata izan zen, jakintsua, asmatzailea, medikua, matematikaria, astronomoa, injeniaria eta arkitektoa, besteak beste[1]. Sakkarako Piramide Mailakatua diseinatu zuen eta gaur egunera haren izena iritsi zen lehenengo zientzilaria kontsideratzen da.

Egiptoko III. dinastia garaian bizi izan zen Heliopolis hiriburuan Djoser faraoiaren aholkulari nagusia eta Ra eguzkiaren jainkoaren apaiz nagusia izan zen. Ez da ongi ezagutzen figura historikoa, baina hil ondorengo 3.000 urtetan haren izena hain mirestua izan zenez Greziarrek medikuntzaren jainko egin zuten K.a. VI. mendean.

Imhotep izenak "bakean datorrena" esan nahi du[2].

Imhotepen izena eta titulua eta Djoser faraoiaren izena. Faraoiaren estatuaren oinean idatzitako hieroglifikoen grafikoa. Kalteturiko zatiak grisez irudikatuta daude.

Informazio iturriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Imhotepen inguruko informazioa jasotzea ez da batere erraza, hura hil eta hurrengo 1.200 urtetako inongo agiritan haren izenik ez baita aipatzen, garaikideak izan daitezkeen hiru idazki labur ezik, eta haietan Djoserren aholkulari nagusia zela esaten da[3]. Aspaldiko tradizioak dio jakinduriazko testu ugari idatzi zituen aditua izan zela Imhotep[4], bereziki medikuntzaren inguruko testuak jorratu zituela esaten du[5], baina hura hil eta mende askotara aipatzen zaizkio ezaugarri eta jakintza hauek.

Imhotep aipatzen agiri zaharrena Amenofis III.a (K.a. c. 1391–1353) faraoiaren erregealdikoa da. Hilobi baten jabeak idatzia da eta horrela dio:

« Wab apaizak eskaintzak egin diezazkioke zure "akh"-ari (biziaren esentziari). Wab apaizek besoak luza diezazkizukete lurrean libazioak eginez, Imhotepentzat egiten den bezala katiluko ur hondarrekin.[4] »

Imhotepen aldeko libazio hauek aldiro egiten zirela dirudi, horrela diote Imhotepen estatuei loturiko papiroek, gutxienez Azken Arora bitartean (K.a. c. 664–332). Berlingo Egiptoar Museoaren errestauratzailea den Dietrich Wildungek azaltzen duenez Imhotepen oroimen intelektualaren eboluzio geldoak sortarazi zuen harenganako kultua[4]. Gardinerrek dio Erresuma Berriaren garaian (K.a. c. 1550–1077) bestelako jakintsuekiko gurtzarekiko nahikoa desberdina bazela, Imhotep erdi-jainko kontsideratua izateko bestekoa[6].

Errege familiakoa izan gabe ez dira dozena bat egiptiar izango jainkotuko eta Imhotep da horietako bat[7]. Haren gurtzaren erdigunea Menfis hirian zegoen[8]. Ez da Imhotepen hilobirik aurkitu, saiakera ugari egin diren arren[9], eta aditu gehienek uste dute Sakkarako piramidean ezkutaturik egongo dela[10].

Imhotep historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Imhotepen historikotasuna bermatzen dute haren garaiko hiru idazkik. Hauetako bi Djoser faraoiaren estatuaren oinean agertzen dira eta idazkiek Imhotepek zituen hainbat titulu aipatzen dituzte, eskultoreetako burua eta zigilatzaileen burua barne[8]. Hirugarrena Sekhemkhet faraoiarentzako amaitu gabeko piramide mailakatua inguratzen duen harresian ikus daiteke[11][12]. Hirugarren idazki horrek adieraz lezake Djoser faraoia hil ondoren Imhotep oraindik bizirik zela eta hurrengo faraoiaren piramidea egiten hasi zela. Sekhemkhet faraoiaren erregealdia oso laburra izan zen, sei urte ingurukoa, eta piramidea amaitu gabe gelditu zen[11]. Adituek uste dute bizitza luzea izan zuela eta baliteke lau faraoiren erregealdi ezagutu izana, Djoser, Sekhemkhet, Jaba eta Nebkara[13].

Djoser faraoiaren Sakkarako Piramide Mailakatua, Imhotepek diseinatu zuena.

Imhotepek Djoser faraoiaren Sakkarako Piramide Mailakatua diseinatu zuen, bai eta inguruan dauden gainerako eraikinak ere, hileta konplexua osatuz. Aurreko faraoien piramideek oinarri errektangularra zuten eta Imhotepek oinarri karratua ezarri zion[13]. Piramidea eraikitzeko kareharrizko blokeen milaka tona erauzi, garraiatu eta egoki kokatu behar izan ziren. Merkeagoak eta erabiltzen errazagoak ziren adreiluaren eta zuraren ordez harriak erabili zituen[14]. Harrizko zutabeak ere altxatu zituen, apaingarri gisa batez ere, ez baitute pisu handirik eusten. Garai hartan brontzezko tresnak erabiltzen ziren, ez ziren egokiak lan hauetarako.

Imhotepek eraikuntza prozesu guztia antolatu behar izan zuen eta ehundaka langileren jardunaren kontrola eraman, eta inoiz egin zen lehenengo hileta-hiria eraiki zuen. Erdialdean sei solairuko piramide mailakatua ezarri zuen, 62 metrotako altuera zuena, garai hartan munduko eraikin altuena zen[13]. Inguruan bestelako eraikinak kokatu zituen; tenplu bat, patioa santutegia eta apaizentzako gelak, guztira 16 hektareatako azalera hartuz[13]. Dena inguratuz 10'5 metrotako altuera eta 1.500 metrotako luzera zuen harresia eraiki zuen. Harresi hartan baziren 13 ate faltsu eta benetazko bat hego-ekialdeko erpinean kokaturikoa. Harresia inguratuz zanga bat eraikiz uen, 40 metroko zabalera eta 750 metrotako luzera zuena[13]. Piramidearen azpiko arrokan, 20 metrotako sakoneran, Djoserren hilobia izango zen gela zulatu zuen[10] eta baita galeria ugari ere. Galeria horietan milaka hileta-ontzi sartu zituen, horietako askok arbasoen izenak grabatuta zituzten.

Sekhemkheten piramidea ere abiatu zuen, Djoserren piramidearen egitura bera erabiliz, baina aurrekoa baino handiagoa zen[13].

Idazki garaikiderik ez dago Imhotep medikua zela adierazten duenik, baina jakina da faraoiaren gorteko aholkulari nagusia medikua izaten zela, eta ondoren Imhotepen figurak izan zuen garapenak hura ere medikua izango zela iradokitzen du[8].

Edwin Smith papiroa.

Edwin Smith papiroan esaten da Imhotep izan zela Egiptoko medikuntzaren aintzindari eta sortzailea. Papiro hartan sendabideak, minak eta anatomia azterketak aipatzen dira, ustez Imhotepek idatzitakoak, baina papiroa bera K.a. 1700 urtekoa izan liteke, eta Imhotepek esandakoez gain ondorengo medikuek gehitutako idazkiak egon litezke[15].

Papiroaren testuan Imhotepek opiazeoen lurrinketak gomendatzen ditu anestesiko gisa erabiltzeko. Zauri ugariren inguruko diagnostiko oso zehatzak egiten ditu, anatomia ikertuz, diagnostikoa eginez eta tratamendua proposatuz. Tratamenduak arrazionalak dira eta ez du irtenbide magikorik ematen. Papiroak honako hauen lehen deskribapenak ditu: garezurreko josturak, meningea, garunaren kanpoko azala, likido zefalorrakideoa eta garezur barneko pultsazioak[16].

Sakkarako harlauza batean Imhotepek karotida arteria presionatzea gomendatzen du zefalea arintzeko, garunera doan odol fluxua jaisten baita. Imhotepek zioen pultsoa dela bihotzaren eta gaixoaren egoeraren erakusle nagusia[17].

Medikuntzaren jainkoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Imhotepen estatutxoa ohiko posturan.

Imhotepen heriotzatik bi mila urtetara egiptiarrek medikuntza eta zainketaren jainko bihurtua zuten, Tot jainkoarekin parekatzeraino. Medikuntzaz gain arkitekturaren eta matematikaren jainko ere bazen, eta idazkarien patroi, horregatik idazkariek ohi zuten bezala eserita irudikatzen da, papiro bat altzoan duela[10][18]. Menfis inguruan izan zuen Imhotepen gurtzak erdigunea.

Ptolomeotar garaian greziarrek Asklepio medikuntzaren jainkoarekin parekatu zuten, hura ere jainko bihurturiko gizaki historiko bat zen[19]. Erromatarren garaian oraindik oso ezaguna zen eta Tiberio eta Klaudio enperadoreek esate baterako haien tenpluetan Imhotepen aldeko laudorioak idatzita utzi zituzten[13].

Karnakeko Tenpluan honako idazki hau aurkitzen da:

« Imhotep, Ptah-ren semea! jainko maitea, agurtu egiten zaitua (...) Gizonek txalotu egiten zaituzte eta emakumeek maite zaituzte. Denek goresten dute haiek sendatzeko duzun ontasuna (...) Eskaintzak eta opariak ekartzen dizkizute. Laudorioak oparitzen dizkizute (...) Zure anaiekin, jainko zaharrekin, garagardoak har ditzazula eta gero espiritu zuzenak elika ditzazula.[20] »

Siddhartha Mukherjee indiar jatorriko onkologoak The Emperor of All Maladies izeneko liburuarekin Pulitzer Saria eskuratu zuen. Liburu horretan Imhotepi esleitzen dio inoiz egindako aurreneko minbizi diagnostikoa. Imhotepek esaten duena da "ez dago ezer egiterik"[21].

Aintzatespena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakkara nekropoliaren alboan, Menfisen, Imhotep Museoa dago. 2006an ireki zituen ateak museo arkeologiko honek eta Sakkarako piramide mailakatuan aurkituriko objetuetaz gain Antzinako Egiptoko gaiak jorratzen ditu[22].

Eskozia Berriko Halifax hiriburuan (Kanada) Dalhousie Unibertsitatearen barnean Imhotep's Legacy Academy (ILA) izeneko akademia aurkitzen da[23]. Estatu Batuetako Atlanta hirian ere bada Imhotep Academy izeneko ikastetxe bat[24].

Gaur egungo kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1932ko The Mummy filmaren kartela.

Antzinako Egipton oinarrituriko liburu eta film askotan agertu izan da Imhotep, gehienetan haren izaera eta lorpenak desitxuratuta hala ere.

Zineman eta telebistan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1932ko The Mummy filmean Boris Karloffek antzeztu zuen[25]. Antzeko argumentua zuen The Mummy film berria egin zen 1999an eta bigarren zati bat izan zuen 2001ean, The Mummy Returns[26]. 1985ean egindako Young Sherlock Holmes filmean Sherlock Holmes gaztearen etsaiek Imhotep jainkoa gurtzen dute.

Stargate SG-1 telesaileko "Gerlaria" atalean Imhotep izeneko goa'uld bat ageri da[27]. Telesail honek ere egiptiar estetika du.

Agatha Christieren Death Comes as the End eleberrian apaiz baten izena da[28] eta José Ángel Murielen Ladrones de Atlántida eleberriko protagonista da[29]. Im Great Priest Imhotep manga japoniarreko protagonista ere bada[30].

Antzinako Egipton girotutako Faraon bideojokoan Imhotep izeneko pertsonaiak jokalariari piramide mailakatua eraiki dezan agintzen dio. Imperivm: Great Battles of Rome bideojokoan heroi egiptiar bat da. Civilization VI bideojokoan Imhotep injeniaria sar daiteke ekipoan. Titan Quest bideojokoan ere ageri da.

Sopor Aeternus and the Ensemble of Shadows dark wave taldea alemaniarraren zortzigarren diskoak Imhotep izena du[31] eta David Valdés bakarlari heavy espainiarraren bigarren diskoak ere bai.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Asimov, Isaac. (1987). Enciclopedia biográfica de ciencia y tecnología. Madrid, 1 or..
  2. (Alemanez) Ranke, Hermann. (1935). Die ägyptischen Personennamen: Form, Inhalt und Geschichte der Namen. J. J. Augustin (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  3. (Frantsesez) Baud, M.. (2002). Djéser et la IIIe dynastie. , 125 or..
  4. a b c Wildung, D.. (1977). Egyptian Saints: Deification in pharaonic Egypt. New York University Press, 34 or. ISBN 978-0-8147-9169-1..
  5. (Ingelesez) «How Imhotep gave us medicine» The Telegraph 2007-05-10 (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  6. Hurry, Jamieson B.. (2014). Imhotep: The Egyptian god of medicine. Oxford, UK: Traffic Output, 47-48 or. ISBN 978-0-404-13285-9..
  7. (Ingelesez) Albrecht, Felix; Feldmeier, Reinhard. (2014-02-06). The Divine Father: Religious and Philosophical Concepts of Divine Parenthood in Antiquity. BRILL ISBN 978-90-04-26477-9. (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  8. a b c (Ingelesez) «Imhotep | Ancient Egyptian Architect, Physician & Statesman | Britannica» www.britannica.com 2024-04-27 (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  9. (Ingelesez) Mark, Joshua J.. «Harper's Songs of Ancient Egypt» World History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  10. a b c (Ingelesez) «The Search for Imhotep: Tomb of Architect-Turned-God Remains a Mystery» ARCE (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  11. a b Malek, Jaromir. (2002). The Old Kingdom. The Oxford History of Ancient Egypt (paperback ed.). Oxford University Press, 92–93 or..
  12. Kahl, J.. (2000). Old Kingdom: Third Dynasty. Redford, Donald (ed.). The Oxford Encyclopedia of Ancient Egypt. Vol. 2 (1st ed.), 592 or. ISBN 0195138228..
  13. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Mark, Joshua J.. «Imhotep» Enciclopedia de la Historia del Mundo (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  14. Baker, Rosalie F.. (2001). Ancient Egyptians : people of the pyramids. Oxford ; New York : Oxford University Press ISBN 978-0-19-512221-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  15. Díaz Novás, José. (2008-09). «El primer médico de la historia» Revista Cubana de Medicina General Integral 24 (3): 0–0. ISSN 0864-2125. (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).
  16. (Gaztelaniaz) Cotanda, Fernando Lamata. (1998). Manual de administración y gestión sanitaria. Ediciones Díaz de Santos ISBN 978-84-7978-346-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).
  17. (Gaztelaniaz) Batlló, Antonio Surós; Batlló, Juan Surós. (2001). Semiologia medica y tecnica exploratoria 8 Ed. Elsevier España ISBN 978-84-458-1080-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-23).
  18. (Ingelesez) «Imhotep | Late Period–Ptolemaic Period» The Metropolitan Museum of Art (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  19. (Ingelesez) Allen, James P.; N.Y.), Metropolitan Museum of Art (New York. (2005). The Art of Medicine in Ancient Egypt. Metropolitan Museum of Art ISBN 978-1-58839-170-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  20. «Imhotep (Su vida, historia, bio resumida)» www.buscabiografias.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  21. Mukherjee, Siddhartha. (2011). The Emperor of All Maladies: A Biography of Cancer. Fourth Estate Ltd; Lehen edizioa ISBN 9780007250929..
  22. «Al-Ahram Weekly | Egypt | Museum for a demi-god» web.archive.org 2012-02-17 (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  23. (Ingelesez) Dev, SinaSys. «Imhotep's Legacy Academy (ILA) – Celebrating Black Excellence in STEM» Imhotep's Legacy Academy (ILA) (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  24. (Ingelesez) «Imhotep Academy» Imhotep Academy (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  25. (Ingelesez) Danny. (2014-04-24). «The Mummy (1932) Review, with Boris Karloff and David Manners» Pre-Code.Com (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  26. (Gaztelaniaz) «Imhotep (La Momia)» Wiki Villanos del Cine de Terror (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  27. (Ingelesez) «Imhotep» SGCommand (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  28. (Gaztelaniaz) «DEATH COMES AS THE END | AGATHA CHRISTIE | MACMILLAN PUB. LTD. | Casa del Libro» casadellibro (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  29. Muriel, José Angel. (viernes, 2 de octubre de 2009). «Rincones del autor: Ladrones de Atlántida otra vez en la Wikipedia» Rincones del autor (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  30. «Im: Great Priest Imhotep (Manga)» TV Tropes (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).
  31. (Ingelesez) «Imhotep (2011), by SOPOR AETERNUS & The Ensemble Of Shadows» SOPOR AETERNUS & The Ensemble Of Shadows (Noiz kontsultatua: 2024-05-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]