Ingmar Bergman
Ernst Ingmar Bergman[1] (Uppsala, 1918ko uztailaren 14 – Fårö, Gotland, 2007ko uztailaren 30a) Suediako antzerki eta zinemako zuzendari, gidoigile eta ekoizle eta idazle bat izan zen. Bere garaian, inoiz ez zuen publiko handiaren arretarik izan, agian bere lanak suedieraz filmatzen zituelako, Hollywoodeko zirkuitutik kanpoko zeudelako eta akzio gutxikoak zirelako. Baina giza emozioen paisaia beste edozein zuzendarik baino lehen aztertu zuen, eta kritikarien nahiz zinemagileen errespetu osoa lortu zuen.[2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erik Bergman (1886-1970) artzain luteranoaren eta Karin Åkerblomen bigarren semea, Ingmar Bergman Uppsalan (Suedia) jaio zen. Erlijioaren mundu metafisikoak eragina izan zuen, bai bere haurtzaroan, bai nerabezaroan. Bere heziketa kontzeptu luteranoetan oinarritzen zen: "Ia gure hezkuntza guztia bekatua, aitorpena, zigorra, barkamena eta errukia bezalako kontzeptuetan oinarritzen zen, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan eta Jainkoarekiko faktore konkretuetan", idatzi du bere oroitzapenetan. «Zigorrak guztiz naturalak ziren, inoiz zalantzan jartzen ez zen zerbait. Batzuetan, azkarrak eta sinpleak ziren, zaplaztekoak eta ipurdikoak bezala, baina forma oso sofistikatuak ere har zitezkeen, belaunaldiz belaunaldi landuak"[3]. Bere lan asko beldur eta harreman bortitz horietan inspiratuta daude. Zigorren erritua eta bere haurtzaroko beste pasadizo batzuk bere pelikula ezagunenetako batean antzezten dira: Fanny and Alexander, non Alexander, hamar urteko mutikoa, Bergman txikiaren transkripzioa den.
Apurka-apurka, Bergman gazteak bere sentimenduak eta sinesmenak bideratzeko modua bilatu zuen, gurasoen balioetatik gero eta independenteago bihurtuz, bere nortasun espirituala bilatuz, baina, bere bizitzan zehar, Bergmanek beti mantendu zuen bere haurtzaroarekin kanal irekia, eta, bertan, zinema indarrez sartu zen, oinarrizko zinematografo baten dohainarekin, eta horrek era guztietako ametsetara eta ezagutza teknikoetara eraman zuen[4].
Hamahiru urterekin, batxilergoa ikasi zuen Stockholmeko eskola pribatu batean; geroago, Letretan eta Artearen Historian lizentziadun izan zen Unibertsitatean. Antzerkian eta, gero, zineman, bere burua adierazteko eta bere sormen ahalmena eta gaitasuna bideratzeko bi bide egokienak aurkitu zituen. Bigarren Mundu Gerrako urteetan, jada bere familiatik urrundurik, zuzendari-laguntzaile gisa hasi zen Stockholmeko Royal Opera House-n. Dena den, bere bizitza osoan jarraituko zion haurtzaroko irudi eta baloreek, eta aitaren lanarekiko hurbiltasunak galdera metafisikoetan murgildu zuten: heriotza, autonomia, mina eta maitasuna.
Zinematografian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bergmanen karrera zinematografikoa 1941ean hasi zen gidoilari gisa. Bere lehen gidoia 1944an sortu zuen, bere ipuin batetik abiatuta, Hets (Tortura), azkenean Alf Sjöbergek zuzendutako film bat izan zena. Gidoilari gisa egindako lanarekin batera, script gainbegirale gisa jardun zuen; eta bere bigarren autobiografian, Images izenburukoan, Bergmanek adierazten du berak egin zuela kanpoaldeko azken filmaketa (zuzendari profesional gisa hasi zen horrekin), eta Sjöbertek bere istorio obsesibo eta bortitza ukitu zuela, pertsonaiari barne-tentsio berezia eman ziona izanik.[5] Filma ]]Victor Sjöström]]ek ekoitzi zuen, eta, beraz, Bergmanek gertuko harremana izan zuen bi zuzendari handirekin. Sjöströmek lagunduko zion, aktore gisa bere bi filmetan parte hartuz.
Heats filmaren nazioarteko arrakastak zuzendari izaten hasteko aukera eman zion Bergmani, urtebete geroago, Kris filmarekin. Hurrengo hamar urteetan dozena bat film baino gehiago idatzi eta zuzendu zituen, besteak beste, Det regnar på vår kärlek, Fängelse 1949an, Gycklarnas afton eta Sommaren med Monika, biak 1953an. Bitxia bada ere, nazioarteko lehen aintzatespena, bai publikoaren aldetik, bai kritikaren aldetik, industria zinematografikoaren gune nagusitik kanpo zeuden herrialdeetan eman zen: Espainian, Argentinan, Uruguain.
Bergmanen zinemagintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi antzerkigilek, Henrik Ibsenek eta, batez ere, August Strindbergek, eragin zioten, eta hainbeste erakartzen zuten gai handiak agertzen ziren mundu batean sartu zuten, giro dramatiko, itogarri eta ia desesperatu batez kargaturik. Horrek arrasto sakona utzi zuen Bergman gaztearen izpirituan, eta eragin nabarmena bere obra artistikoan.
Maiz gehienbat Aktoreen Zuzendaria zela esan izan da, antzerkigintzan zuen eskarmentu handiari esker zinemako aktoreak egoki eta begirunez tratatzeko trebezia zuen, honela aktoreek ere berarekin gustura lan egiten zutelako, horren froga onena beraren zuzendaritzapean lan egin zuten aktore askok bere beste film ugaritan errepikatzen zutela da[6]. Haren aktore gustukoenen artean Harriet Andersson, Bibi Andersson, Liv Ullmann, Gunnar Björnstrand, Erland Josephson, Ingrid Thulin eta Max von Sydow zeuden, Ingrid Bergman bera ere zuzendu zuen.
Europa osoko zinemagile garrantzitsuenetakoa izan da, korronte artistiko nagusietatik at egon baitzen beti eta bere nortasunarekin bere estiloa eraiki baitzuen. Bere filmetako gaiak orotarikoak dira baina betiere gizakien barne gatazka eta bizipenekin lotuak: bizitzaren zentzua, heriotza, bakardadea, isolamendua, gizakion barne beldurrak, maitasuna, bikoteen arteko harremanak, desleialtasuna, elkarbizitza, erlijioa eta Jainkoaren eza, amatasuna, abortua, egunerokotasuna edo errutina, zahartzaroa, haurtzaroa, gizartea, eta abar.
Bere filmak orokorrean erritmo lasaia eta solasaldi edo esaldi sakonak izan ohi dituzte, zuzendariak burututako teknika, honela ikusleek entzundakoa barneratu eta hurrengo eszenara igaro aurretik gogoeta laburra egiteko denboratxo bat izan dezaten.
Zuzendutako film hautatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1944 - Hets ("Oinazeak")
- 1946 - Kris ("Krisia")
- 1946 - Det regnar på vår kärlek ("Euria ari du gure amodioan")
- 1947 - Skepp till Indialand ("Indiarako itsasontzia")
- 1947 - Kvinna utan ansikte ("Aurpegirik gabeko emakumea")
- 1948 - Eva
- 1948 - Musik i mörker ("Musika Iluntasunean")
- 1948 - Hamnstad ("Portu hiria")
- 1949 - Törst ("Egarria")
- 1949 - Fängelse ("Presondegia")
- 1950 - Till glädje ("Zoriontasunera")
- 1950 - Sånt händer inte här ("Hau ezin liteke hemen gertatu")
- 1950 - Medan staden sover ("Hiriak lo egiten duen bitartean")
- 1951 - Sommarlek ("Udako tartea")
- 1951 - Frånskild ("Dibortziatuta")
- 1952 - Kvinnors väntan ("Emakumeen sekretuak")
- 1953 - Sommaren med Monika ("Uda Monikarekin")
- 1953 - Gycklarnas afton ("Zirku gaua")
- 1954 - En lektion i kärlek ("Maitasun ikasgaia")
- 1955 - Kvinnodröm ("Ametsak")
- 1955 - Sommarnattens leende ("Uda gaueko irribarreak")
- 1956 - Sista paret ut ("Azken parea kanpora")
- 1957 - Det sjunde inseglet ("Zazpigarren zigilua")
- 1957 - Smultronstället ("Basa marrubiak")
- 1958 - Nära livet ("Bizitzaren atarian")
- 1958 - Ansiktet ("Aurpegia")
- 1960 - Jungfrukällan ("Dontzeilaren iturburua")
- 1960 - Djävulens öga ("Deabruaren begia")
- 1961 - Såsom i en spegel ("Ispilu ilunean zehar")
- 1961 - Lustgården ("Plazerraren lorategia")
- 1963 - Nattvardsgästerna ("Jaunartzaileak / Neguko argia")
- 1963 - Tystnaden ("Isiltasuna")
- 1964 - För att inte tala om alla dessa kvinnor ("Emakume hauek guztiak")
- 1966 - Persona
- 1968 - Vargtimmen ("Otsoaren ordua")
- 1968 - Skammen ("Lotsa")
- 1969 - Riten ("Erritua")
- 1969 - En passion ("Pasioa")
- 1971 - Beröringen ("Ukitua")
- 1972 - Viskningar och rop ("Oihuak eta xuxurlak")
- 1973 - Scener ur ett äktenskap ("Ezkontz eszenak")
- 1975 - Trollflöjten ("Xirula magikoa")
- 1976 - Ansikte mot ansikte ("Aurrez aurre")
- 1977 - Ormens ägg ("Sugearen arrautza")
- 1978 - Höstsonaten ("Udazkeneko sonata")
- 1980 - Ur marionetternas liv ("Txotxongiloen bizitzei buruz")
- 1982 - Fanny och Alexander ("Fanny eta Alexander")
- 1986 - Karins ansikte (laburmetraia)
- 1992 - Söndagsbarn ("Igandeko umeak")
- 2000 - Trolösa ("Desleiala")
- 2003 - Saraband [7]
Liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sarritan Bergman zinemagileak idazlea ezkutatu du. Hauek dira bere lan literarioak:
- Four Screenplays: Smiles of a Summer Night, The Seventh Seal, Wild Strawberries, and The Magician (1969) [gidoiak]
- Three Films: Through a Glass Darkly, Winter Light, and The Silence (1970) [gidoiak]
- Persona and Shame: the Screenplays of Ingmar Bergman (1972) [gidoiak]
- Four Stories: The Touch, Cries and Whispers, The Hour of the Wolf, and The Passion of Anna (1976) [gidoiak]
- From the Life of the Marionettes (1980) [gidoia]
- Fanny and Alexander (1982) [gidoia]
- The Marriage Scenarios: Scenes from a Marriage, Face to Face, and Autumn Sonata (1983) [gidoiak]
- The Magic Lantern: An Autobiography (1987) [autobiografia]
- The Best Intentions (1991) [eleberria]
- Sunday's Children (1993) [eleberria]
- Private Confessions (1996) [eleberria]
- Images: My Life in Film (2017) [autobiografia](jatorriz Bilderen plazaratuta (Norstedts Förlag, Stockholm, 1990)[8])
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ingelesez besteko film onena: Jungfrukällan (1960), Såsom i en spegel (1961) eta Fanny och Alexander (1983).
- Urrezko Globoa (Atzerriko pelikularik onena): Smultronstället (1960),
Jungfrukällan (1961), Scener ur ett äktenskap (1975), Ansikte mot ansikte (1976), Höstsonaten (1978) eta Fanny och Alexander (1984).
- Urrezko Hartza: Smultronstället (Pelikularik onena, 1957).
- César Sariak: Fanny och Alexander (Atzerriko pelikularik onena, 1984).
- Canneseko Zinemaldia: Nära livet (Zuzendaririk onena, 1958).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Rothstein, Mervyn. (2007-07-30). «Ingmar Bergman, Master Filmmaker, Dies at 89 (Published 2007)» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ Gallagher, John. (1989). Film directors on directing. New York : Praeger ISBN 978-0-275-93272-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ Bergman, La linterna mágica, Tusquets, 1988, p. 16.
- ↑ Bergman, La linterna mágica, Tusquets, 1988, pp. 22-25.
- ↑ Bergman, Images: My Life in Film (2017), gaztelaniaz: Tusquets, 1992, 107-108.or.
- ↑ David Felipe Arranz [and twenty others]. (2018). El universo de Ingmar Bergman. ISBN 978-84-15606-72-7. PMC 1041525992. (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Saraband: Lo último de Bergman» laFuga (Noiz kontsultatua: 2021-02-16).
- ↑ .
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez)(Suedieraz)Webgune ofiziala
- (Ingelesez)"Ingmar Bergman Foundation"