Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Iruñeko harresiak

Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Koordenatuak: 42°49′17″N 1°38′27″W / 42.82126°N 1.64091°W / 42.82126; -1.64091
Wikipedia, Entziklopedia askea

Iruñeko harresiak
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kultura ondasuna
Nafar bidea Nafar bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaIruñea
Koordenatuak42°49′17″N 1°38′27″W / 42.82126°N 1.64091°W / 42.82126; -1.64091
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVI. mendea - XVIII. mendea
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia669-182
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
BICRI-51-0001098
182
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Iruñeko harresiak Nafarroako hiriburu Iruñeko Alde Zaharra inguratzen duten harresiak dira. Hiri osoa hertsirik edukitzeko eraikiak, hiria zabaltzekotan zati batzuk eraitsiak izan ziren. Gaur egun zati nabarmenak mantentzen dira, bereziki hiri historikoaren iparraldean eta Iruñeko zitadelaren bost aldeetatik hiru babesten. Hainbat bastioi, rebellin eta kontragoardia ikus daitezke oraindik zitadela, Takonera edo Redin inguruan[1].

Iruñeak harresiak izan ditu bere sorreratik, K. a. 74. urtean. Hala ere bere gaur egungo harresiak XVI. mende eta XVII. mendeen artean eraikiak dira. Iparraldetik eta ekialdetik Arga ibaiaren babes naturala du Iruñeko Alde Zaharrak[3].

Erdi Aroan Iruñean hainbat burgu ezberdin zeuden: Nabarreria alde batetik, San Zernin eta San Nikolas. Ez dakigu zehaztasunez erromatarren garaian zer nolako harresiak izango zituen, baina badakigu ondoren Nabarreriako burgua izango zenak harresiak zituela. 778ko Karlomagnori buruzko kronikan ere hala azaltzen da: "[Iruñeko] harresiak suntsiarazi zituen, mairuek berriro ere berarekin egin ez zitezen"[oh 1], baina berriro ere berregin zituztela ere aipatzen du Kronika horretan[oh 2][4]. Kronika historiko hauei sinisgarritasuna eman gabe, aurkitu izan dira Iruñean erromatar garaiko harresien zatiak[5]. Nabarreria 1276an suntsitu zen, Nabarreriako Gerran, eta beraz zaila da garai horren aurrekoan diren eraikinak aurkitzea.

1090eko hamarkadan frankoen bi herri osatu ziren Nabarreriatik kanpo, gaur egun ia estalita dagoen Santo Domingoko labarraren beste aldean. Sortzen lehenengoa San Zernin auzoa izan zen, batez ere Nabarrerian lekurik ez zuten merkatariek eraikia. Planta hexagonala zuen, zentroan gaur egungo Kale Nagusia zegoelarik eta horrekiko elkartzutz gaur egungo Eslaba kalea. Kale horietako bakoitzaren bukaeran ateak zeuden, eta Kale Nagusiaren amaieratan bi eliza eraikiko ziren. San Zerninen inguruan harresiak eraiki zituzten, bikoitzak eta foso batekin. Errekara eta gaur egungo Arrotxapeara ematen duen aldean harresia bakarra zen[5].

Handik gutxira, 1100eko hamarkadan beranduenez, San Nikolas osatu zen San Zerninen hegoaldean. Hemen ere Biarnotik etorritako frankoak jarri ziren bizitzen eta San Zerninen harresi eta fosoak antzu bilakatu zituzten, euren hegoaldean jarri baitziren. San Zerninekin gatazka handiak izan zituzten eraiki zitzaketen etxeen altueren inguruan, baina laukizuzen itxurako burgo horrek ere bere harresiak zituen, nahiz eta aurrekoarenak baino txikiagoak izan. Bi burguen artean lubaki bat zegoen[5]. Testuinguru horretan gertatu zen Nabarreriako Gerra, auzo hori suntsitu zuena[6]. 1350 inguruan jada Nabarreria berregiten ari ziren, baina Gaztelako Gerra Zibilaren garaian bertatik pasa ziren mertzenarioek erakutsi zuten harresiak indartu behar zirela; honela, dirua bildu zen Nabarreriaren inguruan harresiak hobetzeko[6][7].

Batasun Pribilegioarekin hiria batu zen, 1423an[8]. Tartean geratzen zen gunean hainbat azoka sortu ziren eta, denborarekin, eraikin garrantzitsuak eta plazak. Burguen harresi zaharrak desegiten joan ziren, baina 1651eko testigantza baten arabera, hirian zehar han-hemenka mantentzen ziren harresi zahar horien zatiak, hiriaren barnean[5]. Hiria elkartu eta gutxira, 1432an, Joanes II.a eta Zuria I.a agintean zeudela, hiru auzoen arteko kontribuzioa ezarri zuten harresi komuna eraikitzeko asmoz. 1440ko hamarkadan Arrotxako Dorrea (gaur egun Nafarroako museoa) eta errege-erreginen jauregia elkartzeko lehen harresia eraiki zen. Hegoaldean Luis I.a Nafarroakoak eraikitako gaztelua (gaur egungo Gaztelu enparantzaren albo batean) eta orain existitzen ez den Donejakue Monasterioa (gaur egungo Karlos III.a kalearen hasieran) zeuden burguetatik kanpo geratzen zen eremua babesteko[5].

1512an Fadrique Álvarez de Toledo Albako dukeak Iruñea konkistatu zuen, dagoeneko baturik zeuden hiru burgoak Gaztelaren menpe jarriz[9]. Iruñeak - garai hartan geroago izango zen gotorlekua ez zena, eraikinek beraiek harresia osatzen zutelako - ia ez zuen artilleriarik eta 6.000 eta 10.000 biztanle bitartean zituen. Armada gaztelarra, ondo hornituriko 15.000 lagunek osatua, uztailaren 24an Takoneran kanpatu eta uztailaren 25ean errendizioa sinatu zuen[10]. Urte horretan bertan frantziar-nafar koalizio batek Iruñea berriro hartzeko saiakera egin zuen, hiria setiatuz. Porrot egin zuten, baina Albako dukeak ikusi zuen hiria gotortu behar zela[9].

Harresien eraikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Map
Iruñeko mapa, XVI. mendearen erdialdean[11] Gorriz, hiriaren mugak eta harresiak, urdin argiz, Gaztelu Berria. Berdez Kale Berria, garai honetan sortu zena burguen batasuan dela eta.

Harresien eraikuntzaren lehen lana gaztelu berria eraikitzea izan zen. Horretarako Pedro de Malpaso kontratatu zuten, aurretik antzeko obrak egiten eskarmentua zuena[12]. Gaztelu hori Donejakue monasterioa zegoen lekuan eraiki zen, gaur egun Nafarroako Diputazioa eta Nafarroako Artxiboa dagoen lekuan, San Nikolas alderantz hedatuz. Juan Rena kontu-hartzailearen paperetan zehaztapen handiz jasotzen dira egindako ordainketak eta egindako eskaera ezberdinak[12]. Pertsonaia honek paper garrantzitsua izan zuen Nafarroako konkistaren gaztelar kudeaketan[13].

1514tik aurrera obrak garatzen hasi ziren, eta 1515eko urtarrilaren 29an Etxauri, Asiain, Goñerri, Iruñerria, Esteribar, Eguesibar, Lizoainibar, Untzitibar, Aranguren, Doneztebe, Ezkabarte eta Aitzoaingo bailarei karea eraman ahal izateko mandoak bidaltzea eskatu zitzaien[14]. Handik gutxira Caparroso, Murillo el Fruto, Melida eta Santakarako herriei gurdiak eta idiak eskatu zizkien, eta abuztuaren 22an Iruñerritik gertu zeuden herriei lastoa[12]. 1516an obrak erritmo onean egiten ari ziren jada[15].

1517an Caparrosoko errotaren gainean zeuden bi dorre eraitsi ziren eta lehen bastioi bat eraiki zen bertan, harresian aldaketa estrategikoa eginez[12].

1521eko maiatzaren 20an Iruñeko guduaren barnean Nafarroako erregeari leialak eta frantziar armadak Iruñea berriro hartu zuten, agramondarren laguntzarekin. Momentu horretarako harresi guztiak konponduta zeuden, hainbat ate itxi eta rebellin eta bastioi batzuk eraikiak[12]. Gaztelu berriak iraun zuen zutik, gaztelarren armadarekin. Bertan zen, adibidez, Iñigo Loiolakoa, zauritu zutena. Guda horretan ere, Nafarroaren alde, Frantzisko Xabierkoaren anai Miel eta Joanes zeuden, gudua eta gero hiria babestuko zutenak. Gaztelutik herritarrei tiro egiteko agindua jaso zuten, eta sarraski handia izan zen. Hala ere, Nafarroak berriro berreskuratu zuen Iruñea.[10][16]. Hilabete pasatxo egin zen nafarren esku, Noaingo guduan Gaztelako Erresumak berriro ere konkistatu zuen arte, Gaztelako komuneroen gerran preso hartutakoak erabiliz[17].

1521eko urrian hainbat obra hasi ziren harresiak konpontzeko eta moldatzeko. Renaren paperetan ere harginak nortzuk ziren aipatzen da: Mikel Arrekoa, Mikel Larrinagakoa, Domingo Berastegikoa, Antso Alzazukoa eta Pedro Garnikakoa. 1523tik aurrera hainbat etxe eraitsi ziren gaztelua eta harresiak indartzeko, eta jabeei kalte ordainak eman zizkieten[12].

1530eko hamarkadaren amaieran harresiak eraikitzen ari ziren kubo eta bastioiak erabilita, Kaparroso, Ogasuneko, San Llorente eta Torredondas dorreak inguratuz[5]. San Llorenteko dorrea eraitsi zuten, defentsarako kaltegarria zelakoan. 1536an hainbat lan egin ziren bastioiak indartzeko eta gaztelura sartzeko zubia konpontzeko[12].

1540 inguruan San Zernin eta San Lorenzo bereizten zuen lubakiaren parte bat itxi zen, Kontseilua eta gartzela eraikitzeko. 1580ko hamarkadan itxi zen lubakia betirako, Kale Berria sortuz[5]. Pizaño izeneko ingeniariak hainbat lan proposatu zituen eremua oraindik gehiago babesteko[12].

1542an Italiako gerra (1542-1546) hasi zen, eta Karlos Habsburgokoak besteak beste Iruñeko gotorlekuaren egoera zein zen galdetu zuen. Luis Pizaño izeneko ingeniariak egin zuen bisita eta hainbat bastioi gehitu zituen. Erdi Aroko dorreak eraikitsi ziren, hormak loditu, ezpondak eraiki, ateak itxi[18]...

1553an Frantziako atea eta orain existitzen ez den Arrotxapeako atea[oh 3] eraiki ziren[5].

Zitadelaren eraikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Iruñeko zitadela»
Iruñeko zitadelaren planoa

1571an Filipe II.a Espainiakoak Iruñeko gotorlekuen berriztaketa eta sendotze plan orokorraren barnean zitadelaren eraikuntza agindu zuenm Anberesko eredua jarraituz[5]. Eraikin hau diseinatzeko arduraduna Giacomo Pelearo, ezizenez "Fratin", ingeniari militarra izan zen, baina langintza honetan Vespasiano Gonzaga Colonna Nafarroako Erregeordeak ere esku hartu zuen. Italiar berpizkundearekin bat zetorren defentsa sistema bat asmatu zuten, hau denbora asko ez zela Anberes hirian praktikan jarria izana zen, Francesco Paciottok proiektatutako zitadelarekin, hau Turingo zitadelaren egilea ere bazen. Bost puntadun izar itxurako oina zuen esparrua izan zen. Oin bakoitzetik eman zitezkeen eraso angelu guztiak kontrolatu zitezkeen. Punta hauetako bi hiriaren barnealdera zuzenduak zeuden hau kontrolpean edukitzeko asmoz, garaiko agirietan jasotzen den bezala, 1569an Antonelli ingeniariak Filipe II.ari honela berri eman zion: "Orain Iruñea metropolia baino muga bat da... gaztelu nagusi bat izan behar du, bere berezko erregearen agintearen oroimena oraindik bizirik dirauelako... oraindik indar batez ziurtatzea beharrezkoa da, beren gogoez... Eraikuntza lana kanpoko arriskuez defendatzeko balioko du, baina baita barnekoaz ere". Ez da ahaztu behar Nafarroako Konkista duela gutxi gertatu zela, Nafarroako Erresumaren berreskuratze edo birkonkista saiakera ugarietan Iruñeko hiritarrek parte-hartze zuzen eta aktiboa izan zutelarik. Muraria idazlanean, bere egile Alicia Cámararen arabera, "matxinada bat prestatu zezakeen hiri bat menperatzeko modutzat ulertu behar da zitadela"; eta, Contarini enbaxadoreak ohartu zuenez, "erresuma honetako guztiek espainiarrei gorroto diete eta beren berezko erregea Joanes Labritekoa itzuli dadin desiratzen dute"[19].

Zitadela osatzen duten bastioien izendapenak honako hauek dira: San Anton, Real, Santa Maria, Santiago eta Victoria. 1645an eraikuntza lanak amaitutzat eman daitezke, halere 1685an eta XVIII. mendearen erdialdera eraikinaren defentsa sistema sendotzen zuten kanpoaldeko "ilargi erdiez" indartu zen.

Errefortzu hau Juan de Ledesmaren proiektuan oinarrituz gauzatu zen, "Vauban" bezala ezagutzen zen sistema poliorzetikoa jarraituz, izen hori Luis XIV.a Frantziakoaren garaian ingeniaritza militarra berriztatu zuen ingeniari militarraren deitura da. Santiago eta Victoria bastioiak (Takonerako aterantz), eta San Anton eta Real bastioien (San Nikolas aterantz) artean bi ilargi erdi eraiki ziren. Gainera, Santiago, Santa Maria eta Real bastioien alboetan bi aurrealdeak inguratzen zituzten kontraguardiak ere jaso ziren, honela bere defentsa ahalmena hobetuz.

Zitadelaren ondorengo lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Iruñeko harresiak eta Iruñeko zitadela, 1719ko plano batean.

1580ko hamarkadatik aurrera Erdi Aroko harresiak bota ziren Ate Berritik Tejeriakoraino doan zatiaren artean, nahiz eta zatiren bat oraindik ere 1800ean zutik mantentzen zen[5].

1644an Tejeriako atea bukatu zen. 1666an San Nikolas eta Takonerakoak, eta Ate Berria 1680an. Erreginaren, San Nikolasen eta Takonerako baluarteak 1665an bukatu ziren[5]. 1646ko apirilaren 23an Felipe IV.a Espainiakoak bisita egin zuen, eta Ziudadela jada bukatuta zegoen. 1685etik aurrera bi kontragoardia ireki ziren lautadan, Santa Klara eta Santa Isabel[20].

Garai honetan Espainia eta Frantziaren arteko gerrak ohikoak dira, eta Iruñea leku estrategikoa da gerra horietan. Hainbat txostenetan jasotzen zen hiria gheiago babesteko beharra, adibidez 1694an Hercules Torrellik eginikoan. Garai horretan 250 soldadu zeuden gaztelua babesten eta beste 500 hiria babesten, etxabereak libreki ibiltzen ziren han-hemenka eta ateak defendatzeko nahikoa indarrik ere ez zegoen[12].

XVIII. mendean Borboi etxeak hartu zuen Espainian agintea, eta militarki egoera lasaitu zen Frantziarekiko. Hala ere, gerrek jarraitzen zuten eta hiria defendatzeko modu gehiago aztertzen zituzten ingeniariek[12].

1726an Jurgi Prospero Verboomgoak proiektu orokorra egin zuen, zitadela eta hiria gehiago babesteko, eta XVIII. mende osoan zehar iraungo zuten obrek. Obra horietan berriro ere adreilua, karea, egurra eta animaliak eskatu zaitzaizkien Nafarroako herri ezberdinei. Takonerako lubakiak eraiki ziren, bertan lurrak zituen Miserikordia Etxearen kalterako. 1752an Erregearen rebellina eta Pilarearen baluartea eraiki ziren Frantziako atetik gertu. 1759an harresietatik 1.000 kana[oh 4] baino gutxiagora zeuden etxeak eraistea agindu zuen erregeak, Arrotxapeako etxeen kalterako.[12]. Harresiak gehiago hazten dira eta ekialderantz zelaiaren inguruan lubakiak eta Printzearen Gotorlekua eraiki ziren, gaur egun Larrabide estadioa dagoen lekuan[21].

1794an Konbentzio Gerra piztu zen, eta Frantziako tropak Iruñerako iritsi ziren. Harresietatik 1.500 kanara baino gutxiago zeuden etxeak eraistea agindu zen, hiria babesteko. Neurri hau protesta handiekin hartu zuen Espainiako erregeak, herritarren haserrerako[12]. Basileako Bakea sinatu ostean, hiria berriro Espainiaren esku geratu zen[22]. 1808an Espainiako Independentzia Gerraren baitan, Frantziak Iruñea mendean hartu zuen, eta zitadela euren esku egon zen 1813an[12]. 1820ko iraultzen testuinguruan egoera gatazkatsua bizi zen Iruñean, Francisco Espozek Hirurteko Liberalaren konstituzioa zin egin eta gero. Martxoaren 11n Iruñean zeuden militarrek konstituzio liberalari zin egin zioten[23]. 1823an San Luisen Ehun Mila Semeak Iberiar Penintsulan sartu ziren eta Iruñea setiatu zuten. Bost hilabetez izan zuten hiria inguratuta, ahalik eta irailaren 17an tropa frantziar eta errealisten esku geratu zen arte. Zitadela eta harresiak bonbardatu bazituzten ere, ez zuten kalte handiegirik izan[12].

1806an San Lorenzoko atea bota zen eta 1810ean Portalepeakoa, geratzen ziren barne harresietako azken ateak[5].

Hirugarren Karlistaldian Iruñea berriro setiatu zuten. San Kristobal gotorlekutik kainoiekin erasotu zuten karlistek hiria, liberalek potentzia handiago zuten beste batzuekin erantzuten zuten bitartean. Gerra honen ostean hiria bera irekitzearen aldeko iritzia sortu zen, harresiak botatzeko hainbat proposamenekin[12].

Harresi zatien eraistea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1887ko urrian Serafín Mata zinegotziak zitadelako bost baluartetik bi eraistea proposatu zuen: Victoria eta San Anton izenekoak. Bi horiek dira zitadelatik bota diren bakarrak, gaur egun Armadaren Etorbidea den kalea eraikitzeko. Hor eraiki zen Iruñeko Lehen Zabalgunea[5]. 1905ean Takonerako atea eraitsi zuten, 1906an San Nikolaseko atea eraldatu zuten, 1921ean guztiz kendu eta gaur egungo bere lekura eramanez, Takoneran. Arrotxapeako atea 1914an kendu zuten bere lekutik[12].

1915eko urtarrilaren 7an hiri barneko harresiak eraistea onartu zuen Alfonso Gaztelu alkateak, eta 1921erako zitadelatik Labritera zihoan harresi osoa eraitsi zen, Iruñeko Bigarren Zabalgunea sortzeko[5].

1964an Espainiako Armadak Iruñeko zitadela utzi zuen, Udalaren esku uzten. 1973an Bien de Interés Cultural eta Monumentu Historiko-artistiko izendatu zuen Espainiako Gobernuak[24].

2008an Arrotxapeatik Alde Zaharrera doan igogailua ireki zen, harresiaren zati bat eraitsi eta berriro eraikiz. Descalzos kalean eraikin berria egin zen, harresiaren interpretazio zentro gisa funtzionatzen duena[25].

Harresiak, gaur egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Iruñeko harresiak gaur egun

Kontragoardiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interpretazio zentroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko Harresien Interpretazio Zentroa San Bartolomeko gotorlekuan dago, Arrieta kalean, harresien ipar-ekialdean.

Harresi zatiak ikus daitezke ere Gaztelu enparantzaren parkingean.

  1. "fizo derrocar los muros [de Pamplona], porque los moros no se podiesen otra vez con eilla alzar"
  2. "ca de nuevo los moros la habían fortificado de muy fuertes muros"
  3. 1914an eraitsi zen
  4. Gaztelako "vara" zen agindutako neurria

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Plano Orokorra - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-18).
  2. (Ingelesez) «1324 - 1423 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-13).
  3. «Historia - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-12).
  4. (Gaztelaniaz) BVPB > Crónica de los Reyes de Navarra. (Noiz kontsultatua: 2017-09-14).
  5. a b c d e f g h i j k l m n Martinena Ruiz, J. J.. (1996). Reseña histórica de la evolución urbana de Pamplona. Príncipe de Viana, 143-176 or..
  6. a b (Gaztelaniaz) Paredes, Ángeles García de La Borbolla García de. (2016). «El cabildo de la catedral de Pamplona y la Navarrería en la segunda mitad del siglo XIV: la creación de un condominio» Edad Media. Revista de Historia (17): 255–273. ISSN 2530-6448. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  7. Hernández, Enrique Domínguez. (2002). «Una muralla medieval en la plaza del Castillo de Pamplona. La fortificación de la Navarrería en el siglo XIV» Grupos sociales en la historia de Navarra, relaciones y derechos: actas del V Congreso de Historia de Navarra. Pamplona, septiembre de 2002, Vol. 2, 2002, ISBN 84-7768-133-3, págs. 83-100 (Eunate): 83–100. ISBN 978-84-7768-130-4. (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  8. (Gaztelaniaz) Martínez Pasamar, Concepción. (1995). El "Privilegio de la Unión" (1423) de Carlos III el Noble de Navarra: edición, estudio filológico y vocabulario. (Noiz kontsultatua: 2017-09-12).
  9. a b «1512 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-12).
  10. a b 1936-, Esarte Muniain, Pedro,. (2001). Navarra, 1512-1530 : conquista, ocupación y sometimiento militar, civil y eclesiástico. Pamiela ISBN 8476813406..
  11. (Ingelesez) «1521-1571 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-16).
  12. a b c d e f g h i j k l m n o p (Gaztelaniaz) Idoate, Florencio. (1954). «Las fortificaciones de Pamplona a partir de la conquista de Navarra» Príncipe de Viana 15 (54) ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2017-09-15).
  13. Garate, Luis Mª Mtz. Juan Rena. (Noiz kontsultatua: 2017-09-19).
  14. Rena, Juan. (1515). Expediente de pago por el alquiler de acemilas para la traída de cal a las obras de la fortaleza de Pamplona desde los valles y cendeas de la cuenca de Pamplona. Nafarroako Artxiboa, 5 or..
  15. Recaudo de Pedro de Malpaso, veedor general de obras, a favor de Juan Rena por pago del suministro de cal para las obras de la fortaleza de Pamplona. - navarra.es. (Noiz kontsultatua: 2017-09-16).
  16. «1521-1571 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-16).
  17. Boissonnade, Prosper (1862-1935) Auteur du texte. (1893). Histoire de la réunion de la Navarre à la Castille : essai sur les relations des princes de Foix-Albret avec la France et l'Espagne (1479-1521) / par P. Boissonnade,.... A. Picard et fils (Noiz kontsultatua: 2017-09-16).
  18. «1521-1571 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-23).
  19. (Gaztelaniaz) Zitadelaren erorketaren 200. urteurrena. Iván Giménezen erreportajea Diario de Noticias de Navarra egunkarian. 2008ko otsailaren 17a.
  20. «1685 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-23).
  21. «1726 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-23).
  22. Errepublika gerra-garaian - hiru.eus. (Noiz kontsultatua: 2017-09-23).
  23. Miranda Rubio, Francisco. (2004). «El Clero de la diócesis de Pamplona entre la revolución liberal y la reacción absolutista (1820-1830)» Príncipe de Viana 231: 285-320. ISSN 00328472..
  24. «2007 - Murallas de Pamplona» Murallas de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2017-09-23).
  25. (Gaztelaniaz) Press, Europa. (2008-04-05). «Comienzan a funcionar los ascensores que unirán Rochapea y Casco Antiguo en un minuto» europapress.es (Noiz kontsultatua: 2017-09-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Iruñea