Lanaren etika protestantea
Lanaren etika protestantea (AEBetan lanaren etika puritanoa ere deitua) Soziologia, Ekonomia eta Historian erabili ohi den izendapena da, Max Weber alemaniar filosofo, historialari eta soziologoak asmatu omen zuena.
Izendapen honen kontzeptua kalbinismoak lan gogorrarekiko duen zaletasuna eta honek arrakasta pertsonala eta norbanakoaren salbazioaren seinalea azpimarratzeko jartzen duen indarrean oinarritzen da. Jada Lutero beraren garaiko protestanteek lan eraginkorra dohainaren ikur zelako errekontzeptualizazio unibertsala garatu zuten. Sarri norberaren lan gogorrarekin Jainkoa goraipatu, ohoratu edo atsegin emateko ideia ere badago.
Nahiz eta katolizismoak ekintza onak salbaziorako beharrezkoak zirela irakatsi (salbazioa etorkizuneko gertaera gisa ulertuz), erreformatzaileek ekintza onak jada jasotako salbazioaren ondorioz zirela predikatu ohi zuten. Aldiz, kalbinistar eta luteranotar teologoen arabera norbera Jainkoaren predestinazioari esker salbatu zitekeela bakarrik predikatu ohi zuten. Norbera predestinatua dagoen jakitea ezinezkoa denez (norbait "iraunkortasun edo pertseberantziaren dohainaz" saritua ez izatea ere balitekeenez), pertsona bat aukeratua edo predestinatua den jakiteko bere bizimoduari so egiten zaio. Arrazoi honegatik protestanteei ezaugarri hau oso erakargarria izaten zitzaien, euren burua predestinatua zegoela ala ez jakiteko seinaletzat baitzuten.
Lanaren etika protestantea usadioz Iparraldeko Europan oso hedatua dago (Eskandinavia, Alemania, Suitza, Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Ipar Irlandako protestanteen artean), Ameriketan AEB eta Kanadan ere aski zabaldua dagoelarik. Usadioz edo haien ustez, gizarte protestante hauetan herrialde katolikoetan baino lan eraginkorrarekiko atxikimendu handiagoa dago (adibidez, Latinoamerika, Irlandako katolikoak, Portugal, Espainia, Italia eta Frantzia), maiz herrialde protestanteetako biztanle askok herrialde katolikoetan lanarekiko joera patxadatsuagoa dutelako ustea dutelarik.