Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Lentini

Koordenatuak: 37°17′00″N 15°00′00″E / 37.2833°N 15°E / 37.2833; 15
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lentini
Italiako udalerria
Administrazioa
Herrialdea Italia
Eskualdea Sizilia
Free municipal consortiumFree Municipal Consortium of Syracuse
Posta kodea96016
ISTAT kodea089011
HerriburuaLentini
Geografia
Koordenatuak37°17′00″N 15°00′00″E / 37.2833°N 15°E / 37.2833; 15
Map
Azalera216,78 km²
Altuera53 m
MugakideakCarlentini, Catania, Militello in Val di Catania, Ramacca, Scordia, Belpasso, Francofonte eta Palagonia
Demografia
Biztanleria21.646 (2023ko urtarrilaren 1a)
−1.880 (2018)
Dentsitatea100 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia095
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Katastro kodeaE532
Sailkapen sismikoa2 (Ertaina)
MatrikulaSR
comune.lentini.sr.it

Lentini Italiako udalerri bat da. Sirakusako probintzian kokatuta dago, Sizilia eskualdean. 21.646 biztanle ditu, 216,78 kilometro koadroko azaleran banatuta. Lentini, antzinako Leontinos (Λεοντῖνοι), Siziliako hiria da, Sirakusa eta Cataniaren artean. Kostatik 12 kilometrora dago, Lentini lakuaren ondoan. Antzinako egileek Leontinos izena erabili zuten, Ptolomeok izan ezik, Leontio (Λεόντιον) edo Leontium deitzen zuena. Lissos ibaiaren ondoan zegoen (gaurko Fiume Ruina) eta Fozea izeneko gotorleku nagusia zuen. Leontinos Kalkisko kolono batzuk fundatu zuten K.a. VIII. mendean.

Lentinik honako udalerri hauekin egiten du muga:

Carlentini
Catania
Militello in Val di Catania
Ramacca
Scordia
Belpasso
Francofonte
Palagonia

Sorreraren mitoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezer gutxi dakigu Leontinosi buruz greziarrek sortu baino lehen. Aztarnategi arkeologikoetan, zibilizazio prehelenikoak aurkikitu dira, hau da, estalitako kobak eta italiar estiloko txabolak. Sebastiano Pisano Baudoren arabera[1], Leontinosko lehengo biztanleak, lestrogoiak ziren, hau da, ziklopeen antzerako populazioak, Etnaren gainean bizi zirenak. Antifates haien buruzagia oso jakintsua eta adoretsua zen.

Homeroren ustez, lestrigoien gizartea garatua zen, artzaintzan aritzen ziren eta gobernu konfederatua zuten. Egile honek dio lestrigoiak ez zirela erraldoi basatiak ezta gizajaleak ere, alderantziz, baketsuak, baina oso aberkoiak. Ezaugarri honek, Odisean azaltzen den moduan, justifikatzen zuen Ulisesen lagunen hilketa. Nekazaritza, Demeter jainkosak (Cam Saturnoaren eta Rearen alabak) irakatsi zien, Sikanorekin ezkondu ondoren. Demeterri dagozkio nekazaritzazko eta abeltzaintzazko legeak. Jainkosa honek beste izen batzuk hartu zituen ere: Tesmofora, Mallefora eta Melafora, hau da, aberastasunaren, artilearen eta ardien faboratzailea. Bikote horretaz Persefone jaio zen, baina Hadesek bahitu zuen Biviere lakuaren ondoan. Homerok, Tuzididesek eta Polibiok uste dute Cames hiria, (Cam erregeak, saturnoen erregea, fundatu zuena) Leontinos lehenengo Siziliako hiria zela. Denbora pasa ahala, lestrigoiaren ordez, sikano izena hartu zuten. Herkules Tirioak, feniziarren buruzagiak, sikanoak garaitu zituen eta, dirudienez, hiriari aldatu zion izena, feniziar heroiak lehoi bat hil zuelako. Pisano Baudoren arabera, Leontinos garatu zen, baina Etnaren erupzioak direla eta, sikanoak irlako mendebaldera aldendu ziren. Sikuloek okupatu zuten eskualdea, Sikulo erregeak zuzenduta, handik dator irlaren izena. Sikuloen kolonizazioaren ostean, Leontinos izan zen eskualdeko hiriburua. Laster, gatazkak hasi ziren sikuloen eta sikanoen artean, baina bake-itun baten bitartez amaitu ziren. Horren arabera, bakoitzaren eremuak finkatu ziren, liskarrak berriro hasi baziren ere. Etengabeko gerrak oztopo izan ziren bi populazioen garapenerako. Hala ere, haiengana heldu zen Euoren ospea, jakituria eta zuzentasuna, beste gauza batzuen artean, marinelei belen erabilera irakatsi zien. Euoren semea, Xuto, aitaren antzera jakintsu eta zuzena ere, bi herrien gobernuaz arduratu zen. Geroko urteetan, Xutoren ondorengoak gai ziren oparotasuna eta bakea mantentzeko, hauek beti onenen artean onenak aukeratzen zituztelako.

Greziar aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leontinos greziar kolonia zen, kalkistarrek fundatuta, Tukles buruzagia izanik. Siziliako ekialdearen hiri garrantzitsuenetako bat izan zen[2]. Simeto ibaiaren lautada alubialaren ondoko muino batean ezarri zen, K.a. 730. urtearen inguruan.

Baliteke kalkistar hiru hiriek (Leontinos, Naxos eta Catania) politika berdina izatea.

Gobernua oligarkiaren eskuetan egon zen Patanios tiranoak eskuratu arte. Eusebio Zesareakoaren ustez, irlaren lehen tiranoa izan zen (K.a. 608), nahiz eta gero gobernu errepublikarra izan. Hala ere, greziarrek etorri baino hainbat mende lehenago, penintsulako beste herri batzuk, sikuloak zeuden muino horretan. Hauek, Italiatik Siziliara ihes egin zuten opizien erasoetatik. Irlan, sikanoak irabazi ondoren, hegoaldera eta mendebaldera bota zituzten. Sikuloen ekonomia nekazaritzan eta merkataritzan oinarritu zen, Castelluccio portutik gauzatzen zena. Hauek Metapiccola muinoan ezarri ziren, gaur egun ikerlariek ezarleku horri Xouthia deitzen diote.

Dirudienez, bertoko biztanleek harreman onak zituzten sikuloekin eta han jarraitu zuten sikuloak desagertu eta gero, haien aurkitutako aztarnek adierazten duten moduan. Kalkistarrek jende horiek aurkitu zituzten San Mauro muinoan, K.a. 751-750ean.

Antzinako Sizilia

Hasieran, greziarrak indigenekin bizi ziren, baina Megarakoekin hiri bat egin zutenean, San Maurotik inguruko muinoetara kanporatu zituzten, gero guztiz asimilatuak izan baziren ere. Hauen jarduera ekonomiko nagusienak nekazaritza (garagarra txanpoetan irudikatuta dago) eta zaldi-hazkuntza ziren. Lan hauek klase nagusiaren (zaldunak/ippeis) giza-estatusa erabakitzen zuten. Klase honetatik irten zen Panezio tiranoa, K.a. VII. mendean, Megara Hiblearekin mugetako arazoetaz baliatu zena Leontinosko boterea eskuratzeko. Luzaroan, hiriak gobernu oligarkikoa izan zuen.

Haren garapen azkarrengatik San Maurotik irten zen, ondoko muinoak okupatuz eta kolonia berri bat sortuz (Euboia). Leontinosko aberastasuna izan zen garai horretan Sizilia menperatu nahi zuten potentzien helburua.

K.a. 494an, Hipokrates Gelakoak eraso egin ostean, Leontinosek independentzia galdu zuen. Lehen, Gelaren kontrolpean Enesidemorekin egon zen eta gero, Sirakusarekin. Honek eskualdea kontrolatzeko Leontinos gotortu zuen.

K.a 476an, Hieron I.a Sirakusakoak Naxos eta Cataniako biztanleak Leontinosera erbesteratu zituen[3]. Leontinostarrek Trasibulo Sirakusakoa, Dinomenidi leinukoa, egoztean, askatasuna berreskuratu zuten, baina Duzetiok arriskuan jarri zuen greziar polisak kontrolatu nahi izatean.

Leontinosek, etsaiez inguraturik, K.a. V. mendearen erdian aliantza bat sinatu zuen Atenasekin. Haientzat benetako arriskua Sirakusa zen, Sizilia osoa kontrolatu nahi zuelako. Aliantza berriztu zen K.a 433. eta 427. urteetan. Gorgias filosofoa misio diplomatiko batekin bidali zuten Atenasera: Sirakusaren kontrako laguntza eskatzeko aliatuentzat eta kalkistar hirientzat (Camarina eta Reggio). Sofista izatean, erraz konbentzitu zuen jendea, baina Atenas prest zegoen ere irlan parte-hartzeko, haren interesak defendatu behar zituelako. Atenasek, Lakesen eta Korodesen agindura, 20 trirreme bidali zituen[4].

Lakesen eta beste estrategosen (Pitodoro eta Eurimedonte) jarduerak Messinako itsasartearen inguruan gauzatu ziren. K.a. 424ko Gelako Kongresuan adostu zenaren arabera, Leontinos eta beste hiri siziliar batzuk independentzia lortzean, Atenas Siziliatik alde egin behar zuen. Izan ere, itun horrek Sirakusako nagusitasuna bermatzen zuen.

Bakea lortu ondoren, gatazkak agertu ziren hirian aristokraten eta demokraten artean. Lehenek Sirakusako babesa bilatzen zuten bitartean, bigarrenek lotura estuagoa zuten Atenasekin. Demokratek nahi zuten, lurren banaketa, boto eskubide orokorra eta hiritartasuna. Aristokratek, berriz, botere zati bat ez banatzearren, Sirakusara jo zuten eta horrek azkar parte hartu zuen. Borroka hori demokratek galdu zutenez, (K.a. 422) Siziliako hainbat puntutatik sakabanatu ziren. Aristokratek, aldiz, Sirakusako hiritartasuna lortu zuten. Sirakusak Leontinosko gotorlekuak suntsitu zituen eta horren lurraldea bereganatu zuen. Hiria biztanlerik gabe geratu zen, aristokraten morroiak izan ezik, jabeen ondasunak zaindu behar zituztelako. Zenbait urteren ostean, aristokratak gustura ez zeudenez Sirakusan jasotzen zuten jokaerarekin, Leontinosera itzuli ziren. Orduan, demokratekin aliatu ziren Fozea gotortutako auzoa eta Brikinnia gotorlekua erasotzeko[5].

Konkistak sendotzeko Atenasi laguntza eskatu zioten, baina ez jasotzean, K.a. 422an, berriro hiritik egotziak izan ziren. Honela, Leontinos Sirakusako menpekoa bilakatu zen, teorikoki, independente bazen ere. Egoera aldatu zen K.a. 417an, Atenasek erabaki zuenean aliatuen alde borrokatzea. Arazoa bikoitza zen, alde batetik, Segestak laguntza eskatu zuela Selinonteren kontra, eta bestetik, Leontinosko erbesteratuek itzuli nahi zutela. Halaber, espedizioak Assinaro ibaian porrot egin zuen eta horrekin aliatuen itxaropenak ere.[6] K.a. 406an, Sirakusak onartu zuen Agrigentotik Kartagok kanporatutako biztanleak Leontinosera ekartzea, baita Camarinakoak eta Gelakoak ere. Leontinoskoek hirira heltzean, K.a. 405ean, independentzia aldarrikatu zuten.

Dionisio Zaharrak Kartagorekin sinatutako itunean onartu zuen Leontinosen independentzia, baina afrikarrez aske egon zenean, ez zuen hitza bete, Catania, Naxos eta Leontinos okupatu zituelako. Leontinosko biztanleak, berriro, Sirakusara deportatu ziren K.a. 403an. Gero, Dionisiok mertzenarioen soldatak ordaindu ezin zuenez, hauetariko 2.000 Leontinosen kokatu zituen.

Leontinosko mapa

Dionisio II.aren eta Dionen arteko borroketan, Leontinos azkenaren alde lerrokatu zen K.a. 356an, baina hiria, Filistok, Dionisioren jeneralak, kontrolatu zuen. Hurrengo urteetan, borrokak etengabeak izan ziren Timoleon (Dionisioren lekua hartu zuen jeneral korintoarra) eta Hizetas sirakusarraren artean. Leontinosko hiritarrak Hizetasen alde borroka egin zuten, baina Timoleonek irabaztean K.a. 338an, Sirakusara erbesteratu zituzten. Agatoklesen agintaldian, Leontinos Sirakusarekin egon zen Kartagoren kontrako gerran. Hala ere, Agatokles Afrikatik itzultzean, Leontinosko traizioa zigortu zuen. Agatokles hil eta gero, Leontinosek askatasuna berreskuratu zuen. K.a. 278an, Leontinos, Sirakusa eta Agrigento hiriek Pirro Epirokoari deitu zuten Kartagoren aurka borrokatzeko. Laguntza ordaintzeko, Herakide Leontinosko tiranoak, hiria, horren gazteluak, 4.000 soldadu eta 500 zaldi eskaini zizkion[7]. Pirrok Sizilia utzi ondoren, Leontinos Sirakusako esanetara itzuli zen. Lehen Gerra Punikoa une baketsua izan zen lentinostarrentzat, Hieron II.a Sirakusakoak itun bat sinatu zuelako Kartago eta Leontinosekin, beraz, hiriak ez zuen zertan gerra horretan parte-hartu[8]. Bigarren Gerra Punikoan, Hieronimo Sirakusakoa, Hieronen biloba, Kartagorekin aliatu zen. Hamasei urteko tirano hau, armadarekin eta altxorrarekin Leontinosera abiatu zen K.a. 214an, erromatarrei aurre egiteko. Behin hirian, Diomedesek eta erromatarren jarraitzaile batzuk, segada egin zioten kale batean eta labankadaz hil zuten. Horren ostean, Hipokrates Sirakusakoa eta Epidizes Erromaren kontrako adierazgarriak izan ziren, Hannibalen laguntza (une horretan Italian zegoen erromatarren kontra borroka eginez) itxaroten zuten bitartean. Alperrik zain egon ziren, urte berean Martzelo jeneral erromatarrak Leontinos eraso eta konkistatu zuelako.

Erromatar aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, erromatarrek hiria decumanuskoen artean sailkatu zuten[9] baina denboraren poderioz, zentzore-hiria bihurtu zen, hau da, haren lurraldea beste hiritako hiritarrei alokatzen zitzaien. K.a. I. mendearen amaieran, Leontinosko eskualdea triunbiratuko aliatuentzat opari gisa eman zitzaien.

Ondoren, hiria gainbehera etorri zen. Zizeronek «misera civitas atque inanis» deitu zion eta Estrabonen ustez, pobretu zen, biztanleek nahiago zutelako landa eremuetan eta landetxeetan bizi izatea.

Inperioaren garaian, hiriak ez zuen jadanik garrantzirik, horregatik horri buruzko albisteak eskasak dira. Erdi Aroan, berriz, berreskuratu zen. Gaurko hirian, nahiz eta indusketak egin, ez daude erromatar aztarnarik.

Barbaroen ondoren, 535. urtean, Lentini eta Sizilia osoa Bizantziar Inperioaren zati bat bilakatu zen, ekialdeko gobernuaren arpilaketa pairatuz. Garai horretako Lentiniko albisteak urriak dira, baina badakigu apezpikuaren egoitza izan zela eta prailezko monastegi bat zegoela. Azken gertakizun hori Gregorio I.a Aita Santuaren ekimena izan zen, Bizantziar eliza Siziliatik aldendu nahi zuen, greziera eta errito ezberdinak erabiltzen zituelako. Lentiniren aukeraketa ez zen kasualitatea, baizik eta Sizilia mendebaldar bihurtzeko garrantzi handia zuelako.

Konstantinok, Lentiniko azken gotzainak, ospe handia izan zuen Konstantinoplako gortean. Izan ere, ikonoklasiaren borrokan, Irene Atenasko enperatrizak gutun bat eman zion 785ean, Aita Santuari Konstantinoplako Kontziliora gonbidatzeko (hau zen hasierako egoitza). Kontuzko gaia izan zen gotzain honen aukeraketa, Erroma eta Bizantzioren artean giltzarria zelako.

Azkenean, Nizean eratu zen kontzilioa eta 787ko irailean gauzatu zen. Horretan, gotzainak gogoz jardun zuen, mintzatzean lehena izanik Siziliako gotzainen artean. Konstantinoren ondoren, apezpiku-hiria desagertu zen. Islamiarren nagusitasuna agertu zelako. Haiek, K.o. 847an, Lentini eraso eta konkistatu zuten, biztanle ugari sarraskituz.

Normandiar aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normandiarren garaian, Lentini Messinako stratigotoan sartuta zegoen eta hiri horretako, Alanfranko eta Alaimo nobleei Militelloko, Ossinoko eta Hidriako gazteluak eman zitzaizkien baita dagozkien lurraldeak ere. Aldi horretan, Lentini nekazaritza-hiria izateaz gain, merkataritzan oinarritzen zen ere. Normandiar gortearen geografo arabiarrek laudatzen zituzten harrizko etxeak eta ibai-trafikoa, San Leonardo ibaia hiriraino nabigarria zelako. Gainera, Lentiniko gotorlekuekin gunea estrategikoa zen. Horregatik, Al-Idrisi geografo arabiarrak “Haitz indartsua” deitu zion.

Geroago, Lentiniko populazioa behera joan zenez, beharrezkoa izan zen Consenzako kolonoak ekartzea, hiriko auzo bati izena eman ziotenak. Gainbehera izanagatik, Lentiniko garia Sizilia osoan saltzen zen urritasun aldietan.

Lentinik 1140an eta 1169an jasandako bi lurrikarek eraikin asko eraitsi zituzten. Horren ostean, hiria zaharberritu zen, baina ibaia ez zen berriro nabigarria izan. Dirudienez, tenplarioek Biviere lakuan hesi artifizial bat egin zuten. Frederiko II.aren garaian hiria onera joan zen.

Agnoneren ondoan, Murgo eliza eraiki zuen monako zistertarrentzat. Beranduago, enperadoreak tenplarioei urtegiaren eta arrantza egiteko eskubideak eman zizkien. Garai hartan, urtegia San Leonardo deitzen zen, inguruan santu horren gurtzarako eliza bat baitzegoen.

Lentiniko lakua

Siziliako lehen parlamentuak Lentinin izan zuen egoitza 1223an. Urtero bilera publiko bat egiten zen justizien eta agintari publikoen aurka kexatzeko.

Hala ere, Lentinik parte hartu zuen Messinak enperadorearen kontra sortutako matxinadan, horren politika zentralizatzaile eta sistema fiskalengatik. Lentinitarrek jaramon eginez Vinito de Palagoniako lausenguei, Aita Santuari fideltasuna zin egin zioten. Enperadoreak matxinada azkar baretu zuen eta Foggian, 1239 eta 1240 urteen artean, udaletxeak bildu zituen. Partaideak hamaika hiri izan ziren, hauen artean Sirakusa, Catania, Messina eta Lentini.

Matxidanarekiko atxikimenduak ondorioak txarrak ekarri zizkion hiriari. Izan ere, hiriko gunea hobeto kontrolatzeko gaztelu zaharra, Tirone muinokoa, zaharberritu zen eta San Mauroren inguruan, beste gaztelu berri bat egin zen. Enperadorearekin nahigabeek zerikusia zuten nekazaritzako krisiarekin, beraz, sistema feudala konpontzeko eta feudoak itzultzeko, erregeak ordezkariak bidali zituen 1247an eta 1248an[10]. Hauek aurkitu zuten Lentinin eta Sirakusan eremu asko salduta zeudela, baina emankortasun gutxikoak, berriz, utzirik edo zentsu-kontratu[11] bat zutela mahastiak landatzeko. Bestalde, Frederiko II.aren gortean Siziliako poesia-eskola garatu zen, han Jakopo lentinitarra gailendu zen, batzuen ustez sonetoren asmatzailea.

Frederiko II.aren heriotzak aukera eman zion, berriz, Aita Santuari Siziliako arazoetan parte hartzeko. Horren babes pean zegoen Ruggiero Fimettak, Lentini, Palermo eta beste hiritako elizen autonomia aldarrikatu zuen 1254an. Nahiz eta askatasunak laburra izan Lentiniko armada Favaran garaitua izan zelako. Fimettak eta Alaimo kondeak suabiarrengandik Lentiniko Haitzean aurkitu zuten babesa.

Anjoutarrak eta aragoitarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manfredo hil zenean 1266an, Aita Santuaren (anjoutarrak babesten zituena) eta suabiatarren (Konradino zen buruzagia) arteko borrokak jarraitu zuen. Borroka horrek Lentinin izan zuen zelai-gudua.

Anjoutarren jarritzaileak Tirone eta Castillo gazteluetan babestu ziren, baina laster errenditu ziren ur faltarengatik baita konturatu zirelako ere suabiatarrek (orain nazkagarri izenekoak) gotorlekuan azpian galeriak induskatzen zituztela. Lentinik Konradinoren alde borroka egin zuen, baina Tagliacozzoko guduan garaitua izan zen, ondorioz, Lentinik anjoutar armada onartu behar zuen harresien barruan.

Sciacca guduan, garaipena suabiatarrena izan zen, baina Centuripe konkistatzean, Sizilia frantsesen eskuetan geratu zen. Mandatari berrien lehenengo ekintzak izan ziren irla osoan gotorleku gehiago eraikitzea, matxinadak ekiditzeko (1278). Soldaduen kopurua kontuan hartuz, Lentiniko gaztelua garrantzitsua zen, Messina eta Palermoren antzekoa. Atzerriko esku-hartzeetan gertatzen den bezala, noble askok, onurak lortuko zutelakoan, dinastia berria babestu zuten.

Bitartean, Lentiniko Alaimo kondea, suabiatarrek atzerrira bidali zutena, Beneventoko guduaren ostean itzuli zen. Anjoutarren alde borroka egin eta gero, 1266an, Karlos erregeak haren fidaltasuna saritzeko, printzerria oparitzeaz gain, Beneventoko eskualdeko justizia izendatu zion ere. 1279an, alokairu bat ordainduz, Siziliako Segreziako kargua lortu zuen zergak biltzeko eta 1282an, Messinako strategotoa eskuratu zuen.

Frantsesek, beste inbaditzale bezala, zerga itzelak jarri zituzten, ekonomiaren gainbehera eragin zutenak. Lentini, salbuespen bat ez bazen ere, gai izan zen 1281ean Messinak behar zuenaren gariatik laurden bat hornitzeko.

Frantsesen irainengatik, siziliarrak 1282ko apirilaren 2an matxinatu ziren Palermon, Siziliar bezperak izenekoetan, aristokratek eta espainiarrek bultzatuta. Lentini apirilaren 5ean matxinatu zen bere onetik aterata zegoelako Papirio Comitini gobernadorearen zergetaz, hiriko ondasuna baino handiagoa zirenak. Hiritarrek, Giovanni La Lumiak zuzenduta, gobernadorearen gaztelua eraso egin zuten eta Papirio harrapatu ondoren, hil zuten. Hirian zeuden frantsesek zorte bera izan zuten. Horren ostean, Lentinik udalerri kategoria hartu zuen, Militello, Palagonia, Francofonte eta Sortinori buruzko aginpidea izanik.

Giovanni Selva izan zen Lentiniko mandataria. Siziliar bezperak ez ziren izan mugimendu errepublikarra herriko autonomia lortzeko. Horregatik, Siziliako agintariek aragoitarren laguntza eskatu zuten, nahiz eta hauek anjoutarren antzeko jarrera izan.

Frantsesek abandonatutakoak desengainaturik zeuden, aliatu berriekin gehiago espero zutelako. Hauetariko bat Alaimo kondea zen. Hau hasieran Manfredo utzi zuen Karlos Frantziakoaren aldetik jartzeko, baina gero Petri III.a Aragoikoarengana joan zen. Alaimo kondeari aragoitarrak ondasun handiak eman bazizkion ere, gerora Karlosen alde borroka egin zuen, eskualde gehiago lortzekotan. Etengabeko bando aldaketan, Macalda de Scaletta emazteak zerikusia izan zuen. Azkenean, Alaimo ezbeharrean erori zen eta espainiarrek itsasoan ito egin zuten.

Alfontso III.a Aragoikoa hil ondoren 1291n, ordezkoak, Jakue II.a Aragoikoak, Frederiko anaiari Siziliako erregeorde izendatu zion. Honek, baroien laguntzarekin, erregetza hartu zuen 1296an. Laster borroka sortu zen Frederiko eta Jakuaren artean (azken honek Aitasantutza eta Napoli erresuma aliatuak zituen). Frederikok Lentinin kontzentratu zuen armada 1299an eta defentsak indartu zituen. Caltabellota bakearen ondoren, (1302) Frederikok ohore handiak jaso zituen Lentinin. Erregeak soldadu onenen artean noblezia-tituluak banatu zituen, La Lumia, Sgalambro eta Passaneto, beste batzuen artean. Honela, haien fideltasuna lortzeaz gain, feudalismoaren oinarriak ezarri zituen ere. Lentiniri eskerrak emateko Messinaren antzeko hiri-gutuna oparitu zion 1313an.

Familia nobleen arteko borroka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengoekin, familia nobleen arteko borroka areagotu zen, Siziliako historia anitz urtez markatuz, Chiaramonte eta Ventimiglia leinuak aurrez aurre egon ziren.

Lentinik, Espainiako erregeen alde egotean, behin eta berriz jasan zituen erasoak. Espainiarrek konpensatzeko zenbait emakida eman zizkion: ondasunen gaineko zergak; gaztelua zaharberritzea eta honen bastioia eraikitzea (Pietri II.a: 13.01.1339); hiri senatoriala izendatzea; Patrizio-departamentua eta sigiluaren erabilera (Pietri II.a 19.01.1339). Honela, hiriak ardoaren gaineko zergak jaso zituen eta ondasunak muga-zergetatik libre egon ziren (Luis I.a Siziliakoa: 1349ko irailaren 4-5).

1350ean sinatutako bakeak ez zuen luzaroan iraun. Manfredo Chiaramontek Lentinitik Catania, Ventimiglia familiaren interesak eta erregearen tropak erasotzen zituelako. Hori dela eta, erregeak Artale Alagonari agindu zion Lentini setiatzea, baina hiriak bi gaztelurekin babestuta, erasoari luzaro aurre egin zion. Azkenean, buruzagiek desertzioa egitean, etsaiek Lentinin sartu ziren eta sarraskitu zuten. Gaztelua soldaduen traizioarengatik errenditu ondoren, Manfredoren senideak atxilotuak izan ziren. Borrokak familiak akitu zituenez, berriro familien arteko bakea sinatu zen.

Hurrengo aldian, familia nobleen arteko borroka etengabekoa izan zen. Hauek, errege indartsu baten ezean, estatuaren lurretaz jabetu ziren. Egoera horri Martin I.a Siziliakoak 1392an amaiera eman zion. Gizon honek, (Mariarekin, Frederiko IV.aren alabarekin ezkonduta zegoen), irla osoa konkistatu zuen eta errege-eskumenak nobleziatik eta hirietatik berreskuratu zituen. Baroiek aurre egin zioten lapurtutako eremuei eusteko. Azkenean, lortu ziztuzten, baina Martinek justiziaren azken hitza berarentzat gorde zuen.

Egoera horretan, hiri askok zerga-salbuespenak eskatu zituzten, haien artean Lentinik. Hiri honek Frederikoren eta Pietriren tituloak aurkeztu zituen inperio soila eta mistoa lortzeko, hots, eskumenak zenbait delitu epaitzeko, hala nola, erbesteratze, mutilazio edo heriotz zigorra. Horietaz gain, Lentinik Pietri erregeak emandako ahalmenak lortu zituen, gerra dela bide, inoiz gauzatu ez zirenak. Feudalak eta hauen eremuak hobeto kontrolatzeko, Martin erregeak errolda bat egin zuen; Lentiniren kasuan, 34 feudo zeuden.

Maria erregina 1402an hil zenean, kaputxinoen elizan hilobiratu zen eta Martin berriro ezkondu zen Zuria I.a Nafarroakoa printzesarekin. Honi eskualdeko-ganbara eman zion Paternò, Mineo, Francavilla, Vizzini eta Lentini[12], Biviere eta urtegia izan ezik, erregeak bi zerbitzari fidelei utzi zizkielako. Martin I.a 1409an hiltzean, haren aita hartu zuen agintea, baina hau urte batera hil zen. Alfontso V.a Aragoikoaren etorrerarekin (1416) egoera okerrera joan zen. Lentinik alperrik eskatu zuen eskualdeko-ganbaratik irtetzea. Garai horretako politika izan zen baroien boterea eta gastu militarrak handitzea. Honela, aristokratek feudo gehiago lortu zuten legalki edo legez kanpo. Vincenzo Gargallok lortu zuen Lentiniko gazteluaren inperio soila, hau da, eskubidea justizia emateko lehengo mailetan. Garai horretako gastuek, landa eremuetako despopulazioak eta gabeziek hiriak pobretu zituzten. Erregeak dirua lortzeko hasi zen hiriak saltzen. Lentinik autonomia erostean, bere baliabideak xahutu zituen eta krisi sakon batean sartu zen.

Karlos I.atik Frantziako iraultzara arte

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos I.a etortzean 1516an, Lentiniko arazorik nagusiena kanpondu zen, hau da, eskualdeko-ganbararen parte bat ez izatearena. Karlosek ganbara ezabatu zuen, hiri guztiak estatuarenak bilakatuz. Hala ere, gerra-gastuengatik erregeordea Fernando Gonzaga saiatu zen hiria saltzen. Udaleko administrazioak hondamendia ekiditzeko 20.000 urrezko dukat eskaini zizkion, eskualde eta inperio soileko eta mistoko pribilegio guztien truke (1537). Hiriak, zorrez beterik, 1540ean hiritarrei zergak ezarri zizkien, lehen dohainik ziren zenbait eskubiderengatik.

Hiriak jasandako 1542. urteko lurrikarak gaztelu berria, zaharraren parte bat, eta inguruko etxeak suntsitu zituen. Horren ondoren, hiriak gainbeherako bidea hartu zuen. Krisi horretan, Espainiarekiko zorrak Lentiniko krisia ez leuntzeaz gain, gariari buruzko arantzelek esportazioak eta zerealen ekoizpena oztopatu zituen. Egoera gehiago okertu zen 1551n, Carlentini fundazioarekin turkoen inbasioak ekiditzeko. Arazoa zen Lentiniko gaztelu zaharrak ezin zuelako defentsa gehiago bermatu.

Aipatutako hiria jendeztatzeko, Lentinitik exodoa erraztu nahi zuen. Horretarako, erregeordeak Carlentiniri hainbat pribilegio eman zizkion: etxeak egiteko dohako orubea, zergen salbuespena, opariak eta zerga berriak, bi urtetarako salbuespenak muga-zergetan, eta Lentiniren antzeko pribilegioak. Hala eta guztiz ere, lentinitarrek hiria utziari muzin egin zioten baita Vegaren lausenguei ere, nahiz eta honek gotorleku-hiri berriari Lentini Berria izendatu. Orduan, erregeordeak neurri gogorragoak hartu zituen: Lentiniri apirileko azokaren mozkinak kendu zizkion, diru horrekin Carlentiniko eliza nagusia eraikitzeko.

Hurrengo urteak oso zailak izan ziren. Gabeziek, errege-zergek eta uzta txarreko urteek (1658-1671) populazioaren beherakada ekarri zuten: 1569an 14.756 biztanletik, 1616an 7.360 biztanlera igaro zen, baina 1681en zertxobait berreskuratu zen 10.063 biztanle lortzean.

Val di Notoko 1693ko lurrikarak Lentini zeharo suntsitu zuen, anitz hildako eraginez. Erregeak agindu zion Camastrako dukeari toki berri bat bilatzea hiri berria eraikitzeko, Angel Italia arkitektoaren egitasmoan oinarriturik, baina oposizio ugarien erruz, porrot egin zuen. Azkenean, hiria toki berean berreraiki zen, lana oso garestia eta urte askotakoak izan bazen ere. Horren ondorioz, Lentinik 1737an soilik 4.369 biztanle zituen. Hauetariko asko Carlentinira joan baitziren, hiri horrek ez zuelako lurrikararekin kalte handirik jasan. Lentiniko aristokrata ugarik alde egin zuenez, kargu publikoetarako noblezia berria agertu zen.

Hurrengo erregeak alperrik saiatu ziren hiria suspertzen. Karlos III.a Espainiakoak populazioa handitu nahi zuen (1747an, bakarrik 4.268 biztanle zituelako) etorriberrientzat zorrak eta kontratuak bost urtetan ordainketa-salbuespenak ezarriz. Senatu-hiria izendatu zen berriro, eta eskualdeko hiriburua Francofonte, Avola, Ferla, Sortino, Melilli, Militello, Grammichele, Noto, Spaccaforno, Cassaro eta Palagoniaren gaineko eskumenak edukiz (1760). Halaber, hiria berreskuratu ez zenez, biztanleak mugitzeko, haize txarra eta malaria arazoak aitzakiatzat hartuta, antzinako egitasmoa berraztertu zen. Udaletxeak, ideiaren kontra jarrita, erregearengana jo zuen. Azkenean, egitasmoa baztertu egin zen 1789an[13].

Frantziar iraultzaren garaian, Fernando I.ak agintzen zuen. Hau 1806an irlara itzultzean, noblezia berriko Sanzà baroiak abegi eman zion Lentiniko etxean.

Lentiniko eliza nagusia

Aro Garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiaren bateratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karbonarien lehen mugimenduek toki aproposa aurkitu zuten Lentinin. Bi bandotan antolaturik: batak Piano Fiera izeneko tokian egoitza zuena, partaideak Sanzà, Carmito, Magnano San Lio nobleak izanik. Bestea, Bugliarello familiakoa, Jesusen Santa Maria komentuan biltzen zen. Talde horiek ez zuten egitarau politikorik, haien buruzagiek (erdi eta goi mailako klasekoak) nahiago zutelako Napolirekin egotea, Palermoko separatismoa edo nekazarien iraultza sozialarekin baino.

Palermon, 1820ko konstituzioaren kontrako sortutako iraultzak Lentiniko txiroenen artean berotasun handia sortu zuen. Manifestariak, enparantza bildurik, saiatu ziren ehotze-erregistroak apurtzen eta gari-biltegia erasoten. Apaiz baten bitartekaritzari esker herri-matxinada bukatu zen, baina gero, aristokratek hartu zuten mugimenduaren ardura.

Lentiniko armada, Sanza baroiak zuzendurik, Florestano Pimienta jeneralarekin gehitu zen Palermoren kontra borrokatzeko eta, azkenean, matxinatuak erreprimitzeko.

Borboien agintearen azken urteetan, atzerapen ekonomikoa areagotu zen, gainera, 1837an kolera agertu zen, nahigabe eta iraultza politikoak eraginez. Hasieran, nobleak herritarrekin matxinatu ziren, baina iraultzari etorkizuna ez ikustean, bandotik aldatu ziren eta matxinatuak salatu zituzten.

Del Carrettok, errege-komisarioak, Lentiniko matxinatuak erreprimitu zituen, haien artean Sanza baroia, Bugliarello anaiak, baita beste hiritar batzuk ere. Sanza baroia eta Paolo Pizzolo, horren zerbitzaria, atxilotuak izan ziren Cataniako gartzelan, non koleraz hil baitziren. Bitartean, gainontzekoek ihes egin zuten garai onenen esperoan. Hori heldu zen 1839ko errege-grazia dekretu batekin. Ordurako, Borboien garaia amaitzen zen eta Italia bateratzeko ideiak hasten ari ziren, nahiz eta nahiko nahasiak izan.

Lentinin ezkututako sekta mazziniar bat agertu zen, 1848ko otsailaren 1.ean Palermo sortutako mugimenduari atxikitu zena. Hasierako mugimendua heterogeneo izan bazen ere, gero handiki liberalek behin-behineko batzordeak eratu zituzten hiriko gobernua antolatzeko. Lentinin, batzorde horiek, nobleziaz eta burgesiaz osatutarik, irlako beste batzorde batzurekin harremanetan jarri ziren. Ondoren, ehun gizon antolatu zituzten, Giovanni Ieloren agindu pean, Augusta eta Sirakusa askatzeko. Borboien tropek Augusta laga zutenean Sirakusara joateko, Lentinik 60 gizon bidali zituen Augustara, gazteluko armak etsaien eskuetan ez eror ez zitezen.

Siziliako Parlamentuak laster konturatu zen matxinatuen armatutako taldeen heterogeneotasunaz, zenbaitetan mafiarekin erlazionatutakoak. Talde horien ordez, Guardia Nazionala sortu zuten jabegoak zaintzeko. Lentinin, Francesco Beneventano baroia izan zen polizia horren burua.

Arazoei konponketa ezin zutenez eman eta nazioarteko isolamenduarengatik mugimendua bukatu zen, borboien etorrera ahalbideratuz. Badaezbada, Lentiniko akta-liburua eta behin-behineko batzordearen deliberazioarena ezkutatu zituzten. Hala ere, hori ez zen izan Italia bateratzeko mugimenduaren amaiera, batzorde klandestino bat sortu zelako, Notoko probintzian eta Cataniako hurrengo matxinada antolatzeko. Operazioak hasi ziren Garibaldi lehorreratu orduko.

Maiatzaren 20an, Lentini matxinatu zen eta Batzorde Zentral bat antolatu zuen hiritarrak gerrara deitzeko eta cataniarrei laguntzeko. Hasierakoen artean Módica, Vizzini, Scordia, Scicli, Palazzolo, Sortino eta Notoko biztanleak zeuden. Primosoleri agintea eman zion Sirakusako bidea ixteko eta Cataniako hegoaldean parte hartzeko.

Zenbait egun beranduago, Garibaldiren aginduz, boluntarioak Carlentinin bildu ziren Scordiarantz joateko. Gero, ekainaren 5ean Catanian sartu ziren. Egun berean, Batzordea Viktor Emanuel II.aren erresumarekin atxikitu zen, Garibaldik Sizilian agintzen zuen bitartean. Urriaren 21ean, Lentinik bozkatu zuen Piemonterekin bat egitea eta 1861eko otsailaren 14an, Hiritar-Kontseiluak (Behin-behineko Batzordea ordezkatu zuena) eskatu zuen Cataniako probintziako kide bat izatea. Distantzia, kultura eta ekonomia arrazoiak argudiatu ziren, baina alperrik.

Lentinitarrentzat positiboa izan zen estatu bateratu batean egotea, ingenieritzazko, urbanizaziozko eta kulturazko lan ugari egin zirelako. Aipagarrienak honako hauek izan ziren: Lisso eta Carrunchio ibaiak estaltzea, aire zabaleko estolderiak zirelako; kale berriak zabaltzea landa-eremuak hobeto konektatzeko; ospitale zibilaren antolaketa; eskola elementalak eta teknikoak irekitzea (1866); haurtzaindegiak egitea, (1867) eta etxeak ur edangarriaz hornitzeko, akueduktua eraikitzea (1903).

Horren ondorioz, populazioa handitu zen: 1861ean, 9.417 biztanletik 20.578ra, igaro zen XX. mendearen hasieran, batik bat Siziliako beste eskualdetako etorkinengatik. Denbora pasa ahala, hiriko egitura ekonomikoa aldatu zen: ohiko ekonomia latifundista oinarritzen zen zerealetan (garia, garagarra, arroza), fruta-arboletan (arbendolondo eta olibondo), sokaterietan eta loreontzietan, baina gero, zitrikoak ekoizten ziren Europara eta mundura esportateko.

Horrek ahalbideratu zuen langile-mugimendu sendo bat, bizi-baldintzak hobetu nahi zituena. Honako hau eskatzen zuten: soldata handiago eta nekazaritza-erreformak, latifundismoa eteteko.

Gazteluaren esparru arkeologikoa

Giolittiren hauteskunde-erreforma, 1912an gizonezkoen sufragio unibertsala onartu zuena, aukera ona izan zen nekazarientzat eta alderdi sozialistarentzat. 1914ko hauteskundeetan, bloke demokrata-sozialistak kontserbadoreei (monarkiko-liberalak) irabazi zien.

Korporazio berriak hiriko itxura aldatu zuen: Ferdinanda eta del Carmine kale zaharren konpondu ziren (gaur egun Garibaldi eta Conde Alaimo deitutakoak), enparantza nagusiaren zaharberritu zen eta udal-farmazia berria ireki zuten. Oposizioak ez zuen onartu haren egoera berria, beraz, iraina eta gezurra erabiltzen zuen arma politiko gisa.

Lehen Mundu Gerraren hasierak behe mailako klasekoentzat pobrezia eta elikagaien errazionamendua ekarri zuen bitartean, goi mailakoek pozik atxikitu ziren gerrari. Honela adierazi zuen Beneventano baroiak horma-irudi batekin jendeaurrean erakustean. Herri-klasekoen gabezia leuntzeko, diru-bilketa egin zen, hauek gerraren zama gehiena jasaten baitzuten. Lentinik gobernuari odol-zerga ordaindu zion 213 hildakoekin, 214 elbarriekin eta 55 desagertutakoekin, gehienak nekazariak eta jornalariak. Bitartean, gauzak okerrerako aldatu ziren gobernuaren dekretu batekin, hirinari jarritako prezio baxuegiak gari ekoizpena gutxitu zuelako. Bestalde, gerratik etorritakoak ez ziren jada, herritik irtendako nekazari analfabeto eta ezjakin horiek. Kontaktuan egotean iparraldeko langileekin, kontzientzia eta nahi berriak sortu ziren haien artean. Gerran parte-hartzerakoan, nekazari-erreforma agindu zitzaien, baina gerratik etorrita, ez zuten hori aurkitu, baizik eta inflazioa eta langabezia. Batzuek erabaki zuten landu gabeko lurrak okupatzea, banaketa sail txikietan bazen ere. Tamaina txikiak eremuen ustiapen intentsiboa eragin zuen, luzerora egoera okertuz. Kasu gehienetan, zitrikoak landu ziren zaharkitutako teknikekin, oraindik kooperatibismoak indar gutxi zuen eta.

Gobernuak, tentsio soziala murrizteko, landa-eremuen okupazioak onartu zituen, baina sakoneko arazoak ez konpontzean, klase-gatazta areagotu zen. Unerik larriena 1922an gertatu zen, Maria Giudice sozialistaren hitzaldi baten ostean. Nekazariak plaza eta inguruko kaleak manifestatzen zirelarik, errege-guardia eta aberatsak balkoietatik tiroka hasi ziren. Handikiak beldur ziren desordena horiek iraultza sozial baten hasiera izango zen, etxe pribatu bateko arma-gordetegi baten eztandak adierazi zezakeen moduan. Etengabeko tentsioak hildakoek eta zaurituek eragina izan zuen manifestarien eta haien senideen artean. Lentinin, garai honi Lentiniko Errepublika deritzote.

Faxismoak, arazo sozial konpondu beharrean, oposizioko indarrak ixildu zituen, nekazarien baldintzak okerragoak bilakatuz. Latifundioak, adierazpen publikoak gora-behera, ez ziren murriztu, erregimen fazistaren defendatzile sutsuenen artean lur jabe handienak zeudelako.

Zitrikoen hazkuntza kaltetuak izan ziren faxismoarekin, nahiz eta hasieran ekoizpena gehitu, ez zen posible izan gerraren aurreko kopurua lortu. Bestalde, kanpoko gobernuek Mussoliniren autarkia zigortu zuten. Horren ondorioz, Siziliako produkturik kaltetuenak zitrikoak izan ziren, hau da, irlak esportatzen zuenaren erdia. Estatuko laguntza ekonomikoak prezioei eusteko erabateko krisia eragotzi zuen, baina kostuak ez murriztean, beste estatu batzuk, Espainia kasu, europar merkatuan sartu ziren.

1930 urtean, Biviere lakuko saneamendua hasi zen. Horretarako lakua hustu behar zen; dogozkion egiturak eta herri bat kolonoentzat egin behar ziren, 1.500 hektarea lehortu eta gero, malariarekin, behingoz, bukatu nahi zuten.

Arazoa zen nekazariek ez zutela nahi etxe berrietara joan, ezta mesetako gari-ekoizleek ez zituzten bete beraientzak eraikitako etxeak ere. Azkenean, faxismoak ezin zuen konpondu gariaren arazoa, ezta malariarena ere.

Lentiniko biztanleek irteera ekonomiko bat ikusi zuten Afrikako gerra eta inperioaren eraikuntzan. Adua eta Mekele izan ziren italiar armadak Etiopian konkistatutako bi hiri.

1940an, latifundioen kontrako legea onartu zen, baina berandu, II. Mundu Gerraren hasierak arazoak konpontzearen ordez, larriagotu zituelako. Gosea, miseria, elikagaien errazionamendua, heriotzak eta hondamendiak izan ziren gobernuko politikaren ondorioak. Pribilegiatuek kontsumo-ondasunak zituzten bitartean, txiroenek biltegiak erasotzeari ekin zioten.

Gerra amaitu eta gero, faxismoaren kontrakoek hauteskundeak irabazi zituzten. Gizon horiek antolatu zituzten eremual eskuratzeko borrokak, landu gabeko feudoen desjabetzea eta sail txikien banaketak. Ondorioren bat izan zen sail txikiegietako lurjabe ugari agertu zirela eta errentagarritasun gutxiko sailek, langileei lurjabe eta jornalarien arteko egoeran kokatzen zietela.

Lentinin 50eko hamarkadan, borroka sozialak gertatu ziren nekazarien eta lurjabe handien artean. Lehenek SESBko eredua kontuan hartzen zuten bitartean, handikiek inmobilismoan zeuden. Biek jarrera maximalista zutenez, jornalarien irteera bakarra emigrazioa izan zen; iparraldera edo atzerrira.

Planifikatzeko ezgaitasuna sektore publikoan gertatu zen ere, garapen soziala, ekonomikoa, kulturala eta urbanistikoa oztopatu zituelarik.

Prioloko industriaguneak erdi mailako klase bat ahalbideratu zuen. Bestalde, jornalarien eta zitrikoen krisiak ezkerreko alderdien gainbehera ekarri zuen eta kristau-demokraten igoera.

Azken urte hauetan, populazioa murriztu da, beste arrazoien artean, Carlentiniko Santuzzi auzo berrira joan delako

Leontinosko hegoaldeko sarrera

Ikerketak eta indusketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken aldian egindako ikerketek eta indusketek interesa sortu dute hiriko historiaz. Antzinako Leontinosi buruzko lehenengo ikerlariak honako hauek izan ziren: C. M. Arezzo (1527), Tommaso Fazello (1558), L. Alberti (1561), Francesco Maurolico (1562) eta Filippo Cluverio (1619).

  • XVIII. mendean, Vito Amicok S. Mauro haranean agora identifikatu zuen eta S. Eloi ibarrean Lisso ibaiaren arroa.
  • 1781ean, Ignazio Paternò Castellok hiriko gainbehera adierazi zuen.
  • 1874an, Julius Schubring ikerlariak, Polibio testua ikasi ondoren, Tito Liviok aipatutako kalea identifikatu zuen, non Hieronimo hil baitzen K.a. 215ean.
  • 1879an, Giuseppe Fiorellik Leontinosko nekropoliaren iparraldeko hilobiak aurkitu zituen.
  • 1884an, Francesco Javier Cavallarik kristau hipogeo bat aurkitu zuen.
  • 1887an, nekropoli sikulo bat agertu zen Ruccia haranean.
  • 1891n, Il Columbak hiriko topografiaren ikerketa bat aurkeztu zuen, Castellaccioren erlibearekin.
  • 1884an, Paolo Orsik iradoki zuen, museo arkeologiko bat fundatzea, ondarea zaintzeko eta piezak bilduma pribatuetan ez bukatzeko.
  • 1902an, Lentinosko kurosa aurkitu zen.
  • 1925ean, lo Zieglerrek Lentiniri buruzko laburpen bat argitaratu zuen.
  • 1940an, Pietro Griffok indusketak hartu zituen, S. Mauroren ondoan.
  • 1950tik 1955arte, hegoaldeko atea aurkitu zen (Sirakusako atea) eta kanpoko nekropoli bat.
  • 1960an, botozko irudi bat aurkitu zen Metapiccola muinoan.
  • 1965ean, zenbait bloke aurkitu ziren Vittorio Veneto plazan.
  • 1971-1974 artean, S. Eloi haranaren hilobiak esploratu ziren.
  • 1977-1978 artean, Piscitello auzoaren nekropolia berriro aztertu zen.
  • 1980an, Crocifisso alderdian, bizileku bat aurkitu zen, Polibiok adierazi zuenez.
  • 1981-1982 artean, Pozzanghera inguruan, hibobiak aurkitu ziren garai arkaiko eta helenistikoren artean.
  • 1986an, indusketak hartu ziren berriro Metapiccola muinoan.
  • 1987an, Castellaccion, iparraldeko ateko harresiak agertu ziren.
  • 1989an, hainbat lekutan egin ziren indusketak.
  • 1993an, Umberto plazan islamiar nekropoli bat aurkitu zen, greko-arkaiko beste baten gainean ezarrita.
Leontinosko kuros

Antzinako Leontinos

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« “Leontinos iparraldera begira dago. Horren erdian, dagoen ibarrean, agora, eta agintarien eta epaileen egoitzak daude. Ibarraren bi aldeetako maila malkartsuak etxez eta tenpluz osaturik daude. Hiriak bi ate ditu: bata lautadako hegoaldean, Sirakusako atea izenekoa; bestea, iparraldekoa, Leontinosko landetarako sarreran. Mendebalderantz, Lisso ibaiaren paraleloan, etxe-lerro bat dago eta bion artean, kale bat[14] »

.Leontinosek, Carlentini du hegoaldean eta Leontini iparraldean. Agora lautada batean kokaturik dago, hego-ekialdean Metapiccola muinoaz inguraturik eta hego-mendebaldean S. Mauro muinoaz. Iparraldean, berriz, Castellaccio gunea aurki dezakegu. Parke arkeologikoa antzinako hiri osoan zehar hedatzen da eta hegoaldetik sar daiteke, Sirakusako atetik. Han harresiaren aztarnak ikusgai dira.

Sarreraren ondoan, hilobietako hilarriak eta K.a. II.-IV. mendetako nekropoli bat daude. Toki horretako lehenengo hilobiak K.a. VI. mendekoak dira. Agora ibarraren erdian dago.

Metapiccolako muinoaren gainean historiaurreko herrixka bat dago, antzinako Xouthiarekin identifikatu dena. Indusketek agerian utzi dituzte txabola errektangularrak, hondoraturiko oinaldez. Txabolak zurezkoak izan ziren, lurzoruko enborren zuloek adierazten dutenez.

Harresiak hiria inguratzen zuen, lau fasetan eraikita. Antzinenak, K.a. VII. mendekoak, bakarrik akropolia inguratzen zuena. S. Mauro muinoan agertu diren hondakinen ebakidurek adierazten dute zein harrobitatik atera ziren.

Bigarren harresia, K.a. VI. mendearen hasierakoa, ibarratik Metapiccolaraino luzatu zen. Hor nabaritzen da bloke txikiko dorre zirkular bat. Hormeetako zaharberritze bat egin zen K.a. III. mendean, Erroma eta Sirakusaren arteko gerran.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. PISANO BAUDO, Sebastiano: Storia di Lentini antica e moderna, 1969.
  2. TUZIDIDES: VI., 3.
  3. DIODORO SIKULO: XI, 49.
  4. TUZIDIDES: III., 86.
  5. BARUCCO, Diego: Le colonne di San Basilio, Siziliafotografica.it
  6. TUZIDIDES: VI., 8.
  7. DIODORO SIKULO: Excerpa. Hoeschel, 495 or.
  8. DIODORO SIKULO: Excerpa. Hoeschel, 501-503 or.
  9. Hiri hauek uztaren hamartarra ordaindu behar zuten.
  10. http://www.treccani.it/enciclopedia/demanio-feudale_(Federiciana)/)
  11. Zentsua errenta feudala zen, Aro Modernoan gainbeheran zegoena eta dirutan edo espezietan ordaintzen zena.
  12. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=16175
  13. «Della descrittione di Malta, isola nel mare Siciliano con le sue antichità, ed altre notizie» Christian-Muslim Relations 1500 - 1900 (Noiz kontsultatua: 2018-12-19).
  14. POLIBIO: Historiae 7, 6. 1-6
  • PISANO BAUDO, Sebastiano: Storia di Lentini antica e moderna, 1969.
  • VALENTI, Francesco: La città dimenticata. Lentini (1693-1696), CUECM, 1993.
  • VALENTI, Francesco: La città del leone. Il centro urbano di Lentini dal 1693 al 1860, Catania Cuecm, 1994.
  • VALENTI, Francesco: Immagini della città. Case e palazzi di Lentini dal 1872 al 1890, Catania Cuecm, 1994.
  • VALENTI, Francesco: Lestrigonia. Insediamenti preistorici nel territorio di Lentini, Catania Cuecm, 1995.
  • VALENTI, Francesco: Leontinoi. Storia della città dalla preistoria alla fine dell'impero romano, Publisicula, 2007. ISBN 978-88-89783-10-8

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]