Martin Ugalde
Martin Ugalde Orradre (Andoain, Gipuzkoa, 1921eko azaroaren 11 – Hondarribia, Gipuzkoa, 2004ko urriaren 4a) kazetaria, idazlea eta politikaria zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen lau urtez Jesus Maria Leizaola lehendakariaren agintaldian.
Ideologikoki nazionalista zenez, 1936ko gerraren ondorioz hainbat urte eman zuen erbestean, eta, Venezuelan ospe handiko kazetari bihurtuta, 1969an itzuli zen, jaioterriarekiko konpromisoarengatik, eta amets bat bete nahi zuelako: euskarazko kazeta bat sortzea. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zuen. Euskaltzale amorratua izan zen, eta Franco hil ondorengo lehen euskarazko egunkariaren sortzen lan handia egin zuen. Haren omenez, "Martin Ugalde Kultur Parkea" eraiki zuten jaioterrian.[1]
2021ean Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko hainbat jarduera antolatu zituzten: bere obra guztia digitalizatzea, erakusketa, hitzaldi-zikloa, filma irakurketa jarraitua, Martin Ugalde beka eta ipuin-sariketa.[2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru etapa bereiz daitezke: Andoainen 1947ra arteko heziketa, Venezuelako 22 urteak, eta berriro Euskal Herrian egin zuen ekapena 1969tik.[3]
Gerrako esilioa eta kazetari gaztea Andoainen (1937-1947)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Gerra Zibila piztu zenean garai gorriak igaro behar izan zituen Martin Ugaldek eta bere familiak.[4] Martin mutikoaren bizitza 15 urterekin goitik behera aldatzen da, Francoren altxamenduarekin. Familiarekin batera Andoaindik ihesi doa 1936ko abuztuan: 2 hilabete Mundakan, 8-9 Bilbon, amarekin Frantziara, Nièvre-ko Château Chinon-era. (Aita frontean da, anaia Soviet Batasunean, gero ama aitarengana Catalunyara, eta Martin bakarrik geratu zen). Handik Donibane Garazira joan zen Eusko Jaurlaritzaren koloniara urtebete, segidan Donibane Lohizuneko koloniara lau hilabete, Gurs-eko kontzentrazio-zelaira hilabete eta erdi. Eta lau urte eta bi hilabeteko esilio horren ostean, 1941ean salbokondukto batekin, berriz Andoaina azkenean. Baina atzera kanpora atera behar izan zen laster: soldaduskara joan behar izan zen hiru urterako, Marokora. 1942-1945eko soldaduska hori «bigarren esilioa» izan zela zioen Martinek. Hori bukatuta 1945 inguruan Diario Vasco egunkarirako artikuluak idazten hasi zen, bi urtez aritu zen horretan Andoainen bizi zela. Eta 1947ko urrian Caracasera, 25 urterekin.[3] Diario Vasco egunkarirako herriko kronikak idatzi zituen.[5]
Venezuelan kazetari eta idazle (1947-1969)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1947an bizitza markatuko zion erabakia hartu zuen. Urte hartan, Venezuelara ihes egin zuen, bere bigarren aberri bilakatuko zen herrialdera, eta han 22 urte eman zuen. Hastapenetan, Elite aldizkariaren ardura hartu zuen eta gero Nosotros eta El Farol aldizkarien zuzendari izendatu zuten. Kazetari-lan sendoa egitea lortu zuen, eta hango hedabide garrantzitsuetan aritzea.[5]
Orduan hasi zen fikziozko lanak egiten. 1951ean venezuelar nazionalitatea hartu zuen[4] eta 1955an, ezkondu egin zen bertan ezagututako Ana Maria Martinez Urreiztietarekin, bizitzan osoan zehar lagun izango zuen emakumea. Seme bat eta bi alaba eduki zituzten, han jaioak.
Eragilea Euskarazko kazetaritzan Hondarribiatik (1969-2004)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1969an Euskal Herrira itzuli zen, 48 urte zituela.[4] EAJn lanean buru-belarri sartu zen berehala, Zeruko Argia aldizkarian eta Deia egunkaria sortzeko lanetan hartu zuen parte;[6] azken horretan, zuzendariorde, eta euskarazko erredakzioaren arduradun.[7] 1976an Hondarribira joan zen bizitzera. 1982an Karlos Garaikoetxea lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Euskarazko Gaietarako zuzendari nagusi izendatu zuen.[6] 1985ean Eusko Alkartasunean afiliatu zen.
1990an, Euskaldunon Egunkaria sortzeko taldeetan gogoz egin zuen lan, egitasmoaren arima bilakatuz. Administrazio Kontseiluaren Lehendakari izendatu zuten. Ondorengo urteetan, hainbat omenaldi egin zizkioten: Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen, Andoaingo Udalak seme kuttun, Eusko Jaurlaritzak euskal herritar unibertsal eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain.[6] 2002ko ekainean inauguratu zuten Martin Ugalde Kultur Parkea.[9]
« | Ugalde izan zen aurrenetakoa frogatu zuena gaztelania nagusi den hedabide batean euskararen tokia beti izango dela subsidiarioa | » |
2004ko urriaren 4an hil zen Hondarribian, azken urteak gaixorik egonda, Parkinsonak jota.
Euskaldunon Egunkariaren kontseiluko zuzendaria (1990-2000)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990ean Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, administrazio kontseiluko zuzendaria izan zen. Urte hartako abenduaren 6an, lehendabiziko alea kaleratu zuten, 32 orrialdekoa. Administrazio Kontseiluan, Martin Ugalde lehendakaria zen, Joxemi Zumalabe kontseilari ordezkaria eta Joan Mari Torrealdai Kontseilu Editorialeko presidentea, Pello Zubiria zuzendaria eta Iñaki Uria zuzendariordea.
Lehenago baina 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran lan eskerga egin zuten. Batzuek erredakzioan, beste batzuek bideragarritasun ekonomikoa antolatzen, eta beste batzuek «diplomazia lanetan». Eta ezina egina bihurtu zuten.[8][10]
Argiako kazetari gazteen belaunaldia gerra aurreko belaunaldiarekin lotu zituen soka izan zen Ugalde. Berarentzat ordea, paper hori jokatzea ez zen bat ere erraza,
Ugalde Eusko Jaurlaritzako Euskara Gaietako sailburu zela, diru-eskean joan zitzaion Argia aldizkariko taldea, egunkaria sortzeko proiekturako finantzaketa bila. Dirurik ez zuela erantzun behar izan zuen orduan. Baina handik hiruzpalau urtera, artean Jaurlaritzako kargua utzita zuela, Ugaldek bat egin zuen egitasmoarekin, Uriak Ugalderi eta Joxemi Zumalaberi Argia-ren urtekarirako egindako elkarrizketa bat egin eta gutxira. Sinergia sortu zen haien artean, ohartu ziren herri mugimendua eta instituzioak elkarlanean jarri beharraren premiaz.[11]
Horrek ez zuen baretu Jaurlaritzarekiko tentsioa, ordea. Ajuriaeneko Ituna indarrean zegoen garai hartan.
Ugalderen moduan, beste hainbat euskaltzalek ere bat egin zuten proiektuarekin. Tartean izan ziren Imanol Murua Uria kazetari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Nerea Azurmendi kazetaria, eta Txema Auzmendi kazetari eta jesuita.
Esan bezala 1990eko abenduaren 6an loru zuten egunkaria plazaratzea.
Orduan Egunkariko Administrazio Kontseiluko zuzendari izateaz gain, diplomazia lanaz arduratzen zirenetako bat ere bazen Ugalde; Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaren bidea irekitzeko itxaropen nagusia ere bai. Azkenean asko kostata, 1994an sinatu zuten akordioa Eusko Jaurlaritzarekin, Joseba Arregirekin. Hazkunde-urteak izan[12] ziren gerokoak.[11]
2000an Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakari izendatu zuten eta Torrealdai bihurtu zen administrazio kontseiluko buru.[13][14] 2003an egunkaria itxiarazi zuten arte. Itxiera gertatu zenean Euskaltzaindiak egin zuen adierazpenean gertakari haiengatik bere kezka larria adierazi zuen, eta orobat, "Martin Ugalde jaun euskaltzain ohorezkoaren egoeragatik".[15]
285 zutabe edo artikulu argitaratu zituen egunkarian 1990 eta 2013ren artean.[16] [17] Hamabostero argitaratzen zituen zutabeak. Denetarik lantzen zuen: gai historikoak, hemerotekakoak, aktualitatearekin lotutakoak, euskarari buruzkoak…[18]
Idazlea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guztira, Martin Ugalderen 1.662 idazlan jaso zituen Jakin-ek 2021ean haren obra digitalizatu zuenean, 58 urtez (1946-2003) idatzitakoak sei multzotan sailkatu zituzten: 46 liburu, 57 liburu atal, 2 liburuxka, 1.548 artikulu (69 egunkari eta aldizkaritatik ateratakoak), 46 itzulpen, 2 liburutan editore/modatzaile, eta 4 berrargitalpen.[16]
Idazle moduan, euskarazko ipuingintza modernoaren aitatzat ikusten da, 1961eko Iltzailleak narrazio-liburuagatik. Venezuelan argitaratutako lan horretan, Latinoamerikako literaturan hain ospetsua zen narraziogintza euskal literaturara ekarri zuen.[4]
« | Hizkuntzak etxeak dira [...] Venezuelara joan behar izan zuenean, hango gazteleran hartu zuen aterpe, eta hango jende xeheaz idatzi zituen ipuinak. Erbesteraturiko idazle erdaldunek ez zuten ahaleginik egin Amerikako hizkeretara hurbiltzeko, Ugaldek ez bezala. [...] Gazteleraz idazle gisa trebatu arren, ez zion bizkarra erakutsi euskarari.
Historiaren biktima izanagatik, historiaren egile. |
» |
Bizitza osoko lanarekin bibliografia oparoa utzi zuen: ipuinak, saioak, antzezlanak eta eleberriak.[21]
Ipuinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Un real sueño sobre un andamio (Cromotip, 1957)
- La semilla vieja (Caracas, 1958)
- Iltzailleak (Caracas, 1961)
- Las manos grandes de la niebla (Caracas, 1964)
- Umeentzako kontuak. Sorgiñaren urrea (Itxaropena, 1966)
- Itsasoa ur-bazter luzea da (Mensajero, 1973)
- Tres relatos vascos (Txertoa, 1974)
- Cuentos de inmigrantes (Ediciones Vascas, 1979)
- Mantal urdina (Erein, 1984)
- Mugarri galduen itsumundua (Irun Hiria saria, 1985)
- Bihotza golkoan (Erein, 1990)
- Erretiradako trena (Erein, 1997)
- La semilla vieja y otros cuentos (Alberdania, 2003).
Antzerkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ama gaxo dago (Cromotip, 1964)
- Gurpegin aspaldi gertatua (argitaragabea, 1965)
Eleberria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Las brujas de Sorjín (Axular, 1975)
- Itzulera baten historia (Elkar, 1990)
- Pedrotxo (Elkar, 1995)
- Mohamed eta parroko gorria (Elkarlanean, 2000)
Historia lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Síntesis de la historia del País Vasco (Ediciones vascas, 1974)
- Historia de Euzkadi, bost liburuki (Planeta, 1981)
- Biografía de tres figuras nacionales vascas: Arana-Goiri, Agirre, Leizaola (Sendoa, 1984)
- Lezo Urreiztieta (1907-1981) (Elkar, 1990)
- Manuel de Irujo, un hombre leal a su tiempo (Txertoa, 1992)
- Nueva síntesis de la historia del País Vasco (Ttarttalo, 1997)
Saiakera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Unamuno y el vascuence: contra-ensayo (Ekin, 1966)
- El problema vasco y su profunda raíz político-cultural (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1980)
Kazetaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Imágenes de la Semana Santa en Venezuela (Caracas, 1956)
- Cuando los peces mueren de sed (Caracas, 1963)
- Hablando con los vascos (Ariel, 1974)
- Hablando con Chillida (Txertoa, 1975)
- Bajo estos techos (Caracas, 1979)
- Batasun eta zatiketaren artean (Elkar, 1989).
Sariak eta errekonozimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Venezuelako literatur sari preziatuenak bereganatu zituen, nola erreportaietan hala ipuinetan, El Nacional eta El Universal egunkarietakoak edo Estampas aldizkariko sariak, besteak beste.[3]
- 1997: Martin Ugalderen omenezko ekitaldi bat antolatu zuten Andoainen,
- 1999: Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen.[23][24]
- Andoaingo Udalak seme kuttun izendatu zuen.
-
Andoaingo seme kuttun izendapena.
-
Andoaingo seme kuttun izendapenean Martxelo Otamendirekin
- Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.[6]
- 2002: Martin Ugalde Kultur Parkearen sortu zuten Andoainen, haren oroimenez. [9] [25]
- 2002: Lan onari emandako saria, Eusko Jaurlaritzaren ohorezko goraipamena dena. beste hauekin batera: Jesus Altuna, Ainhoa Arteta, Juan Mari Arzak eta Gaspar Vicinay.
- 2003: Eusko Jaurlaritzak euskal herritar unibertsal izendatu zuen, Ainhoa Artetarekin batera.
- 2015: Martin Ugalde ikerketa-beka sortu zuten Martin Ugalde kultur parkeak, Andoaingo Udalak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Xabier Apaolaza, Jose Angel Ascunce, Marien Nieva (Koordinatzaileak): Martin Ugalde azterkizun. Encuentros con Martín de Ugalde. Donostia: Saturraran, 2002. ISBN:9-788493 133993.542 or.
- Lertxundi, Anjel. (1997). Martín Ugalde: leialtasun baten historia : glosak. Andoaingo Udala ISBN 84-921732-1-1.[26]
- Torrealdai, Joan Mari. Martin Ugalde, Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena (1998)
- Torrealdai, Joan Mari. Martin Ugalde: (1921), (2003, Bidegileak) ISBN: 84-457-1989-0[27]
- Torrealdai, Joan Mari. Martin Ugalderen bizitzan zehar (1921-2004) Euskera - XLIX, 2004, 2
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Susaeta, Igor. «Letrak bide» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).
- ↑ Susaeta, Igor. «Martin Ugalderen obra digitalizatuko dute, eta herritarren eskura jarri» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).
- ↑ a b c Torrealdai, Joan Mari. (2004). Martin Ugalderen bizitzan zehar (1921-2004). Euskaltzaindia, Euskera - XLIX.
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «Ugalde Orradre, Martín - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- ↑ a b c Iraola, Arantxa. «Nerea Azurmendi: «Kazetari grinak bultzatuta»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-28).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2004-10-05). «Martín Ugalde, escritor» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) BETI SÁEZ, Iñaki. (2004-10-08). «Martín de Ugalde, una vida y una obra al servicio de la libertad» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- ↑ a b Agirre, Maider Galardi F.. «Ateak ireki eta hormak gainditu» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-06).
- ↑ a b Martin Ugalde Kultur Parkea. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- ↑ «Torrealdai, Joan Mari» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
- ↑ a b Aperribai, Julen. «Sokaren bi muturrak batu zituen «ametsa»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
- ↑ Berria.eus. «"Martin Ugalde" bilaketa. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-11-08).
- ↑ Maider Galardi F. Agirre. «Ateak ireki eta hormak gainditu» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-06).
- ↑ «'Egunkaria auzia' | 'Egunkaria'-ren itxierako auzipetuak - Berria.eus» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).
- ↑ Euskaltzaidia. (2003-02-28). Euskaltzaindiaren adierazpena Euskaldunon Egunkariaren itxiwraren gainean.. Euskaltzaindia.
- ↑ a b «Martin Ugalderen idazlanak. Digitalizazioa - Jakin.eus» www.jakin.eus (jakin.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
- ↑ «"martin Ugalde" bilaketa. Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.» Berria (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-11-08).
- ↑ Egunkaria aurrera » Ametsa gauzagarria zen lekura. (Noiz kontsultatua: 2021-11-08).
- ↑ Zabala, Juan Luis. (2000-12-07). «Jende ugari bildu zuten atzo Egunkariaren urteurrena ospatzeko egindako ekitaldiek.» Berria (Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003.) (Noiz kontsultatua: 2022-03-01).
- ↑ Berria. «Anjel Lertxundi: «Martin Ugalde, historiaren biktima izanagatik, historiaren egile»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-14).
- ↑ Arrese, Gorka. «Idazle bi, baina bihotz beretik» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
- ↑ Murua Uria, Imanol. (1999-12-15). «Miraria zirudien! EGUNKARIAren sorreran bidelagun izandako Joxemi Zumalabe eta Joseba Jaka gogoratu zituen Martin Ugaldek» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
- ↑ Murua Uria, Imanol. (1999-12-16). «Martin Ugalde 'Honoris Causa'» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
- ↑ Murua Uria, Imanol. (1999-12-16). «Duintasuna, 'honoris causa'» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2021-11-07).
- ↑ Larrarte, Joanmari. (2020-07-31). «Joan Mari Torrealdai: 'Euskalgintzaren erreferentea'» www.jakin.eus (Jakin) (Noiz kontsultatua: 2020-08-06).
- ↑ Lertxundi, Anjel. (1997). Martín Ugalde: leialtasun baten historia : glosak. Andoaingo Udala ISBN 84-921732-1-1. PMC 431434039. (Noiz kontsultatua: 2021-11-14).
- ↑ Torrealdai, Joan Mari. (2003). Martin Ugalde. Bidegileak, Eusko Jaurlaritza ISBN 84-457-1989-0..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gipuzkoako idazleak
- Jainkoak ez dit barkatzen, Martin Ugaldek Lezo Urreiztietari 1975ean grabatutako 35 orduko elkarrizketa batean oinarritutako filma
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Martinen Ugalderen lan guztiak digitalizatuta Guztira, 2.049 idazlan dira, Alde batetik 1.662 idazlan dira Martin Ugaldek berak 58 urtez (1946-2003) idatzitakoak Beste alde batetik 387 argitalpenak, Martin Ugalderi egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira.
- Martin Ugalde. Bidegileak, Torrealdai, Joan Mari, 2003, Eusko Jaurlaritza.
- Letrak bide. Martin Ugalderi buruzko erreportaje zabala, (Igor Susaeta, Berria egunkaria.2021-05-23)
- Martin Ugalde Kultur Parkea
- «Berria.info | Martin Ugalde (1921-2004)» www.berria.eus 2004
- 1921eko jaiotzak
- 2004ko heriotzak
- Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak
- Euskaldunon Egunkaria
- Euskal kazetariak
- Gipuzkoako politikariak
- Eusko Jaurlaritzako Sailburu ohiak
- Andoaingo idazleak
- Euskaltzain ohorezkoak
- Euskal Herriko frankismoaren erbesteratuak
- Euskal Herriko biografoak
- Euskararen sustatzaileak
- Honoris causa doktoreak
- Hondarribian hildakoak
- Euskarazko eleberrigileak
- Euskarazko ipuingileak
- Euskal Herriko gaztelaniazko idazleak
- Euskal Herriko gaztelaniazko ipuingileak