Panspermia
Panspermia (grezieratik: πάν, pan, "dena" + σπέρμα, sperma, "hazi") biziaren haziak Unibertsoan zehar bidaiatzen dutela defendatzen duen hipotesia da, Lurreko biziaren jatorria kanpotik etorritako hazi edo bizi zatiki horiei egotziz. Hermann von Helmholtzek plazaratu zuen 1878an hipotesi hau, eta Lord Kelvin fisikariak eta Svante Arrhenius kimikariak ere bultzatu zuten. Kometak eta meteoritoak izan ziren -Helmholtz eta Kelvinen ustez- Lur planetara bizia ekarri zutenak. Harkaitz handi horietan bakterio eta beste mikrobio batzuk egongo ziren, Lurra "kutsatuko" zutenak, bizia sortuz.
Arestian panspermiaren hipotesiak Fred Hoyle astronomo ospetsuaren oniritzia jaso zuen, bere sinesgarritasuna areagotu zuena.
Panspermiaren aldeko argudioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurrean eroritako zenbait meteoritotan aminoazidoak eta beste molekula organiko batzuk aurkitu dira. Molekula horiek izaki bizidunen funtsezko osagaiak dira. Murchison meteoritoan, esaterako, zientzialariek Lurretik kanpoko aminoazidoak aurkitu zituzten ikerketa sakon eta zehatzak egin ostean.
Molekula organikoak aurkitzeak, hala ere, ez du esan nahi izaki bizidunik dagoenik. Orain arte aztertutako meteoritotan ez da bizidunen arrastorik antzeman (Antartikan 1984an aurkitutako ALH84001 meteoritoak ez du Lurretik kanpoko mikrobiorik, azken ikerketek frogatu dutenez).
Panspermiaren aldeko arrazoiak beste motakoak dira: frogatuta dago bakterio batzuk gai direla Lurretik kanpoko espazioan bizirik irauteko, espora moduan. Streptococcus mitis bakterioa 1967an nahigabe eraman zuten Ilargira zientzialariek Surveyor izeneko espazio-ontzian, eta hiru urte geroago -Lurrera itzultzerakoan- bakterio hori berpizteko gai izan zen. Beste esperimentu batzuetan bakterioak eta likenak kanpoko espazioan mantendu dira bizirik zenbait astetan. Zalantzarik gabe, mikrobio askok izugarrizko erresistentzia dute bizirik irauteko inguruko baldintzarik latzenetan ere.
Panspermiaren aldaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Francis Crick Nobel saridunak (James Watsonekin lankidetzan DNAren egitura molekularra argitu zuenak) 1973an "panspermia gidatuaren" hipotesia plazaratu zuen. Cricken iritziz, posible litzateke zibilizazio estralurtar batek gure planetan biziaren hazia nahita ipini izana. Lurreko bizia zibilizazio aurreratu horren esperimentua besterik ez litzateke izango [1]
Panspermiaren hipotesi klasikoak ahultasun ugari zuen Cricken ustez: erradiazio kosmikoak, esaterako, meteoritotan egon zitezkeen mikrobioak hilko zituen, eta Lurrera bizirik heltzea oso zaila zatekeen. Panspermia gidatuak, berriz, ongi burututako prozesua zenez, biziaren finkapena eta hedapena eragin zezakeen gure planetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Directed panspermia National Library of Medicine
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Biziaren jatorria
- Exobiologia
- Lur arraroaren hipotesia
- Miller-Urey esperimentua
- Burdin-sulfurozko munduaren teoria
- Salda primitibo
- Kreazionismo
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Panspermia |