Pio IX.a
Pio IX.a[1] (latinez: Pius PP. IX), jaiotzez Giovanni Maria Mastai-Ferretti (Senigallia, Aita Santuen Lurraldea, gaur egungo Italia, 1792ko maiatzaren 13a - Erroma, 1878ko otsailaren 7a) Eliza Katolikoko Aita Santu izan zen 1846ko ekainaren 16tik bere heriotza egunera arte.
Haurtzaroa eta ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Girolamo Mastai-Ferretti kondearen eta Caterina Sollaziren bederatzigarren haurra izan zen. Gaztetan Aita Santuaren guardian sartu nahi izan zuen, baina epilepsia zeukanez ez zuen horretarako onarpena jaso. Horregatik, teologia ikasten hasi zen Erromako seminarioan. 1819ko apirilean apaiz izendatu zuten.
Hasieran, Erromako institutu bateko zuzendaritzan lan egin zuen, baina 1823-1825 bitartean Hego Amerikara bidali zuten Txile eta Peruko nuntzioaren laguntzaile. Garai hartan Eliza Hego Amerikako iraultzen aldaketetara egokitzen ari zen.
Erromara bueltan, San Michele ospitaleko zuzendari izendatu zuten, baita Santa Maria in Via Lata-ko kanonigo ere.
Gotzain eta Kardinal
[aldatu | aldatu iturburu kodea]35 urte zituela Spoletoko artzapezpiku izendatu zuten. 1831ko iraultza saiakeran parte hartu zutenei amnistia eman zien, eta horrela herritarren artean liberal fama hartu zuen. Imolako gotzain izendatu zuten ondoren, eta 1839an kardinal.
Aita Santu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1846an Gregorio XIV.a hil zen; Italia osoa egoera ezegonkorrean zegoen. Kardinalak bi taldetan berizirik zeuden: kontserbadoreak eta liberalak. Lehenengoek Luigi Lambruschiniren alde egin zuten. Bigarrenak bereizirik zeuden Tommaso Pacuale Gizzi eta Mastai-Ferrattiren artean. Konklabearen bigarren egunean (ekainaren 16an) aukeratu zuten Mastai-Ferratti eta bere buruari Pio IX.a izena jarri zion. Izendapen hau bereziki txalotu zuten Europako talde liberalek.
Hasieran erabaki liberalak hartu zituen: preso politikoei amnistia eman zien eta sufragio zentsitarioz aukeratutako kontsulta ganbara bat jarri zuen. Kuriako talde batzuekin arazoak izan zituen bere erabaki berritzaileak zirela eta.
1848ko Iraultzan, Erromako herritarrek errepublika aldarrikatu zuten. Aita Santuak Gaetara ihes egin zuen monje mozorroturik, eta handik potentzia katolikoei (Austria, Espainia, Frantzia...) iraultzaileak geldiarazteko laguntza eskatu zien. Iraultza amaitu ondoren, hasierako asmo liberalak bertan behera utzi eta joera kontserbadoreagoa hartu zuen (juduak Getoan sarrarazi zituen berriz ere).
Italiako batasunaren aurkako jarrera agertu zuen behin eta berriz, Elizaren estatuen defentsa sutsua eginez. 1864an Quanta Cura entziklika eta Syllabus eranskina argitaratu zituen. Bertan, besteak beste, panteismoa, naturalismoa, nazionalismoa, sozialismoa, komunismoa, liberalismoa, biblismoa eta gizarte zibilaren autonomia gaitzetsi zituen. 1864an Andre Mariaren Sortze Garbia dogma aldarrikatu zuen. Horrez gain, 1869 eta 1870ean Vatikanoko I. Kontzilioa deitu zuen; bertan hartu zen erabaki garrantzitsuena Aita Santuaren oker-ezintasuna izan zen. Eliza Katolikoaren antolaketa bertikala are sendoagoa bihurtu zen horrekin.
Italiak Elizaren estatuak bereganatu zituenean Viktor Manuel Savoiakoa erregea eskumikatu zuen, eta uko egin zion estatu berria onartzeari. Hori dela eta, bere bizitzako azken urteak Vatikanotik atera gabe igaro zituen, estatuak Elizaren lurrak nola konfiskatzen zituen ikusiz.
Liturgia alorrean, Eukaristia eta Penitentziaren garrantzia azpimarratu zituen, eta Jesusen Bihotzarekiko debozioa Eliza Katoliko osora zabaltzea lortu zuen.
Heriotza eta beatifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1878ko otsailaren 7an hil zen. Bere gorpua Vatikanotik San Lorentzoren basilikara zeramatela, antiklerikal talde batek hilotza Tiber ibaira botatzeko ahalegina egin zuen. Soldaduek eragotzi behar izan zuten ekintza hori.
Joan Paulo II.ak beatifikatu zuen 2000ko irailaren 3an. Bere ospakizuna otsailaren 7an egin ohi da.
Entziklikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pio IX.ak 41 entziklika idatzi zituen:
- Qui pluribus (1846ko azaroaren 9a)
- Praedecessores nostros (1847ko martxoaren 25a)
- Ubi primum (1847ko ekainaren 17a)
- In Suprema Petri Apostoli Sede (1848ko urtarrilaren 6a)
- Ubi primum (1849ko otsailaren 2a)
- Nostis et nobiscum (1849ko abenduaren 8a)
- Exultavit cor nostrum (1851ko azaroaren 21a)
- Ex Aliis Nostris (1851ko azaroaren 21a)
- Nemo certe ignorat (1852ko martxoaren 25a)
- Probe noscitis Venerabiles (1852ko maiatzaren 17a)
- Inter multiplices (1853ko martxoaren 21a)
- Neminem vestrum (1854ko otsailaren 2a)
- Optime noscitis (1854ko martxoaren 20a)
- Apostolicae nostrae caritatis (1854ko abuztuaren 1a)
- Optime noscitis (1855eko azaroaren 5a)
- Singulari quidem (1856ko martxoaren 17a)
- Cum nuper (1858ko urtarrilaren 20a)
- Amantissimi Redemptoris (1858ko maiatzaren 3a)
- Cum Sancta Mater Ecclesia (1859ko apirilaren 27a)
- Qui nuper (1859ko ekainaren 18a)
- Nullis certe verbis (1860ko urtarrilaren 19a)
- Amantissimus (1862ko apirilaren 8a)
- Quanto conficiamur moerore (1863ko abuztuaren 10a)
- Incredibili (1863ko irailaren 17a)
- Ubi urbaniano (1864ko uztailaren 30a)
- Maximae quidem (1864ko abuztuaren 18a)
- Quanta cura (1864ko abenduaren 8a)
- Levate (1867ko urriaren 27a)
- Respicientes (1870eko azaroaren 1a)
- Ubi Nos (1871ko maiatzaren 15a)
- Beneficia Dei (1871ko ekainaren 4a)
- Saepe Venerabiles Fratres (1871ko abuztuaren 5a)
- Quartus supra (1873ko urtarrilaren 6a)
- Etsi multa (1873ko azaroaren 21a)
- Vix dum a Nobis (1874ko martxoaren 7a)
- Omnem sollicitudinem (1874ko maiatzaren 13a)
- Gravibus Ecclesiae (1874ko abenduaren 24a)
- Quod nunquam (1875eko otsailaren 5a)
- Graves ac diuturnae (1875eko martxoaren 23a)
- Exortae in ista (1876ko apirilaren 20a)
- Quae in patriarchatu (1876ko irailaren 1a)
Ondorengotza apostolikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Scipione Rebiba kardinala
- Giulio Antonio Santorio kardinala (1566)
- Girolamo Bernerio kardinala (1586)
- Galeazzo Sanvitale artzapezpikua (1604)
- Ludovico Ludovisi kardinala (1621)
- Luigi Caetani kardinala (1622)
- Ulderico Carpegna kardinala (1630)
- Paluzzo Paluzzi Altieri Degli Albertoni kardinala (1666)
- Benedikto XIII.a aita santua (1675)
- Benedikto XIV.a aita santua (1724)
- Enrico Enríquez artzapezpikua (1743)
- Manuel Quintano Bonifaz artzapezpikua (1749)
- Buenaventura Fernández de Córdoba y Spínola kardinala (1761)
- Giuseppe Maria Doria Pamphilj kardinala (1773)
- Francesco Saverio Maria Felice Castiglioni kardinala (1800)
- Pio IX.a aita santua[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 129. araua: Aita santuen izenak. .
- ↑ (Ingelesez) «Pope Pius IX (Bl. Giovanni Maria Mastai-Ferretti)» Catholic Hierarchy (Noiz kontsultatua: 2024-05-01).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pio IX.a |