XII. mendeko Pizkundea
XII. mendeko Pizkundea Tarteko Erdi Aroan gizarte-, politika- eta ekonomia-aldaketa ugariko garaia izan zen, non Europa arlo intelektualean suspertu zen sustrai filosofiko eta zientifiko sendoekin. Aldaketa hauek guztiek geroagoko lorpenei, hala nola XV. mendeko Italiako Pizkundeari eta XVII. mendeko zientzia-garapenei, bidea zolatu zieten.
Sal-erosketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iparraldeko Europan, Hansako Liga XII. mendean sortu zen, Lübeck hiria 1158-1159 fundatu ostean. Germaniako Erromatar Inperio Santuko hiri franko Hansako hiri bihurtu ziren, besteak beste Hanburgo, Stettin, Bremen edo Rostock. Inperiotik at, Hansako hiriak, esate baterako, Brugge edo Danzig ziren. Garai honetan ere, alemaniarrek ekialderako hedapenari ekin zioten, Inperioz haratago, Prusia eta Silesia aldera.
XIII. mendearen amaieran, Marco Polo izeneko esploratzaile veneziarra Zetaren Bidea Txinaraino egiteko lehen europarra izan zen. Il Milione deituriko liburuan bidaiak idatzita utzi zituenean, mendebaldetarrek Ekialde Urrunaren gaineko informazio gehiago bereganatu zuten. Horren ostean, ekialdera misiolari kristau ugarik eta zenbait bidaiari gehiagok ere jarraitu zioten.
Zientzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko Erdi Aroan, Erromatar Inperioaren Gainbeheraren ondoren Mendebaldeko Europan geratu ziren antzinako greziarren kopietan eta iruzkinetan oinarritzen ziren zientzia- eta filosofia-ikasketak. Europa gehienak lehengo ezagutza ahaztuta zeukan. Eszenatoki hau XII. mendeko Pizkundean aldatu zen. Islamdar munduarekiko hartu-eman ohikoagoak Iberiar Penintsulan, Sizilian eta Gurutzaden bitartez, nahiz Bizantziar Inperioarekiko hartu-eman sendoagoak ere, filosofo greziar eta islamdarren lanak, batik bat Aristoteles, Euklides, Ptolomeo, Plotino, Geber, Al-Khwarizmi, Rhazes, Abulkasis, Alhacen, Avicena, Avempace eta Averroes, aurkitzea eta itzultzea ahalbidetu zien europarrei. Ertaroko unibertsitateen garapenak testu horien hedape azkarra ekarri zuen, eta zientzia-taldeek behar zuten azpiegitura ezartzen hasi zen.
XIII. mendearen hasierako, Antzinateko idazle garrantzitsu ia guztien neurrizko latinezko itzulpen zehatzak bazeuden, zeinek unibertsitateen eta monasterioen bidez ideia zientifikoen hedapena eragin zuen. Orduko, testu haietan agertzen zen zientzia naturala handitzen hasi zen, besteak beste Robert Grosseteste, Roger Bacon, Alberto Handia eta Duns Scoto eskolastiko nabarmenei esker. Egungo metodo zientifikoaren aitzindariak ikus daitezke Grossetestek matematika azpimarratzean, natura ulertu ahal izateko bidea zelakoan, baita Baconen jokabide enpirikoan, batez ere Opus Maius delakoan.
XIV. mendeko lehenengo erdian lan zientifiko garrantzitsu ugari egin zen, Aristotelesen zientzia-idazketen iruzkin eskolastikoen inguruan. Izurrite Beltzak (XIV. mendearen erdialdean) ekarritako suntsipenak eta beste lazeria batzuek aurreko garaiko filosofia- eta zientzia-garapenari amaiera ekarri bazioten ere, bi mende geroago Europan Iraultza Zientifikoa hasi zen, zein Behe Erdi Aroko krisialdiak etendako zientzia garapenaren prozesuaren berpizkundetzat har daitekeen.
Teknologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan, XII. mendean, ekoizpen-bitartekoak eta hazkunde ekonomikoak jorratzeko moduaren berrikuntzen zein asmakizunen proportzioan aldaketa sakona gertatu zen. Mende batean baino gutxiagotan, mundu osoko giza historiako aurreko milurtekoan baino asmakizun garatu eta aplikatu gehiago egon ziren. Garai honetan, teknologian, aurrerapauso itzelak eman ziren, besteak beste inprenta, bolbora, betaurrekoak, erlojuak, astrolabioak eta itsasontzi askoz hobeak. Azken bi asmakizun horiek Esplorazioen Aroaren lehendabiziko urratsak ekarri zituzten.
Alfred Crosby historialariak teknologia-iraultza hau deskribatu zuen:
- Haize-errota baten aurreneko erregistro idatzia Yorkshiren dago, Ingalaterran, 1185ean datatuta.
- Italian paper-ekoizpena 1270 inguruan hasi zen.
- Gorua Europara (ziurrenik Indiatik) XIII. mendean ekarri zuten.
- Iparrorratz magnetikoa XII. mendearen amaieran iritsi zen Europara.
- Betaurrekoak Italian asmatu zituzten 1280ko hamarkadan.
- Astrolabio Europara Iberiar Penintsulako islamdiarren bidez heldu zen.
- Leonardo de Pisak 1202an erabili zituen lehen aldiz Europan zenbaki arabiarrak.
Eskolastika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskolastika izenpean ikasteko modu berria XII. mendearen amaieran garatu zen, Aristotelesen lanak berriro topatutakoan, baita berak eragindako Erdi Aroko filosofo judu eta musulmanen lanak, tartean Maimonides, Avicena eta Averroes, edota haiek guztiek eragindako filosofo kristauen lanak, tartean Alberto Handia, Buenaventura eta Abelardo, ere. Eskolastika jorratzen zutenek enpirismoan eta, ikasketa sekular, arrazoi eta logikaren bitartez, Eliza Katolikoaren dotrina babestean sinesten zuten. Mistizismo kristauari, platon-agustindarren buru-dualismoari eta mundua berez gaiztoa zen ikuspegiari aurre egiten zieten. Eskolastiko nabarmenena Tomas Akinokoa izan zen, platonismo eta agustinianismotik aristotelismorako mugimenduko burua. Eskolastikaren metodoak erabiliz, adimenaren filosofia garatu zuen. Adimena jaiotzean tabula rasa (taula hutsik) zela idatzi zuen, formak eta ideiak Jainkoaren txinpartaren bidez ezagutzeko gai zena. Beste eskolastiko nabarmenduak Roscelin, Petri Abelardo eta Petri Lombardo izan ziren. Garai honetako eskolastikoen artean ez zeudenak, aldiz, Antselmo Canterburykoa, Petri Damian edo Bernardo Clairvauxkoa ziren besteak beste.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: XII. mendeko Pizkundea |