Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                

Eileen O'Shaughnessy

Britainia Handiko idazlea (1905–1945)

Eileen Maud O'Shaughnessy, Eileen Maud Blair ezkondu ondoren, (South Shields, Tyne and Wear, Ingalaterra, 1905eko irailaren 25aNew Castle upon Tyne, Tyne and Wear, Ingalaterra, 1945eko martxoaren 29a) poeta eta idazle britainiarra izan zen, ezaguna, batez ere, George Orwell-en (Eric Arthur Blair) lehen emaztea izan zelako. Bigarren Mundu Gerran, Londresko Informazio Ministerioko Zentsura Sailarentzat eta Elikadura Ministerioarentzat lan egin zuen.

Eileen O'Shaughnessy

Bizitza
JaiotzaSouth Shields1905eko irailaren 25a
Herrialdea Erresuma Batua
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua  1927ko apirilaren 12a)
HeriotzaNewcastle upon Tyne1945eko martxoaren 29a (39 urte)
Hobiratze lekuaJesmond Old Cemetery (en) Itzuli
Familia
AitaLawrence O'Shaughnessy
AmaMarie O'Shaughnessy
Ezkontidea(k)George Orwell  (1936ko ekainaren 9a -  1945eko martxoaren 29a)
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaLondresko University College
Sunderland High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta eta idazlea

Eileen South Shields-en jaio zen, Ingalaterrako ipar-ekialdean. Ama Marie O'Shaughnessy zuen, eta aita Lawrence O'Shaughnessy, aduana-biltzailea. Aita 39 urte zituela hil zen, ebakuntza batean.

Biografia

aldatu

Ikasketak

aldatu

O'Shaughnessyk Sunderland-eko elizako bigarren hezkuntzako eskolan ikasi zuen. 1924ko udazkenean, Oxford-eko St Hugh's Collegen sartu zen beka bati esker.[1] Han ingelesa ikasi zuen, eta JRR Tolkien izan zuen tutore.[1] 1927an diplomatura bat jaso zuen.[2]

Ikasketak amaitutakoan, «ondorio berezirik gabeko eta haien arteko loturarik gabeko» zenbait lan laburretan jardun zuen. Lehenengoan, maistra-laguntzaile gisa aritu zen Silchester House izeneko neskentzako barnetegian. Barnetegia Taplow-en, Tamesis ibarrean, zegoen, eta bertan idazkari-lanak ere egin behar zituen. Horren ondoren, Elizabeth Strebury andrearen irakurle izan zen; eta baita Victoria Street-eko (Londres) bulego baten laguntzaile aritu zen, mekanografo eta idazkari gisa. Kazetari independente gisa ere lan egin zuen; noiz edo noiz artikuluren bat saldu zion Evening News egunkariari.[1] Azkenik, bere neba Laurenceri ere lagundu zion. Zirujau torazikoa zen[3], eta haren artikuluak eta liburu zientifikoak mekanografiatzen, zuzentzen eta editatzen zizkion.[4][5] Oso maite zuen Laurence, bere neba nagusia,[6] nahiz eta «naturako faxista horietako bat» zela esaten zuen.[3]

Zenbait poema idatzi zituen, haien artean 1934an argitaratutako 'End of the Centrury, 1984' izenekoa. Bertan, telepatia eta kontrol mentala ezagutuko zituen etorkizun bat deskribatzen zuen.[1] Urte bereko udazkenean, O'Shaughnessyk Londresko University College-n matrikula egin zuen bi urteko graduondoko ikastaro bat egiteko hezkuntza-psikologian, eta horrela arteetako maisutza lortu. O'Shaughnessy haurren adimenaren ebaluazioan bereziki interesaturik zegoenez, «laster erabaki zuen horixe izango zela idatziko zuen tesiaren gaia».[4] Garai hartan ezagutu zuen Lydia Jackson Jiburtovich ikaskidea, Elizaveta Fen-en goitizenez ezaguna, lagun mina izango zuena: «Hogeita zortzi urte izan arren, gazteagoa zirudien. Altua eta liraina zen; sorbaldak, garai eta zabalak. Begi urdinak zituen eta gaztaina-koloreko ile iluna eta kizkurtua. Georgek behin esan zuen «"katu-aurpegia" zuela —eta edonor ohartu zitekeen hori egia zela, baina adiera erakargarrienean...».[7]

Ezkontza

aldatu
 
Hampstead-eko etxean omenezko blue plaque bat (xafla urdina) dago George Orwellen omenez.

Eileenek, 1935eko udaberrian, Eric Blair ezagutu zuen. Garai hartan, Blair Hampsteaden bizi zen, Parliament Hill kaleko 77. zenbakian, Rosalind Henschel Obermeyer-en etxeko gela batean. Rosalind Sir George Henschel zuzendari eta konpositorearen iloba zen, eta Mabel Fierz-en laguna.

Rosalind Obermeyer psikologia-ikastaro aurreratu bat egiten ari zen Londreseko University College-n. Gau batean, lagun eta ezagun batzuk gonbidatu zituen festa batera. «Neska erakargarria zen; Rosalindek ez zuen ondo ezagutzen, nahiz eta askotan elkarrekin esertzen ziren hitzaldietan: Eileen O'Shaughnessy zuen izena». Elizaveta Fen-ek, bere memorietan, ondo gogoratzen zituen Orwell eta haren lagun eta aholkulari Richard Rees: tximiniaren ondoan «kikildurik» ikusi zituenean, «behar baino lehen zaharkiturik eta sitsak janda» zeudela pentsatu zuen.[8]

Eric Arthur Blair eta Eileen Maud O'Shaughnessy hurrengo urtean ezkondu ziren, 1936ko ekainaren 9an, St Mary elizan, Hertfordshire konderriko Wallington herrian. Garai hartan, bere idatzietan baino ez zen ezaguna Orwell izena; lagunentzat, Eric edo Blair zen, eta hori ez zen inoiz aldatu. Blair Ingalaterrako Elizako kide ez praktikantea zen; baina, hala ere, «nahikoa tradiziozalea zen elizan ezkondu nahi izateko». Umeak izaten saiatu ziren, baina Eileen ez zen haurdun geratu. Geroago jakin zuten Orwell antzua zela, Rayner Heppenstall-i esan zionez, eta Eileenek berak Elizaveta Fen-i kontatu zionez.[9]

Espainiako Gerra Zibila

aldatu
 
Espainiako Gerra (1936-1939). Errefuxiatuak Kataluniatik Frantziara ihesean.

Eric Blair Espainiara joan zen bertako Gerra Zibila zenean. Geroago, O'Shaughnessy ere hara joan zen. Bertan, John McNair Alderdi Laborista Independenteko liderraren bulegoan lan egin zuen, boluntario britainiarren etorrera koordinatzen. Georges Kopp-en laguntzarekin, senarra bisitatu ahal izan zuen, eta te ingelesa, txokolatea eta puruak eraman zizkion.[10] Garai hartan, Eileenek harremana izan zuen Koppekin (O'Shaughnessy eta Orwellen "harremanak nahiko irekiak" ziren).

1937ko ekainean, Kataluniako egoera politikoa hondatu egin zen, eta Orwell eta O'Shaughnessyk ezkutatu behar izan zuten, mehatxatuta zeuden eta, nahiz eta beren ezkutalekutik atera ziren Kopp-i laguntzeko. O'Shaughnessyk pasaporteak erregularizatu ahal izan zituen, eta horrela, Espainiatik ihes egin zuten, trenez, Banyuls de la Marendatik.[1] Espainiatik ihesi zihoazela, Stalinen agenteek, Espioitza eta Goi Traizioko Epaitegiaren izenean, bikotea atxilotzeko agindua eman zuten: "Eric Blair eta haren emazte Eileen Blair... Haien gutunek agerian uzten dute trotskista amorratuak direla".[1] Hala eta guztiz ere, Homage to Catalonia (Kataluniaren omenez) eleberrian Orwellek behin ere ez zuen bere emaztea izenez aipatzen, eta historiaren kontakizuna aldatu egin zuen bera bakarrik agertzearren.[1] Deskribatutako gertakarietan, komunistek POUMaren eraikinaren aurka egin zutenean, pasaporteak eta bere idatziak «salbatuak» izan zirela idazten du Orwellek, baina O'Shaughnessy izan zen bere bizitza arriskuan jarriz handik atera eta ezkutatu zituena. Aditz pasiboak behin eta berriz ezabatzen du Eileen. Haren izena ere ezdeusten da: «nire emaztea» idazten du Orwellek 37 aldiz liburuan, «Eileen» behin ere ez.[11]

Itzulera Britainia Handira eta Bigarren Mundu Gerra

aldatu
 
Bigarren Mundu Gerra (1939-1945). Londreseko bonbardaketak.

Bigarren Mundu Gerraren hasieran, O'Shaughnessy Londresko Informazio Ministerioaren Zentsura Sailean hasi zen lanean. Astean zehar, Greenwichen egon zitekeen familiarekin. Bere neba Laurence bonba baten ondorioz hil zen Dunkerqueko ebakuazioan[12]; horren ondorioz, Elizaveta Fenen arabera, "Eileenek bizitzari zion maitasuna, ordura arte oso bizia izan ez zena, nabarmenki ahuldu zen".[13]

1942ko udaberrian, Zentsura Saila utzi eta Elikadura Ministerioan hasi zen lanean. 1944ko ekainean, hiru asteko mutiko bat adoptatu zuen Eric-ekin batera. Richard Horatio deitu zioten. Blairri idatziriko azken eskutitzetako batean, O'Shaughnessyk Eskoziako Jura irlako Barnhill landetxearen alokairuaz eta etxea apaintzeko konponketei buruz hitz egiten zion. Etxe horretan, Orwellek 1984 eleberriaren zatirik handiena idatzi zuen; baina Eileen 1945ean hil zen, Barnhill landetxearen konponketak amaituta ikusi gabe.[14]

Gwen Huntonek, Eileenen nebaren alargunak, Greystone izeneko jabetza bat zuen, Durham konderriko Carlton herritik gertu, Gwenen izeba ezkongabea hil ondoren hutsik geratu zena. Blairtarrak han egon ziren askotan 1944an eta 1945ean. Gwen Huntonek hara eraman zituen bere seme-alabak, nazien "bonba hegalarien" erasoak hasi zirenean, eta Richard Horatio ere hara joan zen 1944ko ekainean, Blairtarrek Westminster Hiriko Maida Vale barrutian zuten etxea bonbardatu zutenean.

Heriotza

aldatu

1945aren hasieran, O'Shaughnessy oso gaizki zegoen osasunez, eta horregatik, bera Maida Valen gelditu zen. Joyce Pritchard-ek, umeen zaintzaileak, adierazi zuen Eileenek askotan bisitatu zuela Greystone 1944ko uztailetik 1945eko martxora bitartean.

Eileenek denbora luzez jasan zituen umetokiko odoljarioak, horregatik, 1945ean, histerektomia bat egitea erabaki zuen. Harvey Evers doktoreak egin zion ebakuntza, Londresko medikuen iritziaren aurka, haiek uste zutelako ebakuntza egin aurretik odol transfusioak jaso beharko zituela hilabete batez, Eileenek anemia baitzuen.

O'Shaughnessy, baina, 1945eko martxoaren 29an hil zen Newcastle upon Tyne-n ebakuntzaren ondorioz. Hogeita hemeretzi urte zituen. Ikerketaren arabera: «Bihotz-gutxiegitasuna, eterra eta kloroformoa anestesiapean zegoela, umetokia erauzteko ebakuntza egiteko trebeki eta egoki emanda».[15] Txostenaren amaieran eskuz idatzitako ohar bat zegoen: "Hildakoak anemia handia zuen". Harvey Evers doktorea ez zen ikerketan izan. Inor ez zuten akusatu.[16]

Eileen eta Richard umea Greystonen bizi ziren une hartan; Orwell, bitartean, gerra-korrespontsal gisa zebilen Parisen, The Observer egunkariarentzat lanean. Martxoaren 31n iritsi zen Greystonera. Eileen O'Shaughnessy Saint Andrew's eta Jesmond hilerrian ehortzirik dago,, Newcastle upon Tyne hiriko West Jesmond-en.

Eileen O'Shaughnessyren eragina Orwellen idazkeran

aldatu
 

Aditu batzuen arabera, O'Shaughnessyk eragin handia izan zuen Orwellen idatzietan.[17]

Orwellen biografoek oso gutxitan aipatzen dute O'Shaughnessy, baina Eileenekin ezkondu ondoren haren idazkera nabarmen hobetu zela onartzen dute, nahiz eta inolako merezimendurik ematen ez dioten.[1] Orwellek bere emaztea apropos isilarazia eta isilpean izan zuela nabarmendu dute kritikari feministek, hala nola Haizea Barcenillak.[11]

Eileenek zirriborroak berrikusten zituen, eta biek eskuz esku lan egin zuten Animal Farm (Abereen etxaldea) eleberri laburraren idazketan.[1] Anna Funder-en arabera, Eileenek Orwellekin kolaboratu zuen "modu sotil eta zeharkakoan" nobela horretan. Orwellek hasieran saiakera bat idaztea pentsatu zuen, eta Eileenek alegia bat izan zitekeela iradoki zion. Elkarrekin lan egin zuten gauetan, eta Orwellen lagunek esan zuten argitaratutako obran Eileenen estiloa eta umorea antzeman zitezkeela.[18]

 

Orwellen 1984ko eleberrian O'Shaughnessyren "End of the Century, 1984" poemetako batek eragina izan zezakeela iradoki izan da.[19][20][21] Eileenek 1934an idatzi zuen poema, Sunderland Church High School-en berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko, berak bertan ikasi baitzuen, eta handik 50 urtera, 1984an, eskolaren mendeurrenean alegia, mundua zelakoa izango zen imajinatzeko.[17][21]

Poema Blair ezagutu baino urtebete lehenago idatzi zen, baina badaude zenbait antzekotasun O'Shaughnessyren poemaren ikuspegi futuristaren eta 1984 eleberriak duenaren artean, adibidez, bietan azaltzen diren kontrol mentalaren erabilera eta polizia-estatu batek eragindako askatasun pertsonalaren ezabaketa.[1][22]

Esker onak

aldatu

South Shields-en, bere familia-etxe zaharrean, blue plaque bat (xafla urdina) jarri zuten Eileen O 'Shaughnessyl-en omenez.[23]

Erreferentziak

aldatu
  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Eileen O'Shaughnessy» artikulutik itzulia izan da, 2023-10-10 data duen 154512951 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-10-10 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b c d e f g h i j (Ingelesez) Funder, Anna. (2023-07-30). «Looking for Eileen: how George Orwell wrote his wife out of his story» The Observer ISSN 0029-7712..
  2. Stansky eta Abrahams, 1994, or. 104-105
  3. a b (Ingelesez) Taylor, D. J.. (2005-12-10). «George Orwell. Another piece of the puzzle» The Guardian (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  4. a b (Ingelesez) Fen, Elizaveta. George Orwell's First wife. Twentieth Century, 115-126 or..
  5. Stansky eta Abrahams, 1994, or. 106
  6. (Ingelesez) Naef, A. P.. (September 2003). «The mid-century revolution in thoracic and cardiovascular surgery: Part 1» Interactive Cardiovascular and Thoracic Surgery 2: 219–226.  doi:10.1016/S1569-9293(03)00130-0. (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  7. Stansky eta Abrahams, 1994, or. 107
  8. Stansky eta Abrahams, 1994, or. 100-101
  9. Stansky eta Abrahams, 1994, or. 179
  10. (Ingelesez) Orwell, George. (1976). «The Collected Essays, Journalism and Letters of George Orwell» (Eileen Blair-i idatziriko gutuna. 1937ko apirila.) (Penguin) Volume 1 An Age Like This 1920-1940 (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  11. a b Barcenilla, Haizea. (2023-11-08). «Emakumeen ezabatzea (I)» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  12. (Ingelesez) Royal College of Surgeons of England. (2023-01-13). «O'Shaughnessy, Laurence Frederick (1900 - 1940)» livesonline.rcseng.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  13. Stansky eta Abrahams, 1994, or. 177
  14. (Ingelesez) Davison, Peter. (2007). The lost Orwell: being a supplement to 'The complete works of George Orwell'. Timewell Press, 244 or. ISBN 978-1-85725-214-9. (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  15. (Ingelesez) Crick, Bernard. (2019-05-30). George Orwell: a Life. Sutherland House Incorporated, 476 or. ISBN 978-1-9994395-0-7. (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  16. (Ingelesez) Funder, Anna. (2023). Wifedom: Mrs. Orwell's Invisible Life. Viking, 341-344 or. ISBN 9780241482728. (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  17. a b (Katalanez) «Eileen O’Shaughnessy» Dones i feminismes (Ajuntament de Barcelona. Àrea de Drets Socials, Cultura, Educació i Cicles de Vida.) 2023-03-01 (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  18. (Ingelesez) Funder, Anna. (2023). Wifedom: Mrs. Orwell's Invisible Life. Viking, 290–293 or. ISBN 9780241482728..
  19. (Ingelesez) 1984: The History Behind the Title. «Hell Yeah George Orwell!» bloga 2015-01-08.
  20. (Ingelesez) «End of the Century, 1984 - A Poem by Eileen» Unbound (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  21. a b (Ingelesez) Foster, Peter. (2000-01-04). «Was 1984 inspired by Orwell's wife?» Telegraph (London) (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  22. Stansky eta Abrahams, 1994, or. 151
  23. (Ingelesez) Robertson, Ross. (2022-03-28). «Blue plaque unveiled to South Shields-born Eileen O’Shaughnessy, the writer who married George Orwell and proved an influence on his work» The Shields Gazette (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).


Bibliografia

aldatu
  • (Ingelesez) Funder, Anna. (2023). Wifedom: Mrs Orwell's Invisible Life. Viking ISBN 9780241482728..
  • (Ingelesez) Stansky, William; Abrahams, Peter. (1994). The Unknown Orwell. Constable ISBN 978-0-09-473460-9..
  • (Ingelesez) Topp, Sylvia. (2020). Eileen – The Making of George Orwell. Unbound ISBN 978-1-78352-708-3..

Kanpo estekak

aldatu