George Orwell
George Orwell —jaiotza izenez, Eric Arthur Blair, baina idazletzat zerabilen George Orwell izengoitiaz ezagunagoa— (Motihari, Britainiar Raj, 1903ko ekainaren 25a - Londres, Ingalaterra, 1950eko urtarrilaren 21a) Indian jaiotako britaniar idazlea eta kazetaria izan zen.
Haren obrak bizitzan zehar izandako bizipen pertsonalen arrastoak ditu: gazte garaian Birmanian ordena kolonialaren ordezko gisan betetako postuaren ondorioz britainiar inperialismoaren aurka garatutako konpromisoa; Londres eta Pariseko langileriak sufritzen zituen bizi-baldintzak ezagutu ondoren, sozialismo demokratikoaren alde; eta, Espainiako Gerra Zibilean parte hartu ondoren, totalitarismo nazi eta estalinistaren aurka.
Kronista, literatura-kritikari eta nobelista izateaz gain, Orwell XX. mendeko 30 eta 40. hamarkadetako ingelesezko saiogile nabarienetakoa ere bada. Hala ere, totalitarismoaren aurkako bere bi eleberriongatik ezaguna da, batez ere, biak Bigarren Mundu Gerra ondoren argitaratuak: Abereen etxaldea (Animal Farm, 1945ekoa) eta 1984 (Nineteen Eighty-Four, 1949koa), bigarrena bere biziaren azken urteetan idatzia eta hil baino lehentxeago argitaratua. Hor, “Anaia Nagusia” kontzeptua sortu zuen: gerora, kontzeptua zainketa teknika modernoak kritikatzeko ohiko hizkerara igaro da. Horrez gain, orwelldar adjektiboa erabilia da maiz idazle unibertso distopiko eta totalitarioez hitz egiteko.
Biografia
aldatuEric Arthur Blair Motiharin jaio zen, Britainiar Inperioaren Indiako kolonia batean, 1903ko ekainaren 25ean. Ama Ida Mabel Limouzin Blair zuen, Birmanian jaioa eta jatorri frantsesekoa, eta aita Richard Walmsley Blair zen, Indiako gobernu kolonialeko administrazioaren langilea.
Bi urte zituela, Ingalaterrara joan zen bizitzera, ama eta arreba Marjorierekin batera. Ez zuen aita berriz ikusi 1907 arte, hiru hilabetez Ingalaterran bisitan egon zenean, berriz ere Indiara itzuli aurretik. Orwellek arreba gazteago bat ere bazuen, Avril izenekoa.
Hezkuntza
aldatu1909an eskola anglikano txiki batera bidali zuten, Henleyn. Arreba zaharrena lehendik ere han ibilia zen. Ez zuen inoiz garai haietako oroitzapenik idatzi, baina inondik ere inpresio ona sortu zien irakasleei; bi urteren buruan garai hartan Ingalaterran zeuden prestatze-eskola ospetsuenetako batean sartu zen, gomendatua izan ondoren: St. Cyprian, Eastbournen, Sussex. Eric gazteak diru-laguntza bat jaso zuen eskola hartara joan ahal izateko. Ez zen bertan gustura sentitzen, ez behintzat irakaskuntza-metodo eta irakasleei zegokienean, baina han bi beka lortu zituen, Wellingtongo eskolarako bat eta, ondoren, Etonera joateko. Etonen, bere hitzetan, zoriontasun erlatibo bat bizi izan zuen, ikasleei independentzia nahikoa uzten baitzitzaien. Han egin zituen lagun etorkizuneko britainiar intelektual zenbait, nola hala, Cyril Connolly, Horizon aldizkariaren editorea. Aldizkari haretan argitaratu zizkioten saiakeretako asko.
Birmaniako bizipenak eta lehen eleberriak
aldatuEtonen ikasketak bukatu ondoren, Birmaniako Indian Imperial Policen sartzea erabaki zuen, ez baitzuen unibertsitate-beka bat lortzeko aukerarik, eta bere familiaren baliabide ekonomikoak ez baitziren nahiko bere hezkuntza ordaintzeko. Bost urtez ofizial moduan aritu ondoren, polizia utzi eta Ingalaterrara itzuli zen 1927an. Tartean, inperialismoaren aurkako jarrera garbia hartu zuen eta jarrera hori bere lehen eleberrian Burmese Days (1934) eta zenbait saiakeratan agertu zuen; A hanging (1931) edo Shooting an Eephant (1936), adibidez[1] .
1928an Parisera joan zen bizitzera, izeba Nellie bizi zen hirira, bere letra-gizon karrera bultzatzeko asmoz. Arrakastarik gabeko lehen ahalegin batzuen ondoren, eta zenbait lanbidetan aritu ondoren, 1929an gurasoen etxera itzuli zen, Suffolkeko Southworldera, gaixorik eta dirurik gabe.
Hurrengo urteetan ere pobrezian bizi izan zen, Down and out in Paris and London (1933) bere lehenengo liburu garrantzitsuan azaldu zuen bezala. Eskola batean maisu lana lortu arren, berehala utzi behar izan zuen, osasun-arazoak zirela kausa.
1933an, George Orwell ezizena hartu zuen. The Adelphi edo New Adelphi aldizkarian idazten zuen bitartean, Hayesen bizi zen, Middlesexen, eta eskola-irakasle gisan egiten zuen lan. Ezizena Down and out in Paris and London liburuan kontatzen zuenarekin bere gurasoak ez mintzeko hartu zuen. Beste literatur izen batzuk ere izan zituen buruan aurretik: “Kenneth Miles” edo “H. Lewis Allways". Izen horrek agerian uzten zuen egileak Ingalaterrako tradizio eta landazabalagatik betidanik sentitu zuen estimua: Jurgi Ingalaterrako patroi santua da (eta orduko erregea Jurgi V.a zen), eta Suffolkeko Orwell ibaia leku esanguratsua da ingelesez askorentzat.
Idazle gisan, bere bizipenak baliatu zituen, Southwolden zeraman bizimodua eta irakasle lanean bizi izandakoa, A Clergyman's Daughter (1935) eleberrian. 1934 eta 1936 artean lanaldi erdian aritu zen Booklover’s Corner bigarren eskuko liburu dendan, Hampsteaden. Bizitza intelektualeko herria zen, kultur bizitza eskaintzen zuena. Hori guztia Keep the aspidistra flying (1936) eleberrian jaso zituen.
1936an Eileen O’Shaughnessyrekin ezkondu zen. Eileen Oxforden ibilitakoa zen eta gero Londreseko University Collegeen psikologia ikasten[1]. Senar-emazteek haur bat semetzat hartu zuten, Richard Horatio Blair. Eileen bederatzi urte geroago hil zen, 1945ean, ebakuntza batean.
The road to Wigan Pier
aldatu1936an, Left Book Clubaren fundatzaile Victor Gollanczek Ingalaterrako iparraldeko langileriaren pobreziari buruzko lan bat idatz zezan eskatu zion Orwelli. Lana, The Road to Wigan Pier, 1937an argitaratu zen. Orwell erreportari lanetan ibili zen: etxe xume askotan sartu, jendea zein baldintza txarretan bizi zen ikusteko, familia bakoitzak jasotzen zituen diru-sarreren berri jaso eta egunak eman zituen liburutegian, osasun publikoko erregistroak eta meatzetako lan-txostenak arakatzen.
The Road to Wigan Pier lanaren lehen zatiak Lancashire eta Yorkshiren eginiko bere ikerketa soziologikoen sintesi bat jasotzen du. Kobre meatzetako egoera gogora ekarriz hasten da. Berriz, bigarren partea bere bizipen eta kontzientzia politikoaren garapenari buruzko saiakera zabala da; beste gauzen artean, bigarren zati horretan sozialistatzat aitortzen zuen bere burua, baina intelektual sozialisten kontrako kritikak azaldu zituen eta Sobietar Batasunarekiko miresmena. Kritika haien ondorioz, Gollancz editoreak pentsatu zuen bigarren zati hori iraingarria gerta zitekeela Left Book Cluben ohiko irakurleentzat eta Orwell Espainian zela, hitzaurre bat gehitu zion obrari[1].
Espainiako Gerra Zibila
aldatuOrwellek Espainiako Gerra Zibilean parte hartzea erabaki zuen “faxistak hiltzeko, norbaitek egin behar baitu”[1]. Horrela jakinarazi zion Henry Miller lagunari Parisen zirela, 1936ko Gabonetan. Millerrek ideia hori ergelkeria bat zela adierazi zion eta saiatu zen egilearen erabakia aldatzen, alferrik.
1936ko abenduaren 26an iritsi zen Bartzelonara, Alderdi Laborista Independentearen aurkezpen-gutun batekin (1938ra arte, Ingalaterrara itzuli ondoren, ez zen alderdi laboristara afiliatu). Egun horretan bertan alistatu zen miliziano moduan eta POUM alderdi troskistarekin batera aritzea egokitu zitzaion.
1937ko urtarrila eta otsaila bitartean Huescan Alcubierreko mendilerroko frontean borrokatu zen. Ondoren, baimen batekin Bartzelonan zela, 1937ko maiatzeko gertakarietan hartu zuen parte. Mugara itzuli eta Huesca inguruan, maiatzaren 20an tiro bat jaso zuen lepoan. Ingalaterrara itzultitakoan erietxe batean egon zen tuberkulosiak jota eta ondoren Marokora joan zen indarberritzeko.
Bizitzako eskarmentuen harira, Homage to Catalonia ("Kataluniaren omenez") liburua idatzi zuen: hor, bere miresmena azaltzen zuen anarkisten esku zeuden zonalde batzuetan gertatzen ari zen klase egituren desagertzearen aurrean; halaber, Espainiako Alderdi Komunistaren kontrol estalinista eta informazioa manipulatzeko propagandatzat erabiltzen zituen gezurrak kritikatu zituen.[2]
Espainiako Gerra Zibilean parte hartu izanak betirako eragina izan zuen haren munduaren ikuspegian. 1946an idatzi zuen: “Espainiako gerrak eta 1936-1937ko beste gertakari batzuk gauzak aldatu zituzten eta, orduz geroztik non nengoen jakin nuen. 1936tik hona serioski idatzi dudan lerro bakoitza, zuzenean edo zeharka, totalitarismoaren aurka eta, nire ulertzeko modua, sozialismo demokratikoa denaren alde idatzi dut”[3].
Orwellen iritziz, mendebaldeko gizarteek, eta horren ondorioz, herrialde kapitalistek, eraldaketa erradikala behar zuten, baina estalinismoa mehatxu bat zen gizarte horiek oinarritzat zituzten oinarrietarako. Kataluniatik Orwell antiestalinista bihurturik itzuli zen, troskismoaren aldeko begikotasunarekin eta bere burua sozialista demokratatzat definituta.
Bigarren Mundu Gerra
aldatuBigarren Mundu Gerran Home Guardeko partaide izan zen eta Defentsaren Domina irabazi zuen. Urte haietako bere pentsamenduak War time diary liburuan jaso zituen.
1941ean BBCren Ekialdeko Zerbitzurako lanean hasi zen, nagusiki Indian eta Asiako ekialdean borrokatzen ziren gudaroste aliatuenganako laguntasuna bultzatzeko. Nahiz eta ordainsari ona jaso, uko egin zion lanari 1943an eta Aneurin Bevan eta Jon Kimchek zuzentzen zuten joera ezkertiarreko Tribune astekarian zutabegile eta editore literario moduan lan egiten hasi zen.
Azken urteak
aldatu1944ko hasieran Orwellek bukatua zuen Abereen etxaldea liburua, baina hainbat editoreek ezezkoa eman zioten, artean Sobietar Batasuna aliatua izanik, ez zutelako egoki ikusi obra argitaratzea. Gerra bukatu arte itxaron behar izan zuen argitaratzeko[1].
1984 eleberria 1949an argitaratu zen, Orwellen bizitzako azken hiletan. Urte bereko urriaren 13an, hil baino denbora gutxi lehenago, bigarren aldiz ezkondu zen, Sonia Brownellekin. Londresen hil zen, 46 urte zituela, tuberkulosiaren ondorioz. Bere bizitzako azken urteak ospitaletatik sartu eta irteten pasa zituen. 1950eko urtarrilaren 21ean hil zen: haren gorpua Sutton Courtneyn lurperatuta dago, Oxfordshiren. Izan ere, hil baino denbora gutxi lehenago erritu anglikanoaren arabera ehortz zezaten eskatu zuen[1].
Obra
aldatuBere karreran kazetari gisan ezaguna izan zen eta bereiziki erreportari gisa; bere lanaren alderdi horretan sar daitezke Homage to Catalonia, Espainiako Gerra Zibilari buruzkoa, eta The Road to Wigan Pier, Ingalaterrako Iparraldeko meatzarien bizi-baldintzak aztertzen dituena. Baina gaur egungo irakurleek haren nobelengatik ezagutzen dute eta, batez ere, Abereen etxaldea eta 1984 eleberri oso famatuei esker.
Abereen etxaldea eleberriak Errusiar Iraultzaren ideal sozialisten gainbehera salatzen du Stalinen gobernupean. Fabula politiko bat da eta, zentzu horretan, badu loturarik Europako literaturan garatutako fabula moralen tradizioarekin. Jonathan Swiften eragin literarioa ere badu, bereiziki Gulliver-en bidaiak obrarena. Liburuan txerri azkarrek animalien esplotazio egoeraren analisia egiten dute eta animaliek etxaldeko jabeei agintea kentzea lortzen dute. Baina, hori egin ondoren, txerriek gobernu totalitario bat antolatu dute, eta azkenean beraiek dira etxaldean jaun eta jabe, Errusiako Iraultzan gertatu zenaren antzera[4].
Lanik ospetsuena, ostera, 1984 eleberria du: totalitarismoaren kritika gogorra da, estatu-zanpaketa forma guztiak muturrera eraman dituen etorkizuneko gizarte distopiko bat agertzen duena.[5] Gizakiaren muturreko zanpaketa hori irudi gogor eta ulerterrazen bidez agertzea lortzen du nobelak: Anaia Nagusiak zaindu egiten zaitu leloa, telepantaila, pentsamendu-polizia… etab. Liburuak berehalako arrakasta izan zuen eta, aldi berean, berehala piztu zen eleberriaren interpretazioaren inguruko polemika: diskurtso antikomunista da, edo funtsean antifaxista, edo badu ere kapitalismoaren aurkako kritikarik. Neurri batean, eleberria ispilu bat da, eta zaila da irakurtzea bakoitzak bizi duen egoera politikoa islatuta, distortsionatuta edo zalantzan jarria ikusi gabe[6]. Egungo ikuspegitik, artean etortzekoa zen gizarte globalizatuaren erretratua ere bada.
Lanak
aldatuEleberriak
aldatu- Burmese Days (1934)
- A Clergyman's Daughter (1935)
- Keep the Aspidistra Flying (1936)
- Coming Up for Air (1939)
- Abereen etxaldea (Animal Farm) (1945). Lehen itzulpena: Abereeneko iraultza, Hordago, 1981. Itzultzailea, Imanol Unzurrunzaga. Bigarren itzulpena, lehen edizioa: Abereen etxaldea, Elkar, 1992. Itzultzailea, Juan Martin Elexpuru. Bigaren itzulpena, bigarren edizioa: Abereen etxaldea, Elkar, 2000. Itzultzailea, Juan Martin Elexpuru.
- 1984 (Nineteen Eighty-Four) (1949). Txalaparta, 2007. Itzultzailea, Oskar Arana.
Ez-fikziozko lanak
aldatu- Down and Out in Paris and London (1933)
- The Road to Wigan Pier (1937)
- Homage to Catalonia (1938)
- Abereen etxaldea (1945). Elkar, 2000. Itzultzailea, Juan Martin Elexpuru.
- Nazionalismoari buruz (Notes of Nationalism) (1965), Pamiela, 1993, Itzultzailea, Ana Ugarte.
- 1984 (1949). Txalaparta, 2007. Itzultzailea, Oskar Arana.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f (Ingelesez) Blair, Eric Arthur [pseud. George Orwell (1903–1950), political writer and essayist | Oxford Dictionary of National Biography. ] doi: . (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) Yasnaia Poliana. Orwell eta Tolstoi. (Noiz kontsultatua: 2022-07-02).
- ↑ (Ingelesez) Why I Write. 2018-02-16 (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
- ↑ (Ingelesez) «An introduction to Animal Farm» The British Library (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
- ↑ Garai, Maitane. «Gaiak: Orwell, 1984 eta jendartea - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-02).
- ↑ (Ingelesez) «Nineteen Eighty-Four and the politics of dystopia» The British Library (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-13).
Bibliografia
aldatu- Funder, Anna. (2023). Wifedom: Mrs Orwell's Invisible Life. Viking ISBN 9780241482728.
- Azurmendi, J., 1984: George Orwell, Jakin, 32: 87-103.
Kanpo estekak
aldatuWikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: George Orwell |
- (Ingelesez) The Complete Works of George-Orwell, idazlearen lan guztia.
- George Orwellen jatorrizko testuak Wikisourcen (Ingelesez)