Maroko
Maroko[1] (arabieraz: المغرب al-Maġrib, amazigeraz: ⵍⵎⴰⵖⵔⵉⴱ[2] Lmaġrib, frantsesez: Maroc), ofizialki Marokoko Erresuma, Afrika ipar-mendebaldeko estatu monarkikoa da. Ozeano Atlantikoan kosta luzea du, Gibraltarko itsasartera iritsi eta Mediterraneoan jarraitzen duena.
Hiriburua Rabat da (1.200.000 biztanle), baina hiri nagusia Casablanca da (3.344.300 biztanle).
Geografia
aldatuMarokok ekialde eta hego-ekialdean Aljeriarekin du muga (1.559 km); hegoaldean, Mendebaldeko Sahararekin; mendebaldean, Ozeano Atlantikoarekin; eta iparraldean Mediterraneoarekin eta Espainiaren Ceuta (6 km) eta Melilla (10 km) autonomiadun hiriekin.
Rif mendiek Mediterraneo ertzeko eskualdean daude, ipar-mendebaletik ipar-ekialdera. Atlas mendiak estatuaren bizkarrezurra dira, eta hego-mendebaldetik ipar-ekialdera zeharkatzen dute. Mendi garaiena Jebel Toubkal da (4.167 m). Herrialdearen hego-mendebaldearen gehiena Sahara basamortuak hartzen du eta, horregatik, eskualdea ez da emankorra ezta oso populatua ere. Biztanle gehienak Atlas mendien iparraldean bizi dira.
Historia
aldatuK. a. 2000. urte inguruan berbereak sartu ziren Marokon, K.a. XII. mendean feniziarrek merkataritza guneak ezarri zituzten Mediterraneoko itsasaldean, eta K.a. V. mendean kartagotarrak Atlantiko aldean kokatu ziren. Kartago desegin ondoren, berberiarrak erromatarren aliatu bilakatu ziren. K.o. 42. urtean Kaligulak Marokoko lurraldea Erromako inperioaren Mauritaniako probintziaren barnean ezarri zuen.
Erromatarren ondoren, bandaloak Iberiar Penintsulan barrena sartu ziren Marokon, eta erreinu bat sortu zuten han, gero 534. urtean bizantziarrek suntsitu zutena. VII. mendean arabiarrak ekialdetik sartu ziren eta Islama ezarri zuten; berberiarrek aurre egin zieten arabiarrei eta erreinu independenteak sortu zituzten. XI. mendean, Mauritaniako berbereek, almorabideek, Marokoko lurralde osoa konkistatu zuten eta Espainiaraino hedatu zuten aginpidea. Handik mende batera, almohadeek beste inperio bat sortu zuten, XIII. mendean marindarrek beretu zutena.
1415ean portugaldarrek merkataritza-gune bat sortu zuten Ceutan (1580az gero Espainiaren mende geratu zena). 1497an Espainiako Errege-erregina Katolikoek Melilla konkistatu zuten. XVII. mendean alaui dinastiak, bere burua Mahomaren ondorengotzat zuenak, hartu zuen aginpidea; dinastia horren ondorengoak dira gaur egungo agintariak. Alauiek aurre egin behar izan zieten Frantziako eta Espainiako gudarosteei. 1830ean Frantziak Aljeria hartu zuen; Marokoko sultanak Aljeriaren alde egin zuen, baina 1844an frantsesek garaitu egin zuten. 1859an, Ceutako mugak zirela eta, Maroko gerran sartu zen Espainiarekin; marokoarrak galtzaile atera ziren, eta alaui sultanerriak diru sari handia ordaindu behar izan zion Espainiari.
1906an, Algecirasko Nazioarteko Konferentzian, Maroko Frantziaren eta Espainiaren babespean uztea onartu zen. 1912an Frantziaren eta Espainiaren babespeko guneak zehaztu ziren; Espainiari Rif eta Ifni egokitu zitzaizkion, eta gainerako guztia Frantziari. 1921ean, Abd el Krim emirrak matxinada antolatu zuen Rifen, eta Frantziaren eremura ere hedatu ziren istiluak; Frantziaren eta Espainiaren gudarosteek, elkar harturik, 1926an menderatu zuten matxinada. 1927an abertzaleek Istiqlal alderdia sortu zuten.
Espainiako Gerra Zibilean (1936-39) Marokoko gudaroste batzuk Francisco Franco espainiar militarraren alde borrokatu ziren penintsulan. Bigarren Mundu Gerraz gero abertzaletasunak gora egin zuen, eta 1956ko martxoaren 2an Frantziako gobernuak Marokoren independentzia onartu zuen; Mohammed ibn Yusuf izendatu zuten errege, Mohammed V.a Marokokoa izenarekin. Urte berean, apirilean, Espainiak uko egin zien iparraldeko babes-guneei, eta 1958an Saharako iparraldeari. Mohammed V.a 1961ean hil zenean, haren semea, Moulay Hassan, izendatu zuten errege (Hasan II.a).
1975ean Hassan II.a Marokokoa erregeak 350.000 marokoar bidali zituen Espainiaren mende zegoen Saharara, lurralde hura Marokori zegokiolakoan, eta Espainia lurraldea uztera behartu zuen; hala, 1975eko Madrilgo hitzarmenean Mendebaldeko Sahara Marokoren eta Mauritaniaren mende geratzea onartu zen. 1976az geroztik, Sahararen independentzia aldarrikatzen duen eta Aljeria eta Libiaren laguntza duen Saharako Fronte Polisarioaren kontrako gerran ari da Maroko. 1979an Marokok Mauritaniaren mendeko Saharako zatia hartu zuen. Harrezkero, Saharako gerra eta Estatu Batuetatik jasotzen duen laguntza dela eta, Marokoren eta Afrikako iparraldeko herrialdeen arteko harremanak nahasiak dira.
Saharako autodeterminazioari buruzko erreferenduma 1992an egitea onartu zuen Marokok 1991n, baina erroldari buruzko eztabaida zela eta, erreferenduma atzeratzea erabaki zuen. 1988ko maiatzean, 12 urte tirabiraka ibili ondoren, Maroko eta Aljeria harremanetan hasi ziren berriro, Saudi Arabia eta Tunisiaren bitartekotzari esker. Harremanak eten izanaren arrazoia Saharako gerra izan zen. Izan ere, Aljeriak nazionalista sahararren alde egin zuen hasieratik. Harremanak berriro hasi ondoren, bi herrialdeak ados jarri ziren gasoduktu bat egiteko Gibraltarko itsasartean zehar Europaraino. Bi herrialdeak partaide dituen enpresa batek du gasoduktutik 10-15 mila milioi metro kubiko gas garraiatzeko ardura.
XX. mendearen azkeneko urteetan langabezia handia izan da Marokon. Urtero ehunka mila pertsonek alde egiten dute herrietatik hirietara, eta horrek izugarrizko arazoak sortzen ditu, etxebizitzak direla, ura eta zerbitzuak direla, eta abar. Beste asko eta asko Europara sartzen ahalegintzen dira, horretarako bizia arriskuan jarri behar badute ere, itsasoa igarotzean. 1992ko urrian, adibidez, 800 lagun atxilotu zituzten Tarifan (Espainiako hegoaldean), Espainian baimenik gabe sartzeko ahaleginean. Bestalde, droga trafikoaz arduratzen den Nazio Batuetako sailak salatu duenez, Marokoko nekazari asko opio eta koka lantzen hasiak dira, heroina eta kokaina egiteko gero.
Azkeneko urteetan, Maroko eta Aljeriaren harremanak onbideratu direnez gero, Saharako auzia negoziazio bidez konpontzeko ahalegina egin da. Erreferenduma egitea proposatzen da, Nazio Batuen ardurapean, Saharako biztanleek erabaki dezaten herrialde independentea izan edo Marokori loturik egon. Nolanahi dela ere, Marokoko gobernua behin eta berriz atzeratzen ari da erreferenduma, Fronte Polisarioa behin betiko gaindituko duelako esperantzan. 1992ko abuztuan Hassan II.a erregeak kargutik kendu zuen Azedine Laraki Lehen Ministroa, eta 1971-1983 bitartean kargu hori bera eduki zuen Mohamed Karim Lamraniren eskuetan utzi zuen. Gobernu berriak erreferenduma deitu zuen, Legebiltzarrari ahalmen handiagoa emango zion konstituzio berri bat onartzeko. Dena dela, erregeak Lehen Ministroa izendatzeko ahalmena gorde zuen.
Erreforma haren ondorengo Legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeetan, 1993ko ekainean, oposizioa izan zen garaile, 222 aulkietatik 99 eskuratuta. Alderdi ofizialak, berriz, 74 aulki baizik ez zituen eskuratu. Handik bi hilabetera Hassan II.ak munduko meskita handienetako bat inauguratu zuen, Casablancan. Konstituzioaren erreformak gorabehera, nazioaren politika erregearen eskuetan dago oraindik ere neurri handi batean.
1994ko maiatzean, erregeak bere ahaide bat izendatu zuen Lehen Ministro, Abd al-Latif Filali. Abuztuan, askoren harridurarako, erregeak berberiar hizkuntza eta kultura nazioaren bizitzan integratzeko deia egin zuen. 1995ean, euririk ez zela eta, uzta aurreko urtekoa baino sei aldiz txikiagoa izan zen, eta egoera ekonomikoak okerrera egin zuen nabarmen. 1996an legegintzarako aginpidea bi ganberatan banatzean onartu zen erreferendum bidez, baina erregeak ganberak desegiteko ahalmena gorde zuen. Bien bitartean, gobernuak pribatizazio politikarekin segitu zuen, eta zenbait konpainia saldu zituen.
1997ko irailean, Marokok eta Fronte Polisarioak hitzarmen bat egin zuten Saharako auzia konpontzeko, eta lurraldearen estatutua (independentzia edo integrazioa) erabakitzeko erreferenduma egingo zela iragarri zen. 1997ko legegintzarako hauteskundeetan, oposizioko lau alderdi politikoren koalizioak Legebiltzarreko 325 aulkietatik 102 eskuratu zituen; gobernuaren aldeko koalizio eskuindarrak, berriz, 100 aulki eskuratu zituen, eta hauen aliatu zentristek, 97. 1998ko otsailean, erregeak Abderrahman Youssoufi izendatu zuen Lehen Ministro.
Erregea 1999an hil zen, eta haren semeak –Mohammed VI.ak– hartu zuen kargua. Mohammed VI .a Marokokoak hainbat erreforma sustatzen ari da, ekonomian nahiz politikan, baina oraindik oso mugatuta daude askatasun zibilak eta giza eskubideak urratzeagatik salaketa asko egin ohi dizkiote nazioarteko erakundeek, bereziki 2003an Casablancan juduen kontra izandako atentatuaz geroztik (20 lagun hil ziren atentatu hartan).
2014ko abuztuaren 14ean, hil egin zen Mustafa Meziani, 31 urteko preso marokoarra, 72 egun gose greban igaro ostean. Fezeko Unibertsitatean ikasle islamisten eta ezkertiarren artean izandako istiluen harira atxilotu zuten, apirilaren amaieran, eta behin-behineko espetxealdian egon da ordutik; Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak preso politikotzat jotzen zuen[3].
Abenduaren 16an, Interneten emakumeak erreklutatzen zituen sare jihadista desegin zuten. Bost Espainian eta beste bi Marokon atxilotu zituzten[4].
Banaketa administratiboa
aldatuMaroko 12 eskualdeetan banatuta dago. Aldi berean, 13 prefektu eta 62 probintziatan banatzen dira. Prefektura bakoitza, udalerrietan banatzen dira eta metropoli eremuen kasuan, auzoetan.
Eskualdea | Hiriburua | |
---|---|---|
1 | Tanger-Tetuan-Alhucemas | Tanger |
2 | Oriental | Ujda |
3 | Fez-Meknes | Fez |
4 | Rabat-Sale-Kenitra | Rabat |
5 | Beni Melal-Jenifra | Beni Melal |
6 | Casablanca-Settat | Casablanca |
7 | Marrakex-Safí | Marrakex |
8 | Draa-Tafilalet | Er-Rachidia |
9 | Sus-Masa | Agadir |
10 | Guelmim-Oued Noun | Guelmim |
11 | Aaiun-Sakia el-Hamra | Aaiun |
12 | Dajla-Oued Eddahab | Dajla |
Biztanleak
aldatuBerbereak dira Marokoko jatorrizko biztanleak, eta gaur egungo biztanleen hiru laurdenak berbere jatorrikoak dira. Bigarren gizatalde nagusia arabiarrena da. Bestalde, 100.000 inguru europar bizi dira (frantsesak, gehienak), eta 12.000 inguru judu, orain aspaldi hara bizitzera joandakoen ondorengoak.
Biztanleen erdia, gutxi gorabehera, hirietan bizi da. Rabatez gainera, Casablanca (2.940.000 biztanle), Marrakex (1.517.000 biztanle) eta Fez (510.000 biztanle) dira Marokoko hiri nagusiak. XX. mendea arte amazigera izan da nagusi Marokon, baina mendean zehar arabiera bultzatu eta nagusitu da, eta mendearen bukaeran biztanleen laurden batek baizik ez zuen erabiltzen amazigera hizkuntza nagusi bezala. Biztanle gehien dituen hirugarren herrialde arabiarra da.
Marokoko herri populatuenak | ||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Casablanca Fez Tanger |
Herria | Eskualdea | Biztanleria | Herria | Eskualdea | Biztanleria |
Marrakex Sale Rabat | |||
1 | Casablanca | Gran Casablanca | 3 359 818 | 11 | Safi | Doukkala-Abda | 415 323 | |||
2 | Fez | Fez-Bulman | 1 112 072 | 12 | Uchda | La Oriental | 398 131 | |||
3 | Tanger | Tanger-Tetuan | 947 952 | 13 | Inezgane | Souss-Massa-Draa | 385 612 | |||
4 | Marrakex | Marrakex-Tensift-El Haouz | 928 850 | 14 | Agadir | Souss-Massa-Draa | 384 987 | |||
5 | Sale | Rabat-Sale-Zemmour-Zaer | 890 403 | 15 | Nador | La Oriental | 369 102 | |||
6 | Meknes | Meknes-Tafilalet | 632 079 | 16 | Khouribga | Chaouia-Ouardigha | 326 674 | |||
7 | Rabat | Rabat-Sale-Zemmour-Zaer | 577 827 | 17 | Settat | Chaouia-Ouardigha | 323 821 | |||
8 | Kenitra | Gharb-Chrarda-Beni Hssen | 572 700 | 18 | Temara | Rabat-Sale-Zemmour-Zaer | 302 872 | |||
9 | Tetuan | Tanger-Tetuan | 463 968 | 19 | Ait Melloul | Souss-Massa-Draa | 198 879 | |||
10 | Beni Mellal | Tadla-Azilal | 447 330 | 20 | El-Yadida | Doukkala-Abda | 298 673 |
Armada
aldatuHau da Marokoko erresumaren armada:
- Errege Armada: 1956an Mohammed V sortu zuen independentzia lortu zuenean. Errege Marokoko Armadaren adarra lurretako operazio militarrak da. Ejertzitoak 195.000 soldadu aktibo eta 150.000 erreserba ditu.
- Errege Aire Armada: Marokoko Aire Armada dira. 1956 maiatzaren 14an sortu zen, , 13 000 pertsona eta 282 baino hegazkin gehiago dauzka.
- Errege Itsas Armada: Marokoko Itsas Indar Armatuen armada da itsasontzien eragiketak egiteko ardura duena.
- Errege Jendarmeria: zibilak babesteko ardura eta herrialdeko landa eta hiri eremuetan ordena publikoa bermatzeko, halaber mugak babestu eta herrialdean bizi herritarren bizitza babesteko arduratzen dira.
- Errege Guardia: erregea, bere familiari eta herrialdeko monarkiaren aretoak nagusi guztiak babesteko ardura dauka.
- Indar Osagarriak: indar armatuen gorputz paramilitar autonomoak dira, eta horren funtzioak betetzen dituzte (polizia, armada, itsasokoa, errege guardia). Gainera espioitzaz arduratzen dira herrialdearen barne eta kanpoaldean.
Ekonomia
aldatuMarokoko ekonomian izugarrizko pisua du nekazaritzak, nahiz eta lurren % 20 baizik ez den lantzen. Laboreak (garagarra eta garia), patatak, meloiak, olibak, eltzekariak, datilak, azukre kanabera eta azukre erremolatxa lantzen dira batez ere. Mea baliabide nagusia fosfatoak dira, baina ikatza, burdina, manganesoa, beruna eta zinka ere ustiatzen dira.
Industria gehienak industria txikiak dira: eraikuntzarako materialak, kimika gaiak, ehunak, oinetakoak, elikagaiak, ardoa, petrolio findua eta abar. Garrantzi handikoa da eskulangintza: ehunak, larrua, zeramika, alfonbrak eta zurezko irudiak… Turismoa, bestalde, gero eta pisu handiagoa hartzen ari da herrialdearen ekonomian, baita zerbitzuen sektorea eta industria ere. 1990eko hamarralditik aurrera, gobernuak hainbat erreforma eta pribatizazio sustatu ditu, eta azken urteetan ekonomia hazkunde nabarmena izan du Marokok. Era berean, atzerriko merkataritza harremanak sendotzen ari da eta hainbat hitzarmen sinatu ditu.
Politika
aldatuMaroko monarkia konstituzionala da, nahiz eta erregeak oraindik ere botere handia izan. Egungoa Mohamed VI.a da, 1999ko uztailaren 23tik agintean. Lehen Ministroa Driss Jettou da, 2002ko urriaren 9tik. Lehen Ministroa erregeak berak izendatu zuen eta hautsa harrotu zuen, ez baita inongo alderdiren kide.
Parlamentua bi ganberakoa da: Diputatuen ganbera eta Kontseilarien ganbera (Senatua). Diputatuen ganberan 325 diputatu daude, zuzeneko boto unibertsal bidez 5 urterako hautatuak. Egungo ganbera burua Abdelouahed Radi da (USFP). Kontseilarien ganberan 270 kontseilari daude, zeharkako boto unibertsal bidez hautatuak.
Alderdi politikoak:
- La Gauche Socialiste Unifiée (GSU)
- Le Mouvement Populaire
- Parti de la Justice et du Développement (PJD)
- Parti de l'Istiqlal
- Parti RNI
- Alliance des Libertés (ADL)
- Union Socialiste donis Forces Populaires (USFP)
Kirolak
aldatuTxirrindularitza aspalditik dago han, baina XXI. mendean, ospea hartu du, berriro ere, herrialdean. Marokoko Itzulia Afrikako garrantzitsuena da. 1937tik egiten da naiz eta urte batzuetan ez den antolatu. Itzulia Casablanca hirian hasi eta bukatzen da.
Marokoar ospetsuak
aldatu- Abd el Krim (1882-1963), gerrillaria eta politikaria.
- Hassan II.a Marokokoa (1929-1999), erregea.
- Tahar Ben Jelloun (1944-), idazlea.
- Saïd Aouita (1959-), atleta.
- Mohammed VI .a Marokokoa (1963-), erregea.
- Hicham El Guerrouj (1974-), atleta.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ Institut Royal de la Culture Amazighe. Amazigerazko izena. .
- ↑ «72» Berria 2014-08-15.
- ↑ EiTB. (2014-12-16). Interneten emakumeak erreklutatzen zituen sare jihadista desegin dute. .
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.