Akenaton
Akenaton | |||
---|---|---|---|
K.a. 1352 - K.a. 1335 ← Amenofis III.a - Smenkhkare (en) → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Tebas, K.a. 1372 | ||
Herrialdea | Antzinako Egipto | ||
Heriotza | Tell al-Amarna, K.a. 1336 ( urte) | ||
Hobiratze lekua | Royal Tomb of Akhenaten (en) | ||
Familia | |||
Aita | Amenofis III.a | ||
Ama | Tiy | ||
Ezkontidea(k) | Nefertiti The Younger Lady (en) Kiya (en) Tadukhipa (en) | ||
Seme-alabak | |||
Haurrideak | ikusi
| ||
Leinua | Egiptoko XVIII. dinastia | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | Akadera Egiptoera | ||
Jarduerak | |||
Lantokia(k) | Antzinako Egipto | ||
Akenaton[1], «Eguzki-diskoaren zerbitzaria», jatorrizko izenez Amenhotep IV.a (edo grezierazko Amenofis IV.a) Antzinako Egiptoko XVIII. dinastiako hamargarren faraoia izan zen. Bere agintaldia K.a. 1353-1336 urte bitartean datatua dago, Egiptoko Inperio Berriaren barruan. Agintaldiaren laugarren urtean, izena aldatu zuen: Neferkeperura Akenaton.
Egiptoko gizartean, muturreko eraldaketak bultzatzeagatik egin zen ezaguna, Aton jainkoa estatuko kultu ofizialean jainko bakarra izendatu baitzuen.
Antzinako Egiptoren historian, Akenatonen erregealdiak Amarna aldia[2] deritzona hasten du hiriburu berria sortzeko aukeratutako lekuaren egungo arabiar izena dela eta: Ajetaton hiria, hau da, «Atonen zerumuga». Ospetsua da Egiptoko gizartean eraldaketa erradikalak eragin zituelako eta Aton jainkoa estatuaren gurtza ofizialaren jainko bakarra bihurtu zuelako, ordura arteko Amonen gurtza nagusiaren kaltetan. Gurtza berria Atonen nagusitasunean oinarritzen zen, gainerako jainko egiptoarren gainetik, hau da, oinarri monoteista zuen erlijio batean, eta gainerako panteoi egiptoarra edozein kulturatatik kanpo uzten zuen. Faraoia bera izango zen jainkoaren bitartekaria, eta aldaketa horrek ondorio handiak izan zituen. Desadostasunak egon ziren gizartearen artean, antzinako jainkoen gurtza erabat kendu baitzen, ordura arte politeista[3] zen populazioaren artean oso errotua. Lehen erreformatzaile erlijiosoa da erregistro historikoa dagoenetik[4]. Haren erregealdiak, erlijio-eremuan aldaketak eragiteaz gain, erreforma politiko eta artistikoak ere ekarri zituen.
Nahiz eta berandu aurkitua izan eta oraindik gutxi ezagutua, historialari, arkeologo eta idazle askok faraoi interesgarrienetako bat dela uste dute.
Faraoiaren izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akenaton aitaren jaiotza-izen berarekin iritsi zen tronura, Imn htp, Amen-Hotep transkribatuta antzinako egiptoar hizkuntzan (Koptoera), «Amon pozik dago» edo «Amonen borondatea egin dadila» esan nahi duena (izen osoa Nefer-Jeperu-Ra Amen-Hotep da, hau da: «Ederrak dira Raren adierazpenak; Amon pozik dago»). Lau edo bost urtez erregealdian egon ondoren, bere erlijio-erreformaren ondorioz, Amenhotep izena aldatu, eta Ajenaton (3ḫt itn) izena hartu zuen, hau da, «Atonentzat baliagarri» edo «Atonentzat atsegina»[5].
Manetonek, apaiz eta historialari egiptoarrak, Horus izendatu zuen, eta, geroago, beste historialari batzuek Amenhotep IV.a edo Amenofis IV.a izena eman zioten[6].
Akhenaton, Eknaton eta Ijnaton[7] izenez ere ezaguna da. Bere lehen tronu eta jaiotzaren izenaren transkripzioa hieroglifikoetan, Nefer-Jeperu-Ra Amen-Hotep da.
Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurasoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akenaton Amenhotep III.aren eta Tiy erreginaren (Erregearen Emazte Handia) semea izan zen. Horren familiari buruzko ezagutza eduki zen bere gurasoen, Yuya eta Tuyu nobleak (Ajmin hirikoak), hilobia ia osorik aurkitu zutenean. Amenhotep III.a faraoia hil ondoren, Tiy erregin-alarguna Ajenaton semearen tronurako igoeraren eta haren ondorioen lekuko izan zen: Amonen gurtzaren inguruan ezarritako orden zaharraren ordezkatze prozesua eta erresumako hiriburu berriaren sorrera, Ajetaton hiria. Historialarien iritziz, Ajenatonek bere amaren bizilekurako jauregi bat eraiki zuen hiri horretan, eta han igaro zituen bere azken egunak, hil arte. Lurperatu ere bertan egin zuten, TA28 hilobian, baina hiria hustu zenean —Tutankamon ilobaren erregealdiaren hasieran—, gorpuzkinak Tebasko nekropolira eramateko agindu zuten, eta han aurkitu zituzten geroago, Erregeen haraneko KV55 hilobian, semearenekin batera.
Neba-harrebak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akenatonek anaia nagusi bat izan zuen, bost arreba (Sitamon, Henuttaneb, Isis, Nebetta eta Baketaton) eta zenbait anaiorde, erregearen bigarren mailako emazteen seme-alabak. Tutmosis anaiak, lehenseme printzea edo koroako printze zenak[8], berarekin zerikusia duten aurkikuntza arkeologikoen arabera, hainbat kargu ofizial izan zituen, hala nola Ptah apaiz nagusiaren funtzioa, Menfisen, oinordeko errealari esleitua normalean. Tutmose tronua jarauntsi aurretik hil zen. Ez da aitaren Heb Sed jaialdian, erregealdiko 30ean, haren arrastorik edo irudirik aurkitu; hori dela eta, historialari askok diote Amenhotep III.aren erregealdiaren data horren inguruan gertatu zela haren heriotza[9].
Ezkontzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erregearen Emazte Handiaren (Ta hemet nesu) kargua Nefertitik bete zuen, eta, historikoki, edertasun fisiko handikoa eta, gobernatzaile gisa, dohain handiak eman zaizkio. Harekin, Erregearen Emazte Handiaren irudiak inoiz ikusi gabeko kotak lortu zituen, frogatzen duenez Ajenaton eta Nefertitiren izenekin erregistroak izatea benetako kartutxoetan, ohikoa ez zena beste erregealdi batzuetan. Teoria baten arabera, senarrarekin batera erreinatu zuen, Neferneferuaton[10] izenarekin. Nefertiti Ay-ren eta haren lehen emaztearen alaba zen, eta, dirudienez, neskatila txikia zela hil zen[11]. Ay gortean oso errotuta zegoen noblea zen, eta, dinastiaren azken urteetan, eragin handia izan zuen. Gero, Ai, berriz ezkondu, eta beste alaba bat izan zuen: Mutnedymet. Nefertitiren ahizpaorde hori Horemheb faraoiaren ezkontide izatera iritsi zen (XVIII. dinastiakoa ez zena), zeinak tronura igotzeko legitimazioa eman baitzion, baina ez modu oso ortodoxoan, zeren normalena Ajenaton erregearen familiako printzesa batekin ezkontzea baitzen, ez Nefititirena[12].
Nefertitik ekindako obra guztietan lagundu zion faraoiari. Aton jainko berriaren inguruko oroitzapenezko inskripzio erlijiosoetan ez ezik, beste zeremonia batzuetan ere ikus daiteke, hala nola atzerriko enbaxadoreen harreretan eta hiletetan. are gehiago, hiriburu berriaren, Ajetaton, sortze-esteletan grabatutako irudietan agertzen da. Gizonezko jaraunslerik ekarri ezin izan zuenez, alabek tronurako gizonezko erregegaiekin ezkondu behar izan zuten zilegitasuna emateko, bai errege-odolekoak izan (Tutankamon, seguru asko), bai gortesau hutsak (Ay). Nefertitiren heriotza, seguruenik, senarrarena baino lehenago gertatu zen, eta, horren ondorioz, Ajenatonek bere alabetako bat aukeratu zuen Erregearen Emazte Handiaren postua betetzeko, emakumeen presentziak eskatzen zituen errituak ofizial egin ahal izateko[13].
Kiyaren figura ere nabarmendu zen, «Emazte maitea» gisa aipatua, Ajenatonen bigarren mailako emaztea. Kiyak seme bat, Tut-anj-Aton printzea, eman ziolako hartuko zuela garrantzia uste zen, etorkizunean Tut-anj-Aton izango zena, baina DNAren azterketak erakutsi zuten mutikoa erregearen eta bere arreba baten semea zela.
XVIII. dinastiako erregeetan ohikoa zenez, Ajenatonek bere aitarengandik, Amenhotep III.arengandik, Harem erreala (Jeneret etxea) jaso zuen, mitanniar Taduhepa printzesa barne, zeina itun diplomatiko baten emaitza baitzen, Egipto eta Mitanni arteko harremanak (Amenhotep III.aren erregealdian) sendotzeko eta nazioarteko statu quoa mantentzeko bidalia.
Ondorengoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nefertitirengandik jaiotako alabak (jaioturteak Akenatonen erregealdiaren hasieratik kontatzen dira):
- Meritatón: 1. edo 2. urtean. Ajenatonen eta Semenejkararen Erregearen Emazte Handia izan zen.
- Meketatón: 2. edo 3. urtean. 14. urtean hil zen.
- Anjesenpaatón: 4. edo 5. urtean. Ajenatonen, Tutankamonen eta, azkenik, Ay aitonaren Erregearen Emazte Handia izan zen.
- Neferneferuatón-Tasherit: 7. edo 8. urtean. 14tik 17ra hil zen.
- Neferneferura: 8. urtetik 10.era. 12tik 17ra hil zen.
- Setepenra: 10. urtetik 12.era bitarte. 12tik 17ra hil zen.
- Meritaton-engandik jaitako alabak:
- Meritatón-Tasherit: 14tik 17ra. Data horietan hil zen.
- Anjesenpaatón-engandik jaitako alabak:
- Anjesenpaatón-Tasherit: 14tik 17ra. Data horietan hil zen.
- Kiya-rengandik sortutako semeak:
- Identifikatu gabeko arreba baten seme-alabak[14]:
- Tut-anj-Amón (Tutankamón): geroago Egiptoko faraoia.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amenhotep IV.a erregeak, bere erreinaldiko laugarren urtean, Akenaton izena hartu zuen. Amenhotep III.aren seme eta Nefertitiren senarra zen.
Mistikoa eta erlijioaren eraberritzaile handia izan zen. Amon jainkoaren gurtza debekatu, eta, haren ordez, Aton, eguzki-diskoa, ezarri zuen; gero, Tebas utzi, eta hiriburu berria eraiki zuen, Aket-Aton («eguzki-diskoaren zeru-muga»), gaur egun, Tell el-Amarna.
Erlijio sinkretiko ofiziala gaitzetsirik, monoteismoaren bidea hautatu zuen bere herriarentzat, egunero bizitza berpizten duen Eguzkiaren ontasuna aldarrikatuz eta harenganako maitasuna bideratuz. Iraultza honek erlijioa ez ezik estetikaren alorra ere ukitu zuen, arte berri errealista eta literatura mistikoa sorraraziz. Erregeak berak landu zuen alderdi hau; haren Himno Handiaren oihartzuna Bibliako Salmoetan dago.
Alabaina, erlijiozko jardueretan erabat murgildu eta kanpo politika alde bat utzia izanik, kanpoko lurralde guztiak galdu zituen Egiptoko inperioak (Mitanni, Siria, Palestina).
Haren ondorengoak, Tutankhamonek, lehengo ordena berrezarri zuen.
Amarmako iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Faraoien Egiptoren hasieratik, erlijioa egokituz joan zen antzinako egiptoarren bizitza espiritualean eragina zuten faktore historikoetara, bai sozialetara, bai kulturaletara. Egiptoko dinastien jarraipenaren arabera, botere- eta eragin-zentroek aldaketak eta desplazamenduak izaten zituzten, eta erlijio-praktikak eta panteoi egiptoarra aldatzen zihoan. Horrek gainerako jainkoei buruzko (eta dagozkien tenpluak eta kleroa) baliabideak (lurrak, azienda, oreinak, etab.) esleitzeko pribilegioak zekartzaten.
K.a. 2400etik aurrera, eguzkiaren jainkoa Ra-Horajty gisa gurtzen zen (belatz-burua zuen jainkoa), eguzki-diskoz eta uraeus-ez koroatua, uas eta ankh-ez. Faraoien jainkoa zen, zeinak beren semetzat eta lurrean zuten irudikapentzat hartzen baitziren. Hala ere, lehentasun hori XVII. dinastiaren amaieran aldatu egin zen: Tebasko printzeek beren mugen zabaltzea bultzatu zuten, Egiptoko lurraldea gobernatzaile hiksotarren nagusitasunetik erabat askatu arte. Egipto Garaiko eta Egipto Behereko erresuma koroa bakar batean biltzea Tebasko printzeen eta Tebasko Amon jainkoaren gida espiritualaren agindupean egin zen, zentro espirituala Karnak-en zuena. Hala, Amonen gurtza (eta, beraz, haren kleroa) Egiptoko panteoian nagusia zen urre-koloreko gunean kokatu zen, eta «Garaipenaren jainko» bihurtu zen. Gerra-bultzada hori ez zen amaitu hicsoen kanporatzekin, baizik eta mugak zabaltzen jarraitu zuen, Kanaan eta Nubia lurraldeak konkistatu arte, eta horrek Inperio Berria deritzona sortu zuen.
XVIII. dinastiako agintariek inperio handi bihurtu zuten Egipto. Konkista berri bakoitzarekin, Amoni emandako esker ona tenplu eta obra berrietan islatzen zen, hala nola Karnaken tenpluen ondoz ondoko zabalkuntzetan, eta bere apaizei emandako prebenda ekonomiko berrietan: Amonen gurtzak eta kleroak lehentasunezko tratua jaso zuten, ordura arte jainko edo jainkosa egiptoarrik inoiz jaso ez zuen bezelakoa, botere-maila ikaragarriak hartuz.
Amenhotep III.aren eta Tutmosis IV.aren erregealdietan, joera, pixkanaka, aldatu egin zen, bada, Amonen kleroa Ra-renagatik ordezkatu baitzen, eta, berriro, Atonen gurtza sartu zen, nahiz bigarren mailako jainko gisa izan[15]. Aton, Shu eta Tefnut hiruko sortzailea osatzen zuten, eta haien gurtza panteoi egiptoarraren oinarrietara itzultzearen sinboloa zen. Jainko-jainkosa horien gurtzaren ordez, semeena jarri zuten, baina faraoiak lehen hiru jainkoen itzultzearen alde egin zuen, beste batzuen gurtza baztertuz[16].
Ajenatonekin, erlijio-erreforma erradikalizatu egin zen Aton jainkoak gainerako jainkoekiko zuen lehentasuna ezarriz eta Amonen gurtza debekatuz. Faraoia saiatu zen, aitak egin bezala, apaiz nagusiak eta Amonen kleroak denborarekin lortu zuten boterea murrizten. Hala ere, aldaketa hori ez zen egin erregealdiaren lehen urteetan. Amenhotep erregearen jaiotza-izenak berak Amon jainkoa aipatzen zuen, eta, hasieran, bi kultuak elkarrekin bizi zitezkeen askatasunez[17]. Historialarien arabera, erregealdiaren 5. urtearen inguruan izan zen Amenhotep IV.a erregeak Amon jainkoaren omenez zuen jaiotza-izena utzi zuela, eta Ajenatonena hartu zuen, hainbat titulutan aldaketak eginez, hala nola Horus, Nebty eta Urrezko Horusen izenetan[18].
Genealogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Ikus EIMAren Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Véase el capítulo 10, a cargo de Jacobus van Dijk, de The Oxford history of Ancient Egypt, Oxford University, editada por Ian Shaw.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Biografía de Akenatón, el faraón hereje» Red Historia 2012-06-01 (Noiz kontsultatua: 2024-05-04).
- ↑ Kemp, Barry. El Antiguo Egipto - Anatomía de una civilización. Ed. Crítica Trad. Mónica Tussell. (1996) capítulo VII, pág. 332
- ↑ (Gaztelaniaz) Brandon, S. G. F.. (1975-10). Diccionario de Religiones Comparadas. Tomo II. Ediciones Cristiandad ISBN 978-84-7057-189-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-04).
- ↑ Amenofis da Manetonek Amenhotep I.ari eta Amenhotep III.ari bere epitometan emandako izen helenizatua, sinpletasunagatik eta akatsagatik faraoi honi esleitu zitzaiona, naiz ez egiptoarrek edo greziarrek ez hala deitu.
Manetonen epitomeen arabaera faraioaren izena:- Horus (Flavio Josefo, Apionen kontra)
- Horus (Flavio Josefo, Teofilorena)
- Horus (Sexto Julio Afrikano, Jurgi Sintzeloren bertsioa)
- Horus (Eusebio Zesareakoa, Sintzeloren bertsioa)
- Horus (Eusebio Zesareakoa, bertsio armeniarra)
- ↑ Haren izenaren beste grafiak dira: Aamakhaf, Achantaji, Achnaton, Akhnaton, Amenhotp, Amenhotpe, Amenophis, Anjenmaat, Ankhenmaat, Imenhotep, Khanakhtqaishuti, Naapkharriya, Naapkhurariya, Naapkhururia, Neferkheperure, Niipkhuurririya, Uaenre, Waenre.
- ↑ Cf. Dodson, op. cit., pág. 88.
- ↑ Cf. Cyril Aldred, op. cit., pág. 259.
- ↑ Nahiz eta, gaur egun arbuiatua den teoria batean, senarra hiltzean, erregina-faraoi bihurtu zela uste izan zen epe labur batez, Semenejkara izenarekin; cf. Allen, James P. (1994). «The Amarna succession» (ingelesez). Consultado el 28 de febrero de 2009.
- ↑ Cf. Cyril Aldred, op. cit., pág. 223.
- ↑ Cyril Aldred, op. cit., pp. 223 y 224.
- ↑ Nicholas Reeves egiptologoak (cf. Rita E. Freed eta beste batzuk, Pharaohs of the Sun - Akhenaton-Nefertiti-Tutankhamen, 88 eta 89. or.) Nefertiti faraoi gisa izandako mutazioa azaltzen du, eta kartutxuen bere nomen aldaketarekin azaltzen du. Beste egiptologo batek, Cyril Aldredek, berriz, ondorioztatu du Nefertiti ziurrenik Akenatonen erregealdiko 14. urte inguruan hil zela.
- ↑ Zahi Hawass doktorearen artikulua, National Geographic aldizkarian, 2010eko irailaren
- ↑ Cf. Jacobus van Dijk, op. cit., págs. 273 y 274.
- ↑ Cf. Robert B. Partridge, Photo Feature, Colossal Statues of Akhenaten from the Temple of Karnak, en Ancient Egypt, vol. 8 n.º 1 pág. 43, agosto/septiembre de 2007.
- ↑ Para profundizar, véase Aldred, op cit., Capítulo 21 La herejía.
- ↑ Cf. Aldred, op. cit., págs. 267 y 268.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Barry J. Kemp; tr. Tusell, Mónica. (1989). El Antiguo Egipto. Barcelona, edit. Crítica ISBN 84-8432-485-0..
- Ian Shaw eta beste. (2007). Historia Del Antiguo Egipto. La Esfera De Los Libros, S.L.
- Manetón. (2008). Historia de Egipto. Madrid: Akal Ediciones ISBN 978-84-460-2551-1..
- Oconnor, Forbes, Lehner eta beste. (1996). Egipto: Tierra de los Faraones, Segunda parte. Barcelona: Ediciones Folio, S.A ISBN 84-413-0155-7..
- Jacq, Christian. (1992,1997). Nefertiti y Akenatón. Barcelona: Ediciones Martínez Roca, S.A ISBN 84-270-2294-8..
- Osman, Ahmed. (1991,1992). Moisés, Faraón de Egipto. Barcelona: Planeta, ISBN 84-320-4487-3..
- Caniff, Patricia (2002). Grandes Biografías: Akenatón, España, EDIMAT Libros, ISBN 84-8403-769-X
- Ingelesez
- Ian Shaw eta beste. (2002). The Oxfor history of Ancient Egypt. Oxford University Press. ISBN 0-19-815034-2..
- Rita E. Freed, Yvonne J. Markowitz, eta Sue H. D'Auria. (1999). Pharaohs of the Sun: Akhenaten - Nefertiti - Tutankhamen. Bulfinch Press. ISBN 0-8212-2620-7..
- Cyril Aldred. (1991). Akhenaten: King of Egypt. Thames & Hudson. ISBN 0-500-27621-8..
- Dodson, Aidan. (1990). «Crown Prince Djhutmose and the Royal Sons of the Eighteenth Dynasty» Journal of Egyptian Archaeology 76. lib.
- Dodson, Aidan eta Hilton, Dyan. (2004). The Complete Royal Families of Ancient Egypt. Ed. Thames & Hudson ISBN ISBN 0-500-05128-3..
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Akenaton |