Gerra zibil
Gerra zibila da edozein gerra borroka parte hartzaile gehienak indar militar erregularrak ez dituena, baizik biztanleria zibila denean borrokan. Gerra mota horren ezaugarri nagusia da gatazka armatua herrialde berean gertatzen dela, eta, beraz, leku bereko —hiri bat, herri bat, komunitate bat, herrialde oso bat...— kideak aurrez aurre jartzen dituela , bi ideologia edo bi interes defendatzen dituztenak. Halako gatazka ez gutxitan, beste herrialdeetako indarrek parte hartzen dute, aldeetako baten ideologiarekin bat egiten duten boluntario zibilez osatutako taldetan.
Definizio irizpideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]James D. Fearon Stanford Unibertsitateko gerra zibilen ikertzaileak honela definitzen du gerra zibila: «herrialde baten barruko gatazka bortitza, talde antolatuen artean gertatzen dena, botere zentrala edo eskualdekoa hartzeko edo gobernu politikak aldatzeko».[1] Ann Hironaka Stanford Unibertsitateko soziologia politikoko ikerlariak zehazten du, xehekiago, estatua dela beti gerra zibilaren alderdi bat.[2] Ikertzaileak ez dira ados jartzen gatazka zibil bat gerra zibil bihurtzeko behar den intentsitatea edo hilkortasuna definitzerakoan. Zientzialari politiko batzuen iritziz, gerra zibil batek 1.000 biktima baino gehiago behar ditu, halakotzat hartua izateko; beste batzuen aburuz, ordea, bando bakoitzeko gutxienez 100 hildako izan behar dira.[1][3] Gatazka ikertzaileen artean gehien erabiltzen den Gerren korrelazioak izeneko datu baseak gerra zibiltzat jotzen ditu gatazka urte bakoitzeko 1.000 biktima baino gehiago erregistratzen dituztenak. Intentsitate edo hilkortasun hori ezdeusa da, adibidez, Sudango Bigarren Gerra Zibilak edo Kanbodiako Gerra Zibila eragindako milioika heriotzekin alderatuz gero, baina sailkapenetik kanpo uzten ditu oihartzun handiko zenbait gatazka, hala nola Ipar Irlandako gatazka edo Hegoafrikako Apartheidaren garaian Afrikako Kongresu Nazionalak gidatutako borroka.[2]
Urteko 1.000 biktimen irizpidean oinarrituz gero, 1816tik 1997ra bitartean 213 gerra zibil izan ziren, horietatik 104 gatazka 1944 eta 1997 artean.[2] Definizio oinarritzat ez bada 1.000 biktimen irizpide hori zorrozki hartzen, 90 gerra zibil baino gehiago izan ziren 1945 eta 2007 artean, eta 20 gerra zibil daude martxan 2007az geroztik.[1]
Beste definizio batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Genevako Konbentzioak ez du berariaz definitzen «gerra zibila» terminoa. Aitzitik, «nazioartekoa ez den gatazka armatua» izeneko gertakariek betetzen dituzten irizpideak deskribatzen ditu, horien artean gerra zibilak. Irizpide horien artean lau hauek daude:[4]
- Matxinadan dagoen alderdiak lurralde nazionalaren zati bat beren mendean eduki behar du.
- Matxinatutako indar zibilak de facto agintea izan behar du lurralde nazionalaren zati horretako biztanleengan.
- Matxinatuak indar beligerantetzat hartu behar dira.
- Gobernu ofizialak indar militar erregularretara jo behar du militarki antolatutako matxinatuen aurka borrokatzeko.
Gerra zibil baten ondorioz gobernu egituren berrantolatze sakon bat gertatzen denean, iraultza bat gertatu dela esan daiteke. Historialari batzuek gerra zibila matxinada gisa sailkatu ohi dute bi armaden arteko borrokak izan badira; beste historialari batzuek, ordea, gerra zibilaz hitz egiten dute fakzio antolatuen edo herrialde bateko eskualdeen arteko indarkeria dagoenean denbora luzez, gudu konbentzionalak izan ala ez. «Sezesio» edo «independentzia gerra» terminoak erabiltzen dira azken helburua denean estatuaren lurraldearen zati bat bereiztea beste estatu independente bat sortzeko. Hala, gerra zibilaren eta estatu barruko beste gatazka mota batzuen arteko muga oso lausoa da, nahiz eta askotan ondorio garrantzitsuak izan nazioarte mailan. Adibidez, Nazio Batuen Erakundeak mugatu egin du gerra zibilen arloko bere eskumena, baina sezesio gerretan esku hartzeko mekanismoak aktiba ditzake.[5]
XXI. mendearen lehen bi hamarkadatan, Afrikako kontinenteko herrialde askotan sortu ziren gerra zibilak, herrialde bakoitzeko etnia nagusien boterearen aldeko borroken ondorioz. «Ahaztutako gerrak» deitu izan dira, oihartzun publikoa izatera iristen baitira, soil-soilik, genozidio bat edo sarraski handiak gertatzen direnean.[6]
Gerra zibilen arrazoiak Collier-Hoeffler ereduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XXI. mendearen hasieran, Munduko Bankuko ikertalde batek gerra zibilari buruzko azterketa sakon bat egin zuen. Ikerketaren egiturak ―Collier-Hoeffler izena hartu zuen― gerra zibila ukan zuten bost urteko 78 aldi aztertu zituen, 1960-1999 bitartean, eta gerra zibilik gabeko bost urteko 1.167 aldi. Helburua zen datuak konparatzea eta erregresio analisi batean sartzea, zenbait faktoreren eragina ikusteko. Estatistikoki, bost urteko aldi jakin batean gerra zibila hasteko probabilitatean eragin handiena zuten faktoreak hauek zirela ikusi zen: gaitasun finantzarioa, matxinadaren aukera kostua, abantaila militarra, kexak, populazioa eta denbora.[7]
Gaitasun finantzarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esportazio nazionaletan lehengaiak nagusi badira edo proportzio handi bat hartzen badute, nabarmen handitzen dira barne gatazkaren arriskuak. Arrisku maila larrienean, herrialde batek barne produktu gordinaren % 32 badira lehengaiak, bost urteko epe batean gerra zibilean erortzeko % 22ko arriskua du; lehengai esportaziorik gabeko herrialde batek, berriz, % 1 besterik ez du. Modu bereizian aztertuta, petrolioak bakarrik erakusten zituen emaitza desberdinak beste lehengaiekin alderatuta; baina, hala ere, petrolio esportazioen mendekotasun maila txikia duen herrialde batek arrisku txikiagoa du, betiere. Ikertzaileen ustez, lehengaiak aise bihur daitezke estortsio sareen xede, beste ekoizpen sektore batzuekin alderatuta; esate baterako, errazagoa da urre meatze baten edo petrolio putzu baten ekoizpena kontrolatu eta eskuratzea, jantzien edo ospitale zerbitzuen fabrikazioaren sektore baten ekoizpena baino.[8]
Finantzekin zerikusia duen beste iturri bat diaspora nazionala da, matxinadak eta gatazkak atzerritik finantzatu baititzake. Ikerketaren arabera, diaspora nazionala duen herrialde batean gerra zibila lehertzeko probabilitate estatistikoa sei aldiz handiagoa izatera iritsi daiteke, herrialdeko biztanleriaren sakabanatze mailaren arabera.[8]
Matxinadaren aukera-kostua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren hezkuntzako eskolatzea gizonezkoen artean, per capita errenta eta hazkunde ekonomikoaren ratioa zenbat eta handiago, orduan eta murritzago gerra zibilaren probabilitatea. Hain zuzen ere, bigarren hezkuntzako eskolara mutilak batez bestekoaren gainetik % 10 gehiago badoaz, % 3 inguru murrizten da gatazka probabilitatea; era berean, hezkuntzako batezbestekoa baino % 1 gehiago bada hazkunde tasa, % 1 inguru jaisten da gerra zibila gertatzeko probabilitatea. Ikerketak hiru faktore horiek interpretatu ditu (bigarren hezkuntzako eskolatze handiagoa gizonen artean, per capita errenta eta hazkunde ekonomikoaren ratio handiagoa), matxinadaren bitartez jasotako «irabazien» ordezko gisa, eta, beraz, matxinadaren aldeko jarreren uxatzaile gisa. Bestela esanda, probabilitate gutxiago dago gizon gazteek ―gerra zibiletako soldadu gehienak osatzen gizon gazteak dira― matxinadarekin bat egitea hezkuntza eta soldata izanez gero, etorkizunean aurrera egingo dutela pentsa baitezakete, arrazoiz.
Aldiz, per capita errenta apalak matxinada armatu batean amaitu daitezkeen protesten eragile izan daitezke. Alabaina, hori egia bada, pentsa liteke desberdintasun ekonomikoa ere faktore esanguratsua izango zela matxinadetan, baina hori ez da hala. Horrenbestez, azterketak ondorioztatu zuen aukera-kostuaren eredu ekonomikoak hobeto azaltzen zituela emaitzak.[7]
Abantaila militarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria oso sakabanatuta bizi bada eta, neurri apalagoan, eremu menditsua badago, areagotu egiten dira gatazka armatuak izateko aukerak. Bi faktore horiek matxinaden aldekoak izan daitezke; izan ere, alde batetik, hirietatik kanpo sakabanatuta bizi den populazioa kontrolatzea zailagoa da, eskualde zentral batean kontzentratuta dagoen populazioren aldean; eta, bestetik, mendiak leku aproposak izan daitezke matxinatuak babestu eta ezkutatzeko.[8]
Kexak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra zibilak arrazoi ekonomikoengatik baino gehiago identitate arazoengatik hasten direla askotan esan izan den arren, «kexekin» lotutako adierazle gehienak estatistikoki hutsaren hurrengoak zirela ikusi zuten ikerketan. Berdintasun ekonomikoa, lege politikoak, polarizazio etnikoa eta erlijio zatiketa aztertuta, soilik nagusitasun etnikoak (talde etniko handienak biztanleriaren gehiengoa hartzen duen kasuak) areagotzen du gerra zibilaren arriskua. Nagusitasun etnikoa duen herrialde batek ia bi aldiz probabilitate handiagoa du gerra zibil batean erortzeko; hala ere, zatiketa etnikoaren eta erlijiosoaren eragin konbinatuak murriztu egiten du gerra zibil baten probabilitatea, baldin eta herrialdeak nagusitasun etnikoa saihesten badu. Ikerketak interpretatu zuenez, talde minoritarioak matxinadara lotu daitezke menderatzaileak direla uste badute, baina matxinadak aiseago gerta daitezkeela, ziurrenik, biztanleria homogeneoagoarekin eta erreboltarien kohesio handiagoarekin. Bi faktore horiek, kasu askotan, elkarren arintzaile gisa ikus daitezke.[9]
Populazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra zibila lehertzeko arriskua eragiten duten faktoreak biztanleria handitzearekin batera larriagotzen dira, neurri handi batean.[7]
Denbora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken gerra zibiletik zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta aukera gutxiago dago gatazka bat errepikatzeko. Ikerketak bi azalpen ematen zituen: bata, «aukeran» oinarritua eta bestea «kexan». Hala, matxinadak lortu ahal izan zuen edozein kapitalen balio galera ekar dezake denborak (eta, hala, gatazkari berriro ekiteko aukera-kostua handitu daiteke); edo, bestela, zauri zaharrak sendatzeko prozesu mailakatu bat izan daiteke denbora. Ikerlanaren beste ondorio bat da diasporaren presentziak nabarmen murrizten duela denboraren eragin positiboa; gainera, diasporaren finantziazioak matxinadaren kapital espezifikoaren balio galera konpentsatzen ahal du.[9]
Gerra zibilen iraupena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ann Hironaka ikertzaileak gerra zibilen historia modernoa aro hauetan banatzen du: XIX. mendearen aurretik, XIX. mendea, XX. mende hasiera eta XX. mendearen amaiera. Horrela, XIX. mendeko Europan, gerra zibilen iraupena nabarmen murriztu zen, eta, neurri handi batean, gatazken izaeragatik (esaterako, estatuaren botere zentrala kontrolatzeko borrokak, gobernu zentralizatuen indarra, eta gobernuari laguntzeko beste estatu batzuen esku hartze gehienetan azkar eta erabakigarria). Bigarren Mundu Gerraren ostean, ordea, gerra zibilen iraupena handitu egin zen, batez ere, XIX. mendean ez bezala, kolonia izandako estatuen ahultasunagatik eta gatazkako bi alderdietan potentzia ahaltsuagoek parte hartzeagatik. Gertaerarik nabariena da gerra zibilak beti izaten direla estatu ahulenetan.[10]
Gerra zibilak XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako gerra zibilak iraupen laburrekoak izan ziren; 1900-1944 artean, batez beste urte eta erdikoak izan ziren.[11] Estatua bera zenez autoritatearen gune nabaria kasu gehienetan, gerra zibilen helburua zen estatuaren kontrola hartzea. Beraz, hiriburuaren eta militarren kontrola zuenak mendean hartzen zuen egoera. Hiriburua eta militarrak azkar kontrolatzeko orduan matxinadak porrot egiten bazuen, berehala suntsitzera kondenatuta zegoen. Adibidez, 1871ko Parisko Komunaren borroka berehala amaitu zen militarrek gobernua babestu zutenean.[12]
Bi ideologia global handienek, monarkiak eta demokraziak, hainbat gerra zibiletan aurre egin bazuten ere, monarkiaren nagusitasuna gailendu zen, bi ideologien artean banatutako mundu batera iritsi gabe. Estatu monarkikoek parte hartu zuten zenbait herrialdetan, kontrola hartu eta gobernu demokratikoak osatu nahi zituzten mugimendu demokratikoak geldiarazteko, arriskutsutzat eta aurreikusi ezinezkotzat jotzen zituztelako. Vienako Batzarra, 1814ko urriaren 1etik 1815eko ekainaren 9ra egindakoa, Europako potentzia handienen bilkura izan zen. Bertan, kontinentearen mapa politiko berri bat marraztu zen, potentziak definituta, hau da, Erresuma Batua, Austria-Hungariako Inperioa, Prusia, Frantzia eta Errusia. Potentzia horiek, sarritan, beste nazio batzuetako gerra zibiletan esku hartzeak koordinatzen zituzten; ia beti babesten zutenez gobernua, haien indar militarra kontuan hartuta, erabakigarriak izan ohi ziren, eta berehala amaitzen ziren gerra zibilak.[13]
Hala ere, badira zenbait salbuespen, hau da, iraupen luzeagoko gerra zibilak. Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila (1861-1865) ezohikoa izan zen, gutxienez, bi arrazoirengatik: ideologia politikoengatik baino gehiago eskualde identitateen alde borrokatzen zen, eta higadura gerra gisa amaitu zen, hiriburua kontrolatzeko borroka erabakigarria izan ordez. Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) bestelakoa izan zen, gerrako bi taldeek beste potentzia handi batzuen laguntza jaso zutelako: Alemaniak, Italiak eta Portugalek matxinatutako Franco jeneralaren alde egin zuten, eta Soviet Batasunak eta, maila apalagoan, Frantziak gobernuaren alde egin zuten.[14] Zernahi gisaz, historialari eta ikerlari batzuek auzitan jarri izan dute Espainiakoa «gerra zibil» bat izan ote zen, onartutako definizio irizpideetan guztiz sartzen ote den, alegia.[15][16][17]
Gerra zibilak 1945etik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990eko hamarkadan, batez beste hogei bat gerra zibil zeuden urtean, XIX. mendetik aurrera batez besteko historikoa baino hamar aldiz gehiago. Gerra zibil berrien proportzioa ez zen nabarmen handitu, baina Bigarren Mundu Gerraren ostean, gerra zibilen batez besteko iraupena hirukoiztu egin zen, lau urtetik gora.[18] Hazkunde horren arrazoiak izan ziren estatu kopurua handitzea, 1945etik aurrera sortutako estatuen ahultasuna, estatuen arteko gerren gainbehera eta Gerra Hotza sortutako lehia.[19]
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako potentzia handiek azkar utzi zituzten bertan behera beren koloniak: kolonia izandako estatuen kopurua 30 izatetik 120 izatera igaro zen gerra ondoren. Estatu berrien proportzioa 1980ko hamarkadan egonkortu zen, ordurako kolonia oso gutxi gelditzen baitzen.[20] Hain zuzen ere, estatu gehiago izateak gerra zibil luzeak izateko hautagai gehiago ere esan nahi baitu. Hironakak estatistikoki neurtu zituen kolonia izandako gero eta estatu gehiago izatea eta Bigarren Mundu Gerraren ostean gero eta gerra zibil gehiago izatea, eta ondorio honetara iritsi zen: gerra zibilak % 165 gehiago ziren, 1945 aurreko aroaren aldean.[21]
Kolonia izandako estatu berriek mendebaldeko estatu idealizatuen gidoiari jarraitzen ziotela zirudien ―gobernu zentralizatua sortzen zuten, lurraldeak muga oso markatuta zituen, legeak oso finkatuta zeuden, bandera nazionala eta ereserkia sortzen zuten, Nazio Batuetan aulki bat eta politika ekonomiko ofizial bat zuten―; guztiarekin ere, Mendebaldeko estatuak baino askoz ahulagoak ziren.[22] Administrazio egitura sendoak garatzea, zergak eskuratzeari dagozkionak bereziki, Europako estatu harraparien arteko gerra biziari lotuta egon zen XVII. eta XVIII. mendeetan, eta, beraz, Charles Tilly soziologoak azaldu zuen gisara, «gerrak estatua egiten zuen, eta estatuak gerra».[23] Adibidez, Alemaniako eta Italiako estatu modernoen eraketa, XIX. mendean, Prusiak eta Sardiniak, hurrenez hurren, egindako hedapen eta finkatze gerrekin dago lotuta.[23] Mendebaldearen prozesua ―burokrazia eraginkor eta inpertsonalak sortzea, sistema fiskal eraginkorrak garatzea eta lurralde nazionala integratzea― XX. mendean ikaragarri indartsua zen oraindik, hainbesteraino ezen Lehen Mundu Gerraren amaieran, landa eremuetako frantses soldatu asko ez baitziren gai esateko zein herrialderen alde ari ziren borrokan,[24] horietako batzuk ezta frantsesez mintzatzeko ere, euskaldun askoren kasuan.[25] Hala ere, XX. mendearen bigarren erdian bizirik iraun zuten mendebaldeko estatuak «indartsutzat» hartu ziren, soil-soilik, lortu zituztelako, alde batetik, erakunde egitura batzuk; eta, bestetik, estatu kideen erasoetatik bizirik irauteko behar zuten gaitasun militarra.
Aitzitik, deskolonizazioa estatuen eraketaren guztiz bestelako prozesu bat izan zen. Potentzia kolonialista gehienek ez zuten aurreikusi beren koloniak independentziarako prestatu beharrik. Adibidez, Britainia Handiak autogobernu mugatu bat eman zuen bitartean Indian eta Sri Lankan, Somalia Britainiarra bulego komertzialtzat hartzen zuen. Frantzian ere antzera gertatu zen, non kolonientzako funtsezko erabaki guztiak Parisen hartzen baitziren, eta Belgikaren kasuan, autogobernuaren aldeko urrats oro zorrozki eragotzi ondoren, bat-batean 1960ko hamarkadan kolonia guztiei independentzia eman zien. Aurreko mendeetan mendebaldeko estatuetan gertatu zen bezala, kolonia izandako estatu berriak eskas zituzten burokrazia autonomoak, erabakiak har zitzaten gizarte osoaren onuran oinarrituta; horrela, aise erori ziren ustelkerian eta nepotismoan, interes talde jakin batzuen mesedetan. Egoera horretan, fakzioek nahieran manipulatzen ahal zuten estatua, beren buruari mesede egiteko edo, bestela, estatuko liderrek burokrazia erabili zuten beren berekoikeria sustatzeko. Gobernu sinesgarririk ez izatea larriago zen oraindik, zeren eta, independentziarekin, kolonia gehienek galera ekonomikoak eragiten baitzituzten; izan ere, oinarri ekonomiko produktiboa eta zerga sistema sendo bat falta zituzten jarduera ekonomikotik baliabideak eraginkortasunez biltzeko. India da independentea izan zenean errentagarria izan zen estatu bakarretako bat; ikertzaile batzuek Uganda, Malaysia eta Angola ere gehitzen dituzte zerrenda horretara. Potentzia kolonialistek ez zuten lurralde integrazioaren lehentasunik, eta nazionalismo jaioberria indargabetzen ahalegindu ziren. Estatu berri independente asko pobretu egin ziren berehala, eta ez zuten gaitasun administratiborik izan gizarte zatikatu batean; ahala ere, estatu moderno baten eskariak asetzeko itxaropena ezartzen zitzaien.[26] Estatu «ahul» edo «hauskorrak» sortu ziren, nahiz ez dagoen identifikatze soil bat egiterik, kolonia izandako estatu guztiak ez baitziren ahul, hala nola Latinoamerikako estatu batzuk, Argentina eta Brasil kasu, edo Ekialde Hurbileko estatu batzuk, adibidez Egipto eta Israel, azpiegitura ekonomiko handiak eta gogorrak baitituzte.[27]
Historikoki, nazioarteko komunitateak «estatu ahulak» indartzeko joera izan zuen: bultzatu zituen inguruko lurraldeak xurgatzera edo, are eta gehiago, koloniak menderatzera; halakorik ezin zenean, lurralde txiki samarretan zatitu zituen, modu aski eraginkorrean eta, aldi berean, seguruan administratzeko, tokian tokiko potentzia izan zitezen. Alabaina, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, nazioarteko oreka politikoaren arauak guztiz aldatu zirelarik, estatu ahulen izaera komeni zitzaien potentzia kolonialista izandako herrialdeei. Izan ere, estatu ahulek burujabetza dute de iure, beste estatuek bezala, ―nazioarteko aitorpen diplomatikoaren pribilegioak eta Nazio Batuen Erakundean boto eskubidea barne―, baina de facto ez dute beren lurraldearen kontrol eraginkor bat. Gainera, nazioarteko komunitateak estatu ahulen garapenari laguntzen dio, eta horrek itxurazko egoera bat sortzen du, estatu horiek kontrola eta segurtasuna ziurtatzeko gaitasuna balute bezala.[23] Nazioarteko zuzenbidearen esparruan araubide zorrotz bat eta lurralde erasoaren aurkako arauak garatu ziren estatuen arteko etengabeko gerren jario dramatikoaren eraginez, nahiz eta Gerra Hotzak edo garapen ekonomikoak ere lagundu zuten. Horren ondorioz, nazioarteko komunitateak gero eta gehiago aurkaratzen ditu lurraldea atxikitzeko eraso militarrak, neurri eraginkorrak hartuta herrialde erasotzaileen aurka ―zentsura diplomatikoa, nazioarteko laguntza murriztea eta zigor ekonomikoak― edo, 1990ean Kuwaiten Inbasioan gertatu zen bezala, nazioarteko esku hartze militar bat antolatuta Iraken aurka.[28] Era berean, nazioarteko komunitateak nekez onartu izan ditu, oro har, eskualde sezesionistak, nahiz eta estatu batzuk mantentzen dituen, hala nola Zipre eta Taiwan, aitorpen diplomatikoaren linboan. Erlazio hori aztertzen duten azterlan akademikoen kopuru handirik ez dagoen arren, Hironakaren ikerketa estatistikoak korrelazio bat aurkitu du: nazioarteko komunitateak lurralde sezesionisten aurka egindako adierazpen bakoitzak gerra zibilen kopurua % 10 handitzen du, hau da, 1945-1997 arte 114 gerra.[29] Beraz, nazioarteko komunitateak eskaintzen duen babes diplomatiko eta legalak, eta gobernu ahulei ematen dien laguntza ekonomikoak, sezesioak indargabetzeko xedez, kontrako eragina dute, gerra zibilak sustatzen baitituzte.
Gerra zibilak historian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erromako Lehen Gerra Zibila (K.a. 88 – K.a. 81)
- Erromako Bigarren Gerra Zibila (K.a. 49 – K.a. 45)
- Erromako Hirugarren Gerra Zibila (K.a. 43 – K.a. 42)
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bi Arrosen Gerra (1445-1485)
- York etxeko kideen eta Lancaster etxeko kideen arteko gatazka dinastikoak. Aldizka borrokatu ziren, kideetako bat Ingalaterrako errege izan zedin. Erdi Aroan amaitu zen Britainiar uharteetan, Tudor dinastia gailendu baitzen behin betiko.
- Nafarroako Gerra Zibila (1451-1455)
- Gaztelako eta Aragoiko erresumek bultzatuta. Zuria I.a Nafarroakoa hil eta hamar urtera, bere bigarren senar Joanes II.a Aragoikoa erregekideak koroa usurpatu zuen, semeari, Karlos Bianako Printzeari, eman beharrean.
- Kataluniako Gerra Zibila (1462-1472)
- Joan II.a Aragoikoaren eta Kataluniako erakundeen (Jeneralaren Diputazioa eta Ehunen Kontseilua) arteko borroka armatua izan zen, kontrol politikoa lortzeko. Karlos IV.a Nafarroakoaren heriotza —Kataluniak babestua eta Joan II. aitarekin aurrez aurre— aitzakia izan zen lehenagotik, Alfontso V. Aragoikoaren garaitik, hausnartzen ari zen gatazka lehertzeko.
Aro modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sengoku Aroa (Japonia) (1476-1568)
- Japonian arrazoi askorengatik izandako gatazkak.
- Gaztelako Komunitateen Gerra (1520-1522)
- Komuneroen Matxinada Gaztelako Koroan 1520 eta 1522 artean, hau da, Karlos I.aren erregealdiaren hasieran, izandako matxinada izan zen.
- Frantziako Erlijio Gerrak (1562-1598)
- Frantziako erresuman XVI. mendeko bigarren zatian izandako borroka zibilak izan ziren, katoliko eta protestante kalbinisten (higanot) artean. Nahiz eta 1562 eta 1598 artean zortzi gerra izan, denbora tarte hartan alde biek etengabe borrokatu zuten elkarren kontra.
- Fronda (1648-1653)
- Louis XIV.a erregea izateko adin txikikoa zelarik, Frantzian gertatutako gerra zibilen multzoa izan zen. Izena Parisko lehenengo matxinatuek zeramatzaten tirabike edo tiragomengatik dator.
Aro garaikidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Karlistaldiak (1833-1876)
- Borboi etxeko bi adarren arteko gatazka dinastikoak, koroaren ondorengotzagatik. Batetik, Isabel II.a eta, ondoren, haren seme Alfontso XII.a; bestetik, Karlos Maria Isidro Borboikoa, Fernando VII.aren anaia eta ondorengoak.
- Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila (1861-1865)
- Alde batetik, Amerikako Estatu Batu industrializatu eta abolizionistak; bestetik, Ameriketako Estatu Konfederatu nekazari eta esklabistak, hegoaldeko estatuak Batasunetik atera nahi zutelako.
- Txileko gerra zibila (1891)
- Txileko Kongresu Nazionaleko indarren eta José Manuel Balmaceda presidentearen indarren arteko gatazka; lehenak garaitu eta sistema parlamentario bat ezarri zuten.
- Mila Eguneko Gerra (1899-1901)
- Kolonbiako barne gatazka, liberalen eta kontserbadoreen artean; azken horien garaipenarekin amaitu eta estatu hegemoniko bat ezarri zuten, XX. mendearen erdialdera arte.
XX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Finlandiako Gerra Zibila (1918)
- Finlandiako Armada Gorria eta Armada Zuria izan ziren aurkari, lehenengoa sobietarren laguntzarekin eta bigarrena alemaniarren eta suediarren laguntzarekin.
- Errusiako Gerra Zibila (1918-1922)
- Sobietar Batasuneko gobernu komunistaren eta Mendebaldeko herrialdeen babesa jasotzen zuten indar kontrairaultzaileen («zuriak») arteko gatazka. Boltxebikeen garaipenarekin eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren sendotzearekin amaitu zen.
- Irlandako Gerra Zibila (1922-1923)
- SinnFéinen barne zatiketa gisa hasi zen (Independentzia gerraren buru izan zen alderdi politikoa), 1921eko Anglo-irlandar Ituna onartzen ez zuenez fakzio batek; itun horren bidez sortu zen Irlandako Estatu Askea eta lurraldea zatitu zen, Ipar Irlanda sortuz.
- Txinako Gerra Zibila (1927-1950)
- Mao Zedong buru zuen Txinako Alderdi Komunistaren eta Chiang Kai-shek buru zuen Kuomintang armadaren arteko gatazka. Japoniaren inbasioaren garaian, Txinan, su-etena egon zen bi aldeen artean, kanpotar etsaiaren aurka ahalegin elkartu bat egitearren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, berriro hasi ziren liskarrak, eta Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuten 1950ean.
- Espainiako Gerra Zibila (1936-1939)
- Espainiako Bigarren Errepublikaren gobernuaren eta Francisco Franco jeneralaren agindupean matxinatutako militar eskuindarren arteko gerra izan zen. Indar errepublikanoen aldeko borrokara murgildu ziren, besteak beste, Espainiako Langile Alderdi Sozialista, Espainiako Alderdi Komunistako kideak, CNTk ordezkatutako talde anarkista handiak, Batasun Marxistaren Langile Alderdi trotskista eta Euzko Alderdi Jeltzalea. Alemania naziaren eta Italia faxistaren laguntzarekin, matxinatuek gerra odoltsu batean garaitu zituzten aurkariak, horien artean, 50 herrialde baino gehiagoko nazioarteko brigadistak. Francoren garaipenak diktadura luze bat ekarri zuen, 1975 arte.
- Greziako Gerra Zibila (1946-1949)
- Bigarren Mundu Gerrako hondar gatazka bat izan zen. Gerrillari komunistek (SESBen laguntzarekin) monarkiaren indarrei (Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin) aurre egin zieten, Grezian sistema sozialista ezartzeko helburuz.
- Sudango Lehen (1955-1972) eta Bigarren Gerra Zibila (1983-2005).
- Deskolonizazioaren arrastoek utzitako gatazkak izan ziren, herrialdearen ipar eta hego lurraldeetako eliteen eta militarren artekoa.
- El Salvadorko Gerra Zibila (1980-1992)
- Farabundo Martí Liberazio Nazionalerako Fronteko indar iraultzaileen —Kubaren eta Sobietar Batasunaren laguntzarekin— eta El Salvadorko gobernuaren ―Estatu Batuen laguntzarekin― arteko gatazka. Chapultepeceko Bake Hitzarmenarekin amaitu zen, 1992an.
- Jugoslaviako Gerrak (1991-1995)
- Kroaziaren, Esloveniaren, Mazedoniaren (gaur egun, Ipar Mazedoniako Errepublika) eta Bosnia-Herzegovinaren arteko gatazka izan zen, serbiarren mendeko Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren tropa federalen aurka. Ondorio lazgarrienak Bosnian utzi zituen, sarraskiak, garbiketa etnikoa eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren bortxaketa larriak gertatu baitziren. Jugoslaviaren zatiketaz amaitu zen.
- Aljeriako Gerra Zibila (1991-2002)
- Aljeriako gobernuaren eta matxinatu islamisten arteko gatazka armatua izan zen
- Kongoko Lehen (1996-1997) eta Bigarren Gerra (1998-2003)
- Mobutu Sese Seko diktadorea erori eta Laurent Kabila buru zuten gerrillek garaipena lortu zutelarik, bi liskar ziklo hasi ziren Kongoko Errepublika Demokratikoko (lehengo Zaire) biztanleen artean, neurri handi batean Gerra Hotzaren amaierak eta Ruandako genozidioak eragindako ezegonkortzeak eragindakoak; zenbait herrialde afrikarrek esku hartu zuten azkenean. Emaitza beldurgarria izan zen, 3,8 milioi heriotza baino gehiago, eta Afrikako bihotzaren aberastasun naturalak suntsitu eta arpilatzea.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Adebajo, Adekeye et al. (2022). Ending Civil Wars: The Implementation of Peace Agreements. Boulder: Lynne Rienner Publishers doi: . ISBN 978-1685850395. OCLC .1337123043.
- (Ingelesez) Ali, Taisier Mohamed Ahmed; Matthews, Robert O. (1999). Civil Wars in Africa: Roots and Resolution. Montreal: McGill-Queen's Press ISBN 978-0773518834. OCLC .1072975433.
- (Ingelesez) Berdal, Mats R. (2022). Greed & Grievance: Economic Agendas in Civil Wars. Boulder: Lynne Rienner Publishers ISBN 978-1685850012. OCLC .1334343552.
- (Ingelesez) Collier, Paul. (2005). Understanding civil war: evidence and analysis. Washington, D.C.: World Bank Publications ISBN 978-0821360477. OCLC .1073577970.
- (Ingelesez) Hironaka, Ann. (2005). Neverending wars: the international community, weak states, and the perpetuation of civil war. Cambridge, MA: Harvard University Press ISBN 978-0674015326. OCLC .964600265.
- (Ingelesez) Lake, David A. (2021). The International Spread of Ethnic Conflict: Fear, Diffusion, and Escalation. Princeton: Princeton University Press doi: . ISBN 978-0691219752. OCLC .1242731841.
- (Ingelesez) Mason, T. David; Fett, Patrick J. (1996). «How Civil Wars End: A Rational Choice Approach» Journal of Conflict Resolution 40 (4): 548-568. doi: . ISSN 0022-0027..
- (Ingelesez) Regan, Patrick M. (2005). Civil wars and foreign powers: outside intervention in intrastate conflict. Ann Arbor: University of Michigan Press ISBN 978-0472111251. OCLC .492638610.
- (Ingelesez) Toft, Monica Duffy. (2010). The Geography of Ethnic Violence: Identity, Interests, and the Indivisibility of Territory. Princeton: Princeton University Press ISBN 978-1400835744. OCLC .609976060.
- (Ingelesez) Walter, Barbara F. (2021). Committing to Peace: The Successful Settlement of Civil Wars. Princeton: Princeton University Press ISBN 9781400824465. OCLC .1371322417.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c (Ingelesez) Fearon, James D.. (2007). «Iraq's Civil War» Foreign Affairs (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-20).
- ↑ a b c Hironaka 2005, 3 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Wong, Edward. (2006-11-26). «A Matter of Definition: What Makes a Civil War, and Who Declares It So?» The New York Times (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-20).
- ↑ (Frantsesez) «Protocole additionnel aux Conventions de Genève du 12 août 1949 relatif à la protection des victimes des conflits armés non internationaux (Protocole II)» Comité International de la Croix Rouge (www.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-20).
- ↑ (Ingelesez) Quadros, N. Micheli. (2016). «Secession: The Contradicting Provisions of the United Nations Charter» Santa Clara Journal of International Law (web.archive.org) vol. 14, 2: 461-487. or. (Noiz kontsultatua: 2024-02-20).
- ↑ (Frantsesez) Kouassi, Yao. (2006). Tirefort, Alain ed. «Le processus de formation des guerres civiles en Afrique» Guerres et paix en Afrique noire et à Madagascar : xixe et xxe siècles (Presses universitaires de Rennes): 167–185. doi: . ISBN 978-2-7535-4927-2. (Noiz kontsultatua: 2024-02-20).
- ↑ a b c Collier 2005, 1. bol., 17 orr. .
- ↑ a b c Collier 2005, 1. bol., 16 orr. .
- ↑ a b Collier 2005, 1. bol., 18 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 28 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 1 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 28-29 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 30 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 31 orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Goitia, Mikel Urquijo. (2022-10-03). «DEL ARCO BLANCO, Miguel Ángel, Cruces de memoria y olvido. Los monumentos a los caídos de la guerra civil española (1936-2021). Editorial Crítica, Barcelona, 2022, 449 pp.» Historia Contemporánea (70): 1022–1024. doi: . ISSN 2340-0277. (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Jorge, David. (2016). Inseguridad colectiva: la Sociedad de Naciones, la Guerra de España y el fin de la paz mundial. Valencia: Tirant Humanidades ISBN 9788416556472. OCLC .964615974.
- ↑ (Gaztelaniaz) Moradiellos García, Enrique. (2022-02-16). «1936 una mirada histórica sobre la guerra civil» Vídeo Streaming Institucional de la Universidad de Sevilla (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).
- ↑ Hironaka 2005, 1, 4-5 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 7, 23 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 36 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 40 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 54 orr. .
- ↑ a b c Hironaka 2005, 6 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 58 orr. .
- ↑ «Eneko Bidegain: euskaldunak frantsestu zituen gerla» Enbata (web.archive.org) 2012-06-09 (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).
- ↑ Hironaka 2005, 59-61 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 56 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 16 orr. .
- ↑ Hironaka 2005, 37-40 orr. .
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) Nations Unies, Paix et sécurité.