Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Laxo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jokalari bat sakea egiten botarritik.

Laxoa[1] pilota jokoaren aldaera bat da, gaur egun tresnaz jokatzen direnetan zaharrena (esku huska jokatzen den bote-luzea da ezaguna dugun zaharrena). Luzeko pilota jokoa da, hots, plaza batean bi talde aurrez aurre jarrita jokatzen dena. Jokalariek eskularruarekin jotzen dute pilota. Kintzeka eta jokoka kontatzen da. Nafarroako Gobernuak Kultur Ondasun Inmaterial izendatu zuen 2019ko maiatzean.[2][3]

Luzeko beste pilota jokoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Errebotean jokatzen, Zubietan, 1961ean.

Luzeko pilota jokoan (Joko zuzena ere esaten zaio) lau aldaera dira gaur egun: bote-luzea (hemengo pilota joko guztietatik ezaguna den zaharrena, esku huska jokatua), errebotea (eskularruz edo xisteraz jokatua), pasaka (trinketean jokatua, esku huska edo eskularruz, kantxa sare batez erdibitua dagoela), eta laxoa (eskularruz jokatua). Oiartzungo Txost elkarteko Anton Mendizabalek 2015ean joko zuzeneko modalitateetan 500 jokalari inguru aritzen zirela estimatzen zuen.[4]

Laxoaren arauak bote luzearenak dira,[5] baina baditu zenbait desberdintasun ere:[6] larruzko eskularruez eta pilotaleku handiagoetan (herriaren arabera neurri desberdinak izan ditzakete) jokatzen da.Taldeak lau pilotariz osaturik daude, bi eskularru motzarekin eta beste biak luzearekin. Sakea eskularru luzez egiten da. Pilotek 115 eta 125 gramoko pisua dute.

Jokalekuak 66 m luze eta 16 m zabalekoak dira orokorrean. Dena dela, tokian tokiko aukeretara egokitzen dira (zelaiak, herriko plazak, kale-tarteak...). Botarria jokalekuaren alde batean ipintzen da, eta eremuen arteko marra erdialdean. Jokaleku osoan egin daitezke arraiak, taldeen eremuan trukatzeko. Arraia edo marra esaten da.

Txirristaren teknika erabiltzen da eta ez da atxikirik onartzen.

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera eta aurrekariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziar antzinatean esferiko deitu jokoa bazegoen, eta geroago erromatar pila pilota-jokoa ere bai. Joko horiek Europa osoan hedatu ziren ahur-joko izeneko esku-jokoa batez ere. Euskal Herriko artzain eta herritarrek mendeetan soropil edo pilotasoroetan gustura biltzen ziren jolasean elkarren aurka aritzera aurrez aurre (mendietan, haran-hutsunetan edo herriko kanpoaldean). Larruzko guantea erabiltzen hasi zenean pilotariak esku-ahurra babestu eta pilota urrunago botatzen zuen. Orduan sortu zen laxoa, euskal pilotaren modalitaterik zaharrena.[7]

Loraldia: XVIII eta XIX. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Laxoan egiten zen Donostiako harresian XVIII. mendean.

XVIII. mendekoaren azken herenetik goiti eta XIX. mendean izan zuen loraldia, eta gehien jokatzen zen pilota jokoaren aldaera zen, errebotearekin batera. Are gehiago, dibertimendu bakanetarik izan zen garaiko gazteentzat. Orduko hartan, Euskal Herri osoan, Errioxan eta Aragoiko zenbait aldetan jokatzen zen. Euskal Herriko kirol nagusia izan zen XIX. mendeko bigarren erdi arte. Ipar Euskal Herrian, Nafarroan (ospetsuak ziren Iruñeko San Fermin bestetan jokatzen ziren partidak[8]), nahiz Gipuzkoa, nahiz Bizkaian eta bertze zenbait tokitan ere arrakasta izan zuen Laxoak.[9]

1830 laxoaren unerik hoberena izan zen. 1850tik 1870ra bitartean, gero eta maizago jokatzen zen pareta baten kontra (plekako jokoa). 1857an, Jean Dithurbide Senpertarrak (Gaintxiki) zumezko eskularrua asmatu zuen, xixtera sortuz. Kautxuzko pilotaren agerpenak erabat aldatu zuen jokoa. Pilotaren boteak biziago izanik, pareta eraikitzera jo zen.[7]

Gainbehera: XX. mendea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran gainbehera etorri zitzaion jokoari, eta Espainiako Gerra Zibilaren atzetik etorritako gerraondoan erabat galdu zen. Euskal pilotaren bilakaerak zenbait oztopo aurkitu zituen: arau konplexuak, pilota astuna, beste pilota modalitateen lehia, karlistaldiak, lehen mundu gerra, gerra zibila, industrializazioa, laborarien exodoa...[7]

Berreskurapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Malerrekan eta Baztanen jokatzen da (Donezteben, Iruritan, Arraiozen, eta Oizen),1960ko hamarkadan egindako berreskuratze ahaleginari esker; berreskuratze horretan, erabakigarria izan zen Jesus Jaimerena iruritar apaizaren lana.[10] Nafarroako Gobernuak Kultur Ondasun Inmaterial izendatu zuen 2019ko maiatzaren 8ko bilkuran.[2][11] Berpizten ari da laxoa, 2018an Baztan-Errekako Laxoa 39. txapelketan 9 taldek parte hartu zuten, 50 jokalarik guztira. Gazte eta gaztetxoak ere kontuan hartuta urte horretan laxo-jokalariak 110-120 ziren.[12] Gora behera handiak izan baditu ere, gaur egun osansuntsu dagoela erran dezakegu, azken lau hamarkadetan, urtero hutsik egin gabe, herrien arteko txapelketak, bai helduenak bai gazte eta gaztetxoenak, jokatu dira eta.[9]

1960. urtean Laxoa berriro hasi zen jokatzen. 1961. urtean Laxoaren historia modernoko lehen txapelketa antolatu zen eta Baztan-Bidasoako zazpi herrik parte hartu zuten. urtez urte antolatu zen txapelketa 1964ra arte. 15 urte lozorroan egon ondotik, Doneztebe eta Arraiozek 1979ko udan partida batzuk jokatuta, inguruko beste herrietan ere esnatu zen laxoa, eta 1980. urteaz geroztik, etenik gabe, bi eskualdeetako herriarteko txapelketa jokatu ohi da, Iparraldeko eta Gipuzkoako zenbait talde ere barne direlarik.[13]

Laxo txapelketako irabazleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek izan dira txapeldunak 1980tik:[14]

  • 2024: Doneztebe (The Moment)
  • 2023: Doneztebe (The Moment)[15]
  • 2022: Doneztebe (The Moment)
  • 2020: Irurita
  • 2020: Arraioz (Sagardi)
  • 2019: Irurita (Miguelene)[16][17][18][19]
  • 2018: Doneztebe (The moment)[20]
  • 2017: Irurita
  • 2016: Irurita
  • 2015: Irurita
  • 2014: Doneztebe
  • 2013: Doneztebe
  • 2012: Irurita
  • 2011: Irurita
  • 2010: Irurita
  • 2009: Arraioz
  • 2008: Doneztebe
  • 2007: Irurita
  • 2006: Doneztebe
  • 2005: Doneztebe
  • 2004: Irurita
  • 2003: Doneztebe
  • 2002: Irurita
  • 2001: Arraioz
  • 2000: Doneztebe
  • 1999: Arraioz
  • 1998: Doneztebe
  • 1997: Doneztebe
  • 1996: Doneztebe
  • 1995: Doneztebe
  • 1994: Doneztebe
  • 1993: Irurita
  • 1992: Doneztebe
  • 1991: Irurita
  • 1990: Oiz
  • 1989: Doneztebe
  • 1988: Oiz
  • 1987: Doneztebe
  • 1986: Doneztebe
  • 1985: Doneztebe
  • 1984: Oiz
  • 1983: Oiz
  • 1982: Doneztebe
  • 1981: Doneztebe
  • 1980: Irurita

Loraldiko pilotari ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desafio handiak baziren Pirinioen bi aldeetako pilotaririk onenen artean. Batzuk heroi bihurtu ziren:[7][21]

  • Perkain, Juan Martin Inda (Aurizberri, 1754-12-31 – Aldude, 1834-12-17) XVIII. mendeko pilotari ospetsua izan zen, laxoan aritu zena. Berari buruz bertso famatuak idatzi ziren, baita Pierre Harizpek 1903an frantsesez idatzitako antzerki baten gaia eta 1931eko "Perkain le basque" opera.[22][23] Euskal tradizioak lehendabiziko pilotari eta heroitzat hartu du. Frantziako Iraultzaren kontrako ideiak zituelarik, Baztango bizilekutik Aldudeko plazaraino hurbildu zen Iraultza bitarteko egun batean partidu batean parte hartzeko. Atxilotu nahian soldadu batzuk joan zitzaizkionean, Perkainek soldadu-buruaren burua pilotakada batez jo zuen. Gero, jendetzaren babespean, erbestera itzuli zen. Aurkari nagusia Azantza izan zuen, plaza barren eta kanpoan gizon zintzo eta benetako plaza-gizona.[13]
« Azantzako semea nik ez dut mendratzen,

Bere parerik ez du pilota botatzen;
Bai, bainan Perkain hori ez zuen latsatzen
Plaza guziarentzat bera aski baitzen!

»


Laxoa bertso zaharretan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perkain laxo-jokalari handia a mito izatera iritsi zen. XIX. mendean laxo jokoak izan zuen sona eta garrantzia ondo ikus daiteke mito horren inguruan sortu ziren bertsoak ikusita. Hauek dira bertso zahar horietako batzuk:

Perkainen kanta edo Perkain eta Azantza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahoz aho gure egunetaraino iritsi den beste kontakizun herrikoi batek Lapurdiko Luhuson Azantzak eta Perkainek aurrez aurre jokatu zuten partidaren berri ematen digu.[24] Aipatu konta-kizunean esaten denez, hasiera batean Perkain irabazten ari omen zen, eta mando baten gainean zen nafar batek honela oi-hukatzen zuen behin eta berriro: 300 libera Perkainen alde!Inork ez zion apustua onartzen, hala ere, nafarrak segitzen zuen: 300 libera Perkainen alde! behin eta berriz oihukatzen. Azantzak, nafarraren oihuez nardaturik, pilotakada bat bidali zuen mandoaren aurka, horrela nafarraren erorketa eragin zuelarik. Izugarrizko kalapita sortu omen zen. Une nahas haietan Azantzaren arreba batek: 1000 libera nire anaiaren alde! oihu egin omen zuen eta ikusleetako batek onartu. Perkain, hura dena ikusirik, izugarri urduritu zen eta azkenean, Azantzak partida irabazi omen zuen.[25]

Irungo pilota partidaren kanta (1846)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Pilota partida bat Irun herrian (1846)»

Gipuzkoarren eta lapurtarren arteko partida bat jokatu zen Irunen 1846ko abuztuaren 9an. 12.000 pertsona inguru bildu omen ziren plazan dema ikusteko. “Irungo pilota partidaren kanta” bertso anonimoen arabera sekulako apustu pila egin ziren. Nafarra izan arren partida hartan parte hartu zuen Gamio apaiz lesakarrak. Gotzainak elizgizonei pilotan jokatzeko jarritako debekua apurtu zuenez, jokatu eta hurrengo egunean atzerrira ospa egin behar izan zuen. Desafioa lapurtarrek irabazi omen zuten.[26]

Tolosako partida

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perkainek Gipuzkoako Tolosan partida handi bat jokatu zuela diote sei bertso zahar batzuek. Perkainekin batera semeetako bat eta Kurutxet aritu ziren Azantza, Elhorga eta Haroztegiren aurka. Irabazle Perkainen taldea izan omen zen. Lehen bertsoak honela dio: [25]

  • Bat zen Perkain zaharra, bertzea Haroztegi
    Jaun hek bide zakiten kozinaren berri;
    Elgar frogatzeko untza bat edo, ongi
    pentsatua duk disimula hori!

Laugarren bertsoak, berriz, honela dio:

  • Adios Probintzia, adios Lapurdi,
    Perkainekin pilotan ez daite liberti;
    Hirur erreinu huntan bera da nagusi
    Azken partidaraino ez dute sinetsi!

Pilotarientzat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pierre Topet-Etxahun koblakari zuberotarrak Pilota munduko heroi herrikoien aldeko “Pilotarientzat” izeneko bertso bilduma osatu zuen.[27][25]

Jean Haritxelhar pelotari eta pelotazalea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Haritxelhar euskaltzainburua pilotazale amorratua zen. Erreboteko txapelduna izan zen Frantzian Baigorriko taldearekin.[28]

1968az geroz ordea Pilotako Federazioan ere sartua baitzen, 1970ean berriz Pilota aldizkaria sortua baitzuen. Hainbat artikulu argitaratu zituen, gehienak euskal pilotaz orokorrean baina erreboteaz eta laxoaz batez ere.

  • «Le "lachua" aux Aldudes» (1964) [29][30]
  • Le rabot et la longue. Contribution à l’histoire de la pelote au XIXe siècle. (1994) Bulletin du Musée Basque, 1-24 or..[31]

Iparraldeko Pilotarien Biltzarra elkarteko lehendakaria izan zen 28 urtez 1980tik. Hegoaldeko Pilotarien Batzarra geroago sortu zen eta Haritxelharri omenaldia egin zion 1986an Markinan. [28]

Egundainotik pilota maite zuen eta 1943an Zaharrer Segitaldeak luzeko xapelgoa irabazi zuela, Errekalde, Olçomendy anaiak, Petrikorena eta Haritschelharrekin. “Ikasleak” erreboteko taldean ere jokatu zuen besteak beste hauekin: Doyharzabal, Piztia, eskuin I. Larrea, Paul eta Jean Fagoaga eta Jimmy Etcheberry.[33]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Laxoaren arautegia "Joko zuzenen arauak" kapituluan ikus 2. atala. Euskal Herriko Pilota Konfederazioaren webgunean
  2. a b «Gobernuak Laxoa jokoa Kultur Intereseko Ondasun Inmaterial izendatu du» Ttipi-Ttapa, 2019-05-09 (erran.eus) (Noiz kontsultatua: 2019-05-14).
  3. a b Urkola, Ane. Luis Migel 'Talo': "25 urtez aritu nintzen Laxoan, baita sufritu ere". (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  4. Garcia Landa, Imanol. (2015-11-08). «Pilota joko zaharrak berrikasten» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2018-08-04).
  5. Euskadiko Euskal Pilota Federazioa. (PDF) Joku araudia. 71-72 orriak. 4.1. atala: Bote luzea. (Noiz kontsultatua: 2006).
  6. (PDF) Joku araudia. 20. orria. 2. atala. Laxoa. 25. artikulua. (Noiz kontsultatua: 2018-08-04).
  7. a b c d Dabadie, Séverine; Etchezaharreta, Christiane. (2011). «[Itzultzaileak: Kattalin Totorika, PP Ji du Bénares, Edurne Alegria]» Laxoa : euskal pilotaren iturburua. Mikel Epalza, Ander Ugarte, Tiburcio Arraztoa hizketan. La Cheminante ISBN 9782917598238. PMC 762498584. (Noiz kontsultatua: 2019-04-27).
  8. (Gaztelaniaz) «Partidos de pelota a largo en Pamplona. 1869-1870 (Google Argazkiak)» Google Argazkiak (Noiz kontsultatua: 2019-08-07).
  9. a b «Zer da Laxoa?» www.laxoa.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-07).
  10. «Bitxikeriak», Doneztebeko Udalaren webgunean. Eskuratze data: 2011-01-13.
  11. (Gaztelaniaz) «12 localidades de Baztan-Bidasoa, dentro de la Ruta de la Pelota»[Betiko hautsitako esteka], Jauregia landa turismoko etxearen webgunean.
  12. Xorroxin irratia «Baztan-Errekako 39. Laxoa txapelketaren finalaren ondotik solastatu gara Tiburtzio Arraztoarekin» https://erran.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-29).
  13. a b c Arraztoa, Tiburcio. «Historia» www.laxoa.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-07).
  14. «Palmaresa» www.laxoa.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  15. Xaloa Telebista. (2023-08-07). LAXOA FINALA 2023. (Noiz kontsultatua: 2024-08-01).
  16. Xaloa Telebista. (2019-08-14). 2019ko Laxoa Finala.1 eta 2 postuak. Xaloa Telebista- Youtube.
  17. «Irurita Miguelenek jantzi du 40. Laxoa txapelketako txapela - Baztan» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-07).
  18. Gamboa Zabalo, Patxiku. (2019-08-04). «Irurita Miguelene, 2019ko talde txapelduna» www.laxoa.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-07).
  19. Xorroxin Irratia. (2019-08-05). «Irurita Migelenek irabazi du Laxoa txapelketa - Mendialdea» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-07).
  20. «The Moment taldeak eman dio 20. txapela Donezteberi» www.laxoa.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).
  21. «1871 baino lehenago jaiotako pilotariak» (Taula) Wikidata (Noiz kontsultatua: 2019-04-7).
  22. Arispe, Pierre. (1903). Perkain; drame sous la Terreur et dans le pays Basque. Paris Plon-Nourrit (Noiz kontsultatua: 2019-04-27).
  23. «"Perkain le basque" à l'Opéra de Paris. - Euskal kultura prentsan - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-27).
  24. «Perkainen kanta - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).
  25. a b c Aurkenerena Barandiaran, Joseba. (PDF) LITERATURA1023. Perkain eta Azantza Luhusoko pilota-plazan. (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).
  26. Naiz. (2016-08-12). «Emaitza gutxienekoa denean» GARA (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).
  27. «Pilotarientzat - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).
  28. a b Arraztoa, Tiburcio, 1952-. (D.L. 2010). Laxoa la pelota en la plaza. Cénlit ISBN 978-84-96634-60-2. PMC 776278561. (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  29. (Frantsesez) Haritschelhar, Jean. (1964). «Le "lachua" aux Aldudes» kmliburutegia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  30. «Le "lachua" aux Aldudes. - Euskal kultura prentsan - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-27).
  31. (Frantsesez) Haritxelhar, Jean. (1994). Le rabot et la longue. Contribution à l’histoire de la pelote au XIXe siècle. Bulletin du Musée Basque, 1-24 or..
  32. Haritschelhar, Jean. (2002). Laxotik errabotera. ASJU.
  33. Jean Haritschelhar Manuel Lekuona Saria. Eusko Ikaskuntza.
  • (Gaztelaniaz) Arraztoa, Tiburcio, (2004), Guante-Laxoa : la modalidad más antigua de la pelota vasca, T. Arraztoa, ISBN 8460916391
  • (Gaztelaniaz) Arraztoa, Tiburcio, (2010), Laxoa la pelota en la plaza, Cénlit, ISBN 9788496634602
  • (Frantsesez) (Gaztelaniaz)Dabadie, Séverine; Etchezaharreta, Christiane (2011) Laxoa : euskal pilotaren iturburua. Mikel Epalza, Ander Ugarte, Tiburcio Arraztoa hizketan La Cheminante ISBN 9782917598238 PMC 762498584. Itzultzaileak: Kattalin Totorika, PP Ji du Bénares, Edurne Alegria.
  • (Gaztelaniaz) Arraztoa, Tiburcio, (2014), Entre Dios y La Pelota. ISBN: 978-84-15756-52-1
  • (Gaztelaniaz) Arraztoa, Tiburcio, (2017), Doneztebe Pelotari. ISBN: 978-84-16791-45-3

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]