1970eko Italiako GiroaItzuli Handi honen 53. edizioa izan zen. 1970ekomaiatzak 18 eta ekainak 7 artean ospatu zen, 20 etapatan banatutako 3292 kilometroko ibilbidea eginez, garailea izan zen Eddy Merckxek, batez beste, 36,518 kilometro orduko abiaduran bete zituenak. Itzulia San Pellegrinon hasi eta Bolzanon amaitu zen.
130 txirrindularik hasi eta 97k amaitu zuten proba.
Edizio honetan ezarri zen behin betirako maglia ciclaminoa puntukako sailkapenaren liderrarentzat, ordura arte erabilitako kolore gorria ordeztuz.
1969an antidoping kontrol batean anfetaminekin positibo eman izateagatik kanporatua izan ondoren, Merckx Girora 1969ko Frantziako Tourraren garaile bezala itzuli zen, eta, beraz, Giroa irabazteko faboritoa zen. Giroa irabazteko beste hautagai handia Felice Gimondi zen, 1967ko Italiako Giroa eta 1969ko Italiako Giroa irabazi zituena. 7. etapara arte Eddy Merckxen egoera zalantzan zegoen, eta mundu guztiak galdetzen zion bere buruari belgikarra Girora Tourrerako prestakuntza bezala edo itzulia irabazteko asmoz joan ote zen galdetzen zion. Zalantza horiek etapa hori amaitzean uxatu ziren, non bere benetako asmoak erakutsi zituen eta maglia arrosa jantzi zuen. Bi egun beranduago, 56 kilometroko banakako erlojupeko batean, Merckxek azken kolpea eman zuen, gainontzeko faborito guztiei bi minutu baino gehiago ateraz. 12. etapan Miguel Mari Lasa izan zen etapa garailea. Euskal txirrindulariak 8. amaitu zuen sailkapen nagusian. Edizio honetan, Italiako Giroaren antolakuntzak amaiera ikusgarri bat prestatu zuen, azken hiru egunetan mendi garaiko hiru etaparekin. Alabaina, ez zen espero zena gertatu, eta sailkapen nagusiko hoberenen artean ez zen diferentzia handiegirik egon. 18. etapan, Marmoladan amaitu zena, etapako lehen zazpiak minutu baten inguruko tartean sartu ziren helmugara, 8. postutik aurrera guztiek zazpi minutu baino gehiago galdu zituzten arren. 19. eta 20. etapatan beste horrenbeste, eta Gimondi eta Merckx, berriz ere diferentzia handirik gabe sartu ziren, hala, belgikarrak bere bigarren Italiako Giroa irabaziz. Beranduago, urte horretan bertan, bere lehen itzuli bikotea lortu zuen, 1970eko Frantziako Tourra ere irabaziz.