Cork konderria
Cork konderria | |||
---|---|---|---|
Irlandako Errepublika | |||
Administrazioa | |||
Estatu burujabe | Irlandako Errepublika | ||
Province of Ireland | Munster | ||
ISO 3166-2 | IE-CO | ||
Hiriburua | Cork | ||
Zatiketa | ikusi
| ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 52°00′N 8°45′W / 52°N 8.75°W | ||
Azalera | 7.500 km² | ||
Mugakideak | Kerryko konderria, Limerickeko konderria, Tipperaryko konderria eta Waterfordeko konderria | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 542.196 (2016) | ||
Dentsitatea | 72,29 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofiziala | Irlandako gaelera eta ingeles | ||
Ordu eremua | UTC±00:00 | ||
Matrikula | C | ||
corkcoco.ie |
Cork konderria, County Cork edo Contae Chorcaí Irlandako hegoaldean dago eta Munstereko probintziarik populatuena da. 7.457 km2-ko azalera du, hortaz azalerari dagokionez Irlanda osoko konderririk handiena da, eta 2011an 519,032 biztanle zituen. Hiriburua Cork/Corcaigh da (119.230).
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Natura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kostalde luzea duen konderria da Cork, 1094 kilometro hain zuzen ere, eta Irlanda uhartearen hegoalderen dagoen puntua bertan dago, Mizen Head lurmuturra. Hainbat mendikatek zeharkatzen dute konderria, Ballyhoura, Galtee eta Shehy, azken honetan dago konderryko mendirik altuena den Knockboy (706 m).
Hiru ibai daude lurraldean, denak mendebaldetik ekialdera doazelarik. Lee ibaia Corken itsasoratzen da, Blackwater ibaia Youghal udalerrian eta Bandon ibaia Kinsalen.
Hiri handienak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Cork/Corcaigh, 199.230 biztanle
- Carrigaline/Carraig Uí Leighin, 14.775
- Cobh/an Cóbh, 12.347
- Midleton/Mainistir na Corann, 12.001
- Mallow/Mala, 11.605
- Youghal/Eochaill, 7.800
Gaeltachteko herriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaeltacht lurralde gaeliko bi daude Corkeko konderria, bata iparraldean eta bestea mendebaldean. Hauen barruan ondoko herriak daude:
- Baile Bhuirne (Ballyvourney).
- Béal Átha an Ghaorthaidh (Ballingeary).
- Cúil Aodha (Coolea).
- Oileán Chléire (Clear Island).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Konderri errebeldea" izenarekin ezagutzen da, 1919-1921 arteko Irlandar Independentzia Gerran zeresan handia izan baitzuen. Dena dela historia osoan zehar gerra eta gatazka ugari ezagutu izan ditu, eta "konderri errebeldea" ezizena lehenago sortu zen.
Antzinako Irlandan Munster hegoaldeko Deas Mumhan Erresuma (ingelesez "Desmond") osatu zuen gaur egungo konderriaren lurraldeak. MacCarthy Mór dinastia zen erresumaren agintari. XII mendean anglo-normandiarrek inbaditu zuten. MacCarthytarrak mendebalderantz bidaliak izan ziren eta Cork ekialdeaz FitzGeral dinastia hiberno-normandiarra jabetu zen, ondorengoak "Desmodeko konde" bihurtu zirelarik.
1491 urtean Corkera Perkin Warbeck etorri zen. Hau Ingalaterrako tronuaren lehian sarturik zegoen, Bi Arrosen Gerra izenaz ezagutzen den gatazkan, eta Corkeko gudari asko (alkatea bera barne) berarekin Ingalaterrara joan ziren Henrike VII.a Ingalaterrakoaren aurka borrokatzera. Guda galdu zuten eta guztiak exekutatu zituzten. Ordukoa da "konderri errebeldea" ezizenaren sorrera. XVI mendean Desmondarrak ingelesen aurrean altxatu ziren bi matxinada sortuz (1569–1573 eta 1579–83). Hauek ere galdu egin zuten eta lurraldea erabat suntsiturik gelditu zen. Honen ondoren ingelesek kolonizazio kanpaina gogorra hasi zuten. Bederatzi Urteko Gerraren (1594–1603) borrokarik garrantzitsuena Kinsaleko gudua izan zen, hiru hilabeteko setioaren ondoren ingelesek irlandar-espainiar ejerzitoa gainditu zutenekoa. 1606an Desmond lurraldea zatitu eta ofizialki eratu zen Corkeko konderria.
XX mendean, aurrez esan bezala, Irlandako Independentzia Gerran eta ondoren etorri zen Gerra Zibilean zeresan handia izan zuen. 1920an Black and Tans talde britainiarrak Cork hiria erasotu eta 300 eraikin bota zituen. 1922an Corkek Itun anglo-irlandarraren aurka egin zuen eta 1923an Corkeko konderrian hil zuten Michael Collins askatzailea.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kerryko konderriarekin batera Irlandako Hego-Mendebaldeko Eskualdea osatzen du. Corkeko konderriaren motor ekonomikoa Cork hiriaren metropoli eremua da, 400.000 biztanletaraino iristen dena. Lee ibaiaren itsasoratzeak kai naturala osatzen du eta bertan kokatzen da industriagunea, batez ere farmazia enpresek (Pfizer, GlaxoSmithKline, Johnson & Johnson...) eta elektronika enpresek (Apple Inc., EMC, McAfee, VMware...) osatzen dutena.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Cork/Corcaigh hiriburua
- Cobh/an Cóbh, Corken kaia.
- Kinsale/Cionn tSáile
- Bantry etxea
- Blarneyko gaztelua
- Desmond gaztelua
- Timoleague abatetxea
- Drombeg harrespila
Pertsonaia ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sir Walter Raleigh (1554-1618), aristokrata ingelesa.
- Feargus O'Connor (1794-1855), politikaria.
- Mary Harris (1837-1930), politikaria.
- Terence MacSwiney (1879-1920), politikari nazionalista, idazlea, gose grebalaria eta Cork hiriko alkate ohia.
- Michael Collins (1890-1922), politikari eta militarra.
- Seán Ó Ríordáin (1917-1977), irlanderazko poeta.
- Jack Lynch (1917-1999), Irlandako Errepublikaren gobernuko burua.
- Seán Ó Riada (1931-1971), musikaria.
- Rory Gallagher (1948–1995), musikaria. Donegalgo konderrian jaioa baina Corkeko konderria hazia.
- Fiona Shaw (1958- ), aktorea.
- Cillian Murphy (1976-), aktorea.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joko gaelikoak dira nagusi. Cork GAA taldeak 30 aldiz irabazi du hurlingaren txapelketa nagusia eta Irlandako konderrien artean garaipen gehien dituen bigarrena da. Futbol gaelikoari dagokionez zazpi garaipen ditu txapelketa nagusian. 1890 eta 1990 urteetan txapelketa biak irabaztea lortu zuen.
Errugbiak ere indarra badu. 2006 eta 2008an Heinecken Cup txapelketa handia irabazi zuen Munster Rugby taldearen egoitzetako bat Corken dago, bestea Limericken.
Futbolean ere maila ona erakutsi dute Corken izan diren taldeek. Bakoitzak jarraipen handirik izan ez badu ere Irlandako 11 Liga eta 10 Kopa irabazi dituzte, azken garaipenak 2005ean Ligan eta 2007an Kopan izan direlarik.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Cork hiriko St. Patrick's kalea.
-
Kinsalego merkatu plaza.
-
Cobh.
-
Baltimoreko kaia.
-
Macroomeko gaztelua.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez)Corkeko konderriaren webgunea.
{{#coordinates:}}: cannot have more than one primary tag per page