Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Estrogeno

Wikipedia, Entziklopedia askea

Estrogenoak obarioek eta giltzurrun gaineko guruinek ekoizten dituzten sexu-hormonak dira eta, sexu-ezaugarri femeninoen garapena eraentzen dute, bai ugalketa-sistemarena eta bai sexu-ezaugarri sekundarioena ere[1][2]. Estrogenoak kontzentrazio baxuagoan ageri dira sexu maskulinoko pertsonetan sexu femeninokoetan baino, baina funtzio fisiologiko garrantzitsuak dituzte sexu bietan.

Estrogenoak ornodun[3] eta intsektu[4] guztietan sintetizatzen dira eta, beraz, badirudi sexu-hormona estrogenikoek aitzindari komuna dutela.

Egitura kimikoa eta motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogenoak ziklopentanoperhidrofenantrenoaren deribatu kimikoak dira. Oro har, hiru ziklohexanoz (A, B, C eraztunak) eta ziklopentano batez (D eraztuna) osatuta dauden 18 C-ko molekulak dira. Izatez, A eraztuna konposatu fenolikoa da, C3an OH taldea duena, eta hartzaile estrogenikoekiko afinitate handiko finkapen-gune espezifikoa da.

A irudian ziklopentanoperhidrofenantrenoren egitura ageri da. B irudian, aldiz, estrogeno mota bakoitzaren egitura.

Estrogeno nagusiak estrona (E1), estradiola (E2), estriola (E3) eta estetrola (E4) dira. Estradiolak 3 lotura bikoitz ditu A eraztunean, OH bat C3n eta beste OH bat C17an. Emakumeen ugalketa-urteetan zehar estradiola estrogeno-hormona nagusia da. Estrona, aldiz, estradiolaren oxidazio-produktua da, eta C17an zetona talde funtzionala du. Menopausian estrogeno zirkulatzaile nagusia da. Estriola estradiolaren hidratazioaren ondorioz sortzen da eta C16an OH gehigarria dauka. Haurdunaldian estriolaren kontzentrazio serikoa estradiolarena baino handiagoa izaten da. Izatez, plazentak estriola sortzen du. Estriolak umetokiaren hazkundea suspertzen du umea bertan ezar dadin eta, baginaren eta muskulu abdominalen paretak biguntzen ditu, umearen erditze-kanaletiko jaiotza errazago izan dadin. Azkenik, estetrol (E4) izeneko estrogenoa dago, zeina haurdunaldian baino ez den agertzen.

Hipotalamo-hipofisi sistemak sexu-organoetan bideratutako estrogenoen jariaketa.

Biosintesia, jariapena eta banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu femeninoko pertsonetan, estrogenoak nagusiki obarioetan sintetizatzen dira, folikuluen zelula pikortsuetan eta gorputz luteoan. Hala ere, haurdunaldian zehar plazentan ere sintetizatzen dira estrogenoak[5]. Gainera, estrogeno batzuen kantitate txikiak sintetizatzen dira beste ehun batzuetan ere: gibela, pankrea, hezurrak, giltzurrun gaineko guruinak, epidermisa, garuna, ehun adipotsua[6] eta ugatzak[7].

Estrogenoen jariaketa sexu-organoetan hipotalamo-hipofisi sistemaren eraginez gertatzen da. Hormona folikulu-estimulatzailea (FSH) estrogenoen sintesia eta jariaketa sustatzen du obario eta testikuluetan. FSH hormona gonadotropikoa denez, hormona gonadotropina-askatzailearen (Gn-RH) bitartez kontrolatuta dago.

Gn-RH ⇒ FSH ⇒ Estrogenoak

Menstruazioaren odoljario-fasea bukatutakoan, folikuluaren garapenak aurrera jarraitzen du, eta gero eta estrogeno kantitate handiagoa jariatzen du, estrogenoen kantitate-maila maximora iritsi arte. Maximo horren ostean, jariaketa-maila basaleraino jaisten da, eta maila horretan mantentzen da obulazioa berriz hasi arte[8].

Jariaketa prozesu hori atzeraelikadura negatiboko kontrol-mekanismoaren bitartez erregulatzen da. Izan ere, jariatutako estrogeno kantitate handiek Gn-RH askatzea inhibitzen dute eta, beraz, estrogenoen jariaketa prozesua da jariaketaren amaiera arautzen duena.

Estrogenoen sintesi prozesuko erreakzioak [9]

Sintesi prozesua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu femeninoko pertsonetan, estrogenoen sintesia obario barneko zeluletan hasten da. Kolesteroletik abiatuta, progesterona sintetizatzen da. Ondoren, progesterona androstenediona bihurtzen da, testosterona eta estrogenoak sintetizatzeko aitzindaria. Hurrengo urrats batean, gainera, estradiol bihur daiteke.

Erreakzio garrantzitsuenetan arreta jarrita, androstendiona testosterona bihurtzeko prozesua 17β-hidroxiesteroide deshidrogenasak (17β-HSD) katalizatzen du. Ondoren estradiol bihurtzeko erreakzioa aromatasak katalizatzen du. Hala ere, prozesu osoa gerta dadin, zelula pikortsuek eta tekaren zelulek adierazten dituzten entzimak behar dira eta, beraz, obarioetako zelula mota biak funtsezkoak dira estrogenoen ekoizpenerako.

Sexu maskulinoko pertsonetan, aldiz, estrogenoak Sertoliko zeluletan ere sintetizatzen dira, FSH FSH hartzaileei lotutakoan.

Garraioa eta iraizketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogenoak, lipidoetan disolbatzen direnez, proteina plasmatikoei lotzen zaizkie garraiorako: albuminari eta sexu-hormonak batzeko globinari. Iraizketa-prozesuan zehar konjugatu edo batu ere egin behar dira baita ere, gernuaren bitartez kanporatuak izateko.

Estrogenoak hidroxilazioaren bidez metabolizatzen dira, nagusiki gibelean. Estrogenoen hidroxilazioa P450 zitokromo entzimen bidez egiten da, esaterako, CYP1A1 eta CYP3A4, estrogeno-sulfotransferasen (sulfatazioa) eta UDP-glukuroniltransferasen (glukuronidazioa) bidez. 17β-hidroxiesteroide deshidrogenasak, aldiz, estradiola deshidrogenatzen du, eta aktibitate ahulagoko estrogeno (estronan) bihurtzen du.

Estrogenoen ekintza-mekanismoaren eskema.

Ekintza-mekanismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogenoak hormona esteroideak direlarik, mintz plasmatikoa zeharkatzeko gaitasuna dute. Zelularen barruan daudenean, nukleora hurbildu eta han, estrogeno-hartzaileekin (ER) batzen dira. Modu horretan, proteinen sintesia erregulatzen dute, zenbait generen adierazpena modulatuz[10]. Izan ere, proteinen sintesia geneen araberakoa da, DNA mailan dagoen informazioa RNA mailara transkribatu eta, ondoren proteinetara itzultzen delako. Hala ere, azaldutako mekanismoaz gain, bestelako seinaleztapen-bideak ere aktiba ditzakete estrogenoek beste hartzaile batzuekin batzen direnean, adibidez, mER[11][12] eta GPER[13] hartzaileekin.

Garrantzi biologikoa eta funtzioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogenoek endometrioko, ugatzeko eta obarioko zelulen proliferazioa eragiten dute. Endometrioan estrogenoek gestagenoarekin batera jarduten dute. Gestagenoa emakumezkoen sexu-hormona da eta endometrioaren heltzea sustatzen du. Horretaz gain, estrogenoek gaixotasun zerebrobaskularren prebentzioan jarduten dute.

Gainera, estrogenoak hilekoaren zikloa erregulatzeaz ere arduratzen dira. Hilekoaren lehenengo astean kontzentrazio handian egoten dira, baina obulazioa igarotakoan murriztu egiten da haien kantitatea. Haurdunaldian ere oso altua izaten da estrogeno kantitatea.

Aitzitik, menopausiaren ostean, estrogenoen maila nabariki jaisten da, eta jaitsiera horrek albo-ondorio gaiztoak dakartza: beroaldiak, bularraren eta ugalketa-organoen tamainaren txikiagotzea, jokaera-aldaketak, eta bai osteoporosia eta gaitz kardiobaskularrak ere, estrogenoek bi gaitz horien aurkako babesa ematen baitiete emakumeei.

Ez hori bakarrik, estrogenoek genitalei, gernu-aparatuari, odol-hodiei, bihotzari, hezurrei, ugatzei, azalari, ileari, muki-mintzei, pelbis-muskuluei eta garunari ere eragiten diete. Estrogenoen kantitatea urria da haurtzaroan, eta igo egiten da gaztaroan. Izan ere, estrogenoek bigarren mailako sexu-karaktereen garapena eragiten dute nerabezaroan, hala nola ile pubikoaren hazkundea.

Sistema organiko askok, sistema muskuloeskeletiko eta kardiobaskularra eta garuna barne, estrogenoen eragina dute.

  • Odoleko gantzen eta kolesterolaren metabolismoan eragiten dute. Estrogenoen ekintzari esker, kolesterol-maila baxu mantentzen da eta kolesterol-onaren (HDL) sintesia areagotzen da.
  • Gorputzeko gantza banatzen laguntzen dute: emakumeen gorpuzkera osatzen dute, aldaketan eta bularretan koipe gehiago metatzea eragiten baitute.
  • Paratiroidearen (PTH) moduko hormonen ekintza indargabetzen dute. PTH moduko hormonek hezur-birxurgapena sustatzen dute, eta hezurra hauskor eta porotsu bihurtzen dute. Estrogenoek hezurraren metabolismoan eragiten dutelarik, hezurrak kaltzioa galtzea eragozten dute eta eskeletoaren sendotasunari eusten laguntzen dute.
  • Estrogeno mailaren jaitsierak eragina du emakumearen jarrera emozionalean, eta umore-, suminkortasun- eta depresio-aldaketak eragiten ditu.
  • Estrogeno-kontzentrazioaren handipenak emakumeen arteko aginte- eta lehia-sentimenduak sustatzen ditu.
  • Estrogenoek eragina dute emakumearen zein gizonaren kitzikapenean eta orgasmoan ere, hau da, sexu-grinan.
  • Estrogenoak kolagenoaren sintesia sustatzen du, ehun konektiboaren osagai nagusia dena.
  • Larruazalaren pigmentazioa estimulatzen dute, batez ere titiburuetan, areoletan eta genitaletan.

Estrogenoen erabilera medikuntzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogeno sintetikoak sendagai gisa erabiltzen dira menopausiaren ondorioei aurre egiteko, zenbait eritasun tratatzeko eta antisorgailuak ekoizteko.

Erabilera menopausian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Menopausia duten pertsona batzuek estrogenoak hartzen dituzte osteoporosiaren garapena saihesteko eta menopausiaren sintomak tratatzeko. Sintoma horien artean daude beroaldiak, baginako lehortasuna, gernu-inkontinentzia, hotz-sentsazioak, zorabioak, nekea, suminkortasuna eta izerdia. Osteoporosiaren garapena saihesten dutenez, hezurrak hausteko probabilitatea jaisten da, eta hezur-dentsitatea handitzen dute.

Antisorgailuen sintesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogenoek efektu antisorgailuak dituzte, eta progestinarekin (progestageno sintetikoa) batera erabiltzen dira jaiotza-tasa kontrolatzeko eta nahi ez diren haurdunaldiak saihesteko. Estrogenoek efektu horiek dituzte eragin antigonadotrotropikoa eta obulazioa inhibitzeko gaitasuna dutelako. Antisorgailuen artean, ahotiko antisorgailuak, adabaki antisorgailuak, baginako eraztunak eta antisorgailu injektagarri konbinatuak nabarmentzen dira.

Antzutasunaren tratamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogenoak haurdun geratzeko arazoak dituzten pertsona batzuetan antzutasuna tratatzeko erabil daitezke. Izan ere, kasu batzuetan, haurdun geratzeko arazoa da umetoki-lepoko mukosa edo endometrioa espermarentzako ingurune ezegokia dela. Gorputzeko atal horiek estrogenoen itu-gune direnez, estrogenoak erabil daitezke[14][15].

Akromegaliaren tratamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogenoak akromegalia tratatzeko ere erabiltzen dira. Izan ere, estrogenoek hazkunde-hormonak induzitutako intsulinaren hazkunde-faktorearen (IGF-1) sintesia inhibitzen dute gibelean. Hala, IGF-1ek sustatzen duen hezurren eta ehunen hazkundea inhibitzen da[16][17][18].

Prostatako minbiziaren tratamendua

Estrogeno-dosi handiko terapiak gizakietan prostatako minbizia tratatzeko ere erabiltzen dira, adibidez, dietilestilbestrola, etinilestradiola, poliestradiol fosfatoa, estradiol undezilatoa, estradiol valeratoa eta estradiola[14]. Terapia eraginkorra da estrogenoak antiandrogeno funtzionalak direlako, hau da, testosterona maila murrizten dutelako sexu-loturako globulinaren (SHBG) ekoizpena handitzen dutenean. Estrogeno-dosi handiko terapiek tolerantzia eta segurtasun txikia dutenez, askotan antiandrogeno berriak erabiltzen dira estrogenoen ordez.

Albo-ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estrogenoak hartzeak albo-ondorio ohiko zein arraroak ekar ditzake. Hala ere, progestagenoak hartuz albo-ondorio horiek moteltzen dira, betiere hautatutako progestageno-motak seinaleztapen-bide egokian eragina badu eta dosia egokia bada.

Albo-ondorio ohikoenak bular-sentikortasuna, bularren haziera, buruko mina, goragalea, likidoen atxikipena eta edema dira. Sexu femeninoko pertsonetan, estrogenoek baginako odol-jarioa eta obulazioaren gabezia ere eragin ditzakete. Sexu maskulinoko pertsonetan, aldiz, estrogenoek ginekomastia (bular-garapena), disfuntzio sexuala (libidoa gutxitzea eta erekzio-disfuntzioa), hipogonadismoa, testikulu-atrofia eta antzutasuna ere eragin ditzakete.

Estrogenoak hartzeak osasun-arazo larriak izateko arriskua emendatzen du. Arazo horien artean daude, endometrio-hiperplasia, endometrio-minbizia, arazo kardiobaskularrak (odol-koaguluak, garuneko istripua, bihotzekoa), kolestasia hepatotoxikoa, behazun-xixkuko gaixotasuna, hiperprolaktinemia, prolaktinoma eta dementzia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Huether, Sue E.. (2019). Understanding Pathophysiology - E-Book. (7th. argitaraldia) ISBN 978-0-323-67281-8. PMC 1274870699. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  2. Satoskar, R. S.. (2017). Pharmacology and pharmacotherapeutics. (Twenty-fifth edition. argitaraldia) ISBN 978-81-312-4941-3. PMC 1053867945. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  3. Ryan, K. J.. (1982-08). «Biochemistry of aromatase: significance to female reproductive physiology» Cancer Research 42 (8 Suppl): 3342s–3344s. ISSN 0008-5472. PMID 7083198. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  4. (Ingelesez) Mechoulam, R.; Brueggemeier, R. W.; Denlinger, D. L.. (1984-09). «Estrogens in insects» Experientia 40 (9): 942–944.  doi:10.1007/BF01946450. ISSN 0014-4754. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  5. Marieb, Elaine. (2013). Anatomy & physiology. Benjamin-Cummings, 903 or. ISBN 978-0-321-88760-3..
  6. (Ingelesez) Hemsell, David L.; Grodin, J. M.; Brenner, P. F.; Siiteri, P. K.; Macdonald, P. C.. (1974-03). «Plasma Precursors of Estrogen. II. Correlation of the Extent of Conversion of Plasma Androstenedione to Estrone with Age 1» The Journal of Clinical Endocrinology & Metabolism 38 (3): 476–479.  doi:10.1210/jcem-38-3-476. ISSN 0021-972X. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  7. Barakat, Radwa; Oakley, Oliver; Kim, Heehyen; Jin, Jooyoung; Ko, CheMyong Jay. (2016-09). «Extra-gonadal sites of estrogen biosynthesis and function» BMB reports 49 (9): 488–496.  doi:10.5483/bmbrep.2016.49.9.141. ISSN 1976-670X. PMID 27530684. PMC 5227141. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  8. [www.biology-pages.info Hormones of the Reproductive System. ].
  9. Pogodina, V. V.. (1975-11). «Elizaveta Nilolaevna Levkovich-75th birthday» Acta Virologica 19 (6): 509. ISSN 0001-723X. PMID 2002. (Noiz kontsultatua: 2022-10-29).
  10. Nussey, Stephen. (2001). Endocrinology : an integrated approach. Bios ISBN 1-85996-252-1. PMC 54527542. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  11. Soltysik, K.; Czekaj, P.. (2013-04). «Membrane estrogen receptors - is it an alternative way of estrogen action?» Journal of Physiology and Pharmacology: An Official Journal of the Polish Physiological Society 64 (2): 129–142. ISSN 1899-1505. PMID 23756388. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  12. (Ingelesez) Micevych, Paul E.; Kelly, Martin J.. (2012). «Membrane Estrogen Receptor Regulation of Hypothalamic Function» Neuroendocrinology 96 (2): 103–110.  doi:10.1159/000338400. ISSN 0028-3835. PMID 22538318. PMC PMC3496782. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  13. (Ingelesez) Prossnitz, Eric R.; Arterburn, Jeffrey B.; Sklar, Larry A.. (2007-02). «GPR30: A G protein-coupled receptor for estrogen» Molecular and Cellular Endocrinology 265-266: 138–142.  doi:10.1016/j.mce.2006.12.010. PMID 17222505. PMC PMC1847610. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  14. a b (Ingelesez) Oh, William K.. (2002-09). «The Evolving Role of Estrogen Therapy in Prostate Cancer» Clinical Prostate Cancer 1 (2): 81–89.  doi:10.3816/CGC.2002.n.009. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  15. Unexplained infertility : pathophysiology, evaluation and treatment. 2015 ISBN 978-1-4939-2140-9. PMC 908931840. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  16. (Ingelesez) Duarte, Felipe H.; Jallad, Raquel S.; Bronstein, Marcello D.. (2016-11). «Estrogens and selective estrogen receptor modulators in acromegaly» Endocrine 54 (2): 306–314.  doi:10.1007/s12020-016-1118-z. ISSN 1355-008X. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  17. (Ingelesez) Stone, Jennifer C.; Clark, Justin; Cuneo, Ross; Russell, Anthony W.; Doi, Suhail A. R.. (2014-06). «Estrogen and selective estrogen receptor modulators (SERMs) for the treatment of acromegaly: a meta-analysis of published observational studies» Pituitary 17 (3): 284–295.  doi:10.1007/s11102-013-0504-2. ISSN 1386-341X. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).
  18. (Ingelesez) Shimon, Ilan; Barkan, Ariel. (2012-12). «Estrogen treatment for acromegaly» Pituitary 15 (4): 601–607.  doi:10.1007/s11102-012-0426-4. ISSN 1386-341X. (Noiz kontsultatua: 2022-10-28).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]