Günter Grass
Günter Wilhelm Grass (Danzig —gaur egun, Gdańsk, Polonia— 1927ko urriaren 16a - Lübeck, 2015eko apirilaren 13a[1][2]) alemanezko idazlea izan zen. Haren lanik ezagunena Latorrizko danborra da (1959). Nazionalsozialismoaren erru-kezkak azaltzen dituzte Grassen idazlanek. 1999an Literaturako Nobel saria jaso zuen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Günter Grass 1927ko azaroaren 10ean jaio zen Dantzingen. Unibertsaltasunaren sen handiari sorterriarekiko atxikimendua lotu izan zion beti, bere jatorriak hartaraturik, alemana, poloniarra eta kaxubiarra baitzen izatez. Literatura talde itxietatik eta unibertsitateko ikasbideetatik kanpo egin zuen bere prestakuntza. 1944an soldadu joan zen Bigarren Mundu Gerrara; 1945ean Estatu Batuetako soldaduek zauritu eta preso hartu zuten. 1946an askatu zuten, eta landetxe batean lan egin zuen bolada batean, gero potasio meatze batean, eta orduantxe hasi zen pixkanaka-pixkanaka eskultura lanetan, hilen oroitarriak egiten zituen enpresa batean zegoela. Horrez gainera, Düsseldorfeko arte ederren eskolan ari izan zen ikasten, eta gero Berlingoan. Izan ere, Grass idazle gisa izanagatik ospetsu, haren lan grafikoa ere oso kontuan hartzekoa da.
1954an Anna Schwarz dantzariaren ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituen harekin. 1955ean Gruppe 47 idazle-taldeko kide egin zen[3], 1956an lehenbiziko olerkiak argitaratu zituen, eta 1957an Onkel, Onkel eta Hochwasser antzerki lan laburrak[4]. 1956tik 1959ra Parisen bizi izan zen[3], gero Berlinen hartu zuen bizilekua, eta literatura idazten jarduteaz gainera, gogotik ari izan zen politikan Alemaniako alderdi sozialistan.
1959an Die Blechtrommel («Latorrizko danborra»), bere eleberririk ospetsuena, kaleratu zuenean harrera ezin hobea egin zion nazioarteko kritikak. Hura zen hogeita hamabi urteko gazte haren lehenengo nobela; ordura arte giro eta talde txiki batzuek baizik ez zuten artista hura balioesten, marrazkilari eta olerkari gisa gainera, haien artean Gruppe 47k, goraipamen handiak egin baitzizkion Grassi 1958an. Nahiz irakurle eta kritikari batzuk harrituta utzi zituen nobela haren ugaritasun neurriz gainekoak, haren tabu moral eta estilistiko guztien ukazioak, inor ez zen ausartu Grassen asmamenaren orijinaltasun harrigarria eta haren idazkeraren aberastasuna ukatzen. Haren ospea berehala zabaldu zen Alemaniatik kanpo. Katz und Maus (1961, «Katua eta sagua») eta Hundejahre (1963, «Zakur urteak») eleberriek ere ospea eman zioten eta osatu zuten "Danzig trilogia" izenekoa. Bertan, bere gazte sasoiko Danzig hiriko gizarte burges txikiaren deskripzio karikaturazkoa egiten du.
1972an Tagebuch einer Schnecke («Barraskilo baten egunerokoa») idatzi zuen, bere jarrera politikoak arrazoitzeko asmoz. Arnas luzeko eleberria da Der Butt (1977, «Erreboiloa»), eta gizateriaren historia fantastikoa kontatzen da bertan erreboilo baten ikuspuntutik. Mundu ezkor, krudel eta bortxazkoa agertzen du Grassek, hizkera trinko eta sarri barrokoaren bidez.
1978an dibortziatu egin zen eta Ute Grunert organo jotzailearekin ezkondu zen 1979an. 1983tik 1986ra Berlingo Arte Akademiako lehendakari izan zen. 1986-1987an sei hileko egonaldia egin zuen Kalkutan. 1999an, Letretako Asturiasko Printzea saria eskuratu zuen eta Nire mendea, ehun testu argitaratu zuen. Urte berean, Literaturako Nobel saria eman zioten.
Idazgintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historiaren higuina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazien garaian erbesteratu behar izan zuten idazleen artean bada bat, Thomas Mann, bere Doktor Faustus nobelan, 1947an, Hitlerren txikizioarekin kontuak garbitu zituena. Baina oso bestelako egoeran bizi behar izan zuten Alemanian bertan gelditu eta nazismoaren errua eta zigorra bere gain hartu behar izan zuten idazle gehienek. Gerra ondoan Alemaniak luzaroan eutsi behar izan zion errudun eta galtzaile izatearen zama astunari, eta literatura alemanak ez zuen jakin, oro har, egoera hura adierazten, ez aipamen errealistaren bidez, ez fantasiazko ihesbideak eta formazko birtuosismoak baliatuz.
Beraz, Grassek Latorrizko danborra argitaratu zuenean aurreneko aldiz aipatu eta gaitzetsi zuen idazle aleman batek bere obran eguneroko faxismoa; eta faxismo hori kaleko gizonak bizi izan zuen moduan zegoen kontatua, aldi berean biktima eta errudun, era berean urrundua bai kriminal handiengandik eta bai nazismoari aurre egin zieten gutxi horiengandik. Bere herriaren kontzientzia berarengan gorpuzten zuen gizon txit zuzen eta txit prestuaren eredu ederrari men egin gabe -horixe bera egin izana egotzi izan dio batek baino gehiagok Heinrich Böll idazle aleman handiari-, Grassek modurik zakar eta gogorrenean, parodia barregarri bat eginez, kendu zion mozorroa eguneroko nazismo horri. Bere nobeletan irudikatu zituen Dantzingeko burges txiki uniforme naziz jantzi horiek inongo ardurarik gabe eta oharkabean dira hiltzaile eta antisemita, filatelista edo arrantzale izan zitezkeen modu berean.
Gaiztakeriaren hutsalak asaldatzen zuen batez ere Grass, eta horren kontra idazketak ematen dizkion baliabide guztiak jarr zituen abian, baita gustu txarrekotzat har daitezkeenak ere. Hala, Katz und Maus (1961, «Katua eta sagua») nobelan zintzur-sagarra ikaragarri handia izateak sortzen dion gutxiagotasun konplexua menderatzeko, heroi gerrazale bihurtzen den ergel handi baten erretratu ankerra egin zuen, asmamen handiz eta gertaera bitxiz betea.
Juduen aurkako pertsekuzioak Grassek ez zituen modu bakarrean aipatu bere obran; batetik, Aus dem Tagebucheiner einer Schnecke (1972, «Barraskilo baten egunerokoa») eleberrian juduen zapalketaren halako historia didaktiko bat egin zuen, bere seme-alabentzat berariaz idatzia, esetsaldi haren alderdirik izugarrienak pasadizo patetikoen edo isekazkoen bidez agerian jarririk. Ez zuen irakurlea atzera begirako kontzientzia onera makurrarazi nahi, ernai eduki nahi zuen, aitzitik, orainaldian eta etorkizunean halakorik berriz gerta ez dadin.
Hundejahre (1963, «Zakur urteak») nobelan, Walter Matern protagonistaren bidez, idealista alemana gorpuztu nahi izan zuen Grassek, oso epe laburrean eta inongo oportunismo kutsurik gabe, bere dotrina askatzailea komunismoan, nazionalsozialismoan, katolizismoan eta, azkenik, antifaxismoan ikusten duena. Eta, azkenerako, metodo faxistekin ekintza antifaxista bat egitera ere iritsiko dena.
Kontakizunaren zaletasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arestian aipatu dira Grass kezkatuta zeukaten eta bere literaturan landu izan zituen gaietako batzuk, baina guztiz aipagarria da tesi horiek bideratzeko Grassek etengabe frogatu zuen irudimenezko etorria, izugarrikeria eta parodia elkartuz, hitzezko trukulentzia harrigarri batez emana, eta lanerako grina nekaezin batez sustatua, alfer ekina baitzen Grass, nagialdia jardunean eman beharra zeukana: «Beti zerbaitetan aritu beharra daukat: hitzak lantzen, belarrak mozten (...), ezer ez egiten, baina erne».
Idazten hasterakoan Grass hizkuntzari oldartzen zitzaion bere pertsonaiak emakumeei edo jatekoari oldartzen zaizkion bezalaxe -ez baita ahantzi behar Grass sukaldari bikaina eta mokofina zela, berak aitortu zuenez-. Baina ez zituen literatura genero guztiak modu berean landu. Haren olerki asko, adibidez, elkarrizketan oinarrituak dira, eta antzerkiaren baliabideak dakartzate gogora; eta antzerki lan baterako diruditen ideia batzuk askoz hobeto moldatu izan zituen nobelaren baitan (Atal bateko anestesiaren bigarren partea, adibidez).
Hasieran absurdoaren antzerkiak eragin handia izan zuen Grassengan, baina berehala abiatu zen salaketa politikoaren bidetik; Plebeioak matxinatzeko saioan ari dira berriz antzerki lanean, 1953ko ekainaren 17an Berlingo ekialdean izan zen matxinada odoltsuaren ondoren Bertold Brechtek izan zuen jarrera kritikatu zuen Grassek; hala eta guztiz ere, antzerkirako sen handirik ez izatea egotzi izan zaio Grassi.
Intrigen asmatzaile baino gehiago, gertaldien eta egoeren asmatzaile zen Grass, eta askoz erosoago mugitzen zen nobelari dagokion denboran. Irudien indar eldarniozkoa da Grassen indarraren arrazoietako bat; hala, adibidez, aingirak borborrean zaldi hil baten buruaren barruan (Latorrizko danborra), edo errusiarrek Berlin mendean hartu zutenekoa, Hitlerren zakurra, Printz, harrapatzeko ehizaldi handi-handi baten gisa kontatua. Grassen iritzian, fantasiak baizik ez dezake eman errealitatearen zoramenaren berri: «Satira, elezaharra, parabola, mamuen historiak, errazkeriaz gaur egun surrealismo esaten zaion hori guztia errealitate horren zerbitzuan dago eta haren parte da».
Elementu guztiek bizia duten mundu horretan, objektuak ezinbesteko elementuak dira, animaliek hitz egiten dute —Perle eta Strich saguek Uztan— eta haiek izaten dira maiz protagonistak —Barraskilo baten egunerokoa eta Zakur urteak—; ume batek gehiago ez haztea erabakitzen du, eta danborra joz, nazien mitin bat charleston dantzaldi bihurtzen du —Latorrizko danborra—. Eta dena neurriz gainekoa duen mundu horretan, egileak birtuosismo harrigarriz konbinatzen ditu halako hitzezko jarioezin agortuzkoan elipsea, hitz jokoa, herri poesia, haur kantak, metereologiazko albisteak, nazien esloganak, hizkera komunista, filosofoen erretorika, Bibliako estiloa, nazien erretorika, eskualdeetako hizkera bereziak, umeen hizkera, puta etxeetako giroko hizkuntza lizuna, Schillerren moduko hitz formulak...
Hori guztia baliaturik, Grassek entzungor egiten zien kronologia zehatzegi errespetatzea eta abangoardiako esperimentuei muzin egitea egozten zioten horiei. Baina halakoekin berehala garbitu zituen kontuak Oscar Latorrizko danborra-ko protagonistaren hitzetan: «Badago historia bat erditik kontatzen hastea, eta badago, gero, urrats ausart batez, hasiera eta bukaera nahastea. Badago genero modernoaz baliatzea, garaiak eta distantziak ezabatzea, eta espazioaren eta denboraren arazoari azkenik konponbidea aurkitu diozula aldarrikatzea gero. Badago, baita ere, gaur egun nobelarik ezin idatz daitekeela esatea, eta gero, norberaren ezkutuan, hori esatea zilegi bazait, nobela lodikote bat idaztea, munduan den azken nobelagilearen plantak egin ahal izateko. Esan didate baita ere oso gauza txukun eta moduzkoa dela baieztapen hau aintzat hartzea: nobelako heroiarenak egin du, indibidualismoarenak egin duelako. (...) Azken finean, hori ez da ezinezkoa. Baina guri dagokigunez, neuri Oscarri eta Bruno nire gaixozainari, argi eta garbi esango dut kontua zertan den: gu biok heroiak gara».
Ideologien kontra, gizartearen alde
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teoriekiko mesfidantza horretan, indibidualismoaren ikuspegi berezi horretan du oinarria Grassen jarrera politikoak. Haren eleberrietako pertsonaia asko burges txiki barregarriak dira; ideologiak txorimalo gisa deskribatzen ditu libururen batean; Heideggeren parodia isekazko bat egin zuen beste pasarte batean eta, oro har, etengabe larrutu izan zuen intelektual jendea: «Ezagueraz zenbat eta argiagoak izan, orduan eta gehiago ospatzen dituzte, ergelkeriaz, haien orgien txikizioak». Horrelako printzipioekin, Grassek bazuen halako indibidualismo isekari batean gerizatzea, baina nahiago izan zuen egunez egun borroka egitea alderdi sozialdemokrataren baitan, aukera hori hobetsi baitzuen beste aukera, haren iritzian, txarragoen artean; hala ere, gogotik kritikatu zuen, behin baino gehiagotan, alderdi hori: «Sozialdemokrata naiz, niretzat sozialismoak demokraziarik gabe ez duelako ezertarako balio, eta gizartearen alde ez dagoen demokrazia ez delako demokrazia». Luzaroan izan zen Willy Brandt politikariaren adiskide mina.
Era berean, Grassek gogor gaitzetsi zuen Alemania bateratzeko erabili zen bidea, esanez Mendebaldeko Alemaniak zeharo irentsi zuela Ekialdeko Alemania, eta hango herritarrak bigarren mailako aleman bihurtu zituela. Horrek Grassi sortu zion kezkaren ispilu da, Zelai zabala eta Nire gizaldia eleberrietan auzi horrek duen garrantzia, lehena batasun horren fikziozko kronika moduko bat baita, eta bigarrena Alemaniaren historiako mende osoaren kontakizuna, alderdi, pertsona eta garai desberdinetatik ikusia. Bi liburu horiek polemika handia sortu zuten Alemanian, kritikariek gogor gaitzetsi zituzten, baina Europako beste herrialde askotan, aitzitik, harrera ezin hobea izan zuten, halako moduan non esan baitaiteke Grassek askoz itzal handiagoa zuela Alemaniatik kanpo, Alemania barnean baino, eta hori aski garbi geratu zen 1999an Nobel saria eman ziotenean, Alemaniako komunikabideetan ez baitzuen inondik ere izan handik kanpo izan zuen oihartzun handiaren izpirik.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eleberriak, eleberri laburrak eta ipuinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Latorrizko danborra (1959)
- Katz und Maus (1961) («Katua eta sagua»)
- Hundejahre (1963) («Zakur urteak»)
- Örtlich betäubt (1969)
- Aus dem Tagebuch einer Schnecke (1972) («Barraskilo baten egunerokoa»)
- Der Butt (1979)
- Das Treffen in Telgte (1979) («Batzarra Telgten»)
- Kopfgeburten oder Die Deutschen sterben aus (1980)
- Die Rättin (1986) («Arratoia»)
- Zunge zeigen. Ein Tagebuch in Zeichnungen (1988)
- Unkenrufe (1992)
- Ein weites Feld (1995)
- Mein Jahrhundert (1999) («Nire mendea»)
- Im Krebsgang (2002)
- Beim Häuten der Zwiebel (2006)
- Dummer August (2007)
Antzerki lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Die bösen Köche. Ein Drama (1956)
- Hochwasser. Ein Stück in zwei Akten (1957)
- Onkel, Onkel. Ein Spiel in vier Akten (1958)
- Noch zehn Minuten bis Buffalo. Ein Spiel in einem Akt (1958)
- Die Plebejer proben den Aufstand. Ein deutsches Trauerspiel (1966)
Poesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Die Vorzüge der Windhühner (1956)
- Gleisdreieck. Gedichte mit Zeichnungen des Verfassers (1960)
Novemberland. 13 Sonette (1993)
- Letzte Tänze (2003)
- Lyrische Beute (2004)
- Eintagsfliegen (2012)
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Katua eta sagua (Katz und Maus) (1994). Ibaizabal argitaletxea. Itzultzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu[5].
- Batzarra Telgten (Das Treffen in Telgte) (2002). Alberdania argitaletxea. Itzultzailea: Andolin Eguzkitza
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Gunter Grass Literatura Nobel sariduna hil da. Eitb.eus.
- ↑ Zabala, Juan Luis. (2015-04-13). Guenter Grass hil da. Berria.eus.
- ↑ a b Günter Grass - Biographical Nobelprize.org
- ↑ Günter Grass Republique-des-lettres.fr
- ↑ Grass, Günter: Katua eta sagua Itzultzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu. Ibaizabal, 1994
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskarari ekarriak: Günter Grass Ekarriak.armiarma.eus
- Biografia alemanez