Hezurren Gerra
Hezurren Gerra Edward Drinker Cope eta Othniel Charles Marsh paleontologo ezagunen arteko tira-bira bat izan zen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1872an, Wyoming (AEB), Hezurren Gerra delakoa lehertu zen. Edward Drinker Cope eta Othniel Charles Marsh paleontologo ezagunen arteko tira-bira gero eta gogorragoak, erreparorik eta etenik gabeko eraso bihurtu ziren, nork aurkituko dinosauro fosil eta espezie berri gehien. Garai batean, Cope eta Marsh lagunak izan ziren; batak bestearen izena ipini zion aurkitutako espezie berriren bati. Cope azkarra eta oldarkorra zen eta Marsh, aldiz, lanean mantsoagoa baina metodikoagoa. 1870ean Marshek Cope umiliatu zuen, Elasmosaurus espezieko ale bat berrosatzean burua buztanak behar lukeen tokian ipini ziola egotziz. Ordainetan, Cope Wyomingo Bridger Basin aztarnategian lanean hasi zen, Marshek hura bere eremu pribatutzat jo arren. Orduan erasoak publiko bihurtu eta egunkarietara iritsi ziren[1].
Biak aberatsak ziren eta beren ondasunak erabili zituzten udatan Colorado edo Wyomingeko aztarnategiak ustiatzeko. Gero, neguan, aurkitutakoa aztertu eta emaitzak argitaratzen zituzten. Baina gero eta diru eta ahalegin gehiago eskaintzen zizkioten bestearen izena eta lana txikitzeari. Ez zen lehia garbia izan, lapurreta, iruzurra, espioitza, eroskeria, arrasto suntsiketa eta irainak medio[1].
Ofizialki, Marshek irabazi zuen gerra: 86 espezie berri aurkitu zituen eta Copek, ostera, 56 baino ez. Dena den, Copek topatu zituen dinosaurorik ezagunenak: Triceratops, Diplodocus, Stegosaurus... Azkenik, biak izan ziren galtzaile, bestea suntsitu beharraren beharraz, ondasun guztiak xahutu eta porrot egin baitzuten[1].
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edonola ere, zientzia izan zen garaile, lehiakortasunak emaitza hobetzen omen du eta. Elkarlanaren alorrean lezio eredugarririk eman ez bazuten ere, paleontologiaren alorrean ondare eskerga utzi zuten: Gerra baino lehen Ipar Amerikan bederatzi dinosauro espezie zeuden izendatuta eta gatazka amaitzean 150 inguru. Egun, ia mende eta erdi geroago, bikoteak aurkitutako arrastoak katalogatzen ari dira oraindik[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Nagore Irazustabarrena, «Hezurren gerra», Argia, 2008-08-03, CC-BY-SA lizentzia