Jacqueline Kennedy Onassis
Jacqueline Lee Bouvier Kennedy Onassis (Southampton, New York, 1929ko uztailaren 28a — New York, 1994ko maiatzaren 19a) John F. Kennedy presidentearen emaztea izan zen 1953tik 1963ra eta Jacqueline Kennedy edo Jackie Kennedy esan ohi zioten. AEBtako lehen dama izan zen 1961etik 1963an senarra erail zuten arte. 1968tik 1975ean hura hil zen arte Aristoteles Onassisekin egon zen ezkonduta eta Jacqueline Onassis, Jackie Onassis edo Jackie O esaten zioten.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jacqueline Lee Bouvier New Yorkeko goi mailako familia batean jaio zen. Aita John Vernou Bouvier III.a (1891-1989) izan zen, frantses jatorriko burtsa korredorea, eta ama, berriz, Janet Norton Lee (1907-1989) banku bateko presidentearen alaba. Aitaren aldetik, Van Saless sendia zuen arbasoen artean, XVII. mendean New Amsterdamen ezarri zen familia holandar-afrikarra. Jackiek ahizpa gazteago bat ere izan zuen, Caroline Lee Bouvier, ondoren Lee Radziwill izango zena.
Gurasoak 1940an dibortziatu ziren eta ama Hugh D. Auchinclossekin ezkondu zen gero.
Zaldiak oso gustuko zituen eta arrakasta izan zuen hainbat lehiaketetan. Poesia irakurri eta idazten ere zalea zen.
Miss Porterren eskolan ikasi zuen (1944-1947), Vassar institutuan (1947-1948) eta George Washington unibertsitatean, eta hementxe graduatu zen arten 1951n. 1949an, Pariseko Sorbonan ere egon zen ikasten. Jacquelinek ondo hitz egiten zuen frantsesez eta gazteleraz. Graduatu eta Washington Times Heralden hasi zen argazkilari lanean. Lan honetan ezagutuko zuen politiko ugari, lehen senarra tartean.
Kennedy anderea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]John Husted Jr. izan behar zuen bere senarra eta 1952ko ekainean ezkontzekotan zebiltzan, baina, 1953ko irailaren 12an, John F. Kennedy senatariarekin ezkondu zen Newporten, Rhode Island.
Senar-emazteek 4 seme-alaba izan zituen:
- Arabella (jaiotzean hil zen, 1956)
- Caroline Bouvier Kennedy (1957),
- John Fitzgerald Kennedy Jr. (1960-1999). Abioi istripu batean hil zen.
- Patrick Bouvier Kennedy (1963ko abuztuan jaio eta hil zen).
Bikoteak arazo ugari izan zituen, senarra oso emakumezalea baitzen eta, gainera, osasun txarra izan zuen. Kennedy familiarekin harreman ona izan zuen, haiek baino lasaiago eta diskretoago azaltzen bazen ere. Alargundu zenean, ordea, Jacquie urrundu egin zen klan honengandik.
AEBetako lehen dama
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kennedyk Richard Nixon garaitu zuen 1960ko hauteskundeetan eta AEBetako 35. Presidentea izan zen 1961ean. Jackie Kennedy historiako lehen dama gazteena izan zen orduna.
Ez zitzaion lehen dama esatea gustatzen, zaldi izena iruditzen baitzitzaion. Senarra Etxe Zurira iritsi zenean, Jackieren bizitza pribatua mundu guztiaren aurrean ezagutu zen. Frantses diseinatzaileak gustuko, amerikar diseinatzaileek ez zuten gogo onez hartu, baina Jacqueline lehen dama izan zen garaian moda ikono bihurtu zen, bai bertan eta baita nazioartean ere.
1962ko otsailaren 14an, estatubatuar telebista sartu zuen Etxe Zurian. Jacquelinek presidentearen etxea goitik behera berritu zuen. Aurreko dekorazioaren gabeziak zuzendu eta, historian zaletutako emakume hark nazioa ordezka zezakeen etxea egiteari ekin zion, altzariz eta arte lanez hornituz eta Thomas Jefferson edo Benjamin Franklinen erretratu orijinalak erakutsiz bertan.
Bazekien seme-alabak ere eskaparate hartan zeudela, baina saiatu zen prentsatik babesten eta haurtzaro normala eskaintzen haiei.
Senarrarekin batera planifikatu zituen gizarte agerpenak eta bizitza kulturaleko protagonista egin ziren. Ez ziren aurreko presidente bikoteak bezala eta hauek artea, musika eta kultura gogoko zuten. Artistak eta musikariak gonbidatu zituzten eskeinitako afari edo festetara eta Nobel Saridunen omenez ekintza bereziak antolatu. Etxe Zuriko afari ofizialak goitik behera aldatu zituzten.
Kennedyren erailketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1963ko azaroaren 22an, Jackie Kennedy Presidentearen ondoan zihoan eserita honek tiroa jasan zuenean Dallasen, Texas. Kennedy andreak bere senarraren garezurraren puskak eztanda egitean ikusi zuela deklaratu zuen Warren Komisioaren aurrean; grabazioan ez du horrek egia ematen, baina larritasun galanta jasan zuen Jackie gaixoak, autoaren atzealdera ihes egin nahian zebilenean.
Lasai agertu zen munduaren aurrean, presidentearen hiletetan, seme-alabak eskutik, oinez Etxe Zuritik Sant Matthew katedraleraino. Jackiek piztu zuen sua senarraren Arlingtoneko hilobian.
Astebete geroago elkarrizketa bat eskaini zion Life aldizkariari, baina urtebetez ez zen gehiago jendaurrean agertu.
Onassis anderea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1968ko urriaren 20an, Aristoteles Onassis armadorearekin ezkondu zen. Hilabete batzuk lehenago Robert F. Kennedy ere erail zuten eta Jacqueline beldurtu eta, bai bera eta bai seme-alabak ere, AEBtatik alde egitea erabaki zuen. Ezkontza hau soluzioa izan zen beretzat, dirua, babetsa. Aristoteles Maria Callasen bikotea zen, baina hau utzi eta Jackierekin ezkondu zen Skorpios uhartean.
Onassisen seme-alabekin ez zuen harreman onik lortu eta berehala hasi zen Jackie han eta hemen barra-barra gastatzen. Bikoteak ez zuen denbora asko ematen batera. Aristoteles Carolina eta Johnekin maiz ibili ohi zen eta bere seme Alejandrok John abiazio munduan zaletu zuen, baina Jackie gutxitan agertuko zen bere alaba ordea zen Christina Onassisen ondoan. Senar-emazteen arteko harremana izurratzen joan zen erabat eta Onassis dibortzioa tramitatzen hasi zen, María Callasengana hurbiltzeko saiakeran. Hau horrela, 1975eko martxoaren 15ean, Aristoteles hil egin zen eta Jackie eta Christina Onassis oinordetzaren inguruko liskarretan murgilduta geratu ziren.
Azken urteak Maurice Tempelsmanekin eman zituen, belgiar diamante merkataria. 1994an, linfoma bat diagnostikatu zioten eta urte bereko maiatzaren 19
an hil zen New Yorkeko apartamentuan, 64 urte zituenean.
Hiletak AEBetako telebistan eman ziren eta bere lehen senarraren ondoan eman zioten lur, Kennedy presidentearen ondoan. Bill Clinton presidentea ere bertan izan zen.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ameriketako Estatu Batuetako lehen damak | ||
---|---|---|
Martha Washington • Abigail Adams • Martha Jefferson Randolph • Dolley Madison • Elizabeth Monroe • Louisa Adams • Emily Donelson • Sarah Jackson • Angelica Van Buren • Anna Harrison • Jane Harrison • Letitia Tyler • Priscilla Tyler • Julia Tyler • Sarah Polk • Margaret Taylor • Abigail Fillmore • Jane Pierce • Harriet Lane • Mary Lincoln • Eliza Johnson • Julia Grant • Lucy Hayes • Lucretia Garfield • Mary McElroy • Rose Cleveland • Frances Cleveland • Caroline Harrison • Frances Cleveland • Ida McKinley • Edith Roosevelt • Helen Taft • Ellen Wilson • Margaret Woodrow Wilson • Edith Wilson • Florence Harding • Grace Coolidge • Lou Hoover • Eleanor Roosevelt • Bess Truman • Mamie Eisenhower • Jacqueline Kennedy • Lady Bird Johnson • Pat Nixon • Betty Ford • Rosalynn Carter • Nancy Reagan • Barbara Bush • Hillary Clinton • Laura Bush • Michelle Obama • Melania Trump Egungoa: Jill Biden |