Jules Romains
Jules Romains (Jaiotza-izena: Louis Farigoule ; Saint-Julien-Chapteuil, Loira Garaia, 1885eko abuztuaren 26a - Paris, 1972ko abuztuaren 14a) frantses idazlea izan zen.
Unanimismoaren dotrina ezagutarazi zuen XX. mendearen hasieran, norbanako-multzo batek arima komuna duelako ustea. Garai hartan argitaratu zituen L´âme des hommes (1904, Gizakien arima) eta La vie unanime (1908) poesia-bildumak. Unanimismoaren gaia erabili zuen, halaber, Odes et prières (1913, Odak eta otoitzak) poesia-bilduman, Mort de quelqu´un (1911, Baten heriotza) eta Les copains (1913, Adiskideak) eleberrietan. Arrakasta handia lortu zuen, aldi berean, antzerkirako prestatu zituen lanekin: Monsieur Le Trouhadec saisi par la débauche (1923, Gehiegikeriak bultzatutako Trouhadec jauna) eta, batez ere, Knock ou le triomphe de la médecine (1923, Knock edo medikuntzaren garaipena). Handik aurrera, bere bizitzako lanik handiena idazten hasi zen, 27 liburukitan bildu zuen Les hommes de bonne volonté (1932-1956, Borondate oneko gizakiak) literatura-lana. Obra horretan xehetasun handiz deskribatzen du bere garaiko frantses gizartea. Bere bizitzako azken urteetan, ohiturazko eleberri multzo bat idatzi zuen: Une femme singulière (1957, Emakume berezia), Le besoin de voir clair (1958, Argi ikusteko beharra) eta Mémoires de madame Chauverel (1959, Chauverel anderearen memoriak). Harenak dira, halaber, Lettres à un ami (1964-1965, Gutunak lagun bati) eta Amitiés et rencontres (1970, Adiskidetasunak eta topaketak) biografia-lanak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jules Romains |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.