Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Sen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau etologiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sen (argipena)».
Zorriak eta arkakusoak elkarri kentzen dizkiote primateek, senezko portaera bati jarraituz

Etologian eta biologian, sena animalia gehienek berez erakusten duten portaeren multzoa da, jatorrizkoa dena eta ikasi gabekoa. Sena heredatu egiten da eta espezie bereko animalia guztiek konpartitzen dute.

Senak eragindako portaera edo jokabideetan nerbio-sistema zentralak parte hartzen du. Senezko portaerak, beraz, jatorrizkoa izan arren ez du zer ikusirik ekintza erreflexuekin, azken hauetan burmuinak ez baitu parte hartzen.

Senezko jokabidearen ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • jatorrizkoa eta heredagarria da, beraz ez da ikasten
  • antzekoa da espezie bereko animalia guztiengan
  • kanpoko estimuluengatik baino neurri handiagoan barneko estimuluengatik sortzen da
  • estereotipo bati jarraituz gertatzen da, hots, eredu finko baten arabera gauzatzen da espezie bereko animaliengan
  • erreflexuen aldean askoz korapilatsuago eta garatuagoa da
  • helburu jakin baterako moldatua izan ohi da eta, askotan, premiazko behar baten asetzearekin lotua dago (jana, sexu edo biziraupenarekin lotua, adibidez)

Senak eragindako portaerak dira, besteak beste, borroka, ihesa, sexu-jolasak, janaren bilketa, ondorengoen zaintza, habien eraikuntza (hegaztiengan), etab.

Esan ohi da animaliengan sena jokabidearen oinarria dela, oinarri hori gero ikaskuntzaren bidez garatzen delarik. Hots, bizitako esperientzien eta animaliak duen ikasteko gaitasunaren arabera (hein handi batean bere nerbio-sistemaren garapenari lotua dagoena) animaliak bere senezko portaera moldatuko du.

Sena gizakiarengan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskala zoologikoan aurrera joan ahala, ikasketa prozesuek gero eta garrantzi handiagoa dute, jokabidearen osagai nagusia bihurtu arte. Senaren eragina, beraz, handiagoa da ornogabe baten portaeran primate batenarena baino. Hala ere, senaren garrantzia gizakiaren jokaeran ez da gutxietsi behar, giza-zientzietako hainbat adituk (soziologoek, psikologoek...) egin ohi duten moduan. Biologia zientzietako ikerlariek (etologoek, fisiologoek, antropologoek...) senaren garrantzia (burmuinaren hainbat egituratan kokapen zehatza duena, hipotalamoan, esaterako) azpimarratzen dute.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]