Tracy Chapman
Tracy Chapman | |
---|---|
(2009) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Cleveland, 1964ko martxoaren 30a (60 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Talde etnikoa | afro-amerikarra |
Hezkuntza | |
Heziketa | Tufts Unibertsitatea |
Hizkuntzak | estatubatuar ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | egile abeslaria, abeslaria, kale-artista, musikagilea, gitarra-jotzailea eta estudioko musikaria |
Jasotako sariak | ikusi
|
Genero artistikoa | rock alternatiboa estatubatuar folk bluesa soula pop musika folk rock |
Ahots mota | kontraltoa |
Musika instrumentua | gitarra ahotsa |
Diskoetxea | Elektra Records Atlantic Records Fast Folk (en) |
tracychapman.com | |
|
Tracy Chapman (Cleveland, Ohio, 1964ko martxoaren 30) estatubatuar abeslaria eta abesti-idazlea da. Hark egindako abesti ugari oso ezagun bihurtu ziren, "Fast Car", "Give Me One Reason", "Talkin' 'bout a Revolution", "Baby Can I Hold You", "Crossroads", "New Beginning", eta "Telling Stories" esate baterako eta lau Grammy Sari irabaziak ditu[1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cleveland hirian jaio zen eta lau urte zituela gurasoak dibortziatu zitzaizkion[2]. Amarekin hazi zen eta hiru urte baino ez zituela ukulele bat oparitu zion, dirurik ez baitzuen gehiagotarako[3]. Zortzi urte zituenerako gitarra hartu eta abestiak idazten hasi zen. Hee Haw telesaioak inpiratu zuela esan izan du[4]. Chapmanen familiak gizarte dirulaguntzak jasotzen zituen eta Clevelanden arrazakeriagatiko bullinga jasan izan zuen eskolan[5].
Antropologia eta Afrika mendebaldeko kulturaren ikasketak egin zituen Tufts Unibertsitatean eta etnomusikologian espezializatu zen.
Ibilbide musikala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1985ko maiatzaren 3an Bostongo Strand antzokian Linda Tillery emakumezko musikari aitzindariari egindako omenaldian hartu zuen parte, hura izan zen eskenatoki handi batean agertzen zen aurreneko aldia[6]. Unibertsitate berean ikasi zuen Brian Koppelmanek ikusi zuen Tracy Chapmanen emanaldia eta aitari eman zion haren berri. Charles Koppelman. SBK Publishing argitaletxeko burua zen eta 1986an harekin sinatu zuen kontratua. Tufts Unibertsitatean 1987an graduatu ondoren Koppelmanek berak lagundu zion Elektra Recordsekin kontratu berria sinatzen[7].
Tracy Chapman (1988)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1988an argitaratu zuen lehen albuma, Tracy Chapman[2], eta arrakasta izugarria izan zuen[8]. Urte hartako uztailean, Nelson Mandelaren 70. urteurreneko kontzertuan Stevie Wonderren ordez hartu zuen parte[9] eta "Fast car" aurreneko singlea abestu zuen. Chapmanen ahots bereziak, estilo intimistak eta letra konprometituek sona handia hartu zuten mundu guztian. Hurrengo singleak "Talkin' 'bout a Revolution" eta "Baby Can I Hold You" izan ziren, biak ala biak ere arrakasta handia lortu zutenak. Aurreneko diskoa izateko zenbaki itzelak lortu zituen. 10 milioi kopia saldu zituen munduan zehar eta disko multi-platinoa izan zen. Gaur egun ere disko mitikoa kontsideratua dago. Hiru Grammy sari irabazi zituen, tartean artsita debutari onena.
1988an bertan Amnistia Internazionala elkartearen "Human Rights Now! Tour" kontzertu biran hartu zuen parte[2].
Hurrengo diskoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1989an, Crossroads izenburuko albuma argitaratu zuen eta lehen postuetan egon zen Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko zerrendetan. Aurreneko diskoaren arrakasta lortu ez bazuen ere platinozko diskoa izatera iritsi zen hainbat herrialdetan, hala nola Estatu Batuetan[10], Europako herrialde askotan eta Australian eta Zeelanda Berrian. Diskoari izena ematen dion abestia izan zen arrakasta lortu zuen single bakarra ordea.
1992an hirugarren albuma grabatu zuen: Matters of the Heart[11]. Ikuslego txikiagoa baina oso fidela lortu zuen.
1995eko azaroan New Beginning argitaratu zuen, eta honek berriz ere arrakasta handia ekarri zion. 3'8 milioi kopia saldu zituen mundu mailan[12] eta 1997ko Grammy sarietarako izendatu zuten. "Give Me One Reason" izan zen disko honetako single ezagunena eta Rock abesti onenaren Grammy saria eskuratu zuen[1].
Bost urtetan diskorik atera gabe egon ondoren Telling Stories argitaratu zuen 2000. urtean, rock kutsu handiagoarekin. "Telling Stories" abestia asko entzun zen Estatu Batuetako eta Europako irratietan. Urrezko disko bikoitza izatea lortu zuen Frantzian[13], eta urrezko diskoa Estatu Batuetan, Alemanian, Suitzan eta Zeelanda Berrian.
2002an Let it Rain diskoa plazaratu zuen. Hau ere urrezko disko bikoitza izan zen Frantzian[13] eta urrezkoa Austria eta Suitzan. Europan zehar izandako arrakasta ikusita kontzertu bira zabala egin zuen bertan, bai eta Estatu Batuetan ere.
Azken diskoak eta kontzertu birak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zazpigarren diskoa Where You Live izan zen[14] eta honetan ere bira luzea egin zuen. lehenengo Estatu Batuetan aritu zen eta ondoren Europan 28 kontzertu egin zituen, Alemanian, Italian, Frantzian, Suitzan, Finlandian, Norvegian, Erresuma Batuan, Errusian...[15] 2006ko ekainaren 5ean Lincoln Centerreko 5. Jazz galan jo zuen, New Yorken eta 2007an TED (Technology Entertainment Design) saioetan agertu zen[16].
2008an Atlantic Records diskoetxeak Tracy Chapmanen zortzigarren eta momentuz azken diskoa atera zuen, Our Bright Future[17]. Honekin ere kontzertu bira zabala egin zuen Europan (26 kontzertu) eta ondoren Ipar Amerikan.
2015ean abesti ezagunenen bilduma atera zuen, Greatest Hits[18]. 18 abesti sartu zituen bertan, "Stand by Me" kanta ezagunaren zuzeneko bertsio bat tartean[19].
Ekintzailetza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikari ekintzailea izateagatik da ezaguna. 2009an NPR irratian egin zioten elkarrizketa batean esan zuen elkarte ugarik eskatzen diotela beren kausa defendatzeko eta eskaerak aztertu ondoren ahal duen guztiei laguntza ematen diela, bereziki giza eskubideen alde ari direnen kasuetan[4].
Giza eskubideen aldeko kontzertu ugaritan hartu du parte, Amnistia Inernazionalak antolaturikoetan[20], Nelson Mandelaren omenezkoetan[9], Hegoafrikako apartheidaren aurkakoetan, HIESaren ingurukoetan[21]...
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1988: Tracy Chapman
- 1989: Crossroads
- 1992: Matters of the Heart
- 1995: New Beginning
- 2000: Telling Stories
- 2002: Let It Rain
- 2005: Where You Live
- 2008: Our bright future
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b (Ingelesez) «Tracy Chapman» GRAMMY.com 2019-11-19 (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ a b c (Ingelesez) Pond, Steve; Pond, Steve. (1988-09-22). «Tracy Chapman: On Her Own Terms» Rolling Stone (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) «Tracy Chapman Biography by Nigel Williamson (2001)» About Tracy Chapman 2008-03-11 (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ a b (Ingelesez) «Without Further Ado, Singer Tracy Chapman Returns» NPR.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) Fleming, Amy. (2008-10-31). «Amy Fleming on Tracy Chapman, the quiet revolutionary» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ McLaughlin, Jeff. (1985). Linda Tillery's 'healing music'. Boston Globe. Boston, MA., 78 or..
- ↑ «Tracy Chapman - Pandora Internet Radio» web.archive.org 2009-04-27 (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ Murphy, Peter. «On this day in 1988: Tracy Chapman starts a three-week run at No.1 with her eponymous debut album» Hotpress (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ a b (Ingelesez) Clayton, Richard. (2016-09-26). «The Life of a Song: ‘Fast Car’» www.ft.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) «Gold & Platinum» RIAA (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) Matters of the Heart - Tracy Chapman | Songs, Reviews, Credits | AllMusic. (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) «Ask Billboard: Mariah Carey, Tracy Chapman, Jeff Bates» Billboard (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ a b (Frantsesez) «Les certifications» SNEP (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) Where You Live by Tracy Chapman. (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) «Tracy Chapman Where You Live tour, October 2005 - July 2006» About Tracy Chapman 2005-10-05 (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) «Tracy Chapman @ Ted 2007» About Tracy Chapman 2007-03-10 (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) «Tracy Chapman - Our Bright Future, 2008» About Tracy Chapman 2008-10-31 (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) Greatest Hits - Tracy Chapman | Songs, Reviews, Credits | AllMusic. (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) Tracy Chapman - Stand By Me (Nick Groove Edit). (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ (Ingelesez) «An Activist Remembers the Concert That Moved a Generation» Amnesty International USA 2014-01-24 (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).
- ↑ «AIDS LifeCycle 2004 - YouTube» web.archive.org 2016-05-02 (Noiz kontsultatua: 2020-11-12).