Euskal Herriko Laborarien Batasuna
Euskal Herriko Laborarien Batasuna, labur ELB, Ipar Euskal Herriko nekazarien sindikatua da, sektoreko nagusia, FDSEAren aurretik.
Izen osoa | Euskal Herriko Laborarien Batasuna |
---|---|
Sorrera | 1982ko urria |
Federazioa | Confédération paysanne |
Nazioarteko afiliazioa | Vía Campesina, CPE |
Agerkaria | Laborari |
Artikulu hau serie honen zatia da: Euskal abertzaletasuna |
Oinarrizko kontzeptuak
|
Koalizio eta alderdi politikoak
|
Sindikatuak
|
Gizarte-eragileak
|
Talde armatuak
|
Eusko abertzale ospetsuak
|
Gertuko kontzeptuak
|
Historia
aldatuSindikatua 1982ko urrian sortu zen.[1] Hamarkada luzeetan sindikalismo mota ia bakarra bultzatzen zen FDSEAren ("Frantziako Lur-ustiatzaileen Sindikatuen Federazio Departamentala") bidez eta hainbat laborarik boterearekiko (bereziki eskuinarekiko) hurbiltasuna egozten zioten sindikatu honi; beste aldetik, Ipar Euskal Herriaren berezitasunak erabat estalita geratzen ziren askoren aburuz, hala sindikatu horrek nola laborantzaren munduko egitura ofizialak (Chambre d'Agriculture[2]) departamendu mailan funtzionatzen baitute. Horren ondorioz batez ere 1976tik aurrera FDSEAren barruan eztabaida bultzatu zuten "40en Taldea" izena hartu zuten kideek eta momentua heldu zela iritzi ziotenean aparteko sindikatua sortzeko deliberoa hartu zuten, laborari xumeen defentsa eraginkorragoa egin nahian. Mixel Berhokoirigoin (Gamarte), Peio Iralur (Donazaharre), Bernadette Oillarburu (Jutsi), Jenofa Mendiburu (Senpere) eta Arño Cachenaut (Bastida) izan ziren sortzaileetakoak.
Ardi gaztaren monopolioari aurre eginez eta antzeko borroketan sindikatua laborarien onespena lortuz joan zen. Harrezkero lurraren espekulazioaren kontra, gazteak laborari atxikitzearen alde, transgenikoen kontra, laborari txiki eta ertainen alde aritu da eta mobilizazio zein protestaldi ugari antolatu du. Ipar Euskal Herrian laborarien munduarekin lotura izan duten tokiko gatazka guztietan (Munoa, Elordoi, Kako...) presente egon da.
Ordezkaritza
aldatuPirinio Atlantikoetako Chambre d'Agriculture delakorako hauteskundeetan esku hartzen du; deialdi bakoitzean emaitzak hobetuz joan da:
- 1983an % 11,8 departamenduan eta % 30 Ipar Euskal Herrian; sortu berri bigarren indarra bilakatu zen.
- 1989an % 41 erdietsi zuen Iparraldean.
- 1995ean % 47,10; FDSEAk % 47,29 atera zuen, beraz gainditzeko zorian izan zen. Departamenduan Confédération Paysannerekin batera % 29,37 egin zuen.
- 2001ean 1.936 botorekin (% 51,16) argi gainditu zuen FDSEA (1.714, % 45,30).
- 2007an %51,53 lortu zuen[3].
Indartsuago ageri da beti esne ekoizleak diren Zuberoa eta Nafarroa Behereko eskualde euskaldunenetan; apalago kostaldean eta iparraldeko ertzeetan (Amikuze, Agaramont) non FDSEA-eskuina loturak eta arto egileak indartsuagoak diren. Hala ere, salbuespenak salbuespen eremu guztietan goranzko joera izan du; 2001ean[4] eremu guztietan irabazi zuen (altuena Garazin % 67,84arekin) hauetan izan ezik: Kostaldea (% 39,25; 1989an % 22,35), Bidaxune (% 17,70; 1989an % 12,96) eta Amikuze (% 45,56; 1989an % 28,87).
Harremanak
aldatuLaborari progresisten erreferentzia bat denez horren araberako lehentasunezko harremanak landu ditu:
- EHNE Hego Euskal Herriko sindikatuarekin maila nazionalean[5].
- Confédération Paysannerekin[6] lotura estuak frantses estatu mailan; Ipar Euskal Herriko bere adar gisa funtzionatzen du[7].
- Maila zabalagoei dagokienez, Via Campesina eta honen sortzaileetakoa den Europako Nekazarien Koordinakundea[8] (CPE) bilguneetan esku hartzen du.
Zenbait ezaugarri
aldatuBarne egiturari dagokionez ez du presidenterik eta erabakiak batzarren bidez hartzen dira. Kantonamendu bakoitzean "animazio komiteak" daude, "lekuko taldeak" ere bai eta urteroko batzarrean ehundik gora lagun biltzen dira. Behi esne eta ardi esne batzordeak ditu, sektore nagusi bi hauek propio lantzeko.
Askotan "abertzale" etiketa ipini bazaio ere, eremu soziologiko zabalago bati erantzuteko sindikatutzat jotzen du bere burua. Horrek ez du esan nahi gai orokorragoetan bere iritzia ez daukanik eta euskararen ofizialtasunaren alde, Ipar Euskal Herriarentzako onarpenaz edo Euskal Herrian bizi den gatazka konpontzeko bideez sarri askotan bere konpromisoa erakutsi du[9]. Edozein kasutan sindikatuko kide ugari hautagai abertzaleak izan dira esate baterako kantonamenduetarako hauteskundeetan: Peio Iralur Garazikoan, Arño Cachenaut Bastidakoan, Andde Sainte-Marie Iholdikoan...baina bestelako kasuak ere badaude: Michel Arhantzet (UDF, MoDem) Atharratzeko kantonamenduko kontseilari nagusia da 1992tik.
Bere egoitza nagusia Donibane Garazin du, Azaroaren 11ko karrikako 21 zenbakian. Ateratzen duen aldizkariak Laborari du izena[10]. Gaur egun astekaria da eta heren bat euskaraz idatzita izaten da.
Bultzatutako proiektuak
aldatu- Euskal Herriko Laborantza Ganbera: ELBren lehentasuna bere sorreratik.
- Lurrama: 2006tik Baionan bertako ekoizpenak ezagutarazteko antolatzen den azoka.
- AFI: Formakuntza eta Informaziorako Elkartea.
- Arrapitz: beherago aipatzen diren beste egiturak biltzen ditu.
- Idoki: etxe ekoizleen elkartea.
- AFOG: etxaldeak kudeatzeko aholkularitza eskaintzen du.
- Biharko Lurraren Elkartea (BLE): laborantza ekologikoa.
- Lur Hats: gazteak laborantza mundura erakartzeko.
- GFAM Lurra: laborari gazteentzako lurrak eskuratzeko.
- Sagartzea: sagarrondoa berpizteko.
Bibliografia
aldatu- Martine Sistiague: ELB. Ipar Euskal Herriko laborarien oihartzuna, Gatuzain, Baiona, 1999.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Ez dugu izen hau euskaratzen; EHLGren kontrako epaian akusazioak berebiziko interesa erakutsi zuen euskarazko "Laborantza Ganbera" frantsesez Chambre d'Agriculture zela demostratzeko.
- ↑ ELB sindikatua, Auñamendi.
- ↑ Iturria: Euskaldunon Egunkaria, 2001eko otsailaren 2a.
- ↑ ELB eta EHNEko arduradun bana Berrian.
- ↑ 1987an sortutako sindikatua.
- ↑ Confédération Paysanneko webgunea.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Erakunde honetako webgunea.
- ↑ Lizarra-Garaziko Akordioa sinatuz adibidez.
- ↑ 2001 arte Laborari-lo Païsan; paisan hitzak "laborari" esan nahi du okzitanieraz; kontuan hartu, Bearnoan eta Ipar Euskal Herriko nekazaritza eremu batzuetan (Agaramont aldea...) hizkuntza hau ere hitz egiten dela.