Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Dubai

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 25°16′11″N 55°18′34″E / 25.2697°N 55.3094°E / 25.2697; 55.3094
Wikipedia, Entziklopedia askea

Dubai
دبيّ
hiria
Administrazioa
Estatu burujabe Arabiar Emirerri Batuak
Arabiar Emirerri Batuetako emirerriDubai
AlkateaMohammed bin Rashid Al Maktoum
Izen ofizialaدبيّ
Jatorrizko izenaدبيّ
Geografia
Koordenatuak25°16′11″N 55°18′34″E / 25.2697°N 55.3094°E / 25.2697; 55.3094
Map
Azalera35 km²
Altuera0 m
MugakideakXarja
Demografia
Biztanleria3.331.420 (2020ko urtarrila)
0 (2020)
Dentsitatea95.183 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1833ko ekainaren 9a
Ordu eremuaUTC+04:00
Hiri senidetuakBasora, Bogota, Brisbane, Busan, Damasko, Gold Coast, Kuala Lumpur, Jidda, Khartum, Karatxi, Rio de Janeiro, Shanghai, Dundee, Bagdad, Bartzelona, Beirut, Caracas, Cheb, Detroit, Frankfurt am Main, Gandhinagar, Geneva, Granada, Guangzhou, Hong Kong, Hyderabad barrutia, Istanbul, Kish Island (en) Itzuli, Kuwait, Los Angeles, Monterrey, New York, Osaka, Paris, Phoenix, Teheran, Tripoli, Vancouver, Osaka prefektura eta Piongiang
Hizkuntza ofizialaarabiera
dm.gov.ae

Dubai[1] (arabieraz: دبيّ‎Dubayy, dʊˈbajj ahoskatua) Arabiar Emirerri Batuetako hiririk handiena da. Persiar golkoaren hego-ekialdeko kostaldean kokatua, izen bereko emirerriko hiriburua da. 2016an 2.645.581 biztanle zituen.[2]

Hiriak dituen diru-sarreren %6 bakarrik dator gaur egun petroliotik,[3] gero eta garrantzi handiagoa dute merkataritzak eta turismoak.[4] Azken hamarkadan zehar, eraikuntza proiektu itzelak jarri dira martxan Dubain, uharte artifizialak, etxe orratz itzelak, eta Guiness errekorra hautsi edo hautsiko duten beste hainbat eraikin edo proiektu. Duela urte batzuk herrialdeko bigarren hiririk handiena zena, gaur egun, hiriburua den Abu Dhabiren aurretik jarri da.

Teoria ugari daude "Dubai" toponimoaren jatorriari buruz. Fedel Andhalen arabera, Emirerrietako historia eta kultura aztertzen duena, daba (دبا‎) arabiar hitzetik etor liteke (yadub (يدب‎) arabiar aditzetik eratorritako denbora iraganekoa, "irristatu" esan nahi duena) eta uraren mugimendu motela edo Dubaiko itsasadarrarekin lotuta izango litzateke. Ahmad Mohammed Obaid poeta eta adituak hitz berarekin lotzen du, baina bere esanahi alternatiboan: "otarrainxka txikia" (arabieraz: جراد‎‎), bertan krustazeo horietako asko baitzegoen.[5]

    Datu klimatikoak (Dubai)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 31 31 41 41 45 45 47 48 43 40 41 31 48
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 24.0 25.4 28.2 32.9 37.6 39.5 40.8 41.3 38.9 35.4 30.5 26.2 33.4
Batez besteko tenperatura (ºC) 19 20 22.5 26 30.5 33 34.5 35.5 32.5 29 24.5 21 27.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 14.3 15.4 17.6 20.8 24.6 27.2 29.9 30.2 27.5 23.9 19.9 16.3 22.3
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 8 7 11 8 17 22 25 25 22 16 13 10 7
Pilatutako prezipitazioa (mm) 15.6 25.0 21.0 7.0 0.4 0.0 0.8 0.0 0.0 1.2 2.7 14.9 88.6
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 5 7 6 3 0 0 1 0 0 0 1 5 28
Iturria (1): Dubai Meteorological Office[6]
Iturria (2): Qwikcast [7]
Urtea Biztanleria
18221 1.200
19001 10.000
19301 20.000
19401 38.000
19541 20.000
19601 40.000
1968 58.971
1975 183.000
1985 370.800
1995 674.000
2005 1.204.000
2009 1.771.000
11968 baino aurreko datuak zenbait iturritik ateratatako estimazioak besterik ez dira.

Dubai hiriak hazkunde esanguratsua izan du azken urteotan: 1980an 265.702 biztanle zituen, 1995ean 669.181, 2004an milioi bat, 2006an 1.700.234 eta 3,3 milioira iritsi da 2019an;[8] horietatik % 69 gizonezkoak eta % 31 emakumezkoak dira, 30 urteko batez besteko adinarekin. Dubaiko metropoli-eremuak, Xarja eta Ajman ere barne hartzen dituenak, 4 milioi biztanle baino gehiago ditu gaur egun.

Konposizio etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleriaren % 92 inguru hainbat jatorritako atzerriratuak dira.[9] Ez dira nazionalitate bakoitzaren datu zehatzak argitaratzen, baina bai Hezkuntza Laguntzarako Unitateenak. Proportzioak antzekoak izango direla onartzen bada, atzerriratutakoen % 30 Indiakoak izango dira, % 16 Pakistangoak, % 8 Bangladeshkoak, % 6 Filipinetakoak, % 5 Irangoak eta gero Egipto, Nepal, Sri Lanka, Txina eta beste herrialde batzuetako kopuru txikiagoetan.

Dubairen hizkuntza ofiziala arabiera da, golkoko aldaera (khaliji) hain zuzen ere, baina ohiko komunikazioa ingelesez egiten da, biztanle gehienak atzerritarrak baitira. Immigrazioaren ondorioz Dubain hitz egiten diren beste hizkuntza nagusiak hindi-urdu, malabarera, punjabera, paxtunera, bengalera, sindhi, balutxi, tulu, tamilera, kannada, sinhala, marathera, telugu, tagalo eta txinera dira, beste hainbat hizkuntzaz gain.

Islama Estatuaren erlijio ofiziala da, Arabiar Emirerrietako konstituzioak 7. artikuluan definitzen duen bezala. Gobernuak meskita suniten % 95 inguru finantzatzen edo subsidiatzen ditu, eta imam sunita guztiak enplegatzen ditu. Meskiten % 5 pribatuak dira. Ohikoa da meskita garrantzitsuek ere laguntza (finantzaketa) pribatua izatea. Gobernuak sermoien eduki politikoari buruzko zuzendaritza ematen du eta monitorizatu egiten dira. Xiitak biztanleriaren % 15 inguru dira eta beren meskitak dituzte. Familia legeei buruzko berariazko kontseilu xiitaz balia daitezke, xaria gorteetara ezinbestean joan beharrean.

Atzerriratutako proportzio handiaren ondorioz, beste erlijio nagusi guztietako poltsa handiak daude. Musulmanak ez direnek beren tenpluak izan ditzakete eta beren erlijioa askatasunez praktikatu dezakete, lursail bat eta eraikitzeko baimena eskatuta.

Dubaiko itsas portu prekarioa 1960ko hamarkadan.

Ebidentzia gutxi dago aurreko aldiei buruz. Duela gutxi, indusketek k.a. zazpigarren milurtekoan hirian dagoen lekuan mangladi bat aurkitzera eraman zuten. Hondarrak duela 5.000 urte estali zuen eremua, senadi natural txiki bat eginez. III. mendeko zeramikak eta eliza nestoriarrak ere aurkitu dituzte. VII. mendean, islamera bihurtu aurretik, tokiko tribuek izarrak, ilargia eta eguzkia gurtzen zituzten.

1799an, Bani Yasen tribu beduinoak, Abu Al Falasak zuzendua, Nejdeko wahhabiengandik ihes egin zuen, bere lurraldea hedatuz. Bere bizimodua arrantzan eta zerealak landatzean zetzan, Khor Dubain sortutako portu naturalaz gozatuz. Cogan teniente britainiarraren testigantzaren arabera, 1822an Dubain 1.000 pertsona bizi ziren, ahuntz eta gamelu gehiago. 1833an, Bani Yasen egoitza zen Liwako oasian gertatu zitekeen tribuen arteko eztabaida baten ondorioz, 800 beduinok Liwatik ihes egin eta Dubain kokatu ziren. XX. mendearen hasieran Dubai Otomandar Inperiokoa zen, Lehen Mundu Gerraren ondoren banandua eta Dubairen subiranotasuna Erresuma Batuari pasata, honek gaur egungo Arabiar Emirerri Batuen independentzia 1971n uzten dio. Hamarkada batzuk geroago, Dubai aberastu egin zen bere lurreko petrolio-erauzketarekin, atzerriko hainbat enpresa hirian kokatu ziren, tokiko hirigintza-garapena eskala handian sustatuz.[10][11]

Dubairen ekonomia teknologia berrietan, merkataritzan eta turismoan oinarritzen da, gobernua kapitalak eta enpresak erakartzen saiatzen ari da, eta obra publikoen politikari eusten dio, hiri-multzo, hotel edo resort askoren iturri. Proiektuen erraldoitasuna eta izaera berritzailea nabarmentzen dira munduan eta ospea lortzen dute.

Ospe handiko eraikuntza-enpresak ezarri dira hirian. Proiektu horietako asko abortatu egiten dira, baina hiria elikatzen duen publizitate-iturri bat dira beti. Eremu jakin batzuetan espezializatuta dauden auzoak honako hauek dira: Dubai Healthcare City, osasun-zentro onenak erakartzeko eta lehen mailako arreta eskaintzeko doako eremu medikoa; Dubai Media City eta Dubai Internet City, komunikabideen (MBC, CNN, Yahoo eta Reuters) eta ordenagailuen (EMC Corporation, Oracle, Microsoft eta IBM) enpresa handiak ezarri ziren guneak; Dubai, gobernuz kanpoko erakundeen egoitzak eta Nazio Batuetako Erakundeen agentzia bat ere baditu. Arlo horiek aukera ematen diote Dubairi nazioarteko nolabaiteko aintzatespena irabazteko eta erabakitzeko leku garrantzitsu bihurtzeko. Hiria urteko hainbat ekitaldiren egoitza da, besteak beste, Dubaiko Erosketa Jaialdia, Teknologiaren Azoka edo Dubai Air Show, kontsumoan eta inbertsioan eragin oso positiboa dutenak.[12][13]

Turismoa Dubaiko gobernuaren estrategiaren zati garrantzitsu bat da, emirerrian atzerriko diru-fluxua mantentzeko. Dubaik turistentzat duen amurik handiena erosketetan oinarritzen da batez ere, baina baita beste atrakzio zahar eta moderno batzuetan ere, batez ere etxe orratz handietan. 2013an, Dubai munduko 7. hiri bisitatuena izan zen, aire-trafikoaren arabera, eta hazkunde bizkorrena izan zuen, % 10,7ko tasan igoz.

Dubairi "Ekialde Ertaineko merkataritza hiriburua" deitu diote.[14] 70 merkataritza-gune baino gehiago dituen munduko toki bakarra da, baita munduko merkataritza-gunerik handiena ere, Dubai Mall. Dubai barruti tradizionalengatik edo zokoengatik ere ezaguna da. Luxuzko boutique eta bitxi-denda asko ere hirian daude. Dubai "urrezko hiria" ere esaten zaio, urrea saltzen duten 250 denda inguru dituen Dubaiko urrezko zokoagatik.[15]

2021eko urriaren 1etik 2022ko martxoaren 31ra Ekialde Hurbilean, Afrikan eta Asia hegoaldean erakusketa unibertsala egin zuen lehen hiria izan zen Dubai. "Buruak konektatuz, etorkizuna sortuz" izenburupean, Expo 2020k 24 milioi bisitari baino gehiago izan zituen eta 192 herrialdek hartu zuten parte.[16] Erakusketa hiru barruti nagusitan banatuta zegoen: Mugikortasuna, Sostengarritasuna eta Aukera. Hauek ekitaldiaren hiru azpigaiak ziren eta gainera bakoitzak bere pabiloi tematikoa zuen; baita Jubilee Park, Al Forsan Park, Al Wasl Plaza eta Dubai Exhibition Centre ere. Expo 2020 itxi ondoren, esparrua Dubai Expo City bihurtu zen, eta dagoen azpiegituraren % 80 aprobetxatuz, barruti berri bat sortu zen etxebizitzak, bulegoak, eskolak eta merkataritza-lokalak garatzeko.[17]

Arabiar Emirerri Batuetako kultura nagusiki arabiar kultura tradizionalaren ingurukoa da. Kultura arabiarrak eta islamiarrak arkitekturan, musikan, jantzietan, sukaldaritzan eta bizimoduan duen eragina ere oso nabarmena da. Egunean bost aldiz, musulmanak otoitz egitera deitzen dituzte herrialde osoan sakabanatuta dauden meskiten minareteetatik. 2006az geroztik, asteburua ostirala eta larunbata izan da, ostiraleko santutasunaren eta larunbat eta igandeko mendebaldeko asteburuaren arteko konpromiso gisa.[18] 2006a baino lehen, asteburua ostegunetik ostiralera izaten zen.

Hiria, etnikoki homogeneoa zen perlak arrantzatzeko komunitate txiki gisa, aldatu egin zen beste talde etniko eta nazional batzuk iritsi zirenean, lehenik irandarrek XX. mendearen hasieran eta gero indiarrek eta pakistandarrek 196ko hamarkadan. 2005ean, Dubaiko metropoli-eremuko biztanleriaren % 84 atzerrian jaio zen, horietatik erdia, gutxi gorabehera, Indian.[19]

Herritar askok enpresa-sektorean duten ikuspegi turistikoa eta bizi-maila altua dela eta, Dubaik luxuzko, oparotasunezko eta distirazko kulturarantz eboluzionatu du pixkanaka, aisialdiarekin lotutako bitxikeriarekiko errespetu handiarekin.[20][21][22] Dubai Shopping Festival'[23] eta Dubai Summer Surprises bezalako urteko entretenimenduzko ekitaldiek eskualde osoko 4 milioi bisitari baino gehiago erakartzen dituzte eta 2.700 milioi dolarretik gorako diru-sarrerak sortzen dituzte.[24][25] Dubaiko jaiegun nagusien artean daude Eid al-Fitr, Ramadanaren amaiera markatzen duena, eta Egun Nazionala (abenduaren 2a), Arabiar Emirerri Batuetako sorrera ospatzen duena.[26]

Dubai bere gaueko bizitzagatik da ezaguna. Klubak eta tabernak batez ere hoteletan daude edari alkoholdunei buruzko legeak direla eta. New York Times-ek honela deskribatu zuen Dubai: "Buddha Barren Michael Jordanekin topo egin dezakezun edo Naomi Campbellekin topo egin dezakezun hiri mota, bere urtebetetzea egun batzuetako jai batekin ospatzen".[27]

Jaialdi eta Ekitaldien Nazioarteko Elkarteak (IFEA), munduan liderra den ekitaldien elkarte komertzialak, 2012ko IFEA World Festival and Event City izendatu zuen Dubai, milioi bat biztanle baino gehiagoko hirien kategorian.[28][29] Hiriko merkataritza-gune handiek, hala nola Deira City Centre, Mirdiff City Centre, BurJuman, Mall of the Emirates, Dubai Mall (munduko handiena) eta Ibn Battuta Mall, baita Dubaiko eta beste zentro batzuetako urrezko zoko tradizionalak ere, eskualde osoko erosleak erakartzen dituzte.[30]

Gamelu xerra perretxiko saltsan, Dubain zerbitzatua.

Sukaldaritza arabiarra oso ezaguna da eta hiriko toki guztietan dago eskuragarri, Deirako eta Karamako shawarma lokal txikietatik hasi eta Dubaiko hoteletako jatetxeetaraino. Janari lasterra, Asiako hegoaldeko gastronomia eta Txinakoa ere oso ezagunak dira eta oso eskuragarri daude. Txerrikiaren salmenta eta kontsumoa araututa daude, eta musulmanak ez direnei bakarrik saltzen zaizkie, supermerkatuetako eta aireportuetako zonaldeetan.[31] Era berean, edari alkoholdunen salmenta araututa dago. Alkohola erosteko likore-baimena behar da; hala ere, alkohola hoteletako taberna eta jatetxeetan dago eskuragarri.[32] Shisha eta qahwa dendak ere ezagunak dira hirian. Biryania, era berean, sukaldaritza herrikoia da Dubai osoan, eta herrian dauden indiar eta pakistandarren artean ezagunena da.[33]

Dubaik estilo arkitektoniko desberdinetako eraikin eta egitura bilduma aberatsa du. Islamiar arkitekturaren interpretazio moderno asko aurki daitezke hemen, eraikuntza eta berrikuntza arkitektonikoaren gorakadaren ondorioz arabiar munduan oro har, eta Dubain bereziki. Gorakada horren ondorioz, arkitekturak diseinu eta teknologia maila berriak garatu ditu etxe orratzen eraikuntzarekin.

Azpiegitura edo ingeniaritza lan handiak nabarmentzen dira, hala nola Palm Jumeirah eta Palm Jebel Ali uharte artifizialak (palmondo itxurako penintsula artifiziala) eta The World (munduko mapa erreproduzitzen duen artxipelago artifiziala), Burj Al Arab hotela (munduko zazpi izar bakarra), Burj Khalifa etxe orratza (munduko altuena 830 metrorekin)[34] eta Dubai Marina barrutia, luxuzko eraikin handiekin.[35]

Dubain etxe orratzak eraikitzeko erritmoa beste edozein hiritan baino askoz ere handiagoa da. 2010ean, Burj Khalifa eraiki zuten, munduko eraikinik garaiena, 829 metroko garaierarekin. Burj Khalifaren diseinua islamiar arkitekturan txertatutako modelatze sistemetatik eratortzen da, lobulatu hirukoitzaren aztarnarekin, eraikina Hymenocallis delakoen bertsio abstraktuan oinarrituta dago, basamortuko lore bat, bertoko endemnismoa dena.[36] Burj Khalifaren amaierak 1980ko hamarkadan hasitako eraikuntzaren gorakada jarraitzen du, 1990eko hamarkadan bizkortu zen, eta giza historia modernoan aurrekaririk gabeko erritmo neurrigabea hartu zuen 2000ko hamarkadan. Burj Khalifaren goialdea, aire zabaleko terraza duen munduko behaketa-plataformarik altuena, Dubaiko erakarpen turistiko ezagunenetako bat da, 1,87 milioi bisitari baino gehiago izan baitzituen 2013an.[37]

Burj Khalifa konplexuaren ondoan eta "Downtown at Burj Khalifa" konplexuaren barruan, Dubai iturriak eraiki ziren 2008aren amaieratik 2009ra. Iturriek musika, eta uraren mugimenduak nahasten dituen erakustaldia eskaintzen dute gauero. Iturriaren egileen arabera, munduan garaiera handienera ura jaurtitzen duen iturria da.

Burj Al Arab (arabieraz: برج العرب‎, euskaraz: «arabiarren dorrea») luxuzko hotela da, itsasoaren gaineko istmo artifizial batean kokatua. Askotan "munduko 7 izarreko hotel bakarra" bezala deskribatzen da, baina bere kudeaketak gezurtatu egin zuen baieztapen hori inoiz egin izana.

Azpiegitura eta garraioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dubaik RTAk (Roads and Transport Authority) kontrolatutako garraio-sistema du. Hiriko garraio-sarea autobus-, metro- eta tranbia-lineek osatzen dute.

Autobusak

RTAk 107 ibilbidek osatutako autobus sistema erabiltzen du, guztira 1442 unitaterekin. Gutxi gorabeherako bidaiari kopurua 7 milioikoa dela kalkulatzen da, hilean 179.000 bidaiatan. 2015ean "Rasid" abiarazi zen, bidaiariak zenbatzeko sistema sofistikatu bat.

Metroa
Sakontzeko, irakurri: «Dubaiko metroa»

Dubaiko metroa 2009ko irailaren 9an hasi zen lanean. Trenen gidaritza erabat automatizatua da, eta geltoki guztiek aire girotua eta segurtasun-ateak dituzte nasetan. Metroak 74,6 kilometro ditu guztira, eta bi lerrotan banatzen da:

  • Linea gorria (M1): Rashidiya estazioak UAE Exchange intermodalarekin konektatzen ditu. 2009ko irailean inauguratu zen eta 29 geltoki ditu, 52,1 kilometrotan banatuta. 2013an, 88,888 milioi bidaiarik erabili zuten linea hori, egunean 243.000 bidaiarik batez beste.
  • Linea berdea (M2): 2011n inauguratu zen eta Etisalat eta Creek estazioak lotzen ditu. Linea horrek 20 geltoki ditu, 22,5 kilometrotan banatuta, eta M1 linearekin bat dator Union eta BurJuman estazioetan.
Tranbia

Dubaiko tranbia 2014ko azaroaren 11n hasi zen lanean, eta Al Sufouh barrutia Dubai Marinarekin lotzen du. Lineak 11 geltoki ditu 14,5 km-tan banatuta.

Etxeorratz garrantzitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dubaik azken urteotan etxeorratzen eraikuntza handia izan du, hauek dira horietako batzuk:

Herri eta hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dubai honako hiriekin harremanak ditu:[38][39]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
  2. Population of the major cities in the United Arab Emirates. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2018-8-14).
  3. (Ingelesez) DiPaola, Anthony. «Dubai gets 2% GDP from oil» Bloomberg.
  4. (Ingelesez) Sampler & Eigner. (2008). Sand to Silicon. Motivate, 11 or. ISBN 9781860632549..
  5. (Ingelesez) «How Did Dubai, Abu Dhabi and other Cities Get Their Names? Experts Reveal All» UAE Interact 2007-3-30.
  6. Dubai Meteorological Office. Climate. .
  7. Qwikcast. Records and Averages of Dubai, United Arab Emirates. .
  8. (Ingelesez) Dubai Statistics center. Population of Dubai. .
  9. (Ingelesez) Dubai Statistics Center. Population and Vital Statistics. .
  10. (Ingelesez) Saudi Arabia in the year 2037 - also deals with developed countries having alternative fuels. .
  11. (Ingelesez) The Hong Kong of the Middle East. .
  12. (Ingelesez) Barnard, Lucy. (2013-3-6). «Cost of living in Dubai rising rapidly – The National» Thenational.ae.
  13. (Ingelesez) «Oslo, Zürich and Tokyo are most expensive cities» Thepeninsulaqatar.com 2012-9-14.
  14. Jacobs, Deborah L. "Most Visited Cities In The World 2012". forbes. Retrieved 2 December 2013.
  15. Krane, Jim (September 2009). City of Gold: Dubai and the Dream of Capitalism. St. Martin's Press. ISBN 978-0-312-53574-2.
  16. (Ingelesez) Over 24 million visits as Expo 2020 Dubai connects minds and creates the future. .
  17. (Ingelesez) After Expo 2020. .
  18. (Ingelesez) Sheikh-Miller, Jonathan. «UAE Weekend Switchover» AMEinfo.
  19. "Country and Metropolitan Stats in Brief MPI Data Hub
  20. Luxury Fashion Branding: Trends, Tactics, Techniques – Page 80, Uché Okonkwo – 2007
  21. Dubai – p. 100, Terry Carter – 2009
  22. Introduction to Sociology – p. 14, George Ritzer – 2012
  23. Dubai Shopping Festival 2011
  24. DSF Milestones
  25. (Ingelesez) «Sales will account for 8% of Dubai's GDP» Gulf News 2009-5-3.
  26. (Ingelesez) «Gulf News Community» gulfnews.com.
  27. (Ingelesez) Sherwood, Seth. (2007-12-09). «Clubs Bloom in the Desert» The New York Times.
  28. (Ingelesez) «Dubai is world's festival city» khaleejtimes.com 2012-09-23.
  29. (Ingelesez) «Dubai crowned World Festival and Event City by IFEA» news.definitelydubai.com 2012-09-23.
  30. (Ingelesez) «Top 7 Places to go Shopping in Dubai» Dubai Expats Guide 2013-09-29.
  31. Food and Agricultural Import Regulations and Standards GAIN Report. United States Department of Agriculture
  32. Dubai Culture dubai-livethedream.com
  33. (Ingelesez) «Biryani in Dubai» zomato.com.
  34. (Ingelesez) «World's Tallest Hotel Opens Its Doors» BBC News 1999-12-1.
  35. (Ingelesez) «The 2008 Global Cities Index» Foreign Policy 2008/10/15.
  36. "Design of Burj Khalifa". Burjkhalifa.ae. Archived from the original on 28 February 2011. Retrieved 20 April 2013.
  37. "Burj Khalifa records over 1.87 million visitors in 2013.". khaleejtimes.com.
  38. dubaicityguide. Dubai’s sister cities. .
  39. UAE Official Website. Twinning Cities Agreements. .
  40. Uaeinteract.com. Twinning agreement brings a taste of Spain to Dubai UAE – The Official Web Site – News. .
  41. Uaeinteract.com. Dubai, Detroit ink sister-city accord UAE – The Official Web Site – News. .
  42. Uaeinteract.com. Dubai, Granada discuss cooperation UAE – The Official Web Site – News. .
  43. Uaeinteract.com. Los Angeles cultural body takes Dubai as sister city UAE – The Official Web Site – News. .
  44. Dubai sister/twin cities list
  45. Uaeinteract.com. Dubai partners with the U.S. city of Phoenix UAE – The Official Web Site – News. .
  46. English.busan.go.kr. Dynamic Busan – City Government – Sister Cities – Dubai. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]