Pakistan
Pakistan[1], ofizialki Pakistango Islamiar Errepublika (urduz: اِسلامی جمہوریہ پاكِستان, Islāmī Jumhūriyah Pākistān; ingelesez: Islamic Republic of Pakistan), Asiako hego-mendebaldeko estatu burujabe bat da. Ekialdean, India du mugakide; iparraldean, Txina eta Tajikistan; mendebaldean, Afganistan eta Iran; eta hegoaldean, Arabiako itsasoa. Hiriburua Islamabad da, baina hiri handiena Karatxi da.
Egungo Pakistan hainbat arraza eta etniaren igarobide zein pausaleku izan da. Besteak beste, arioak, persiarrak, partoak, kuxarrak, turkiarrak... izan ziren han. Halaber, hainbat erlijio izan dira herrialdean, hala nola hinduismoa, budismoa, kristautasuna. Egun, Islama da nagusi.
Animalia | ||
---|---|---|
Hegaztia | ||
Zuhaitza | ||
Lorea | ||
Animalia endemikoa | ||
Hegazti endemikoa | ||
Itsas-ugaztuna | ||
Narrastia | ||
Anfibioa | ||
Fruitua | ||
Meskita | ||
Mausoleoa | ||
Ibaia | ||
Mendia |
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistan 804 000 km² luze-zabal da eta honako mugak ditu: Iran (900 km), hego-mendebaldean; Afganistan (2.400 km), ipar eta mendebaldean; Txina (520 km) ipar-ekialdean; eta India (2900 km), ekialdean. Kosta 1.050 km luze da eta Omango itsasoaren hegian dago.
Lurraldeak lurrikara arrisku handia du, 2005eko urriaren 8koa kasu. Uholdeak eta zikloiak ere pairatzen ditu.
Mendi nagusiak K2 (8.611 m), Nanga Parbat (8.125 m), Gasherbrum I (8.068 m), Broad Peak (8.047 m) eta Gasherbrum II (8.035 m) dira.
Orografia eta hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistango lurraldean lau alderdi nagusi bereizten dira. Iparraldea menditsua da, Himalaiako Karakorum eta Pamir mendikateek hartzen baitute. han daude munduko mendi garaienetako batzuk daude (haien artean K2, 8.611 metrokoa, munduko bigarren garaiena).
Pakistango lurraldearen ardatza Indo ibaiaren ibarra da, lurralde osoaren ia bi herenak hartzen dituen eta oso lur emankorrak dituen ordoki zabala, iparraldeko Potwar goi-ordokiaren eta Arabiako Itsasoaren artean dagoena.
Mendebalean eta hego-mendebalean Balutxistango goi-ordoki guztiz idorra dago (300 m), Sulaiman eta Kirthar mendikateek Indoren ibarretik bereizten dutena. Mendebaldean mendi lehorrak, hego-mendebaldean goi-ordoki antzua, hego-ekialdean Txolistango basamortua.
Hego-ekialdea Indiako mendebaleko Thar basamortuak hartzen du. Pakistango lurraldearen egitura dela eta lurrikarak izateko arriskua dago, Quetta inguruetan eta iparraldean, batez ere. Pakistango ibai nagusia Indo ibaia da, iparraldetik hegoaldera lurralde osoa igaro eta ura Arabiako Itsasoan isurtzen duena. Indoren adar nagusiak Chenab, Jhelum, Ravi eta Sutlej ibaiak dira.
Klima eta landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistanek klima kontinentala du, eta hotz-beroan gorabehera handiak izatea du ezaugarri nagusia. Neguan batez beste 14 °C izaten dira Indoren ibarrean, 20 °C kostaldean eta -20 °C iparraldeko mendi garaietan. Udan, berriz, 29 °C kostaldean, 35 °C hego-ekialdeko basamortuan eta 0 °C iparraldeko mendietan.
Pakistan oso idorra da, Indo ibarrean, Potwar goi-ordokian eta Himalaia aldean izan ezik. Hego-mendebaleko montzoiak euria dakar uztailetik urrira: 150–200 mm euri kostaldean, 380 mm Indoren ibarrean eta 1.000 mm eta gehiago iparraldeko mendialdeetan. Euriak, nolanahi ere, gorabehera handiak ditu eta orain lehorteak orain uholdeak izaten dira. Mendialdeko basoetan eta nekazaritzarako erabiltzen diren lur oparoetan izan ezik Pakistanen urria da landaredia: belar luzea, zuhaixkak eta zuhaitz gutxi batzuk.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1757. Britainiar Inperioak Indiako azpikontinentea menperatu zuen.
- 1940. 1906an sortutako Liga Musulmanak Indiako musulmanentzako estatu berezia eratzea proposatu zuen.
- 1947. Inperio britaniarretik bereiztean, batetik India eta, bestetik, Ekialdeko eta Mendebaldeko Pakistango estatu islamikoa eratu zituzten.
- 1948. Kaxmir menperatzeko lehenbiziko guda Indiarekin.
- 1951. Lehenbiziko gobernu militarra.
- 1956ko martxoaren 23an, munduko lehen islamiar errepublika bihurtu zen.
- 1971. Ekialdeko Pakistan bereizi zen Indiaren laguntzaz eta Bangladesh izena hartu.
- 1980. Sobietar Batasunak Afganistan inbaditu ondoren, Ameriketako Estatu Batuak laguntza militarra ematen hasi zitzaizkion Pakistani.
- 1988. Benazir Bhutto hauteskunde orokorretan garaile. 1991n ustelkeria leporatuta, kargutik kendu zuten.
- 1998. Lehen proba nuklearrak egin zituen Pakistanek.
- 1999. Bhuttori kartzela zigorra ezarri zioten, ustelkeriagatik; atzerrira ihes egin zuen. Pervez Musharraf jeneralak estatu-kolpea egin zuen.
- 2001. Musharrafek estatu-kolpea egin zuen, hildakorik eragin gabe, eta bere burua presidente izendatu.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistan federazio bat da, osagai hauek dituena: lau probintzia, hiriburu lurralde bat eta administrazio federaleko tribu eremuak. Pakistanek de factozko jurisdikzioa du Kaxmirreko mendebaldean, bi entitate politikotan banatuta eta Indiak ere aldarrikatzen duena.
2001ean Gobernu Federalak Banaketa edo Dibisio entitatea desagerrarazi zuen, eta horren ordez, laugarren mailako banaketak ziren Barrutiak ezarri zituen azpibanaketa gisa. Guztira, 107 barruti dira.
Probintziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oharra: Balutxistan eta Khyber Pakhtunkhwa tribu probintziak dira.
Lurraldeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kaxmir
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gobernua eta politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999an errepublika federal bat izendatu zuten arren, Pervez Musharraf jeneralak Nawaz Sharifen gobernu zibila kendu eta berak hartu zuen botere exekutiboa. 2000.ean egin ziren azken hauteskundeak udal gobernuetarako eta 2001ean, Musharrafek bere burua presidente izendatu zuen. 2002ko hauteskundeetan, Zafarullah Khan Jamali, Musharrafen jarraitzailea, lehen ministro izendatu zuten. 2003an, oposizioarekin Konstituzioa aldatzea adostu zuen eta, modu horretan, zilegitasuna automatikoki lortu.
Pakistanen diktadura ugari egon dira, batez ere 1960ko hamarkadan Ayub Khanena, 1980ko hamarkadan Zia Ul Haqena eta Musharrafena, 1999tik aurrera.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1965etik 1980ra Pakistango ekonomia % 5,1 hazi zen urtero, 1970 ondoko gerra zibila eta Ekialdeko Pakistango banakuntza gorabehera. Hurrengo hamarraldian, ekonomiaren liberalizaziorako politikak indarrean jarri ondoren, % 6 hazi zen. Hala eta guztiz ere, biztanle gehienak pobreak dira, eta nekazaritzaren emaitzen mendean daude.
Biztanle hazkunde tasa handiaren ondorioa da hori, neurri batean, baina baita faktore politikoena ere: gastu militarrek, adibidez, ekonomiaren hazkundea eta modernizazioa eragozten dute. Pakistango gobernuak herrialdeko ekonomian esku hartzen du, eta 1970 ondoko urteetan industria nagusi gehienak nazionalizatu zituen.
1980tik aurrera, ekonomiaren hazkundea sustatzeko eta lanpostuak sortzeko gobernuak hartu zituen neurrien artean, estatuaren esku hartzea gutxitu zen, eta, aurreneko aldiz, lehen estatuak bakarrik kontrolatzen zituen sektoreetan sartu ahal izan ziren enpresa pribatuak. Ekonomiaren aurrerabidearen eragozpen handiena baina gastu militarrak dira, estatuko aurrekontuaren heren bat hartzen baitute.
Pakistango lurraldearen laurden bat –Indus ibarra– erabil daiteke nekazaritzarako. Biztanle aktiboen erdiak dira nekazari. 70eko hamarraldiaren bukaeran, nekazaritzaren erreforma egin zen: lur-jabe handien eskuetan zeuden 1,2 milioi hektarea hartu zituen estatuak, eta horien erdiak maizterren artean banatu zituen. Handik aurrera pertsona bakoitzak 40 hektarea eremu ureztatu edo 81 hektarea eremu lehor izan ditzake gehienez.
Pakistan garia esportatu beharrean izaten zen lehen, baina 1970-1980 bitartean biztanleen beharrak asetzeko adina gari ekoiztea lortu zuen, eta, gainera, munduko arroz esportatzaile handiena da. Gaur egun, azukre kanabera, garia, arroza, kotoia eta artoa dira gehien ekoizten dituen gaiak.
Bestalde, herrietan bizi den jende gehienak abereak hazten ditu. Balutxistango goi-ordokian eta beste goialde idorretan bizi direnak ere artzaintzatik bizi dira, eta bizimodu nomada edo erdinomada egiten dute. Arrantza baliabideak behar bezala ustiatu gabe daude oraindik, baina garrantzi handikoak dira.
Sardinak, marrazoa, antxoak eta mariskoa dira harrapakin inportanteenak. Mea baliabide nagusiak igeltsua, gatza, kareharria, bauxita, kromoa eta ikatza dira. Petrolioa eta gas naturala ere badira. Industria atzeratuta dago, eta nekazaritzako gaien transformazioan oinarritzen da batez ere. XX. mendearen azkeneko urteetan sektore pribatuaren inbertsioak sustatu dira, baina, hala ere, estatuaren eskuetan daude oraindik produkzio lantegi handiak (zementua, ongarriak, altzairua…).
Biztanleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistango biztanleriaren substratu etnikoa askotarikoa da, historian zehar askotan inbaditu den lurraldean baita: drabidak, ariarrak, greziarrak, eszitiarrak, hunoak, arabiarrak, mongolak, persiarrak, turkiarrak eta afganiarrak. Gaur egun punjabak dira gizatalde nagusia.
Azkeneko urteetan jende asko etorri da Indiatik. Biztanle kopurua % 3,1 handitu da urtero 1980 eta 1996 bitartean, jaiotza tasa handia baita (5,2 seme-alaba emakume bakoitzeko), eta osasun eta higiene baldintzak pixka bat hobetu direlako. Bizi itxaropena 63 urtekoa da.
Biztanle gehienak herrietan bizi dira; hirietan ez da heren bat besterik bizi. Hiriburuaz gainera, Karatxi (5.200.000 biztanle), Lahore (2.955.000 biztanle) eta Faisalabad (1.104.209 biztanle) dira hiri nagusiak.
Gizarte laguntzaren babesa oso mugatua da. Osasun zerbitzuak urriak dago eta mediku eta erietxe falta da; osasun egoera, horrenbestez, ez da ona. Bizi itxaropena 60 urtekoa da gizonezkoentzat eta 61 urtekoa emakumezkoentzat. Lehen mailako ikasketak dohain dira baina haurren erdia baino ez da eskolara joaten. Pakistango biztanleen hiru laurdenak alfabetatu gabe daude. Unibertsitateak eta goi mailako ikasketak egiteko ikastetxeak dira hiri nagusietan. Lehen unibertsitatea 1882an sortu zen.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erlijioz, biztanle gehien-gehienak (% 95) musulmanak dira (bostetik lau sunniak dira eta gainerakoak xiitak). Gainerako erlijioen artean, kristautasuna (% 2) eta hinduismoa (% 1,6) dira nagusiak.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistango kultura adierazpen nagusia poesia da, poesia emanaldiak bereziki. Poetak heroitzat hartuak ohi dira. Guztien artean garrantzitsuena Mohamed Iqbäl (1876-1938) olerkaria eta filosofoa izan da, haren ideiak Pakistan modernoaren oinarritzat hartu baitira.
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistango hizkuntza ofiziala urdu da, baina jende gutxik erabiltzen du ama hizkuntza gisa. Ingelesa ere ofiziala da, eta pakistandar elitearen eta gobernuko ministroen “lingua franca” da. Punjabera da hizkuntzarik mintzatuena (% 48), eta ondoren datoz sindhia (% 12), sirakia (% 10), paxtuera (% 8), urdu (% 8), etab. Alfabetatze maila % 38 da (gizonezkoak % 50 eta emakumezkoak % 24).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-08-24 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Pakistango gobernuaren webgune ofiziala
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Commonwealtheko estatu kideak | ||
---|---|---|
Antigua eta Barbuda • Australia • Bahamak • Bangladesh • Barbados • Belize • Botswana • Brunei • Dominika • Erresuma Batua • Fiji (baliogabetua) • Ghana • Grenada • Guyana • India • Jamaika • Kamerun • Kanada • Kenya • Kiribati • Lesotho • Malawi • Malaysia • Malta • Maurizio • Mozambike • Namibia • Nauru • Nigeria • Pakistan • Papua Ginea Berria • Ruanda • Saint Kitts eta Nevis • Santa Luzia • Saint Vincent eta Grenadinak • Samoa • Seychelleak • Sierra Leona • Singapur • Salomon Uharteak • Hegoafrika • Sri Lanka • Swazilandia • Tanzania • Tonga • Trinidad eta Tobago • Tuvalu • Uganda • Vanuatu • Zambia • Zeelanda Berria • Zipre |
Asiako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka) | |||
Afganistan • Errusia • Kazakhstan • Kirgizistan • Uzbekistan • Tadjikistan • Turkmenistan |
Hego Korea • Ipar Korea • Japonia • Mongolia • Txina | ||
Arabiar Emirerri Batuak • Armenia • Azerbaijan • Bahrain • Egipto • Georgia • Iran • Irak • Israel • Jordania • Kuwait • Libano • Oman • Qatar • Saudi Arabia • Siria • Turkia • Yemen |
Brunei • Ekialdeko Timor • Filipinak • Indonesia • Kanbodia • Laos • Malaysia • Myanmar • Singapur • Thailandia • Vietnam | ||
Bangladesh • Bhutan • India • Maldivak • Nepal • Pakistan • Sri Lanka |
Beste entitate |