Nekazaritza
Nekazaritza, lugintza edo laborantza lurra landuz landareak edo zuhaitzak hazi eta bertatik batez ere gizaki zein abereentzako elikagaiak (fruituak, barazkiak, zerealak) ekoizten dituen hazkuntza-jarduera da. Ehungintza, papergintza, farmazia edo bestelako industria jardueretarako zuntzak eta bestelako gaiak ekoizten dira nekazaritzan. Gaur egun erregaiak ekoizteko landareak ere hazten dira. Nekazaritzan hazitako landare eta fruituei labore deritze. Funtsezko jarduera ekonomikoa da gizartean: nekazaritzaren ekoizkin gehienak elikadurarako direnez, uzta eskasek eta nekazaritza-krisiek goseteak eta arazo sozioekonomiko larriak eragin dituzte historian zehar. Guztira, Lurraren lurzoruaren %10-%20 bitartean nekazaritzarako erabiltzen dela zenbatetsi da[1]. Nekazaritzaren eraginez landa inguruneko paisaia sortzen da, hiriaren aldean. Landa ingurunean giza-komunitateen bizitza eta garapen iraunkorrerako kondizio egokiak sortzen dira batzuetan, baina nekazaritza modu desegokiek bertako komunitateak ezabatu ere egin dituzte beste batzuetan.
Nekazaritza Neolitikoan garatu zen, duela 10.000 bat urte, eta berari esker zibilizazioaren sorrera gertatu zen: hiriak sortu eta garapen ekonomiko eta kultural handia izan zen, elikagaien ekoizpena aiseago egiten baita nekazaritzaz, antzinako elikagaien bilketa zuzenaren eta ehizaren aldean, eta horrela beste jardueretarako denbora uzten du. Aro modernoan ere, Iraultza Industriala nekazaritzan izandako aurrerapenei esker gertatu zen, industriak behar zituen langileak nekazaritza sektoretik hartuz. Egun ere nekazaritzaren eraginkortasunerako teknikak garatzen dira, agronomia izeneko arloaren baitan. Nekazaritzak ingurumen naturalaren eraldaketa dakar beti, baina bere baitan oso sistema ezberdinak bereizten dira: ekoizpena maximizatzearren pestizida eta ongarri sintetikoen erabilera masiboak aldezten dituen nekazaritza, ingurumen arazo larriak ekartzen dituena, eta beste alde batetik modu bigunagoaz garapen iraunkor baterako nekazaritza ekologiko baterako printzipioak, metodo eta teknikak ezartzen dituena, agroekologia izeneko arloaren baitan.
Nekazaritza lehenengo sektore ekonomikoan kokatzen da, arrantzarekin batera, baina bere baitan oso jarduera ezberdinak biltzen ditu. Biziraupenerako nekazaritza nekazariak berarentzat eta bere familiarentzat nahikoak diren elikagaiak soilik lortzen dituen nekazaritza da; beste alde batetik, nekazaritza intentsiboak ahalik eta etekin handiena bilatu eta horretarako teknikak garatzen ditu. Hazitako landareak zein diren, nekazaritza modu eta teknika ezberdinak ere bereizten da: esate baterako, baratzezaintzan fruitu eta barazkiak hazten dira eta zerealak zerealgintzan. Aldi berean, nekazaritza abeltzaintzarekin oso loturik izaten da, sistema bat osatuz: nekazaritzak abereentzako elikagaiak ekoiztu eta abereen lana eta emariak nekazaritzarako erabiltzen dira. Gaur egun, nekazaritza munduko sistema ekonomiko globalean guztiz integraturik dagoen jarduera da, industriatik beharrezko dituen lehengaiak eta teknologia hartuz eta elikagai, energia eta ehungintza industrietarako lehengaiak ekoiztuz. Integrazio global honek lurraren kontzentrazioa ekarri du, multinazionalen aldetik, tokiko nekazariek bere laboreak merkaturatzeko duten autonomiaren eta kontrolaren galerarekin batera.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritza modu independente batean hasi zen munduko hainbat lekutan, eta espezie ugari etxekotu ziren prozesu horretan. Gutxienez hamaika leku ezberdinetan garatu zen[3]. Zereal aleak gutxienez orain dela 105.000 urte hasi ziren jasotzen eta jaten[4]. Arroza Txinan etxekotu zen orain dela 13.500 eta 8.200 urte artean, eta ondoren mungo, soja eta azuki babak. Ardiak Mesopotamian etxekotu ziren orain dela 13.000 eta 11.000 urte artean[5]. Orain 11.500 urte inguru Iraultza neolitikoko zortzi elikagaiak jada ereiten ziren Ekialde Hurbilean: bi gari mota ezberdin, garagarra, ilarrak, dilistak, erua, txitxirioak eta lihoa. Behiak uroetatik etxekoutu ziren gaur egungo Turkia eta Pakistanen orain dela 10.500 urte[6]. Txerriak hainbat etxekotze-gune ezberdin izan zituen Europan, Ekialdeko Asian eta Hegomendebaldeko Asian[7], basurdetik abiatuta orain dela 10.500 urte[8]. Hego Amerikan, Andeetan, patata orain dela 10.000 eta 7.000 urte artean landatu zuten, babarrun eta kokarekin batera, eta llama, alpaka eta akuriak etxekotu zituzten. Azukre kainabera eta tuberkulo batzuk Ginea Berrian landatzen ziren orain dela 9.000 urte. Sorgoa Sahelen etxekotu zuten orain dela 7.000 urte. Kotoia independenteki etxekotu zen Perun orain dela 5.600 urte eta Eurasian[9]. Ertamerikan teosintetik abiatuta artoa eskuratu zuten orain dela 6.000 urte[10].
Ikerlariek hainbat hipotesi garatu dituzten nekazaritzaren jatorria azaltzeko. Ehiztari-biltzaile ekonomia batetik nekazaritza-gizarte batera igarotzeak sedentarismoarekin lotu dute, bai Ekialde Hurbilean, bai Txinan. Lehenago biltzne ziren hainbat elikagai landatu eta etxekotu ziren, denboraren poderioz[11][12].
Zibilizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eurasian Sumer izan zen herritan bizitzen hasi zen lehen zibilizaizoa, orain dela 10.000 urte inguru, Tigris eta Eufrates ibaien ura erabiliz ureztatze sistemak eraikitzeko. Goldea lehen piktogramatan orain dela 5.000 urte agertu zen, eta hazi-goldeak orain dela 4.300 urte. Nekazariek garia, garagarra, dilistak eta tipulak landatzen zituzten, eta datil, mahats eta pikuak[13]. Antzinako Egiptoko nekazaritzak Nilo ibaia behar zuen bizirauteko, eta urtero ematen ziren uholdeek elikatzen zuten lurra. Nekazaritza eta abeltzaintza Egiptoko Aro aurredinastikoan garatu zen, Paleolitoaren amaieran, K. a. 10.000. urtearen ondoren. Lehen nekazal produktuak garia eta garagarra izan zen, liho eta papirorekin batera[14][15]. Indian garia, garagarra eta jujubondoa orain dela 11.000 urte etxekotu ziren, eta laster ardi eta ahuntzak[16]. Mehrgarh kulturak behiak, ardiak eta ahuntzak etxekotu zituen K. a. 8000 eta 6000 urteen artean[17][18][19]. Kotoia K. a. 5 eta 4 milurtekoen artean hasi zen ereitzen. Indo haraneko kulturak ureztatzea orain dela 6.500 urte asmatu zuen[20]. Zibilizazio berberak animalia bidez tiratutako goldea orain dela 4.500 urte asmatu zuela uste da[20]. Txinan K. a. V. mendetik aurrera aletegi sistema nazional bat garatu zen eta zeta lantzen hasi ziren. Ur-errotak K. a. I. mendean hasi ziren erabiltzen, eta ureztatzea ondoren[21]. II. mendean golde sendoak eta burdinezko beste hainbat tresna jada garatu zituzte. Asmakizun hauek Eurasian zehar mendebalderantz hedatu ziren[22]. Asian arroza orain dela 8.200 eta 13.500 urte artean etxekotu zuen Txinan, Oryza rufipogon basa-arrozetik jatorri genetiko bakarrarekin[23][24]. Antzinako Grezian eta Erroman zereal nagusiak garia eta garagarra ziren, ilar, baba eta olibondoekin batera. Ardi eta ahuntzak euren esneagatik mantentzen ziren[25][26].
Amerikan teosinteaz gain kuiak, babarrunak eta kakaoa landu zituzten[27]. Indioilarrak Mexikon edo gaur egungo AEBko hego-mendebaldean etxekotu zen[28]. Aztekek ureztatze sistemak, terrazadun muinoak eta uharte artifizialak (chinampas) sortu zituzten, lurra ongarritzeaz gain. Maiek ubide sistemak eta lursail altxatuak egiten zituzten padurak erein ahal izateko K. a. 400. urte inguruan[29][30]. Inkek patata orain dela 7.000 eta 10.000 urte artean etxekotu zuten[31][32][33]. Kokaz gain, Andeetan kakahuetea, tomatea, tabakoa eta ananak landatu zituzten[27]. Eskualde berean llama, alpaka eta akuriak etxekotu zituzten[34]. Ipar Amerikako ekialdean ekilorea, tabakoa, kuia eta Chenopodiuma landu zuten[35]. Basa arroza eta astigar azukrea biltzen jarraitu zuten[36]. Gaur egungo marrubia Txile eta Ipar Amerikako espezieen hibridoa da, Europa zein Ipar Amerikan sortua. Gaur egungo AEBko hego-mendebalde eta Pazifikoko ipar-mendebaldeko herritarrek basozaintza eta su-makilaren nezkazaritza egiten zuten. Natiboek suaren kontrola zuten eskualde mailan, eta sute txikiak sortzen zituzten dentsitate txikiko nekazaritza sortu ahal izateko, permakultura moduko bat[37][38][39][40]. Labore-elkarketa egiten zuten Lautada Handian, Hiru Ahizpak deitzen zen sistemarekin: elkarrekin landatzen ziren kuia, artoa eta babarrunak[41].
Iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroan Islamiar munduan eta Europan nekazaritzaren eraldaketa handia egon zen, teknika berriekin eta landare berrien sarrerarekin: azukrea, arroza, kotoia eta arbola batzuk sartu ziren, adibidez laranja Al-Andalusetik[42][43]. 1492etik aurrera Kolondar trukaketa eman zen: Mundu Berriko artoa, patatak, batatak eta manioka Europara iritsi ziren, eta Europako garia, garagarra, arroza eta arbia Ameriketara iritsi ziren, zaldi, behi, ardi eta ahuntzekin batera[44]. Ureztatzea, labore errotazioa eta ongarriak asko garatu ziren XVIII. mendetik aurrera, Britainiar Nekazal Iraultzatik hasita. XX. mendetik aurrera nekazaritza asko aldatu da herrialde garatuetan, mekanizazioa, ongarri sintetikoak, pestizidak eta hautespen artifizialaren ondorioz. Haber-Bosch metodoak baimendu zuen nitrato amonioa sintetizatzea eskala industrialean, laborantzaren emaria handituz[45]. Gaur egungo nekazaritzak hainbat auzi politiko sortu ditu uraren kutsadura, bioerregaiak, genetikoki eraldatutako organismoak edo muga-zergak bezala. Erantzun gisa elikadura burujabetza edo elikagai organikoen aldeko mugimendua sortu dira[46][47].
Nekazaritza motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nekazaritza ibiltaria tropikoetan sarri erabili den nekazaritza metodoa da, gehienetan nekazaritza modu primitibo batekin loturik. Bertan, nekazariek eremu bat denboraldi bat edo bitan landu eta gero zenbait urtez uzten dute, beste eremu batera aldatuz. Era honetan, lurzoruaren emankortasunaren galeraren arazoa saihestu egiten da, eremuak aldiro berritzen baitira eta belar txarrei ere aurre egiten zaie, horiek indarra hartzen dutenerako eremuaren hazkuntza bertan behera uzten baita. Sarri, eremu berriak basoari eta sastrakari su emanez garbitu dira, baina horrela higadura-arazoak sorrarazi direla aipatu da. Nekazaritza ibiltariaren beste ezaugarri nabarmen bat teknologia maila eskasa da.
- Nekazaritza egonkor arina lur eremu finkoetan burutzen dena da, baina teknologia eskasarekin. Horren adibide garbiena, baratzeak dira, non askotan aitzur hutsez lantzen den lurra. Aberez egindako goldaketa, zaldiz edo idiz, ere erabiltzen da nekazaritza arinean. Gehienetan familia baten baitan burutzen den nekazaritza jarduera, familiarentzat elikagaiak eskuratu eta soberakin eskasa azokan salduz. Hori dela eta, lur eremuen zatiketa ere nabarmena da nekazaritza sistema honetan, bocage izeneko nekazaritza paisaia sortuz Europako mendebaldean, esaterako. Maiz terrazetan ere garatzen da, eremu maldatsuetako lurrak aprobetxatzeko. Mundu osoan hauteman daiteke nekazaritza egonkor arina, Asiako arroz eta Afrikako mandioka hazkuntzetatik Euskal Herriko baserrietara adibidez.
- Nekazaritza estentsibo eta nekazaritza intentsiboaren arteko bereizketa ekoizpen faktoreen erabileraren intentsitatean datza. Ahalik eta ekoizpen handiena lortzeko, lurra ezik beste ekoizpen-faktoreren baten erabilera-maila altua badago (adibidez, negutegietan kapital-faktorearen eta teknologiaren erabilera nabarmena dago), nekazaritza intentsiboa egiten dela esaten da. Nekazaritza ibiltaria eta egonkor arina, berriz, nekazaritza estentsiboko metodoak dira, lan indar eta kapital eskasa behar izaten dutelako, produktibitatea klima eta bestelako faktore naturalen esku utziz.
- Nekazaritza mistoa nekazaritza eta abeltzaintza uztartzen dituena da. Nekazaritza eremu jakinetan modu finkoan egiten denean, lurzoruak emankortasuna galtzen du; horri aurre egiteko abeltzaintza jarduera osagarri moduan erabiltzen da, abereen gorotzak ongarri moduan erabiliz edo aldiro nekazaritza eremuak larretarako baliatuz.
- Lehorreko nekazaritza eta nekazaritza ureztatua ere bereizten dira. Lehorreko nekazaritzan hazkuntzak tokiko euri ur eskasez soilik burutzen dira, akuifero edo bestelako ureztatze-sistemarik erabili gabe. Nekazaritza ureztatuan hazkuntzarako ureztatzen artifiziala erabiltzen duen laborantza mota da, euri ura nahikoa ez delako.
- Nekazaritza biologikoa edo naturala.
- Nekazaritza transgenikoa edo ADNa aldatutako landareak hazten dituena.
Nekazaritza eta ingurune fisikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritzarako aukerak ingurune fisikoaren baldintzapean daude: tokiko erliebeak, klimak eta lurzoru egokiek nekazaritza ahalbidetu eta hazkuntza egokienak ezartzen dituzte. Erliebearen kasuan, anitz dira kontuan hartu beharreko faktoreak. Alde batetik, eremua zenbat eta maldatsuagoa orduan eta zailagoa da hazkuntza, lurzorua orduan eta lehorragoa eta ezegonkorragoa eta lana nekezagoa eta makineria erabilera zailagoa ere baita. Halatan, 11°-tik gorako aldapak nekazaritzarako desegokitzat jotzen dira. Lur eremu oso lauetan, berriz, drenajearen arazoa sor liteke baina, oro har, nekazaritzarako egokienak direla irizten da. Itsas mailatik dagoen altuerak ere eragin nabaria du: altuera igo ahala, tenperaturak behera egiten du eta bestelako baldintza klimatikoak (haizeak, euria, eguzki-argia) gogorragoak dira landare gehienentzat. Horrela, 3000 metrotik gorako lur eremuetan nekazaritza jarduera oso eskasa eta landare espezie berezietara mugatzen da[48].
Klima ere faktore nagusia da nekazaritzako hazkuntzetan: tokiko prezipitazioa, tenperatura eta horien aldakortasuna erabakigarriak dira hazi beharreko espezieak zehazteko orduan. Klimako beste zenbait aldagai ere, hala nola eguzki-orduak urtean zehar eta hezetasuna, garrantzitsuak dira. Horrela, nekazaritzako hazkuntzen banaketak eremu klimatikoei jarraitzen die menduan zehar. Adibidez, montzoia jasotzen duten eskualdeetan arrozaren hazkuntza da nagusi, arrozak behar duen prezipitazio ugaria dela eta. Klimak lurzoruari buruzko faktore garrantzitsua ere bada: haize zakarrek hazkuntza zaildu eta euri jasa handiek lurzorua higatu egiten dute. Klima baterako labore egokienen hazkuntza eta uzta garai egokiena eta, oro har, klimak nekazaritzan duen eragina aztertzen duen arloa agrometeorologia da.
Nekazaritzarako lurzoru egokia izateko hainbat faktore aztertu behar da: ez dira egokiak lurzoru azidoak, mikroorganismoen jarduerarako kaltegarriak direlako; alkalinoak, gai kimiko zenbaiten absortzioa eragotzi egiten dutelako eta lurzoru gaziak, hezetasuna atxikitzen ez dutelako[49]. Lurzoruaren sakonera ere faktore garrantzitsua hazkuntzetan: sakonera txikiko lurzoruek laboreen sustraien garapena eragozten du. Lurzoruaren egitura, ehundura, gogortasuna eta bestelako ezaugarriak biltzen dituena, ere kontuan hartzekoa da: adibidez, buztinezko lurzoruen dilatazio eta kontrakziorako joerak hazkuntza oztopatzen du. Lurzoruetan dauden mikroorganismoak eta materia organikoa ere oso garrantzitsuak dira lurzoruek landareek behar dituzten elikagarriak izan ditzaten, batez ere nitrogenoa, fosforoa eta potasioa, mikroorganismoak materia organikoa deskonposatzean eskuratzen direnak.
Nekazaritza paisaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritzak nabarmen aldaratzen du ingurumena. Ustiapenek lurraldea zatitu eta moldatu egiten dute eta horrela paisaia berri bat sortzen dute, landa ingurunea. Ustiapen mota, laborea eta nekazaritza-sistema zein diren, nekazaritza paisaia edo landa ingurune ezberdinak sortzen dira:
- erabilerari buruz,
- nekazaritza-eremuen mugei buruz,
- bocage, minifundio eta lursail txikiz osaturiko morfologia mota da, non lursail txikiak zuhaixka edo harrizko murru txikiek mugatzen duten; paisaia hau ohikoa da Euskal Herriko Kantauri Itsasoko isurialdean;
- openfield edo eremu irekia, lautadetan eratzen den nekazaritza paisaia da, lursail zabal eta lerrozuzenekin, gehienetan kontzentrazioa duen herrigune baten inguruan;
- habitat egiturari buruz,
-
Donibane Garazi inguruko paisaia, bocage motakoa.
-
Arabako lautada inguruko paisaia, paisaia irekia.
Nekazaritzako faktore teknologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurzoruaren prestaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hazkuntza bati ekin aurretik lurra goldeaz prestatu behar izaten da, batez ere landareen kasuan eta ez horrenbeste arbolazaintzan. Goldaketaren helburua lurra iraultzea da, belar txarrak ezabatu, azalera elikagarriak ekarri eta lurrak hazirako prestatzeko. Hazkuntza batzuetan ez da beharrezkoa goldaketa: baratzeetan esaterako eskuko aitzurra erabili ohi da lurra altxatzeko. Euskal Herrian laia erabili izan da helburu berdinarekin. Historian zehar golde mota zenbait asmatu dira, lurra sakonago goldatu eta goldaketa lana aiseago eta azkarrago egiten dutenak. Adibidez, belarri izeneko goldea Erdi Aroan asmatu eta Europa iparraldeko lur gogorrak lantzeko aukera eman zuen: lurra sakonago eta azkarrago iraultzeaz gainera, ildaskak sortu eta horrela lurreko hezetasuna hobeki atxikitzen zuen [51]. XX. mendean motordun goldeak modu masiboan ordeztu dituzte garai batean zaldiek, idiek eta baita pertsonek ere tiraturiko goldeak, produktibitatea nabarmen gehituz. Baratzeetan ere aitzurraren ordez motokultoreak erabiltzen dira lurra prestatzeko.
Hedakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hedakuntza landare eta arbolen hazkuntza abiarazteko teknika multzoari deritzo. Teknika hauetan, ereintza, hazietatik abiarazten den hedakuntza mota, sexu-ugalketan oinarritzen dena; eta asexualak edo klon bat sortzen duten aldaxka, belaunketa edo probenatzea eta txertaketa teknikak bereizten dira. Aldaxka izeneko teknikan landarearen zati bat moztu, lurrean landatu eta landare berri bat sortzen da. Belaunketa estoloiak dituzten landareekin egiten da (marrubi landarea, esaterako), non estoloia makurtu eta lurperatu egiten den ezproia sustraitzeko; sustraitu ondoren, estoloia moztu egiten da ama-landaretik, landare berria sortuz. Txertaketa, espezie bateko adar bat beste espezie bateko zurtoinean txertatzean datza; oso erabilia da fruta arboletan, horien ezaugarriak (zaporea, gogortasuna...) konbinatzeko. Laborategietan kimuen in vitro hazkuntza ere egiten da landare zenbaiten kasuan, kimu horiek birus eta bestelako mikroorganismorik gabe hazten direla ziurtatzeko.
-
Aldaxka: ohikoa da aldaxkak lurrera aurretik uretan edukitzea.
-
Txertaketa: zuhaitz bateko adaxka beste zuhaitz bateko enborrean txertatuz
-
In vitro hazkuntza: zelula multzo txiki batetik landarea garatzen denean, lurrera aldatuko da.
-
Laboreak hazitik ere hazi daitezke.
Ureztapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ura funtsezko elementua izaten da landare gehienen hazkuntzarako. Euri ura nahikoa ez den tokietan, nekazaritza ureztatua egiten da. Historian zehar metodo anitz baliatu da ureztaketa egiteko. Metodo arruntena isurizko ureztaketa da, non urmael batetik bidea eginez lur eremu batera zuzenean ura isurtzea da. Metodo honen arazoa bere eraginkortasun eza ur kopuru handia kontsumitzen baita modu honetan. Kopuru hori kontrolatzen ere zaila da, begiz soilik neurtu baitaiteke zenbat ur isurtzen ari den. Era honetan, gainera, sustraiek urarekin izan dezaketen kontaktu zuzena kaltegarria izan daiteke landarearentzat. Arazo hau saihesteko landare-ilara batetik bestera ildaskak ezar daitezke, ura bertatik igaroarazteko; horrela, ildaskak lurrez itxiz eta irekiz, nekazariak hobeto kontrolatzen du ureztaketa. Ureztaketa teknologia aurreratuagoak ere badaude, ura eraginkortasun handiagoz erabiltzen dutenak: ihinztadurazko ureztaketan ura hodi-sistema batetik ureztatu beharreko eremuraino eramaten da eta bertan presio bidezko sistema batez euri moduan kanporatu eta inguruko lurrak ureztatzen ditu, baino inbertsio handia eskatzen du eta urak kalteak eragin ditzake hosto, lore eta fruituetan; tantakako ureztaketan hodiak landare bakoitzeraino heltzen dira eta bertatik tantak isurtzen dira aldiro guztiz modu kontrolatuan.
Ongarritzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lur eremu batean burutzen den nekazaritza-jarduera konbentzionalak jarraituak lurrak agortu egiten ditu, hazkuntzak elikagarriak nabarmen xurgatu eta besteak beste belar txarrak eta hondakinak ezabatzean elikagarriak ematen dituen materia organikoa ezabatu egiten duelako. Lurraren emankortasuna gehitzeko teknika ezberdinak erabili dira historian zehar. Ongarriak lurrera botatzen diren substantziak dira, landareek behar dituzten elikagarri kopurua handitzen dutenak. Ongarriak organikoak izan daitezke, abere ezberdinen simaurra esaterako, zein kimikoak, industriak ekoiztutakoak. XX. mendearen bukaeratik hazkuntza hidroponikoak ere zabaldu dira, non landareak ez diren lurrean hazten, baizik eta gizakiak prestatutako solutu mineral batean, landare behar dituen substantzia guztiak ematen dizkiona.
Errotazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Labore baten hazkuntza iraunkorrak lurraren emankortasuna galarazi, belar txarren ugalketa galarazi eta izurriak baztertzen laguntzen du. Arazo horiek saihesteko, antzinatik erabiltzen dira hazkuntza-errotazio teknikak, non denboraldi batetik bestera labore berdina ekoiztu ordez, labore ezberdinak txandakatzen diren. Historian zehar errotazioak elikadura hobea eta orekatuagoa ere ekarri die nekazariei, urte berean labore ezberdinak baitzituzten horrela. Adibidez, Erdi Aroan hiru urteko errotazioa nagusitu zen, non 3 urtetan sei uzta ezberdin egiten ziren, lur eremua hiru sailetan zatituz eta urtero sail bat lugorritan utziz[52]. Horrela ekoizpena kasu batzuetan halako sei egin zela zenbatetsi da.
Hiru urteko errotazioaren eskema Urtea 1. saila 2. saila 3. saila 1 lugorri neguko zereala udaberriko zereala 2 neguko zereala udaberriko zereala lugorri 3 udaberriko zereala lugorri neguko zereala
Izurrien kontrola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritzan izurritzat jotzen da hazkuntza normala mugatzen duen faktore oro. Belar txarrak, karraskariak, gasteropodoak, nematodoak, intsektuak, onddoak, birus eta bestelako parasitoak edo zomorroak herri hizkeran izan daitezke. Asia eta Afrika hazkuntza guztien %40 inguru izurrien ondorioz galtzen dela zenbatetsi da. Europan, berriz, %25 inguru galtzen dela estimatu da [53]. Historian zehar, substantzia mineral zein organikoak, pestizida edo zomorro-botika izenekoak, erabili izan dira izurri hauen aurka egiteko: adibidez, sufrea K. a. 1000 urtetik erabiltzen da intsektizida moduan, kobre-sulfatoa onddoen aurka erabili izan da XV. mendetik eta karea eta nikotina ere maiz erabili dira historian. Ezabatu nahi den eragilea zein den pestizida-mota ezberdinak daude: intsektizidak intsektuen aurka, herbizidak belar txarren aurka edo fungizidak onddoen aurka. XX. mendean pestizida organiko sintetikoak asmatu ziren, izurrien aurka oso eraginkorrak baino ingurumenean eta kontsumitzaileengan ondorio larriak sortzen dituztenak kasu batzuetan, ehunetan metatu eta iraunkorrak izaten baitira. Hori dela eta, pestizida zenbaiten erabileraren debekua ere eskatu da nazioarteko erakundeetan, DDT produktuarena esaterako. Alternatiba moduan, pestizida ekologikoak asmatu dira, feronometan oinarrituta adibidez.
Nekazaritza egutegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laboreen hazkuntzak urtaroen zikloari jarraitzen dio, izaki bizidun guztiek bezalaxe. Horrela, labora bakoitzak bere hazkuntza garaia izaten du urtean zehar, urtaroen gorabehera handirik ez dagoen ekuadorreko eskualde zenbaitetan ezik. Tropikoen inguruetan urtaro euritsua eta lehorra bereizten dira eta horiei jarraiki ezartzen da nekazaritza egutegia edo garai bakoitzean zer hazi eta zer bildu behar den. Berriz, latitude ertainetan, Euskal Herrian kasu, lau urtaroak nabarmen bereizten dira. Laboreek, eta oro har izaki bizidunek, urtaroen zikloari nola jarraitzen dioten aztertzen duen arloari fenologia da. Beste alde batetik, antzinatik Ilargiaren eragina frogatu da laboreen hazkuntzan. Adibidez, tuberkuluak ilbeheran eta airean hazten diren barazkiak ilgoran erein behar direla uste ohi da[54]; basozaintzan egurrak propietate egokiak izan ditzan zuhaitza botatzeko data ilargialdiari jarraiki zehaztu behar dela ere jakina da [55].
Azpiegitura eta mekanizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurzorua eta lanaz haraindi, egungo nekazaritzako produktibitate handia XIX. mendetik garatutako azpiegitura eta mekanizazioari esker lortu da. Mekanizazioa lehenago eskuz edo abereen laguntzaz egiten zen lana makina konplexuei esker egiten da gaur egun. Horri esker, Industria Iraultzak behar zituen langileak ekarri zituen aurreko hamarkadetan. Nekazaritzako makinerian denetariko lanetarako makinak daude gaur egun, hazkuntza gehienetan goldatu, ongarritu, erein eta uzta biltzeko; sarri, makina hauek traktore izeneko ibilgailu komun batera lotzen dira lana egiteko. Nekazaritzarako azpiegituren artean, berotegiek hazkuntza eguraldiaren gorabeheretatik askatu eta landareak giro kontrolatu batean, hezetasun eta tenperaturari dagokienean, hazteko ahalbidetzen dute. Badira eskualdeak, Almeriako kostaldea kasu, non nekazaritza berotegietan soilik egiten den. Nekazaritzako beste azpiegitura bat siloak, uzta edo hazkuntzarako behar diren gaiak egoera egokian (lehor eta tenperatura egokian) gordetzeko biltegiak alegia.
Laboreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiak hazitako landareak edo laboreak naturan aurki daitezkeen landare guztietatik %1 baino gutxiago dira. Zehatzago, historian zehar nekazaritzako 7.000 landare espezie hazi direla zenbatetsi da[56]. Landare horien guztien jatorria hainbat espezie basati dira, duela 10.000-12.000 urte etxekotzen hasi zirenak. Hasiera batean, naturatik bertatik egindako hazi-aukeraketa batez, sortzailearen efektua izenekoa, joan ziren sortzen landare berriak. Hazkuntza-eremuetan bertan, beste botila-lepo bat suertatu zen: eremuko landareen artean soilik gertatzen zen polinizazioa, eta, halatan, populazio murriztu bateko ezaugarriak indartu egiten ziren. Horretaz gainera, uzta batetik bestera nekazariak gehien interesatzen zitzaizkion aleak gordetzen zituen hurrengo ereintzarako. Horrela, aukeraketa artifiziala behin eta berriz egiten da, nekazariaren mesedetan landarea hobetuz. Oro har bilatzen diren hobekuntzak hazi, fruitu eta sustraien tamaina handiagoa, fruituetako azukre-eduki handiagoa eta hazien sakabanaketa-ahalmena eta sorraldia murriztea dira. Aukeraketa artifizialak dakarren aldakortasun genetikoaren murrizketak arazoak ere planteatzen ditu, ordea: ingurunean izan daitezkeen aldaketei eta sor daitezkeen izurriei aurre egiteko ezintasuna.
Nekazaritzako landareak multzo hauetan sailka daitezke: zerealak, lekaleak, sustraiak eta tuberkuluak eta fruituak. Zerealak nekazaritzan pisu handiena duten landareak dira, Poaceae familiakoak, giza-elikadurarako zein abereen bazkarako erabiltzen direnak: guztira, nekazaritza-lurren %61 zerealetarako erabiltzen da[1]. Gehien hazten diren zerealak garia, arroza, artoa, zekalea eta oloa dira. Horietatik, alea aprobetxatzen da gehienbat, irinak ekoizteko gariaren kasuan, batez ere, lastoa eta hostoak ere azpiproduktu moduan eta abereen bazkarako erabiltzen badira ere. Lekaleetan soja, dilista, garbantzua eta babarruna daude, eta horietatik hazia jaten da, leka baten barnean biltzen dena. Sustrai eta tuberkuluetan patata nabarmendu behar da, baina arbia (abereen bazkarako ere erabiltzen dena) eta azenarioa ere aipatu behar dira. Nekazaritzako fruituetan gozoak baia eta fruitu mamitsuak biltzen dira, gehienetan gozoak, hala nola sagarra, marrubia, udarea, banana, baina baita barazkietan sartu ohi den tomatea ere. Fruituetan sartzen dira fruitu lehorrak ere, azal gogorrekoak, hala nola intxaurra, urra eta kakahuetea. Beste landare batzuetatik, berriz, aireko zurtoina aprobetxatzen da, hala nola zainzuria, banbua eta azukre-kanabera. Beste batzuetan, hostoa bakarrik, letxuga adibidez. Kasu berezietan, lorea eskuratzeko soilik hazten da espeziea, hala nola elikadurarako erabiltzen den azafraia eta, noski, lore apaingarriak (arrosa eta orkidea, adibidez)[57].
Beste alde batetik, nekazaritzan barazkiak izenekoak ere bereizten dira. Barazkiak soro txiki edo baratzeetan hazi ohi diren espezieak dira, zelai handietan hazi ohi diren zereal edo lekale gehienak ez bezala. Hauetan biltzen dira tomatea, patata, porruak, letxuga, azenarioa, azak, azaloreak, berenjena, ilarra (lekalea ere badena, baina bere aleak berde daudelarik jaten dira, beste lekaleak ez bezala) eta beste asko.
Laboreak euren erabilerari jarraiki ere sailka daitezke. Gehienetan, laboreak giza-elikadura edo abereen bazkarako badira ere, badira bestelako erabilerak. Hala nola landare oliotsuak hazten dira munduan zehar, olioa eskuratzeko, adibidez olibondoa (zuhaitza dena), baina baita artoa eta ekilorea ere, gehienetan sukaldaritzan erabiltzeko. Halaber, esentzia-olioak ekoizteko hainbat landareren hostoak, loreak edo haziak erabiltzen dira, kosmetikan eta lurringintzan erabiltzeko. Beste alde batetik, espezia izeneko landare aromatikoak ere hazten dira, hala nola perrexila, pipermina, kanela eta bainila. Azukre-kanabera eta azukre-erremolatxa hazkuntzek azukrea ekoizteko erabiltzen dira. Beste hazkuntza-multzo bat edariak ekoizteko erabiltzen da; adibidez, mahatsetik ardoa eta sagarretik sagardoa ekoizten dira, baina zerealez egindako muztioaren distilazioaz beste edari asko ekoizten dira, hala nola whiskya eta vodka. Tea eta kafea infusio moduan edaten dira. Halaber, sendabelar zenbaiten hazkuntza ere egiten da, kamamilarena adibidez.
Laboreek erabilera industrialak ere badituzte. Ehungintzarako zuntzak eskuratzeko hazten dira kotoi-landarea eta lihoa, besteak beste. Artoa, soja eta beste landare batzuk biodiesel eta bioetanol izeneko erregaiak ekoizteko erabil daitezke. Kautxua izen bereko zuhaitzetik erauzten da. Beste zenbait landare produktu kimiko jakinak lortzeko hazten dira, gerora botika, pestizida eta bestelako produktuak ekoizteko erabiliko direnak. Azkenik, badira landareak drogak eskuratzeko ere hazten direnak, hala nola tabakoa eta kalamua.
Laboreen banaketa geografikoa munduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurune fisikoaren baldintzapean, nekazaritzako lurren banaketa ez da uniformea munduan zehar. Munduko nekazaritza eskualde trinkoenak (lurraldearen azalera osoarekin alderatuta) Ipar Amerikako lautadetan, Europako ekialdean eta neurri txikiagoan Europako mendebaldean, Indian eta Asiako Ekialdean kokatzen dira. Lurralde hauek monolaborantza edo espezializaziorako joera nabarmena dute gainera: Ipar Amerikako lautadetan garia, artoa, garagarra eta soja hazten da gehien bat, Europako ekialdean garia, oloa, azukre-erremolatxa, patata, ekilorea eta lekak, Europako mendebaldean artoa, garia, garagarra (Britainiar uharteetan, batez ere) eta koltza; Indian, artatxikia, arroza, garia, sorgoa, kotoia eta Asiako ekialdean artoa, soja eta garia[1]. Nabarmendu behar da Argentinan sojaren hazkuntza asko garatu dela XX. mendeko bukaeratik, eta Afrikan artatxikia labore ohikoa dela.
Ordena | Garia | Artoa | Garagarra | Arroza | Artatxikia | Soja | Patata | Kotoia |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | Txina | AEB | Errusia | Txina | India | AEB | Txina | Txina |
2 | India | Txina | Ukraina | India | Nigeria | Brasil | India | India |
3 | AEB | Brasil | Frantzia | Indonesia | Herbehereak | Argentina | Errusia | AEB |
4 | Errusia | Mexiko | Alemania | Bangladesh | Txina | Txina | Ukraina | Pakistan |
5 | Frantzia | Argentina | Espainia | Vietnam | Mali | India | AEB | Brasil |
Nekazaritzaren gizarte antolakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurraren jabetza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiak lurra unitate bereizi edo ustiapenetan antolatzen du nekazaritzarako. Ustiapen hauen ezaugarri nagusi bat jabetza eta bertako lan-harremanak dira. Lurraren jabea eta lurra lantzen duen pertsona edo giza-talde bera direnean, ustiapena zuzena dela esaten da. Ustiapen zuzenaren ezaugarri nagusia ustiapenaren tamaina txikia izaten da: nekazariak duen lan-ahalmen mugatuarengatik: bestalde, Europako mendebaldean egun nagusi den ustiapen mota da.
Sarri, bereizi egiten dira lurraren jabetza eta langintza: ustiapenaren jabeak beste batzuen esku uzten du nekazaritza lana, mendekotasun harreman batez gehienetan. Kasu batzuetan, lurjabeak ustiapena kudeatu bakarrik egiten du: adibidez, latifundioetan lurjabeak soldatapean dagoen langileburu baten esku uzten ditu lurrak eta honek lurrik gabeko nekazariak kontratatuko ditu, gehienetan aldi baterako, ustiapenaren beharrak ikusita. Latifundioa ustiapen arrunta izan da Espainian eta Italian, baina bere produktibitatea eskasa izan da. Latifundioaren muturreko kasu bat, Hego Amerikako eskualde anitzetan izan dena, plantazioa izan da, non lana egiten zutenak esklaboak ziren, batez ere europar eta ipar amerikarrentzat kakaoa, azukrea eta kafea ekoizteko. Egun, ustiapen intentsiboen eredua zabaltzen ari da, non lana oso mekanizatuta dagoen, behar direnean langileak aldi baterako bakarrik kontratatuz. Beste harreman mota bat landa-errentamendua izan da, non lurraren jabeak uztiapena nekazari bati alokatzen dion, errenta edo uzta-kopuru baten trukean. Adibidez, Euskal Herriko baserrietan XX. mendera arte, nagusi izan da maiztergo harremana, non baserriaren jabetza jaun baten eskuetan zegoen eta horren erabilera baserritar bati uzten zion urteko errenta baten trukean.
Ekonomia sozialistetan bestelako ustiapen ereduak izan dira. Sobietar Batasunean lurrak nekazarien artean banatzea nahikoa ez zela ikusita, garaiko teknologia aurreratuarekin estatua jabe zen ustiapenak prestatu ziren, sovkhoz izenez, non langileei estatuak soldata finkoa ordaintzen zien. Ustiapen hauetako produktibitatea eskasa zen, langileek ez baitzuten pizgarririk ekoizpena gehitzeko. Alternatiba moduan, kolkhoz izeneko ustiapenak zeuden, zenbait ataletan jabetza kolektibokoak eta kooperatiba moduan kudeatzen zirenak, non nekazariek ekoizpenean oinarrituriko etekina jasotzen zuten. Merkatu-ekonomietan ere nekazariak kooperatiba moduan antolatzeko esperientzia ugari dago, gehienetan tresneriak eta instalazioak partekatu eta merkaturatzeari begira; horietan Israelgo kibbutz izeneko nekazaritza-kolektibitateak nabarmendu behar dira.
Lurraren jabetza eta nekazaritzari eragiten dioten beste egitura sozioekonomikoak aldarazteko politikari nekazaritza erreforma deritzo eta nekazaritzaren gizarte-antolakuntzak bidezkoak ez diren egoerak sortzen dituenean planteatzen da, batez ere latifundioetan eta lurra pertsona gutxiren eskuetan biltzen den beste kasuetan langile nekazariak esplotatzen direnean. Nekazari txikien errebindikazioa izan da historian zehar eta herrialde askotan, gizarte-mugimendu anitzek sustatu dutena. Horrela erreforma hauetako neurrietako bat lurrak espropiatu eta nekazarien artean banatzea izan da kasu askotan. Beste batzuetan, lurren produktibitate eskasari aurre egiteko, nekazarien eskuetan dauden lur eremu txikiak bildu eta kooperatibak sortzea izan da erreformaren helburua.
Tradiziotik eraginkortasun ekonomikora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritza gizartean antolatzeko modu anitz izan da historian zehar: familia, tribua edo langileak, banaka lurjabe baten mendean edo enpresa baten baitan lanean, lurraren jabetza eta beraien arteko harreman modu zenbaitekin, atxiki zaizkio lurrari. Bi motako gizarte-egiturak aurki daitezke nekazaritzan: alde batetik, egitura tradizionalak (familia edo tribua, esaterako) eta nekazaritza erakunde ekonomiko hutsak, nekazaritza jarduera ekonomizismo edo ikuspuntu ekonomiko hutsetik garatzen dutenak (enpresa kapitalistak, esaterako). Historian zehar, nekazaritza egitura tradizionalek zurruntasun handiagoa erakutsi izan dute euren nekazaritza jarduera berritu eta hobekuntza ekonomikoa garatzeko[59], salbuespenak badaude ere (adibidez, Euskal Herriko egungo baserri batzuek, familia egitura tradizionalaren baitan, puntako teknologia eta merkaturatze lehiakorrerako gaitasun nabarmena erakutsi dute XX. mendeko bukaeratik). Gizarte antolakuntza tradizionalak nekazaritza aurrerakoi eta eraginkor baterako ezgaitasuna nekazaritzan jarduten duten pertsonen prestakuntza urria edo primitibotasuna argudiatu da zenbaiten aldetik nekazaritzaren atzerapena azaltzeko, baina ohartu behar da nekazaritza jarduera ekonomiko bat izateaz gainera, bizimodu bat ere badela gizarte askotan eta horietan askotan lehenetsi egiten dela nekazaritzaren ikuspuntu sozial eta ekologikoa, eraginkortasuna bultzatzen duen antolakuntza zientifikoaren aldean. Ildo horretatik, nekazaritza kapitalista gaitzesten duten jarrera politiko sendoa izan da XIX. mendetik: kapitalismoak landa inguruneko bizitzaren deshumanizazioa eta nekazariaren nortasunaren galera ekarriko lituzke [60]. Beste kasu batzuetan, ordea, botere harreman finkoak (aitak bere seme-alabekin eta Europako historian jauntxoek euren menpekoekin izan dituztenak) izan dira berrikuntza eta aurrerapenerako bidea itxi dutenak. Nekazariek nekazaritza arlo berrietan sartu, lekuz aldatu edo antolakuntza modu berrietan parte hartzeko aukera izan dutenean, nekazaritza nabarmen garatu da kasu askotan, nekazarien mesedetan, lehen nekazariei askatasunik ematen ez zien egituretan ez bezala. Faktore zehatzagoak ere aipatu dira: adibidez, ondasunaren balioa handiagoa den kasuetan tradizioak pisu handiagoa izaten duela azalduz, desnutrizioa sarri gertatu eta ondorioz lurrak eta nekazaritza produktuek balio handia hartzen duten gizarteetan, esaterako[61].
Nekazaritza elkarteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendetik nekazariak bildu eta laguntzen duten elkarte eta erakundeak sortu dira. Alde batetik, nekazariak bildu baina administrazio publikoaren parte hartze eta laguntza zuzena ere baduten elkarte ofizialak bereizten dira, nekazaritza edo laborantza ganbera izenekoak, nekazariei laguntza administratibo, tekniko eta ekonomikoa ematen dietenak; beste alde batetik eskualde bateko nekazariak borondatez biltzen dituzten elkarte eta sindikatuak daude, beraien interes komunak defendatu eta laguntza ere eskaintzen dutenak, Euskal Herrian, adibidez, EHNE, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna eta ELB, Euskal Herriko Laborarien Batasuna. Kooperatiba ere nekazariak biltzeko modu arrunta izan da, instalakuntza eta azpiegituraak partekatu, erosketak eta salmentak modu bateratuan kudeatu eta nekazari banakoei maileguak emateko, aurrezki kutxa moduan.
Nekazaritzaren ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritza jarduera ekonomikoa da: baliabide eskasak (lurra, lana, kapitala) erabiliz, nekazariak ahalik eta etekin handiena ateratzen bilatzen du. Nekazaritzaren ekonomiak, besteak beste, hazi beharreko landareak zein izan behar diren, hazi beharreko horien kopurua zenbat izango den, horretarako erabili beharreko baliabideen konbinazioa eta merkataritza harremanak, nola, non eta zein preziotan saldu alegia, erabaki beharko ditu [62]. Biziraupenerako nekazaritzan, nekazaritzak ekonomia osoa osatzen badu ere, bestelako jarduera ekonomikorik gabe, egungo ekonomia modernoetan nekazaritzak gero eta pisu txikiagoa hartzen joan den sektore ekonomikoa izan da, batez ere bertan lan egiten duten pertsona kopuruari begiratuta. Hala ere, oinarrizko sektorea beste sektore ekonomikoentzat input edo gaiak ekoizteari begira: biztanleriari elikagaiak hornitzeaz gainera, horien inguruan eraldaketa-industria zabala eratu eta industriarako lehengaiak ekartzen ditu. Aldi berean, ordea, beste sektoreetatik input (lehengai, hornidura, ekipamendu edo zerbitzu) gutxi hartzen dituen sektorea da.
Antzinatik, nekazaritzak jasan dituen arazoak nezakarien errenta eskasa eta laboreen prezioen gorabeherak izan dira. Errenta eskasaren arazoa nekazariek beste lanbide batera aldatzeko duten mugikortasun eskasari egotzi zaio, kultura eta prestakuntza arrazoiak direla medio. Halatan, lurrik gabeko nekazariak esplotatu ahal izan dituzte lurjabe handiek [63], soldata txikien trukean. Beste batzuetan, berrikuntzarako joera ezagatik, nekazaritza eremu zabalek emankortasun txikia erakutsi dute. Beste alde batetik, uzta kopuruaren kontrol eza izan da historian zehar prezioetan gorabehera handiak eragin dituen faktore nagusia: nekazaritza-produktuen eskaria nahiko inelastikoa dela kontuan harturik, uzta handiak gehiegizko eskaintza ekarri eta prezioak hondoratu ditu kasu batzuetan; aitzitik uzta txikiek eskasia eragin eta prezioak nabarmen goratu ditu, batzuetan nekazarientzat ere arazoak sortuz, beraiek izaten baitira nekazaritza-produktuen kontsumitzaile handienak. Prezioak kontrolatu nahian, administrazio publikoek laboreen inportazioak mugatu nahi izan dituzte askotan, gehiegizko arantzelak edo edo produktuei baldintza tekniko eta sanitario zorrotzak ezarriz. Beste batzuetan, Europa eta Ipar Ameriketako herrialdeen kasuan adibidez, gobernuek nekazariei gutxieneko prezio bat eskaini eta esportaziora zuzendu ditu horrela erositako produktuak, dumping politika batez alegia; horrela, produktibitate txikiagoko herrialde pobreetan ekoizten diren laboreen irtenbidea eragotzi da, nekazari xumeen kaltetan. Beste alde batetik, nabariak dira nekazaritza intentsiboak dakarren gainprodukzioaren ondorioak: prezioak hondoratu egiten dira, nekazari txiki eta tradizonalen bizimodua kolokan jarriz. Ohartu behar da, ildo horretatik, nazioarteko labore nagusien erreferentzia-prezioak Estatu Batuetako Chicago Mercantile Exchange izeneko merkatuan negoziatzen direla.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Zenbatespen zehatzak badaude, 1990 urtearen inguruan lurralde osoaren %12 nekazaritzarako erabiltzen zen, eta beste %22 larrerako. Ikus: Leff, Billie; Ramankutty, Navin; Foley, Jonathan A.. (2004). «Geographic distribution of major crops across the world» GLOBAL BIOGEOCHEMICAL CYCLES..
- ↑ (Ingelesez) Diamond, Jared; Bellwood, Peter. (2003-04-25). «Farmers and Their Languages: The First Expansions» Science 300 (5619): 597–603. doi: . ISSN 0036-8075. PMID 12714734. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Larson, Greger; Piperno, Dolores R.; Allaby, Robin G.; Purugganan, Michael D.; Andersson, Leif; Arroyo-Kalin, Manuel; Barton, Loukas; Vigueira, Cynthia Climer et al.. (2014-04-29). «Current perspectives and the future of domestication studies» Proceedings of the National Academy of Sciences 111 (17): 6139–6146. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 24757054. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Harmon, Katherine. «Humans feasting on grains for at least 100,000 years» Scientific American Blog Network (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ Eugene., Ensminger, M.. (1986). Sheep & goat science. (5th ed. argitaraldia) Interstate Printers & Publishers ISBN 081342464X. PMC 13276444..
- ↑ (Ingelesez) McTavish, Emily Jane; Decker, Jared E.; Schnabel, Robert D.; Taylor, Jeremy F.; Hillis, David M.. (2013-04-09). «New World cattle show ancestry from multiple independent domestication events» Proceedings of the National Academy of Sciences 110 (15): E1398–E1406. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 23530234. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Larson, Greger; Dobney, Keith; Albarella, Umberto; Fang, Meiying; Matisoo-Smith, Elizabeth; Robins, Judith; Lowden, Stewart; Finlayson, Heather et al.. (2005-03-11). «Worldwide Phylogeography of Wild Boar Reveals Multiple Centers of Pig Domestication» Science 307 (5715): 1618–1621. doi: . ISSN 0036-8075. PMID 15761152. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Larson, Greger; Albarella, Umberto; Dobney, Keith; Rowley-Conwy, Peter; Schibler, Jörg; Tresset, Anne; Vigne, Jean-Denis; Edwards, Ceiridwen J. et al.. (2007-09-25). «Ancient DNA, pig domestication, and the spread of the Neolithic into Europe» Proceedings of the National Academy of Sciences 104 (39): 15276–15281. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 17855556. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Broudy, Eric. (1979). The Book of Looms: A History of the Handloom from Ancient Times to the Present. UPNE ISBN 9780874516494. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ Corn and culture in the prehistoric New World. Westview Press 1994 ISBN 9780813383750. PMC 23769670..
- ↑ The origins and spread of agriculture and pastoralism in Eurasia. UCL Press 1996 ISBN 1857285379. PMC 34710237..
- ↑ Walsh, Fiona Jane. (2009). «Review of Australia and the origins of agriculture. British Archaeological Reports International Series 1874» GeoJournal 74 (5): 499–501. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ Wayback Machine. 2016-06-16 (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ Janick, J.. «ANCIENT EGYPTIAN AGRICULTURE AND THE ORIGINS OF HORTICULTURE» Acta Horticulturae (582): 23–39. doi: . (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ 1886-, Kees, Hermann,. (1977). Ancient Egypt : a cultural topography. (Phoenix ed. argitaraldia) University of Chicago Press ISBN 0226429148. PMC 4124442..
- ↑ Gupta, Anil K.. (2004). «Origin of agriculture and domestication of plants and animals linked to early Holocene climate amelioration» Current Science 87 (1): 54–59. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ Zaheer., Baber,. (1996). The science of empire : scientific knowledge, civilization, and colonial rule in India. State University of New York Press ISBN 0791429199. PMC 42854562..
- ↑ The origins and spread of agriculture and pastoralism in Eurasia. UCL Press 1996 ISBN 1857285387. PMC 34710237..
- ↑ (Ingelesez) Mehrgarh : The Oxford Companion to Archaeology - oi. doi: . (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ a b The basis of civilization--water science?. International Association of Hydrological Science 2004 ISBN 1901502570. PMC 56323915..
- ↑ 1900-1995,, Needham, Joseph,. Science and civilisation in China. ISBN 9780521250764. PMC 779676..
- ↑ Medieval science, technology, and medicine : an encyclopedia. Routledge 2005 ISBN 0415969301. PMC 61228669..
- ↑ (Ingelesez) Molina, Jeanmaire; Sikora, Martin; Garud, Nandita; Flowers, Jonathan M.; Rubinstein, Samara; Reynolds, Andy; Huang, Pu; Jackson, Scott et al.. (2011-05-17). «Molecular evidence for a single evolutionary origin of domesticated rice» Proceedings of the National Academy of Sciences 108 (20): 8351–8356. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 21536870. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Huang, Xuehui; Kurata, Nori; Wei, Xinghua; Wang, Zi-Xuan; Wang, Ahong; Zhao, Qiang; Zhao, Yan; Liu, Kunyan et al.. (2012/10). «A map of rice genome variation reveals the origin of cultivated rice» Nature 490 (7421): 497–501. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ 1926-, Koester, Helmut,. History and literature of early Christianity. (Second edition. argitaraldia) ISBN 3110146932. PMC 857587513..
- ↑ D., White, K.. (1970). Roman farming,. Thames & Hudson ISBN 9780500400104. PMC 137287..
- ↑ a b J., Murphy, Denis. (2011). Plants, biotechnology and agriculture. CABI ISBN 9781845939137. PMC 679937015..
- ↑ (Ingelesez) Speller, Camilla F.; Kemp, Brian M.; Wyatt, Scott D.; Monroe, Cara; Lipe, William D.; Arndt, Ursula M.; Yang, Dongya Y.. (2010-02-16). «Ancient mitochondrial DNA analysis reveals complexity of indigenous North American turkey domestication» Proceedings of the National Academy of Sciences 107 (7): 2807–2812. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 20133614. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Mascarelli, Amanda. (2010-11-05). «Mayans converted wetlands to farmland» Nature doi: . (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Morgan, John. (2012-11-01). «Invisible Artifacts: Uncovering Secrets of Ancient Maya Agriculture with Modern Soil Science» Soil Horizons 53 (6) doi: . ISSN 2163-2812. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Spooner, David M.; McLean, Karen; Ramsay, Gavin; Waugh, Robbie; Bryan, Glenn J.. (2005-10-11). «A single domestication for potato based on multilocus amplified fragment length polymorphism genotyping» Proceedings of the National Academy of Sciences 102 (41): 14694–14699. doi: . ISSN 0027-8424. PMID 16203994. (Noiz kontsultatua: 2018-04-08).
- ↑ Lost crops of the Incas : little-known plants of the Andes with promise for worldwide cultivation. National Academy Press 1989 ISBN 030904264X. PMC 56141084..
- ↑ Iberia and the Americas : culture, politics, and history : a multidisciplinary encyclopedia. ABC-CLIO 2006 ISBN 1851094261. PMC 298124879..
- ↑ The state of the world's animal genetic resources for food and agriculture. Commission on Genetic Resources for Food and Agriculture, Food and Agriculture Organization of the United Nations 2007 ISBN 9789251057629. PMC 188003503..
- ↑ Prehistoric food production in North America. Museum of Anthropology, University of Michigan 1985 ISBN 0915703017. PMC 13333980..
- ↑ The Oxford encyclopedia of food and drink in America. (2nd ed. argitaraldia) Oxford University Press 2013 ISBN 9780199734962. PMC 781555950..
- ↑ Fire in California's ecosystems. University of California Press 2006 ISBN 9780520246058. PMC 86110764..
- ↑ Before the wilderness : environmental management by native Californians. Ballena Press 1993 ISBN 0879191260. PMC 27679838..
- ↑ 1966-, Cunningham, Laura,. (2010). A state of change : forgotten landscapes of California. Heyday ISBN 1597141364. PMC 630457281..
- ↑ 1955-, Anderson, Kat,. (2005). Tending the wild : Native American knowledge and the management of California's natural resources. University of California Press ISBN 0520248511. PMC 56103978..
- ↑ Results | Book Depository. 2016-03-14 (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
- ↑ (Ingelesez) Watson, Andrew M.. (1974/03). «The Arab Agricultural Revolution and Its Diffusion, 700–1100» The Journal of Economic History 34 (1): 8–35. doi: . ISSN 1471-6372. (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
- ↑ Food journeys of a lifetime : 500 extraordinary places to eat around the globe. National Geographic Society 2009 ISBN 9781426216091. PMC 832378799..
- ↑ (Ingelesez) «User account | Gilder Lehrman Institute of American History» www.gilderlehrman.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
- ↑ «The Impact of Mechanization on Agriculture» NAE Website (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
- ↑ (Ingelesez) «A Brief History of Our Deadly Addiction to Nitrogen Fertilizer» Mother Jones (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
- ↑ (Ingelesez) «Ten worst famines of the 20th century» The Sydney Morning Herald 2011-08-15 (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
- ↑ Singh, Jasbir; Dhillon, S. S.. (2006). Agricultural geography. , 39-106 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) FAO. (2000). Manual de prácticas integradas de manejo y conservación de suelos. , 1-12 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Instituto de Tecnologías Educativas. El paisaje rural. Ministerio de Educación - Gobierno de España..
- ↑ (Ingelesez) The agricultural revolution in medieval Europe. The flow of history..
- ↑ (Ingelesez) Braudel, Fernand. (1992). Civilization and Capitalism, 15th-18th Century: The structure of everyday life. , 114-120 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Red EuroSur. Control de plagas y plaguicidas. (Noiz kontsultatua: 2011-01-03)..
- ↑ (Ingelesez) Kollerstrom, Nicholas; Staudenmaier, Gerhard. (2001). «Evidence for Lunar-Sidereal Rhythms in Crop Yield: A Review» Biological Agriculture and Horticulture..
- ↑ (Ingelesez) Zürcher, Ernst. (2004). «Lunar Rhythms In Forestry Traditions – Lunar-Correlated Phenomena In Tree Biology And Wood Properties» Earth, Moon, and Planets (0).[Betiko hautsitako esteka].
- ↑ Guztira, naturan aurki daitezkeen landare jangarriak 75.000 inguru direla uste da.
- ↑ Bareja, Ben G.. (2010). Classifications of Agricultural Crops. ..
- ↑ 2008 urteko datuak. Ikus (Ingelesez) FAOSTAT:Food and Agricultural commodities production.
- ↑ (Gaztelaniaz) Andrade Valdebenito, Cesar; Beltrán Saez, Jaime; Chávez Ortega, Ingrid. (2007). «Innovación tecnológica.» Estudios de la Sociedad Rural-Comunidad Sociológica-Publicación Digital Anual-Temuco-Chile (3)..
- ↑ (Gaztelaniaz) Leal, Alejo. (1964). «Transcendencia económica y social de la foram de la tenencia de la tierra» Boletín de estudios Económicos (61)..
- ↑ (Gaztelaniaz) Loomis, Charles P.. «AGRICULTURA: Organización social» Enciclopedia Internacional de las Ciencias Sociales (Aguilar)..
- ↑ (Ingelesez) Taylor, Henry Charles. Agricultural economics. , 5 or...
- ↑ (Ingelesez) Mundlak, Yair. (2000). Agriculture and economic growth: theory and measurement. , 20 or..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE)