Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Gizaki

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Giza» orritik birbideratua)

Gizaki
0,195 Ma-0 Ma

Pleistozeno – gaur egun
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaPrimates
FamiliaHominidae
GeneroaHomo
Espeziea Homo sapiens
Linnaeus, 1758
Azpibanaketa
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiaGiza elikadura

Gizakia edo Homo sapiens (latinetik: «ezagutzen duen gizakia») Hominina azpileinuan biziraun duen animalia espezie bakarra da. Gorila, txinpantze eta orangutanekin batera Hominidae familia osatzen dute. Ugaztun lurtarra da, bere mugimendu bipedoa dela eta ezaguna da. Beste animaliek baino tresna gehiago erabiltzen ditu, bere eskuen higidura oso zehatza eta abilezia dela eta; hizkuntza konplexua erabiltzeko gaitasuna du; beste animaliek baino burmuin konplexuagoa dute, arrazoitzeko gaitasuna ematen diona; eta beste edozein animaliak baino gizarte-antolaketa korapilotsuagoak ditu[1][2].

DNAren ikerketetako datuetan oinarriturik, ondorioztatu da gizaki modernoa Afrikan sortu zela orain dela gutxi gorabehera 200.000 urte.[3] Gaur egun kontinente guztietan aurki daitezke, baita Antartikan ere (nahiz eta oso kopuru txikian), eta 6.600 milioi baino gehiago ziren 2007an.[4]

Primate gehienek bezala gizakia animalia soziala da naturalki eta beste batzuen beharra izan ohi du garapenerako. Hala ere, gizakiak komunikazio gaitasun handiak ditu eta horrekin antolaketaren inguruko ideiak garatu ahal ditu. Gizakiek egitura sozial konplexuak sortzen dituzte, elkarren artean kooperatzen eta lehiatzen duten taldeekin, familiatik hasita talde politiko, zientifiko eta ekonomikoetaraino. Elkarrekintza honek ohitura, erritual, herri, balore, arau eta legeak sortu ditu, gizakiaren elkarbizitzaren oinarri direnak. Gizakiak, era berean, estetikaren balorazioa du, kultura berrikuntzen, artearen, literaturaren eta musikaren oinarrietako bat dena.

Gizakiek ere interesa dute euren inguruan dagoena ulertzeko eta hauek zientzia, filosofia, mitologia eta erlijioaren bitartez azaltzeko. Gaitasun honek hainbat izadi-gai ezagutzera eraman ditu eta gai dira sua erabiltzeko, sukaldatze, janzteko eta beste hainbat teknologia erabiltzeko.

Giza eboluzioan izandako espezie ezberdin batzuen buru-hezurrei buruzko azalpena ematen duen bideoa.

Giza eboluzioa ulertzeko alde batetik Homo generoa bera ikertu behar da baina gaita ere hainbat hominido eta hominino, Australopithecus gisa. Gizaki modernotzat Homo sapiens bera jotzen da. Orain dela 130.000 urte baino gehiagoko fosilei, antzinako ezaugarri batzuk oraindik gordetzen dituztenak Homo sapiens idaltu («Gizaki jakintsu zaharra») izenarekin identifikatu ohi dira.[5] Anatomikoki modernotzat jo daitezkeen gizakiak orain dela 130.000 urte agertu ziren Afrikan.[6]

Gaur egun bizirik dauden espezierik gertuenak Pan generoko bi animalia dira: Pan paniscus (Bonoboa) eta Pan troglodytes (txinpantzea). Bi espezie hauek arbaso bera dute eta duten antolaketa dela eta bereizten dira nagusiki (beste ezaugarri anatomiko batzuk ere badituzte, hala ere): Bonoboa matriarkala da eta txinpantzea patriarkala da. Genoma osoaren sekuentziazioa eginda R. J. Brittenek egiten duen ikerketan honakoa esaten du:

« 6,5 milioi urtez bereizita bizi ondoren bonobo/txinpantzeen eta gizakien artean dauden desberdintasunak elkarrekin inongo harremanik ez duten bi gizakiren artean baino 10 aldiz handiagoak dira eta arratoi eta saguen artean baino 10 aldiz txikiagoak. »

—Britten, RJ.[7]

Beste ikerketa batzuek ere antzeko datuak eskaintzen dute.[8][9] Lan horiek hartuta gizakien leinua txinpantzeenetik orain dela 5 milioi urte gutxi gorabehera bereizi zela aurkitu da eta goriletatik orain dela 8 milioi urte. Txaden aurkitutako hominido burezur bat (Sahelanthropus tchadensis gisa klasifikatua) orain dela 7 milioi urtekoa da eta barez baliteke bereiztea lehenago eman izana.[10]

Gaur egun gizakiaren eboluzioaren inguruan bi teoria garrantzitsu daude. Lehenengoak, Afrikatik kanpora hipotesia, gizakia Afrikan sortu zela dio eta bertatik kanpora joan zela zeuden beste Homo guztiak ordezkatuz. Hipotesi eskualdeaniztunak dioenez gizakiaren eboluzioa leku batean baino gehiagotan eman zen aldi berean hominido populazio ezberdinetatik abiatuz.[11]

Lynn Jorde eta Henry Harpending genetistek proposatu dutenez gizakien barnean dauden DNA aldaketak oso txikiak dira beste hurbileko espezie batzuekin alderatua. Hau azaltzeko Pleistozenoa bitarte gizakien populazioa oso txikia izan behar zuela ondorioztatu da, agian 10.000 baino gutxiago eta aukerak daude 1.000 inguru izateko. Horrela oso aldakortasun genetiko txikia egongo litzateke. Hau azaltzeko Toba katastrofearen teoria erabili da.

Gizakiaren eboluzioan aldaketa morfologiko eta fisiologiko garrantzitsuak egon dira Homo eta Pan berezitu zirenetik. Lehenengo aldaketa (bai denboran eta bai definizioan erabiltzen delako) Hominina azpileinua definitzeko erabiltzen dena da. Aldaketa hau bi hanken gainean ibiltzera moldatzea litzateke, zuhaitzetako (denbora guztian edo zati batean) bizitza batetik. Horretarako hainbat aldaketa eman ziren belaunen valgusean, gorputzaren goialdearen indarrean eta besoen eta hanken arteko luzeran (hanka luzeak besoekin alderatua). Honen ondoren burezurraren tamaina eta horrekin batera burmuinarena handitu ziren. Gaur egun tamaina hau 1.400 cm³ inguruko bolumena da, gorila eta txinpantzeetan baino askoz handiagoa. Gainera eskuen erabileran hobekuntza nabarmenak egon ziren hortzeriaren tamaina murrizten zen bitartean. Letaginaren txikitzea eman da. Laringearen eta hezur hioidearen jaitsiera ere eman zen, hitz egiteko gaitasuna ematen duena. Garapenari loturik burmuinaren hazte tamainan heterokronia bat ematen da, ikasteko prozesua luzatuz (haurtzaroa luzatzen baita). Burmuinaren tamainaz gain honen berrantolaketa bat ere eman zen, adibidez hitz egiteko beharrezkoak diren Brokaren area eta Bernickeren arearen handi-txikia eta egoera. Gizaki emeetan (emakumea) aldaketak daude obulazioan eta honen bukaeran estrogeno kopurua 1/3 baino ez da jaisten, beste primate batzuetan ia guztiz desagertzen den bitartean. Gizakiak gainera kultura materiala du eta hauek edukitzeak estatusa ere adierazten du. Aldaketa guztien ordenak eztabaida sutsuak pizten ditu gaur egun.[12][13][14]

Homo sapiensaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Giza eboluzioa»

Giza eboluzioa prozesu ebolutiboa da primateen historiaren barruan. Homo sapiensa hominidoen familiatik bereizitako espezie gisa agertzea deskribatzen du, tximino handi guztiak barne hartzen dituen prozesua. Prozesu horrek giza bipedalismoaren, trebetasunaren eta hizkuntza konplexuaren ezaugarriak mailaz maila garatzea ekarri zuen[15], baita beste hominino batzuekiko mestizajea ere[16]. Giza eboluzioa ez zen lineala izan, korapilatua baizik[17][18][19]. Giza eboluzioaren azterketak hainbat diziplina zientifiko hartzen ditu, hala nola antropologia fisikoa eta ebolutiboa, paleontologia eta genetika[20][21].

Primateak beste ugaztun batzuengandik bereizi ziren duela 85 milioi urte inguru, Goi Kretazeoan, eta haien lehen fosilak duela 55 Ma baino gehiago agertu ziren, Paleozenoan[22]. Denboraren poderioz, primateen barruan hainbat klado sortu ziren, tximinoen superfamiliara iritsi zirenak, bertatik hominidoen eta giboien familiak sortu zirelarik, 15 eta 20 milioi urte artean banatu zirenak. Hominido afrikarrak eta asiarrak (orangutanak barne) 14 Ma inguru banatu ziren. Hominidoak (australopitecina eta panina subtribuak barne) gorillini tributik (gorilak) 8-9 Ma artean bereizi ziren; australopitezinoak (gizakien arbaso bipedo desagertuak barne) 4-7 mya dituen Pan generotik (txinpantzeak eta bonoboak) bereizi ziren[23]. Homo generoaren lehen arbaso ezaguna H. habilis izan zen, duela 2 Ma baino gehiago agertu zena[24][25]; anatomikoki modernoak diren gizakiak, berriz, duela 300.000 urte inguru sortu ziren Afrikan.

Modernitatera jauzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Iraultza neolitiko» eta «Zibilizazioaren sorleku»
Ikus, gainera: «Historia unibertsala»
Nekazaritza asmatzeak gizakiak bertakotu zituen, eta herri eta hiriak sortzen hasi ziren.

Antropologo gehienen ustez Homo sapiens Afrikako sabanan sortu zen orain dela 200.000 urte Homo erectusen eboluzioaz. Orain dela 40.000 urtetik Eurasia eta Ozeanian bizi zen eta gutxienez 10.000 urte dira Amerikan bizi dena.[26] Eurasian bizi zen Homo neanderthalensisa eta Homo erectusa desplazatu zituzten.

Orain dela 10.000 urte arte gizaki guztiak ehiztari-biltzaileak ziren (gaur egun ere batzuk aurki daitezke). Normalean talde nomada txikietan bizi ziren. Neolitikoan nekazaritza sortu zen eta horrekin batera gehiegizko janariaren produkzioa. Gizakiak egonkortu ziren eta lehenengo herriguneak sortu. Horrek animalien etxekotzea eta metalgintza ekarri zuen. Nekazaritzak komertzioa eta kooperazioa handiagotu zituen gizarte konplexuagoak sortzen. Herriak zibilizazio bilakatu ziren Ekialde Hurbilean, Mesopotamia inguruan.

Orain dela 6.000 urte inguru lehenengo protoestatuak sortu ziren Mesopotamian, Antzinako Egipton eta Indus haranean. Hauek defendatzeko militarrak sortu ziren eta horrekin batera gobernu burokratikoak eta administrazioa. Estatuen artean kooperazioa eta lehia sortu zen gerrak sortuz. Orain dela 2000 eta 3000 urte artean Persiarrek, Txinatarrek eta Erromatarrek konkistaren bitartez inperio erraldoiak sortu zituzten, lehenengo inperioak sortuz. Erlijio garrantzitsuak sortu ziren Ekialde Hurbilean, Judaismoa kasu eta Hinduismoa Hego Asian.

Erdi Aroaren erdialdean ideia berri eta iraultzaileak sortu ziren. Txinan irarkola eta iparrorratza asmatu zituzten eta Islamaren Urrezko Aroa izan zen zientzialari ugarirekin. Europan klasikoen berraurkitzeak eta inprentak Pizkundea sortu zituen XIV. mendean. Amerikan inka, maia eta aztekek zibilizazio handiak sortu zituzten. Hurrengo 500 urtetan inperialismoaren garapenak Amerika, Asia eta Afrikako leku ugari Europarren kontrolpean utzi zituzten, independentziaren aldeko mugimenduak sortzen. Zientzia Iraultza XVII. mendean eta Industria Iraultza XVIII. eta XIX. mendean garraiobide ugari sortu zituen, trenbidea eta autoa kasu. Energia lortzeko bideak ugaritu ziren, argindarra eta ikatza gisa. Gobernuetan ere berrikuntzak egon ziren, demokrazia parlamentarioa eta Komunismoa bezala.

Aldaketa horiek direla eta gizakiak geroz eta elkarlotuagoa eta globalizatuagoa den mundu batean bizi dira. Gertakari honek zientzia, artea eta teknologiaren garapena baimentzen duen bitartean kulturen desagerpena, arma oso suntsikorrak eta kutsadura ere errazten du.

Habitata eta biztanleria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Demografia» eta «Munduko populazioa»
Gizakiek euren ingurua aldatzeko gaitasuna garatu dute, aldi batzuetan modu estentsiboan egiten dutena, Hong Kong hirian bezala (Asia). Honek populazio dentsitate eta poluzio arazo handiak sortu ditu.

Hasierako giza populazio finkoek ura behar zuten gertu bizi ahal izateko eta bizi ereduaren arabera beste baliabide natural batzuk, hala nola lur emankorra (nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzeko). Beste batzuek urtean zehar ehiza egotea ere behar zuten. Hala ere, gizakiek gaitasun handia dute euren ingurunea aldatzeko era ezberdinetara: ureztatzea, hirigintza, eraikuntza, garraioa eta baliabideak sortuz. Behin merkatu eta garraio egiturak izanda, ez da beharrezkoa baliabideetatik gertu egotea, eta horregatik herriak edo hiriak hazteko gaitasuna ez dago zuzenean lotuta bertako baliabideekin.

Teknologiak gizakiari kontinente guztietan eta klima anitzetan bizitzeko gaitasuna eman dio. Azkeneko hamarkadetan gizakiek Antartika esploratu dute, baita ozeanoen hondoak eta espazioa ere, nahiz eta halakoetan denbora luzez bizirautea zaila den. 6.600 milioi biztanle baino gehiagorekin gizakiak dira ugaztunen artean talderik ugarienetarikoa. Gizakien gehiengoa % 61a Asian bizi da; % 14 – Ameriketan, % 13a – Afrikan, % 12a – Europan, eta gainontzeko % 0,5a – Ozeanian.

Gizakia ingurune ekologiko itxi batean bizitzeko gaitasuna badu ere, hau oso garestia da. Antartikan eta espazioan bizitzea epe laburretan egin izan du eta gehienez jota lurretik kanpo 30 bat biztanle eduki ditu aldi berean. 1969tik 1972era biztanleria hori gehitu zen, batez ere Ilargiaren esplorazioan, 200 bat izatera heldu baitziren. 2007an oraindik ez da beste planetarik bisitatu nahiz eta Nazioarteko Estazio Espaziala 2000ko urriaren 31n jaurti zenetik populazio egonkorra dagoen espazioan. Hainbat robot ere egin ditu beste planeta batzuk ikertzeko.

1800etik 2000ra giza populazioa seikoiztu egin zen (1.000 milioitik 6.000 milioira). 2004an populazioaren % 39,7a inguru (2.500 milioi) hirietan bizi zen eta espero da XXI. mendean gehiago izatea. Gizakia hirietan biltzeak kutsadura- eta krimen-mota batzuk sortu ditu,[27] batez ere hirien erdigunean eta periferiako zenbait auzotan. Hala ere, kultura handiagoa eta goseteei erresistentzia handiagoa sortu du.

Gizakiek ingurunea biziki kaltetzen dute. Uste denez iraganean gizakien ehizagatik hainbat espezie galbidera eraman ziren eta horregatik gizakia superharrapakari gisa ezagutu ohi da.[28] Gaur egun poluzioa dela eta klima aldaketari laguntza ematea posibleena litzateke.[29]. Klima aldaketa hauek Holozenoko iraungipenaren arrazoietako bat litzateke; horrela jarraituz gero hurrengo mendean espezieen erdia ere desagertu ahal da.[30][31]

Sakontzeko, irakurri: «Giza biologia»

Anatomia eta fisiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Giza anatomia»
Giza hezurdura baten diagrama bat.

Giza gorputza motak oso aldakorrak dira. Nahiz eta gorputzaren tamaina oso determinaturik dagoen geneengatik dieta eta ariketa fisikoak ere asko eragiten dute honen garapenean. Gizakiaren batez besteko altuera 1,5-1,8 metro artekoa da baina oso aldakorra da lekurik leku.[32][33] Gizakiak guztiz gai dira bi hanken gainean ibiltzeko eta modu horretan eskuak libre uzten dira, objektuak manipulatzea baimenduz. Beste primateek bezala aurrez-aurre jar daitekeen erpurua dute.

Giza gorputza, berrehun hezurretik gora, ehun artikulazio eta seiehun eta berrogeita hamar gihar, elkarrekin koordinatuak eta batera funtzionatzen duten egitura da. Gorputzak haren jarrera eutsi, higitu eta beste ekintza asko egin ahal ditu atal guztien elkarlanarekin. Hau guztia aztertzen duen zientzia da giza anatomia.

Gizakiak beste primate batzuekin alderatua nahiko ile gutxikoa da, nahiz eta buru, besape eta hankartean asko hazten diren. Hala ere, txinpantze batek haina ile-folikulu ditu gorputzean. Gizakien ileak motzagoak, finagoak eta pigmentu gutxiagokoak dira, eta ikusten zailagoak.[34]

Emakume Inuit bat 1907. urtearen inguruan

Gizakiaren azalaren eta ilearen kolorea melanina izeneko pigmentuaren araberakoa da. Kolorea marroi oso ilunetik arrosa oso argira joan daiteke eta ilea horaila, gorria, gaztainkara eta, batez ere, beltza izan daiteke.[35] Jakintzari gehienen ustez, aldaketa hauek eguzki erradiaziok igortzen dituen izpi ultramoreetatik babesteko garatu zen, melanina eguzkiaren aurrean blokeatzaile ona baita.[36] Larruaren pigmentazioa gaur egun geografikoki estratifikatua dago eta orokorrean izpi ultramoreen mailarekin du harremana. Gizakiaren larruak eguzkiaren indarrarekin batera iluntzeko gaitasuna ere badu, beltzarantzea.[37][38]

Egunero behar den lo kopurua 7-8 ordu artekoa da pertsona nagusi batean eta 9-10 artean ume batean. Zaharrak direnek 6-7 ordu inguruan egiten dituzte egunean. Gizarte modernoetan oso ohikoa da hau baino gutxiago lo egitea eta honek egoera txarrak sortu ahal ditu, nekea, agresibitatea eta bestelako gaixotasunak kasu.

Gizakiak espezie eukariota bat dira. Zelula diploide bakoitzak 23 kromosoma pare ditu, horietako bakoitza gurasoen batetik jasota. 22 pare autosomak dira eta beste pare bat sexuaren determinaziorako. Uste da 20.000 eta 25.000 gene artean dituela. Beste ugaztun batzuetan gertatzen den bezala gizakiek XY sexu-determinazio sistema dute, non emakumeek XX kromosoma parea duten eta gizonek XY. X kromosoma handiagoa da eta informazio gehiago du Yk baino. Honegatik X kromosoman agertzen diren gaixotasun genetiko batzuek eragin handiagoa dute gizonengan emakumeengan baino, hemofilia kasu.

Gizakiek 2 ebakortz, letagin 1, 2 aurreko hagin eta 2 hagin dituzte baraila-erdi bakoitzean. Bere formula, beraz honakoa da:

     Hortzeri-formula    
2.1.2.3
2.1.2.3

Bizitzaren zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Giza enbrioia 5 asterekin.

Gizakiaren bizitza zikloa beste karenadunen antzekoa da. Gizaki berriak modu bibiparoan sortzen dira ernalketan. Espermatozoide batek obulu bat ernaltzen du emearen barruan sarketaren ondoren. Hala ere in vitro ernalkuntza dela eta hau kanpoan ere egin daiteke. Obulu fertilizatua, zigoto izenekoa, umetokiaren barruan garatzen doa enbrioi batean bilakatu arte. 38 asteren buruan (9 hilabete) umeki bilakatu eta ondoren jaiotzen da. Guztiz hazi denean emakumearen gorputzetik atera eta arnasa bere kasa hartzeko gai da, ume bat bilakatuz. Momentu honetan kultura moderno gehienek pertsona gisa onartzen dute eta beraz legearen babes osoa izango du, nahiz eta jurisdikzio batzuetan pertsona izatea uteroaren barrura ere hedatzen den.

Beste espezie batzuekin alderatua gizakien jaiotza arriskutsua da. 24 ordu baino gehiago irauten duten erditzeak ez dira arraroak eta umearen edo amaren heriotza eragin dezakete. Umekiaren buruaren tamaina dela eta (burmuin handia izateko beharrezkoa) eta emakumean duen aldaka estua dela eta (bi hanken gainean ibiltzeko beharrezkoa dena) ozta-ozta sartzen da bata bestean zehar.[39][40] XX. mendean zehar medikuntzan egon diren berrikuntzak direla eta erditzean hiltzeko aukerak asko murriztu dira. Hala ere garapen bidean dauden herrialde askotan oraindik ere arriskuak badirau, non erditzea dela-eta dagoen heriotza tasa 100 aldiz handiagoa baita.[41]

Herrialde garatuetan jaioberriek 3-4 kg. inguruko pisua dute eta 50-60 cm. arteko tamaina dute.[42], Hala ere jaiotzan pisu gutxi izatea ohikoa da herrialde garatuetan eta umeen heriotza tasan eragin handia du.[43] Umea jaio berria denean oso ahula da eta urte nahiko behar ditu hazten jarraitzeko. Heldutasun sexuala 12-15 urte inguruan heltzen da. Neskek 18 urte arte hazten jarraitzen dute eta Mutilek 21 urte arte. Modu honetan gizakien bizitzaren zikloa haurtzaro, nerabezaro, gaztaro, helduaro eta zahartzaroan bana daiteke. Hala ere azkeneko atal hauek ez dira oso finkoak eta iraupen ezberdina dute.

Bizi itxaropena ezberdina da herrialde ezberdinetan. Lehen Munduko biztanleria pixkanaka-pixkanaka zahartzen ari da, batez besteko adina 40 urtekoa da gaur egun (Monako da altuena, 45,1 urterekin). Hirugarren munduan, ordea, batez besteko adina 15-20 urte artean dago; Uganda da gazteena, 14,8 urterekin. Hong Kongen bizi itxaropena 84,8 urtekoa da jaiotzean emakumeengan eta 78,9 gizonengan, Eswatinin, ordea (eta batez ere HIESa dela eta), 31,3 urtekoa da bi sexuentzat.[44] Bost europarretik batek 60 urte baino gehiago ditu baina bakarrik 20tik 1 heltzen da adin horretara Afrikan.[45]

100 urte baino gehiago dituzten biztanleen kopurua 210.000 inguru zen 2002an Nazio Batuen Erakundearen arabera.[46] Jeanne Calment da ezagutzen dugun pertsonarik zaharrena, 122 urterekin. Munduan dauden 60 urteko 100 emakumeko 81 gizon daude.

Hasierako Homo sapiensek bilketa-ehiza metodo bat erabiltzen zuten elikagaiak lortzeko. Euren dietan urtaroetako landareak (fruituak, haziak, tuberkuluak, zizak...) eta ehiza tartekatzen zuten. Uste denez gizakiek gutxienez Homo erectusetik aurrera sua erabili dute sukaldaritzarako.

Gizakiak orojaleak dira, bai landareak bai animaliak jan ditzakete. Bakarrik bietako bat jaten duten gizaki taldeek edo gizabanakoek beharrezkoak diren sustantzia batzuen eskasia izan ohi dute. Animaliak bakarrik jaten dituztenek gaixotasun batzuk dituzte eta bakarrik landareak jaten dituztenek B12 bitaminaren eskasia izan ohi dute.

Gizakien dieta oso ondo aurkeztua dago bere kulturan eta elikagaien zientzia bat egotea ekarri du. Orokorrean gizakien 2tik 8 astera iraun dezakete janaririk gabe, duten gantzaren arabera. Urik gabe, ordea, 3-4 egun baino ezin da iraun. Hala ere janaririk ez edukitzeak arazo handiak sortzen ditu eta urtero 300.000 bat gizaki hiltzen dira elikagai eskasiagatik.[47] Umeen elikadura txarrak ere gaixotasun ugari sortzen ditu.[48] Hala ere munduan dagoen elikagaien banaketa ez da ona eta loditasuna agertzen da munduko leku askotan, baita epidemia gisa ere. Herrialde garatuetan eta garatzen bidean dauden batzuetan heriotza tasa altua dago gehiegizko loditasuna eta horrek sortzen dituen gaixotasunak direla eta. Loditasuna xahutzen direnak baino kaloria gehiago jateagatik sortzen da eta gizakietan beste animalietan baino ohikoagoa izaten da.

Azkeneko 10.000 urtetan nekazaritza sortu eta garatu egin da.[49][50][51] Gertakarik honek asko aldatu du gizakiek jaten dituzten elikagaiak. Hiriak eta populazioaren gehikuntza ekarri du, dentsitatea igotzea eta gaixotasunen garapena eta kutsadura azkarragoa izatea. Denbora eta munduko gune bakoitzean jaten diren eta elikagaiak eta hauek prestatzen erak asko aldatu eta aldatzen dira.

Azalaren kolorea, eboluzioaren margoa
Sakontzeko, irakurri: «Psikologia» eta «Burmuin»

...gizakiaren eta beste goi-animalien arteko garunen arteko ezbertsinasuna, hain da handia ezen ez da klase bat baizik eta gradu bat.

— Charles Darwin

Giza burmuina nerbio-sistema zentralaren erdigunea da eta zentzu guztien koordinazio lekua. Burmuinak autonomoak diren hainbat ekintza kontrolatzen ditu, hala nola arnas-hartzea eta digestioa. Burmuinak kontzienteak diren beste batzuk ere kontrolatzen ditu, nahita eginiko ekintzak, hala nola, pentsatzea, arrazoitzea eta abstrakzioa. Prozesu hauek psikologiak aztertzen dituenak dira.

Giza burmuina horrelako ekintzetan oso garatua dagoela esaten da eta, beraz, adimentsuagoa dela beste espezie batzuk baino. Beste animalia batzuk tresna sinpleak sortzeko gai dira baina gizakien teknologia askoz garatuagoa da, aldaketa etengabeekin. Antzinako gizakiek zerabiltzaten tresnak ere edozein animaliak egiten dituenak baino askoz landuagoak ziren.

Antropologia modernoak Charles Darwinek esandakoa hartzen du oinarritzat:

Loa eta amestea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «lo» eta «amets»

Kontzientzia eta pentsatzeko gaitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «kontzientzia (filosofia)» eta «kognizio»

Motibazioa eta emozioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «motibazio» eta «emozio»

Sexualitatea eta maitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Giza sexualitatea» eta «Maitasuna»

Giza sexualitateak funtzio soziala betetzen du, birsortze biologikoaz gain: intimitate fisikoa sortzen du, loturak eta gizabanakoen arteko hierarkiak. Sexuak espiritu-haraindikotasuna du ohitura batzuetan. Sexua, gainera, hedonistikaren bitartez sariak lortzeko ere bidera daiteke. Gogo sexuala, edo libidoa, gizakiek ahalik eta azkarren sexua edukitzeko gogoa da eta maitasuna, estasia eta jeloskortasuna ekar dezake.

Sexualitateak garrantzi handia du gizakien artean eta hau obulazio ezkutuan, dimorfismo sexual handian (txinpantzeekin alderatua) eta emeek obulaziotik kanpo sexu-erlazioak izateko duten gaitasunean ikusten da.

Horretaz gain gizakiek sexu jarrera ugariak eta oso askotarikoak dituzte: Heterosexualitateaz gain homosexualitatea ere badago. Sexuak funtzio birsorgailuaz gain, bestelakoak ere izan ditzake eta horregatik gizonak (arrak) emakumearen (emearen) aluan egindako sarpenaz gain, bi sexuen ipurtzuloan egin dezake eta felazioa zein cunnilingusa ere praktikatu, besteak beste. Gainera gizakiek familia-planifikazioa egiten dute eta hainbat neurri har ditzakete birsortzea lortu edo ekiditeko.

Gizakien artean eraso sexualak eta gaixotasun psikosexualak ugariak dira.

Sakontzeko, irakurri: «Kultura» eta «Gizarte»

Kulturaren definizio bat ematea zaila bada ere talde batek dituen ezberdintasun material, intelektualak, emozional eta izpiritualen multzo gisa uler daiteke, artea, literatura, bizimodua, balore sistema, ohiturak, erritualak eta sineskerak barne hartuta. Giza biologia eta giza portaera eta kulturaren arteko lotura oso estua da eta horregatik zaila egiten da bi gai horiek ezberdintzea. Horregatik gai batzuk arlo batean edo bestean jartzea konbentzioz erabaki ohi da.

Kulturaren barruan baloreak, arau sozialak eta asmakuntzak sartzen dira. Kultura baten baloreek etika zer den zehazten dute. Oso loturik agertzen dira arauak eta ohiturak. Asmakizunek hiru kontzeptu horiek biltzen dituzte.

Antropologiak duen kulturaren ulermenak oso zaila egiten du jende askoren artean animalia bat direla gogoraraztea.

Sakontzeko, irakurri: «Hizkuntza»
Hizkuntzaren oinarria burmuinean dago. Hizkuntza sortzeko hainbat zonalde aktibatu behar dira.

Gizakiek kontzeptuak, ideiak eta argibideak batak besteari hitzez eta idazten igaroarazteko duten gaitasuna ez da ikusten beste espezie guztietan. Hitz egiteko gaitasuna gizakiaren oinarrizko definizioak sartzen da. Hizkuntza gizakien arteko komunikazioren zentruan kokatzen da eta gainera nazioak, kulturak eta talde etnikoak batzen dituen ezaugarria da.

Idazkeraren asmakuntza K.a. 4. milurtekoan hainbat hizkuntza objektu materialen gainean fosilizatzea ekarri zuen eta eboluzio kulturalean garrantzi handia izan zuen. Hizkuntza oso loturik dago ohitura eta erlijioari.

Hizkuntzalaritzak hizkuntzen egitura eta euren artean dagoen harremana deskribatzen du. Gaur egun 6.000 bat hizkuntza ezberdin daude munduan, zeinu hizkuntzak barne, eta beste hainbat desagertutako hizkuntzak dira.

Sakontzeko, irakurri: «Genero (biologia)» eta «Genero-rol»
Sakontzeko, irakurri: «Ezkontza» eta «Familia»
Sakontzeko, irakurri: «etnia»

Gizartea, gobernua eta politika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gizarte», «Gobernu», «Politika» eta «Estatu»

Merkataritza eta ekonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Merkataritza» eta «Ekonomia»
Sakontzeko, irakurri: «Gerra»

Kultura materiala eta teknologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Tresna» eta «Teknologia»

Gorputz-kultura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Jantzi» eta «Gorputzaren aldaketa»

Filosofia eta autoerreflexioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Filosofia» eta «giza izaera»

Filosofia (grezierazko φιλος -filos- eta σοφος -sophos- hitzetatik, «jakintzaren maitasuna») unibertsoari, munduari eta gizakiari buruzko gogoeta eta arrazoibide bat da. Jakintza-modu bat da filosofia, izadiaren eta gizakiaren errealitatea aditzeko eta adierazteko bide bat, zientzia, artea eta teologia diren bezala. Horien arteko harremanak oso konplexuak dira eta garai ezberdinetan eta pentsaera ezberdinen arabera elkar osatu zein ukatu egiten dutenak.

Filosofiaren alor klasikoekin batera –metafisika, logika, etika eta epistemologiarekin batera– zientziaren filosofia, zuzenbidearen filosofia, historiaren filosofia, filosofia politikoa, artearen filosofia, erlijioaren filosofia, hezkuntzaren filosofia eta abar ere bereizten dira.

Erlijioa eta espiritualtasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Erlijio» eta «Espiritualtasun»

Artea, literatura eta musika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Arte», «Literatura» eta «Musika»
Musika mundu osoan ematen den fenomenoa da eta oso erabilia da ospakizunetan

Artea gizakia gizaki denetik egon dela esan daiteke, historiaurreko artetik gaur egungo arte garaikiderarte. Artea gizakiek duten ezaugarri berezietako bat da eta beste espezieetatik bereizten du.

Gaur egun artea ulertzeko modua gizakiek materialak sortzeko bulkada baten bitartez egiteko gaitasun gisa definitzen da. Artea beste lanetatik desberdintzen da ez dagoelako beharra edo behar biologiko bat asetzen, baizik eta atsegin hartzea.

Musika gertakari intuitibo natural bat da, erritmoan, harmonian eta melodian oinarritua. Musika entzutea baliteke unibertsala izatea eta entretenimendu moduan ulertu ahal izatea orokorra izatea. Musika ikasi eta ulertzea, bestalde, nahiko ohikoak diren diziplinak dira. Etnia bakoitzak bere musika motak ditu eta aldakortasun handia dago.

Literatura, idatzi eta, batzuetan, ahoz transmititzen den lanak, hitz laua, olerkiak, drama eta fikzio zein ez-fikzioa biltzen ditu. Literaturaren barruan genero epikoa, legenda, mitologia eta folklorea sartzen dira.

Sakontzeko, irakurri: «Zientzia»

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Goodman, Morris; Tagle, Danilo A.; Fitch, David H. A.; Bailey, Wendy; Czelusniak, John; Koop, Ben F.; Benson, Philip; Slightom, Jerry L.. (1990-03-01). «Primate evolution at the DNA level and a classification of hominoids» Journal of Molecular Evolution 30 (3): 260–266.  doi:10.1007/BF02099995. ISSN 1432-1432. (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  2. «ADW: Hominidae: CLASSIFICATION» animaldiversity.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
  3. The Smithsonian Institution, Human Origins Program
  4. World POPClock Projection U.S. Census Bureau, Population Division/International Programs Center
  5. Human evolution: the fossil evidence in 3D. Philip L. Walker eta Edward H. Hagen, Dept of Anthropology, University of California, Santa Barbara
  6. Human Ancestors Hall: Homo Sapiens Alemseged Z, Coppens Y, Geraads D. Hominid cranium from Omo: Description and taxonomy of Omo-323-1976-896 . Am J Phys Anthropol, vol 117, 2, 103-12 or. 2002. PMID 11815945
  7. BRITTEN, RJ. Divergence between samples of chimpanzee and human DNA sequences is 5%, counting indels. Proc. Natl. Acad. Sci. USA. 2002, 13633-5 or. vol. 99. 21. (Sarean aurki daiteke osorik).
  8. Wildman D, Uddin M, Liu G, Grossman L, Goodman M. Implications of natural selection in shaping 99.4% nonsynonymous DNA identity between humans and chimpanzees: enlarging genus Homo. ([1]). Proc Natl Acad Sci USA. vol 100, 12. 7181-8 or. 2003.
  9. Ruvolo, M. Molecular phylogeny of the hominoids: inferences from multiple independent DNA sequence data sets. ([2]). Mol Biol Evol. vol 14, 3. 248-65 or. 1997
  10. Brunet M, Guy F, Pilbeam D, Mackaye H, Likius A, Ahounta D, Beauvilain A, Blondel C, Bocherens H, Boisserie J, De Bonis L, Coppens Y, Dejax J, Denys C, Duringer P, Eisenmann V, Fanone G, Fronty P, Geraads D, Lehmann T, Lihoreau F, Louchart A, Mahamat A, Merceron G, Mouchelin G, Otero O, Pelaez Campomanes P, Ponce De Leon M, Rage J, Sapanet M, Schuster M, Sudre J, Tassy P, Valentin X, Vignaud P, Viriot L, Zazzo A, Zollikofer C. A new hominid from the Upper Miocene of Chad, Central Africa.. Nature, vol 418, 6894, 145-51 or, 2002.
  11. Eswaran, Vinayak, Harpending, Henry & Rogers, Alan R. Genomics refutes an exclusively African origin of humans, Journal of Human Evolution, In Press, Corrected Proof. 2005eko maiatzaren 6a.
  12. Boyd, Robert & Silk, Joan B. (2003). How Humans Evolved. New York: Norton & Company. ISBN 0-393-97854-0.
  13. Aitziber, Agirre Ruiz de Arkaute. (2020-04-21). «Gizakiok hitz egiteko behar ditugun bide neuronalak uste zen baino lehenago garatu zituzten primateek» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
  14. Dobzhansky, Theodosius (1963). Anthropology and the natural sciences-The problem of human evolution, Current Anthropology '4 (2): 138-148.
  15. (Ingelesez) Hall, Brian K.; Hallgrímsson, Benedikt. (2011-06-07). Strickberger's Evolution. Jones & Bartlett Publishers ISBN 978-1-4496-6390-2. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  16. (Ingelesez) Mondal, Mayukh; Bertranpetit, Jaume; Lao, Oscar. (2019-01-16). «Approximate Bayesian computation with deep learning supports a third archaic introgression in Asia and Oceania» Nature Communications 10 (1): 246.  doi:10.1038/s41467-018-08089-7. ISSN 2041-1723. PMID 30651539. PMC PMC6335398. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  17. (Ingelesez) Ackermann, Rebecca Rogers; Mackay, Alex; Arnold, Michael L.. (2016-03-01). «The Hybrid Origin of “Modern” Humans» Evolutionary Biology 43 (1): 1–11.  doi:10.1007/s11692-015-9348-1. ISSN 1934-2845. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  18. (Ingelesez) «Denisovans & Neandertals: Rethinking Species Boundaries» Living Anthropologically 2011-06-02 (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  19. (Ingelesez) Yong, Ed. (2011-07-30). «Mosaic humans, the hybrid species» New Scientist 211 (2823): 34–38.  doi:10.1016/S0262-4079(11)61839-3. ISSN 0262-4079. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  20. (Ingelesez) Heng, Henry H. Q.. (2009-05). «The genome-centric concept: resynthesis of evolutionary theory» BioEssays 31 (5): 512–525.  doi:10.1002/bies.200800182. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  21. (Ingelesez) Marlowe, Frank W.. (2005-04-13). «Hunter-gatherers and human evolution» Evolutionary Anthropology: Issues, News, and Reviews 14 (2): 54–67.  doi:10.1002/evan.20046. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  22. «Meet Your Ancestors — NOVA | PBS» www.pbs.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  23. (Ingelesez) «Bonobos Join Chimps as Closest Human Relatives» www.science.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  24. The Cambridge encyclopedia of human evolution. Cambridge University Press 1992 ISBN 0-521-32370-3. PMC 26096467. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  25. (Ingelesez) Schrenk, Friedemann; Kullmer, Ottmar; Bromage, Timothy. (2007). Henke, Winfried ed. «9 The Earliest Putative Homo Fossils» Handbook of Paleoanthropology (Springer): 1611–1631.  doi:10.1007/978-3-540-33761-4_52. ISBN 978-3-540-33761-4. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  26. Templeton, Alan (2002). "Out of Africa again and again" Nature 416: 45 - 51.
  27. Urban, Suburban, and Rural Victimization, 1993-98 U.S. Department of Justice, Bureau of Justice Statistics
  28. Scientific American (1998). Evolution and General Intelligence: Three hypotheses on the evolution of general intelligence.
  29. www.grida.no/climate/ipcc_tar/wg1/007.htm
  30. American Association for the Advancement of Science. Foreword. AAAS Atlas of Population & Environment.
  31. Wilson, E.O. (2002). in The Future of Life.
  32. de Beer H. Observations on the history of Dutch physical stature from the late-Middle Ages to the present. Econ Hum Biol, vol 2, 1. 45-55 or. 2004. PMID 15463992
  33. "Pygmy." Britannica Concise Encyclopedia. Encyclopædia Britannica, Inc., 2006.
  34. Why Humans and Their Fur Parted Way. Nicholas Wade, New York Times,
  35. Rogers, Alan R., Iltis, David & Wooding, Stephen. 2004. Genetic variation at the MC1R locus and the time since loss of human body hair. Current Anthropology, vol 45, 1. 105-108 or.
  36. Jablonski, N.G. & Chaplin, G. (2000). The evolution of human skin coloration (pdf), 'Journal of Human Evolution 39: 57-106.
  37. Harding, Rosalind M., Eugene Healy, Amanda J. Ray, Nichola S. Ellis, Niamh Flanagan, Carol Todd, Craig Dixon, Antti Sajantila, Ian J. Jackson, Mark A. Birch-Machin, eta Jonathan L. Rees (2000). Evidence for variable selective pressures at MC1R. American Journal of Human Genetics 66: 1351 – 1361.
  38. Robin, Ashley (1991). Biological Perspectives on Human Pigmentation. Cambridge: Cambridge University Press.
  39. LAVELLE, M. Natural selection and developmental sexual variation in the human pelvis. Am J Phys Anthropol, vol 98, 1, 59-72 or. 1995.
  40. Correia H, Balseiro S, De Areia M. Sexual dimorphism in the human pelvis: testing a new hypothesis. Homo. Vol. 56, 2. 153-160 or. 2005.
  41. RUSH, D. Nutrition and maternal mortality in the developing world. Am J Clin Nutr, vol 72, 1 suppl, 212-240 or. 2000.
  42. Low Birthweight
  43. Khor G Update on the prevalence of malnutrition among children in Asia Nepal Med Coll J. Vol 5, 2, 113-22 or. 2003.
  44. "Human Development Report 2006,"
  45. The World Factbook
  46. Nazio Batuen adin estatistikak
  47. Death and DALY estimates for 2002 by cause for WHO Member States Munduko Osasun Erakundea.
  48. Murray C, Lopez A. Global mortality, disability, and the contribution of risk factors: Global Burden of Disease Study.. Lancet, 349 bol, 9063, 1436-42 or. 1997.}}
  49. Earliest agriculture in the Americas
  50. Earliest cultivation of barley
  51. Earliest cultivation of figs

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]