Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Italiako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Italiako historia oso aberatsa da, bereziki Mendebaldeko zibilizazioan eragin garrantzitsuena izan duten kulturek bertan izan zutelako sorleku eta gunea. Besteak beste etruriarrak, erromatarrak eta italiar Pizkundea.

Antzinako Erroma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lupa capitolina eskultura (Kapitolioko otsemea), Erroma hiriaren kondairazko sortzaile Romulo eta Remo umeak eraduskitu zituena.
Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Erroma»

Erroma hiriaren inguruan sortu zen zibilizazioa izan zen. 12 mendetan zehar, zibilizazioak hiru sistema politiko izan zituen: monarkia, oligarkian oinarritutako errepublika eta, azkena, inperioa. Mediterraneo itsasoko ingurua menderatu zuen armada eta asimilazio kulturalaren bidez. Hala ere, hainbat kausa zela eta, zibilizazioak gainbehera jasan behar izan zuen, eta, azkenean, mendebaldeko erdia behintzat, V. mendean desagertu zen. Ekialdeko erdia, Bizantziar Inperioa bilakatu zen, Konstantinopolis hiriburua zuela.

Antzinako Greziarekin batera, Erromako zibilizazioak "Antzinate Klasikoa" osatzen du, egungo mendebaldeko zibilizazioaren oinarri garrantzitsu bat. Izan ere, Erromak legea, gerra, artea, literatura, arkitektura eta gramatika (besteak beste) izugarri garatu zituen.

Erromatar Inperioa desegin zenean (476. urtean), ostrogodoak sartu ziren Italiako penintsulan. VI. mendearen erdialdera Bizantzioko Justiniano enperadorearen gudarosteek ostrogodoak menderatu zituztelarik, haren inperioaren exarkerri bilakatu zen Italia, Ravenna hiriburu zuela. Handik urte gutxira, 586tik aurrera, lombardiarrek herrialde haren iparraldea hartu zuten. Alabaina, bizantziarrek kostaldeko lurralde askotan segitu zuten. Lombardiarren eta bizantziarren arteko borroketan Erromako aita santuek zuhur jokatu zuten, oreka bilatu nahian, eta bien bitartean haren ahalmen politikoa eta militarra gero eta handiagoa bihurtu zen. Hala, VIII. mendean, frankoek aita santuaren gudarosteekin bat eginik lombardiarrak menderatu zituzten. 800. urtean Inperio Santua sortu zen, Europari politikan eta erlijioan egitura berria eman ziona, Leon III.a Aita Santuak Karlomagno enperadore izendatu zuenean (ik. Germaniako Erromatar Inperio Santua). Bestalde, arabiarren ahalmena gero eta handiagoa zen Mediterraneoan: Sizilia musulmanen mendean egon zen IX-XI. mendeetan, eta 846. urtean Erroma sakailatu zuten. XI. mendearen lehen urteetan, Aita Santuen eta enperadorearen arteko tirabirak areagotu ziren, eta horren ondorioz Italiako feudoak gero eta ahulago bihurtu ziren; aldiz, itsasaldeko hiriak eta merkataritzara emanak zirenak indartu egin ziren. Hain zuzen, Italiako Erdi Aroko ezaugarrietako bat hiri horien arteko guduak eta liskarrak dira (guelfoak eta gibelinoak). XIV. mendean, iparraldean, estatu txikiak sortu ziren, hiri nagusiak (Milan, Turin, Verona, Venezia, Florentzia) ahulenak beretzen hasi zirenean.

XV-XVIII. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendean Karlos VIII.a Frantziakoa erregearen osteak Italian sartu ziren, eta frantsesen eta espainiarren arteko borrokaleku bihurtu zuten, harik eta 1559an ia Italia osoa mende eta erdiz espainiarren eskuetan geratu zen arte.

XV. mendean Italiako arteak gailurra jo zuen, baina urte gutxiren buruan burgesiaren aberastasunak hondoa jo zuen, frantses eta espainiarren inbasioen ondorio larriengatik ezezik turkiar otomanoak zabaltzen hasi eta ekialdearekiko merkataritza eten zutelako; izan ere, ekonomiaren erdigunea Mediterraneotik Europako iparraldera eta ekialdera aldatu zen. 1710-14 bitarteko urteetan Espainiako Ondorengotza Gerra izan zen, eta haren ondorioz Espainiak, besteak beste, Milanerria, Sardinia eta Napoli galdu zituen, eta austrariarren mendean geratu zen Italia.

Frantziako Iraultzaren ondoren Napoleonek sartu-irten asko egin zituen Italiara: austriarrak garaitu zituen, Venezia eman zion Austriari, errepublika berriak sortu zituen, eta 1805. urtean Italiako Erresuma sortu zuen. 1815ean, Napoleon aginpidetik kendu ondoren, Vienako Batzarrak lurraldea estatu txikitan banatu eta absolutismoa ezarri zuen berriro.

Risorgimento eta lurraldearen batasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Italiaren bateratzea»
Giuseppe Garibaldi jotzen da Italiaren batasunaren ekintzaile nagusitzat.

Vienako Batzarra egin zenetik, Frantziako Iraultzako ideiak akuilatuta, Italiako intelektualak absolutismoa baztertzen ahalegindu ziren: Risorgimentoaren hasiera zen. Absolutismoa desagerraraztea eta Italiako nazio batasuna lortzea azken buruan gauza bera zela aldarrikatzen zuen higikundea sortu zen. 1820-21ean matxinadak piztu ziren Sizilian, Napolin eta Piemonten, baina europar estatu absolutisten Aliantza Santuak zapaldu zituen. 1831ean Giuseppe Mazzinik, Risorgimentoko teorizatzaile nagusiak, Italia Gaztea erakundea sortu zuen erbestean, eta haren ideiak Italia osora zabaldu ziren[1].

1848. urtean matxinada piztu zen Milanen, eta hasieran Italia osoa Piemonteko Karlos Alberto erregeari austriarren aurka egiteko laguntzeko prest agertu bazen ere, azkenean, haren ahalmena gehiegizkoa izan zitekeelako beldurrez laguntza ukatu zioten eta galtzaile atera zen. Austriak, berriz ere, bere estatuak nahi bezala antolatzeko ahalmena zuen[1]. Erroman ere matxinada hasi zen; Aita Santuak ihes egin zuen, baina Frantziako gudarosteei esker berriro eskuratu zuen aginpidea.

1848-49ko iraultzen ondoren Piemonteko estatua zen konstituzio liberala zuen bakarra. Italiar nazionalistek, Piemonteko gobernuburu zen Cavour kondearen gidaritzapean, Viktor Emanuel II.a erregeagan (hots, Karlos Albertoren semearengan) jarri zuten beren uste osoa independentzia eskuratzeko. Cavourrek frantsesen laguntza lortu zuen eta 1859ko apirilean Austriaren kontrako gerrari ekin zioten: Milan eskuratu zuten austriarrengandik, Toskana, Romagna eta Parmako eta Modenako dukerriak beren borondatez lotu zitzaizkion Piemonteko erreinuari, eta Giuseppe Garibaldiren eskutik jaso zituen hark askatu berri zituen Napoli eta Sizilia.

1861eko martxoaren 17an Italiako Erresuma sortu zen, baina artean, Veneto eta Aita Santuen Lurraldea falta ziren batasun osoa lortzeko. Hala, Prusiarekin bat eginik, Austriari aurre egin eta Venetoa eskuratu zuten. 1870ko irailaren 20an, frantsesak ahuldurik zeudelarik prusiarren kontrako gerra galdu ondoren, eta Erroma ia osterik gabe zegoela, italiar gudarosteak Erroman sartu eta beretu zuten[2]. 1878. urtean Hunberto I.ak hartu zuen Viktor Emanuel II.aren tokia. 1882an Italiako erreinuak, Alemaniako eta Austria-Hungariako inperioarekin batera Aliantza Hirukoitza osatu zuen. Garai hartantxe Eritrean koloniak ezarri ziren eta 1889an Somalian sartu ziren italiarrak.

XIX. mendearen bukaeran barneko egoera politikoa oso nahasia zen, langileen eta nekazarien matxinadak zirela eta. 1900eko uztailaren 29an Humberto I.a hil zuten atentatu batean, Monzan.

Mundu Gerrak eta faxismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Benito Mussolinik faxismoa ekarri zuen Italiara. Berarekin, Italia III. Reicharekin batera borrokatu zuen Bigarren Mundu Gerran.

XX. mendearen hasieratik Lehen Mundu Gerraren arteko urteetan Giovanni Giolitti lehendakaria nabarmendu zen: aurreko urteetako berrikuntzeei segida eta langileen mugimenduari nolabaiteko askatasuna eman zien; gizarte legedia aurreratu bat bultzatu eta garapen bidean ari zen iparraldeko industria babestu zuen, Libia eta Egeo itsasoko uharte batzuk eskuratu zituen, etab. Lehen Mundu Gerran Italiak neutralki jokatu nahi izan zuen, baina zenbait lurralde eskuratuko zituelako ustean aliatuekin bat egin zuen; hala ere, gerra amaitu zenean agindutako lurraldeetatik gutxi batzuk baizik ez zituen eskuratu.

Gerra ostean, langileen mugimenduaren gorakadak kezkatuta, sortu berria zen higikunde faxistari lagundu zion burgesiak. Erregeak gobernu konstituzionalari ahalmen guztiak kendu zizkion eta faxisten buruzagiari, Benito Mussoliniri, ministro batzorde berria antolatzeko agindua eman zion. 1925. urteko lehen egunetan gobernu faxistak estatuko egitura eta funtzionamendua guztiz aldatu zituen: eskubide batzuk murriztu ziren eta greba, adierazpen eta batzartzeko eskubideak, adibidez, ezeztatu; naziotasuna goraipatu zen eta sinbolo eta keinu bereziak, esaterako besoa altxatuta agurtzea, erabiltzen hasi ziren. Faxisten ekonomia politikak ez zuen Italiako bizitza maila askorik jaso, eta nazioa burujabea izan zedin nekazaritza bultzatu zuen. Hirurogeita hamar urtez irtenbiderik gabe zirauen auzi bati aurre egin zion Mussolinik 1929an: bakeak egin ziren Eliza Katolikoaren eta Italiako estatuaren artean, eta Aita Santuari Vatikanoko estatuaren gaineko aginpidea aitortu zitzaion.

Mussolini, bien bitartean, Etiopia konkistatzera abiatu zen 1935-36an eta Viktor Emanuel III.a izendatu zuen hango enperadore. Frantziak eta Britainia Handiak, baina, ez zuten begi onez ikusi ekintza hori eta Mussolinik Alemaniaren laguntza bilatu zuen. Italiak Albania konkistatu izanak aurrez aurre jarri zituen gobernu faxista eta sartaldeko demokraziak. Bigarren Mundu Gerran Grezia hartzeari ekin zion Italiak, eta kolonietako gudarostea britainiarrenarekin topatu zen Afrikako iparraldean. 1943. urtean, faxisten Batzorde Gorenak Mussolini kargutik kendu zuen; 1945. urtean partisanoek Mussolini harrapatu eta hil zuten. Italiak kolonia guztiak galdu zituen.

1946ko ekainaren 2an egin zen erreferendumean monarkia ezeztatu zen. 1948ko urtarrilaren 1ean errepublika konstituzioa jarri zen indarrean Italian, eta handik urtebetera NATO erakundean sartu zen. Hurrengo urteetan Kristau Demokraziak bakarrik gobernatu zuen. 1950-60 urte bitartean ekonomiak mirarizko hazkundea izan zuen, Europako aurreratuenetakoa izateraino. 1980. urtetik aurrera gobernu aldaketa asko izan zen Italian. 1948ko konstituzioaren arabera errepublikako presidentea da estatuburua, eta berak aukeratzen du gobernuburua edo lehen ministroa. Presidentea zazpi urtez behin aukeratzen da.

1978. urtea arte presidente guztiak alderdi kristau demokratakoak izan ziren. Urte hartan, Sandro Pertini sozialista izan zen garaile, baina 1985ean Alderdi Kristau Demokratikoaren (PDC) kide bat aukeratu zuten ostera estatuburu, Francesco Cossiga hain zuzen. Italiako sistema politikoa formetan baizik ez zen izan sendoa. Ministro taldeak osatzeak luze jotzen zuen, baina gero berehala desegiten ziren. Salbuespen bakarra Bettino Craxi izan zen; 1983ko apiriletik 1987ko martxora izan zen gobernuburu. Politikaren sendotasunik eza, zerga defizit ikaragarriak eta mafiaren eta camorraren eragina zirela eta, konstituzioa berritu beharra ere ikusi zen. 1991ko otsailean Alderdi Komunista izenaz aldatu eta Ezkerreko Alderdi Demokratikoa (PDS) bihurtu zen. Abenduan, baina, talde disidente batek alderdi komunista fundatu zuen ostera. 1991ko bukaeran areagotu egin ziren tirabirak PDCren barruan eta Cossigaren eta PDSko buru Achille Occhettoren artean. 1992ko otsailean, presidenteak eta Lehen Ministroak hauteskundeak deitu zituzten, Legebiltzarra desegin ondoren. 1992ko apirileko hauteskundeetan ofizialismoak Legebiltzarreko gehiengo absolutua galdu zuen lehengoz 1946az geroztik. Handik gutxira, Giulio Andreottik gobernuaren dimisioa aurkeztu zuen, eta Cossigak ere bere dimisioa aurreratu zuen. Maiatzaren bukaeran mafiak Giovanni Falcone epailea, «mafiaren etsai nagusia», hil izanak jendea presidente demokrata kristaua Oscar Luigi Scalfaro hautatzera bultzatu zuen neurri handi batean. Falcone hil eta bi hilabetera, ordea, mafiak haren ondorengoa hil zuen, Paolo Borsellino. 1992ko urrian 10 milioi langilek greba egin zuen gobernuak ekonomia doitzeko hartutako neurrien kontra protesta egiteko.

Italiako prokuradore nagusiak, Antonio di Pietrok, operazio ilegalen sistema konplexu bat argitzeko «Esku garbiak» ikerketa bultzatu zuen, eta era guztietako politikoak, enpresaburuak eta mafia nahasita zeudela aurkitu zuen: Bettino Craxi eta Giulio Andreotti lehen ministro ohiak, besteak beste. 1980 eta 1992 bitartean ustelkeriak 20 mila milioi dolar inguru galarazi zizkion estatuari. Gainera, funtzionario eta politikoei emandako ezkutuko sariak zirela-eta, Italiako inbertsio publikoak Europako gainerako erkidegoetakoak baino %25 garestiago ziren. 1993ko apirilean Banketxe Zentraleko presidente ohia, Carlo Azeglio Ciampi, izendatu zuten lehen ministro.

1994ko martxoko hauteskundeetako faborito nagusia PDS zen, sozialistei eta demokristauei baino gutxiago eragin zielako ustelkeriak. Hala ere, hilabete gutxitan, hedabideen magnateak, Silvio Berlusconik, Forza Italia alderdia sortu zuen, eta Umberto Bossiren Iparraldeko Liga Federalistarekin eta Gianfranco Finiren Aliantza Nazional neofaxistarekin batera gehiengoa atera zuen Legebiltzarrean. Berlusconi izendatu zuten lehen ministro, eta Europarako hauteskundeak ere bere alderdiak irabazi zituen. Hala ere, Iparraldeko Liga gobernuaren oztopo bilakatu zen, Berlusconi eta Aliantza Nazionaleko faxistak kritikatuz denbora guztian. Urrian gobernuak jubilazioaren eta pentsioen erreforma proposatu zuen, baina sindikatuak horren aurka azaldu ziren, eta manifestazio jendetsuen ondoren, Berlusconik bertan behera utzi zuen proiektua. Abenduan Bossik uko egin zion gobernuari eta Berlusconik dimisioa aurkeztu zuen. Scalfarok ez zuen ostera hauteskunderik deitu nahi izan, eta Berlusconiren ekonomia ministro ohia -Lamberto Dini- izendatu zuen lehen ministro. Honek teknokratez osaturiko gobernu apolitikoa eratu zuen. Ezkerraren laguntzaz, Lamberto Dinik jubilazio eta pentsioen sistema berritzea eta defizit publikoa gutxitzea lortu zuen. Aurretik beste ministro tekniko batzuek egin izan zuten bezala, Ciampik, esate baterako, 1993 eta 1994 bitartean, Dinik itun bat egin zuen PDSrekin ekonomia neurri zorrotzak ezarri ahal izateko.

Bigarren Errepublika (1994-orain)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Silvio Berlusconi

1996ko apirilean Olibondoa koalizioak -Romano Prodi kristau demokrata ohiaren gidaritzapean eta PDSren laguntzarekin- izan zen garaile Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Prodik, lehen ministro kargua hartuta, PDSko buruzagiekin eta Ciampi eta Dini bera bezalako kontserbadore ezagunekin eratu zuen gobernua. Komunista ohiak gobernuan egotea eta alderdi komunista berriak laguntza ematea izan ziren aldi berri horren ezaugarri aipagarrienak. 1997ko urrian, baina, gobernua kolokan jarri zuen 35 orduko lan astea onartu ezean Alderdi Komunistak Prodiri laguntza ukatu ondoren sorturiko eztabaidak. Azkenean gobernuak 2001. urtetik aurrera eta 15 langile baino gehiagoko enpresetan lan astea murriztea onartu zuen. Azaroko udal hauteskundeetan ere Olibondoa koalizioa izan zen garaile. 1998ko urrian berriro sortu ziren tirabirak gobernuaren eta Alderdi Komunistaren artean, aurrekontuak zirela eta, eta oraingoan Prodik dimisoa eman behar izan zuen. Berriro hauteskundeak deitzekotan eskuinak irabazteko arriskua zegoela ikusirik, zentro-ezkerreko aliantzak PDSko buru Massimo D'Alema izendatu zuen lehen ministro.

2006an, Romano Prodi hautatu zuten italiarrek lehendakari, ezkerreko eta zentroko koalizio zabal baten buru. 2008an, berriz, Prodik dimisioa eman behar izan zuen, eta handik gutxira egin ziren hauteskundeak Silvio Berlusconiren koalizioak irabazi zituen berriz. Emigranteen aurkako oso lege gogorrak eman zituen, ijitoen aurkakoak bereziki, eta polemika handia sortu du erabaki horrek.

2014ko urriaren 18an jakin zenez, Lampedusako hondamendiaren ondoren jarri zuen indarrean Italiako Gobernuak Mare Nostrum operazioa, itsas armadako ontziekin Mediterraneoko urak zaintzeko, eta lehen urtearen balantzea egin zuten: 150.000 migratzaile salbatu zituen, eta 330 trafikatzaile atxilotu[3].

Azaroaren 16an, lau lagun hil ziren Italian eta Suitzan izandako uholdeetan[4].

Abenduaren 12an, Renziren aurkako greba orokorra egon zen Italian[5].

Abenduaren 13an, Renzik erreformen aurkako greba errespetatu zuen eta 'ez zuela harritu' ere adierazi zuen. Lan Erreforma berriak (kaleratzeak errazten zuena) eta 2015eko aurrekontuak ziren greba orokorra deitzeko eragileak sindikatuen arabera[6].

Abenduaren 28an, gutxienez bi hil eta lau zauritu ziren Italian, bi merkantzia ontzik talka egin ostean[7].

Urtarrilaren 2an, 450 immigrante zituen ontzi bat nora ezean gelditu zen Italiako kostaldera zihoala[8].

Urtarrilaren 27an, Hauteskunde Legearen erreforma Italiako senatuak onartu zuen[9].

Urtarrilaren 29an, Italiako presidente izateko Sergio Mattarella proposatu zuen Renzik[10].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Unification of Italian States Office of the Historian, Bureau of Public Affairs, United States Department of State. History.state.gov
  2. Thomas J. KEHOE, Harold E. DAMEROW, and Jose Marie DUVALL: The Unification of Italy Exploring Western Civilization: 1600 to the Present. A Worktext for the Active Student, Revised Edition (Dubuque, Iowa: Kendall/Hunt Publishing Co., 1999.) Faculty.ucc.edu
  3. «'Mare Nostrum'-ek urtebetean 150.000 etorkin salbatu ditu», Berria, 2014-10-19
  4. «Lau lagun hil dira Italian eta Suitzan izandako euriteen ondorioz», EiTB, 2014-11-16
  5. «Renziren aurkako greba orokorra izan da Italian», Berria, 2014-12-13
  6. «Renzik erreformen aurkako greba errespetatu du, baina 'ez du harritu'», EiTB, 2014-12-13
  7. «Gutxienez bi hildako Italian, bi merkantzia ontzik talka egin ostean», EiTB, 2014-12-29
  8. «700 immigrante inguru Melillara igarotzen saiatu dira», Berria, 2015-01-02
  9. «Hauteskunde Legearen erreforma aurrera doa Italian», Berria, 2015-01-28
  10. «Italiako presidentzarako Sergio Mattarella proposatu du Renzik», Berria, 2015-01-30

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]