Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Suediako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Suediako historia suediarren lehen aipamenarekin hasten da.

Lehen aipamenetatik 1200 urtera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bikingoen hedaduraren mapa.

Historian lehenengo aldiz Tazitoren Germania liburuan agertzen dira suediarrak, suoine edo svear izenez; harrezkero bikingoen garaia arte (IX. mendea) ez da suediarren berririk ia. Garai horretan bikingoak mendebalera bezala, horien kideko baregoak Baltikoaren ekialdeko lurraldeetara zabaldu ziren, Finlandiako, Volga eta Dnieper ibaien inguruetako herriak mendean hartuz. Hedatze horretan Itsaso Beltzeko eta Kaspiar Itsasoko ertzetara eta Konstantinoplaraino iritsi ziren, beren mendeko lurraldeetan suediar erresuma txikiak sortuz; horietan ezagunena Kievekoa izan zen.

Suedian bertako erresuma indartzen, hala ere, 1250. urte aldetik aurrerako bakealdiarekin hasi zen. Suediako jauntxoengan itzal handirik ez zuen erregeak. Birgen Jarlek errege-gazteluak eraiki eta lurraldearen administrazioa bere esku hartu zuen. Magnus Ladulasek (1275-1290) feudalismoaren garaiko gizartea antolatzeko moldeak sartu zituen, eta nobleekin batera lehen hiriak eraiki Stockholm, Kalmar, Lödöse, besteak beste; Suediako lehen konstituzioa edo legedia ere garai horretakoa da (1319).

Handik hurrengo errege Magnus Erikssonek (1319-1363), Suedia bozketaz arautzen zen erresuma zela zioen legea sinatu behar izan zuen. Horrez gainera, Finlandiako parte bat erantsi zion Suediari (1323) eta nekazaritzari bultzada handia eman zion.

Eskandinaviako lurraldeen batasuna eta Suediaren burujabetasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1200. urteaz gero Alemaniaren eragina handituz zihoan Suedian bezala Eskandinaviako beste lurraldeetan ere. Magnus Erikssonen ondorengo erregearekin, Mecklenburgeko Albertorekin (alemaniarra) areago handitu zen hori. Alemaniari aurre egiteko Danimarkak eta Norvegiak bat egin zuten lehenik (1380); Suediak ere gero Danimarkaren laguntzarekin Alberto erregea bota zuen (1389) eta Kalmarko Batasuna izeneko itunean hiru lurraldeek errege bat hautatu zuten, bakoitzak bere legeak eta ohiturak gordeaz hala ere.

Beste 100 urtean Danimarkaren mende egon zen esateko, hura baitzen hiruretan aberatsena, indartsuena eta biztanle gehien zuena. Harekin hainbat tirabira izan ondoren eta haren aurkako beste hainbat matxinadaren ondoren gerra sortu zen, eta danimarkarrak garaitu zituzten (1471). Horren ondoren lortu zuten parlamentu bat biltzea, nobleziaren, kleroaren, burgesiaren eta nekazarien ordezkariek osatua.

Erabateko burujabetasuna ordea, 1523an Gustavo Eriksson jeneralak danimarkarrak garaitu eta Gustavo Vasa (1523-1560) errege bihurtu zenean lortu zuten. Erreinaldi gogorra izan zuen. Ekonomia lur jota zegoen eta matxinada askotan parte hartuak ziren suediarrak besterik gabe errege baten mende jartzeko. Nobleziaren eta kleroaren matxinada asko zapaldu behar izan zituen.

Erreformako aldakuntzez (1520-1530) baliatuz kleroa sekularizatu zuen eta haren ondasunak nobleziaren esku jarri zituen. Zergak lehen baino zuzenago biltzen hasi zen gero, eta nekazaritzak eta industriak aurrerapen handia izan zuten. 1544an Parlamentuaren erabakiz erregetza herentziazko bihurtu zen.

Hurrengo 50 urteak (1560-1611) oso nahasiak izan ziren, Gustavo Vasaren semeen arteko borrokengatik, batetik, katolikoen, luterotarren eta kalbindarren arteko borrokengatik, bestetik, eta errege horietako batzuek (Erik XIV.a Suediakoa eta Karlos IX.a Suediakoa) beren ekialdera eta mendebalera zabaldu nahian Poloniarekin, Errusiarekin eta Danimarkarekin topo egin zutelako, azkenik.

Gustavo II.ak (Adolfok), Poloniaren, Errusiaren eta Alemaniako enperadorearen kontra lortu zituen garaipenengatik, eta lehenengo bien aurka Livonia eta Estonia lortu zituelako gerrako buruzagi on gisa ezagutu izan den arren, bere aurrekoak baino tentu handiagoa izan zuen agintzeko eran.

Hogeita hamar urteko gerran protestanteen alde irten zen, baina Suediako biztanleei askatasun handiagoa eman, eta ekonomia sendotzeari eta hiriak berritzeari eman zitzaion erbesteko jakintsuez inguraturik.

Itsaso Baltikoko nagusitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XVII. mendean Suediako erreinuak izandako lurraldearen hedapena.

1543-1545 bitarteko gerran Suedia irten zen garaile; 1658an Karlos X.a Gustavok danimarkarren eta norvegiarren erresumari Eskania, Halland, Blekinge, Bohuslän eta Gotland kendu zizkien. Suedia zen Baltikoko nagusi. 1700. urtean ordea, Karlos XII.a Suediako errege zela, Errusia Saxonia-Polonia eta Danimarka elkartu ziren haren aurka eta hainbat garaipen izan zituen arren (1700-1721 bitarteko gerra), azkenean Errusia irten zen indartua eta bera egin zen Baltikoko nagusi Livonia, Estonia, Ingria eta Karelia bereganaturik.

Askatasunaren eta gustavotarren garaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra eta estuasun aldi horri askatasun aldia jarraitu zitzaion. Herriaren haserrea baliatuz parlamentuak eta errege-kontseiluak eskubideak are gehiago murrizten zizkion konstituzioa onartarazi zion erregeari. 1720-1771 bitartean liberal-bakezaleen alderdia eta merkataritzaren eta Errusiaren kontrako alderdia egon ziren aginpidean.

Adiskidekeria eta gisa horretako beste hainbat lege-hauste izan zen arren orduan eman zitzaien geroko joera demokratikoei sarrera. Meagintza, kimika eta beste hainbat jakintza alorretan aurrerapen handiak egin ziren. Altzairu eta burdin esportatzailerik handiena bihurtu zen Suedia. Garai horretakoak dira Celsius, Lineo, Wallerius, besteak beste.

Aldi berean, ordea, herri xehea oso egoera gogorretan bizi zen. Herriaren haserrea eta zegoen adiskidekeria aitzakia 1772an estatu kolpe bat eman eta konstituzio berria ezarri zuen Gustavo III.ak (1771-1792). Konstituzio horren bidez erregetza eta estatua indartu zituen, zentralista eta despotiko bihurtzeraino.

Suediari lehen izandako handitasuna itzuli nahi izan zion, bestalde, eta Errusia Turkiarekin gerran sartu zela baliatuz berak ere gerra deklaratu zion. Nekazarien eta gudarostearen matxinadak izan zituen arren, Svenksundeko itsas garaipenaren ondoren bere aldera moldatu zuen gerra.

Gustavo IV.ak Ingalaterrarekin harreman onak lortzera zuzendu zuen bere politika, harekin baitzituen Suediak merkataritza harremanik onenak, baina Ingalaterrak Frantziaren aurkako gerrara eraman zuen eta, horren ondorioz, Suediak Finlandia galdu zuen. Ondorengo erregeak, Karlos Joanek, Finlandia galdu izanaren truke zerbait eskuratzeko, Errusiarekin oneratu, eta, harekin batera Frantziaren eta Danimarkaren aurka gerran sarturik, Norvegia bereganatu zuen. Norvegia, beraz, autonomia handia zuela, Suediako erregearen mende egon zen 1905 arte.

1814tik gaur arte Suediak ez du beste gerrarik izan. Azken 180 urteetan pertsona eta herritar gisa duintasunez bizi ahal izateko eskubideetan suediarrek aurrerapen handiak egin dituzte. 1840an, ministroak, ordu arte aholkulari huts zirenak, gobernuak har zitzaken erabakien arduradun bilakatu ziren.

1842an lehen mailako ikasketak nahitezko bihurtu ziren. Udalek beren gisa antolatzeko eskubidea lortu zuten. 1890-1930 bitarteko industrializazioarekin herri higikundeak sortu ziren (langileen aldekoak, alderdi sozial-demokrata, emakumeenak, erlijio-askatasunaren aldekoak, besteak beste) eta lortzen zituzten eskubideei eskakizun berriak erantsiz demokraziaren oinarriak jarriz joan ziren.

XX. mendetik aurrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1921ean, herritar guztiei, emakumezkoak barne, botoa emateko eskubidea onartu zitzaien. Sozialdemokrazia 1932an iritsi zen aginpidera. Langileen eta industrialarien arteko elkar ulertzea bultzatu zuen sozialdemokraziak (Saltsjoebaden hitzarmena, 1938). Gobernua saiatu da emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak txikitzen, eta hainbat kanpaina egin ditu helburu horrekin. Oinarrizko hezkuntzan bai mutilei bai neskei etxeko lanak egiten, jaioberriak zaintzen edota egurra eta metala lantzen erakusten zaie.

1981ean emakume ezkonduen erdiak jarduera profesionala zuen etxetik kanpora. Abortua librea da hirugarren hilabetea arte. Bortxaketa sexualei buruzko legeari dagokionez, legeak ez dio gizonezkoari leungarririk onartzen eta oso zigor latzak daude ezkongaiaren bortxaketa dela-eta. Emakumeek lanbide guztietara dute sarbidea (gudarostean izan ezik), baina gizonezkoak baino % 20 gutxiago irabazten dute oro har.

Lehen Mundu Gerraz geroztik, bake garaian aliantza militarrik ez egiteko politika eraman du aurrera Suediak, gerra garaian neutraltasuna ziurtatzen baitu era horretan. Bigarren Mundu Gerran merkataritza bideak hautsi egin ziren eta elikagai falta handia izan zen.

Hori berriz gerta ez zedin, gobernuak neurri protekzionistak hartu zituen eta, oro har, elikagaien prezioak nazioarteko merkatukoak baino garaiagoak dira. Gerra hotzean ekialdearen eta mendebaldearen arteko tirabirak lasaitzearen aldeko agertu zen Suedia, eta armagabetzearen alde ere egin zuen. Suediaren eta SESBren arteko harremanek txarrera egin zuten 1980ko hamarraldian, besteak beste, Txernobileko istripuaren ondorioak zirela-eta; zentral nuklearraren irradiazio atomikoa Laponia hegoaldean barrena zabaldu zen.

Suedia izan zen Ipar Vietnam ezagutu zuen lehenengo herrialdea (1960), eta garrantzizko papera bete zuen, Olof Palme Lehen ministroaren bidez, Iranen eta Iraken arteko borrokan. Lau hamarralditan zehar sozialdemokraziak nagusitasun politikoa izan du Suedian, eta hazkunde ekonomiko eta industrial bizkorra bideratu zuen.

1970eko hamarraldia arte suediar kapitala zuten zenbait enpresak, ekoizpen maila garaikoak, munduko transnazional handienen artean zeuden (Volvo, Saab Scania, Ericson, Electrolux, Svenska, etab). Hala ere, 1970eko hamarraldian ekonomia hazkundea moteldu egin zen, petrolioaren inportazioaren garestitzeak eraginda gehienbat 1973. urtetik aurrera. Suediako energia hornikuntzaren erdia inportatzen den petrolioaren mende dago.

1980an izan zen plebiszitu batean Legebiltzarrak erabaki zuen 2010. urtea baino lehen 12 erreaktore nuklear ixtea. Ekonomia krisiaren garaian erdialdeko alderdiak, alderdi liberalak eta kontserbadoreak koalizio gobernu bat osatu zuten 1976ko hauteskundeen ondoren. Handik sei urtera sozialdemokrazia aginpidera itzuli zen berriz ere, eta 1988an ere berritu egin zuen aginpidea.

1986an Olof Palme sozialdemokrata hil zuten oraindik argitu ez den atentatu batean, eta Ingvar Carlsson izan zuen ondorengo Lehen ministro karguan. Ekialde Hurbilera eta Indiara armak saltzearekin zerikusia zuten zenbait ekintzatan gobernuaren eta Bosfors etxearen parte hartzea aztertu behar izan zuen legebiltzarrak.

Suediako legeek jarduera horiek debekatzen dituzte, eta baita borroka militarrak dituzten lurraldeekin edo gerraren batean parte hartzen duten herrialdeekin merkataritza harremanak izatea ere. Baina, biztanleak ekonomia eta ingurumenarekin kezkaturik zeuden oso, Sobietar Batasuneko industrien gas jarioek euri azidoa eta elur kutsatua ekarri baitzuten Eskandinavia ingurura.

1989an SESBk hitz eman zuen 1993. urtea baino lehen % 40 gutxituko zituela igorpen horiek. 1980ko hamarraldiaren bukaeran, Europar Batasunaren auzia hurbildu ahala, berpiztu egin zen Suediak bere merkataritza bazkide nagusiekin etorkizunean izan behar zituen harremanei buruzko auzia.

1990ean Carlssonen gobernuak Suedia Europako Ekonomia Erkidegoan sartzea eskatu zuen. 1991ko hauteskundeetan sozialdemokraziak legebiltzarrean zuen gehiengoa galdu zuen. Koalizio batek, alderdi moderatuak, liberalak, erdialdekoak eta demokratakristauak osatua, Carl Bildt buruzagi moderatua hautatu zuen Lehen ministro. Azken hauteskunde horietan hiru alderdi berri izan ziren legebiltzarrean: Alderdi Berdea, Alderdi Demokratakristaua, eta Demokrazia Berria (eskuineko alderdia). 1991. urtearen amaieran Suediako langabeziak bere tasarik gorena iritsi zuen.

1991. eta 1992. urteetan, ekonomia krisiaren ondorioz, xenofobia bolada gogorra izan zen, eta atzerritarren kontrako erasoak ugaritu egin ziren. 1993an eraikuntzaren sektoreko milaka langile kalera irten ziren lan eske; lehenengo aldia zen hogeita hamabost urtean halako zerbait gertatzen zela.

1993an erregeak legebiltzar berri bat inauguratu zuen laponiarrentzat. 1994an langabezia tasa % 13ra igo zen, eta etorkinen eta atzerriratuen artean % 40ra iritsi zen. 1994an egin zen erreferendumean suediarren % 52ak onartu zuen Suedia Europar Batasunean sartzea. Politikari eta enpresa gizon asko sartzearen aldeko ziren; ezker alderdiak eta ekologistak, aldiz, kontrakoak ziren.

Azkenik, 1995eko urtarrilean, Europar Batasunako kide egin zen Suedia. Bien bitartean, sozialdemokratek defizit publikoa gutxitzeko lanean jarraitu zuten, eta horretarako zergak igo eta estatuaren gastuak gutxitu zituzten.

1996an Finantza ministro berria jarri zen gobernuan, Göran Persson. Ministro berriak ahalegin handiak egin zituen defizita arintzeko, eta zergak igo zituen, baina langabeziak % 13an jarraitzen zuen. Zenbait neurri jarri zuen abian lan merkatua malgutzeko, baina Sindikatuen Konfederazioa kontra jarri zen, eskuinerantz egitea leporatzen baitzion gobernuari.

1997. urte amaieran Suediako gobernuak adierazi zuen ez zuela Europar Batasuneko diru batasunean parte hartuko.

2014ko irailaren 14an, zortzi urtean zentro-eskuineko gobernatu ondoren Suedia, sozialdemokratak faborito ziren legebiltzarrerako hauteskundeak irabazteko. Demokrata Suediarrak eskuin muturreko alderdia hirugarren indar bihur zitekeen, botoen %10 ingururekin[1].

Irailaren 15ean, agintera itzuli zen zentro-ezkerreko aliantza zortzi urteren ostean. Botoen %97 zenbatuta, Alderdi Sozialdemokratak, Ingurumenaren alderdiak eta Ezkerreko Alderdiak botoen %43,6 bildu zituzten. Sozialdemokratek, Stefan Lofven buru zutela, %31,1 boto eskuratu zituzten, eta haien aliatu izan ohi zen Ingurumenaren Alderdiak, berriz, %6,8. Horrela, Ezkerreko Alderdia (%5,7) ere koalizioan sartu beharko zuen Lofvenek gobernua osatu nahi bazuen. Fredrik Reinfeldt lehen ministroa buru zuen zentro-eskuinak, berriz, %39,4. Hamar puntu baino gehiago egin zuen behera gobernuan zen aliantzak. Suediako Demokratak eskuin muturreko alderdiak baliatu zuen zentro-eskuinaren beherakada. SD, 2010eko bozetan eskuratutako boto kopurua bikoiztuta, %13ra heldu zen, eta hirugarren indarra zen[2]. Irailaren 15ean, Fredrik Reinfeldt Suediako lehen ministro eskuindarrak dimisioa eman zuen, bere alderdiak parlamenturako hauteskundeak lau punturengatik galdu eta gero sozialdemokraten aurka[3].

Urriaren 2an, Stefan Lofven sozialdemokrata hautatu zuten Suediako lehen ministro. Aldeko 132 boto, kontrako 49 eta 154 abstentzio jaso zituen[4].

Abenduaren 3an, DS Suediako Demokratak alderdi xenofoboak aurrekontuak ez onartzeagatik, Stefan Lofven lehen ministro sozialdemokratak hauteskundeak martxoaren 22rako deitu zituen[5].

Abenduaren 26an, Suediako Gobernuak hitzarmena egin zuen oposizioarekin, eta ez zituen hauteskundeak aurreratuko. Izan ere, Stefan Lofven lehen ministroak adierazi zuen Aliantzarekin egin zuela ituna aurrekontuak onartzeko[6]. Sozialdemokratek eta berdeek koalizioari eustea lortu zuten baina kontserbadoreen politikak onartu behar izan zituzten. Eskuin muturra baztertuta geratu zen[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]