Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Kinshasa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 4°19′19″S 15°18′43″E / 4.3219°S 15.3119°E / -4.3219; 15.3119
Wikipedia, Entziklopedia askea

Kinshasa
Kinshasa
lehen mailako herrialde azpibanaketa
Administrazioa
Estatu burujabe Kongoko Errepublika Demokratikoa
ProbintziaKinshasa
Izen ofizialaKinshasa
Kinshasa
Léopoldville
Leopoldstad
Киншаса
Jatorrizko izenaKinshasa
Geografia
Koordenatuak4°19′19″S 15°18′43″E / 4.3219°S 15.3119°E / -4.3219; 15.3119
Map
Azalera9.965 km²
Altuera240 m
MugakideakKongo-Central, Brazzaville, Mai-Ndombe Province (en) Itzuli, Kwilu (en) Itzuli eta Kwango Province (en) Itzuli
Demografia
Biztanleria11.855.000 (2016)
280.000 (2015)
Dentsitatea1.190 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1881
Telefono aurrizkia0987-
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakDakar, Brazzaville, Brusela, Teheran, Utrecht, Ankara eta Incheon
Hizkuntza ofizialafrantses eta nederlandera
kinshasa.cd

Kinshasa (lehen frantsesez Léopoldville edo nederlanderaz Leopoldstad ) Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburua eta hiri nagusia da.

Boulervard du 30 Juin etorbidea, Kinshasa erdigunean.

Garai batean arrantzale herrixka bat izana, gaur egun Kinshasa kontrastez betetako hiri handi bat da, luxuzko bizitegi eta merkataritza guneak, hiru unibertsitate eta txabola auzo bat dituena. 2024an 17 milioi biztanle inguru zituen,[1] Afrikako populatuena, Johannesburgo, Lagos eta Kairorekin lehian. Populazioz, munduko lehen hiri frankofonoa da, Paris eta bere metropoli eremua gainditzen baititu.[2]

Kongo ibaiaren ezkerreko ertzean dago, Kongoko Errepublikako hiriburu den Brazzaville aurrean. Estatuko probintzietako bat osatzen du (Ville-Province de Kinshasa), 9.965 km², 24 commune edo udalerritan banatuta. Gehienak hiri barrutiak dira, nahiz eta Malukuko landa komunitateak, probintziaren ekialdean, lurraldearen % 79 hartzen duen. Hirigunea La Gombe herriari dagokio, probintziaren iparraldean, ibaiaren alboan.

Kongoko estatuko gune administratibo, ekonomiko eta kulturala da Kinshasa. Hiria Kongo ibaiaren portu nagusia da eta 7 km inguru ditu ibaian zehar. Transbordadore zerbitzua dago Brazzavilleraino, 4 km-ra gutxi gorabehera, eta ibaian gora portu ugari daude, hala nola Kisangani eta Bangi. Errepide eta trenbide bidezko komunikazioa du Matadirekin, Kongoko estuariora doan itsas portuarekin, Ozeano Atlantikotik 150 km-ra, baina ez dago trenez lotuta herrialdearen barnealdearekin; errepide bidezko konexioak ere gutxi eta txarrak dira. Hiriak bi aireportu ditu, NDjili (nazioartekoa) eta Ndolo.

Henry Morton Stanleyk sortu zuen hiria, merkataritza gune txiki gisa, 1881ean, eta Léopoldville izena eman zioten, Leopold II.a Belgikako erregearen omenez, garai hartan Kongo Belgikarraren lurralde kolonial zabala kontrolatzen baitzuen.[3] Hiribilduak laster hartu zuen garrantzia, Kongo ibaian nabiga zitekeen lehen portua baitzen Livingstone ur jauzietara iritsi aurretik, ibaian behera ur lasterren sail luze bat, Léopoldvilletik 300 bat kilometrora. Hasieran, itsasotik zetozen edo helarazi behar ziren merkantzia guztiak Léopoldville eta Matadi (itsaslasterren osteko portua, kostatik 150 km-ra) artean eraman behar ziren, zamaketarien bitartez. 1898an trenbidea eraikitzea aurrerapen handi bat izan zen, Léopoldvilleren garapena bultzatu zuena. 1920an, hiria hiriburu koloniala izatera pasa zen, Boma ordeztuz, Kongo ibaiaren itsasadarrean. 1941ean hiri titulua eman zioten.

Kongo Belgikarra 1960an Belgikatik askatu zenean, nederlandera ez zen gehiago hizkuntza ofizial izan eta Leopoldstad izen alternatiboa ez zen gehiago erabili. 1965ean Mobutu Sese Sekok bere bigarren estatu kolpea eman eta boterea eskuratu zuenean, bertako antroponimo eta toponimo guztiei afrikar izena emateko politika bat eraman zuen aurrera, besteak beste, herrialdea Zaire izatera pasa zen; 1966an hiria Kinshasa bihurtu zen, leku berean egon zen herri baten izena hartuz. Mobuturen erregimenpean, hiria azkar hazi zen; estatu osoko jendea etortzen zen aberastasun bila edo herrialde osoan zabaldutako gatazka etnikoetatik ihes eginez. Horrek aldaketa ekarri zuen hiriaren osaera etniko eta linguistikoan, tradizioz bateke eta bahumbu lurraldean kokatua egon arren, orain, aldiz, lingala etnia da nagusi.

1974an, The Rumble in the Jungle (Oihaneko borroka) boxeo borroka egin zen Muhammad Ali eta George Foremanen artean. Alik Foremani erronka egin baitzion pisu astuneko munduko titulua berreskuratzeko.[4]

Kinshasak asko sufritu zituen Mobuturen erregimenaren gehiegikeriak, ustelkeria orokorra eta nepotismoa eta, azkenik, hondamendia ekarri zuen gerra zibila. Hala ere, Afrika erdialdeko zentro kultural eta intelektual handi bat da oraindik, musikari eta artista komunitate handi batekin. Estatuko industria gune nagusia da, eta han prozesatzen dira herrialdearen barnealdean sortutako produktu natural gehienak.

Gizaki baten lehen GIB infekzioa Kinshasan dokumentatu zen, 1959an, hiriko gizon bati hartutako odol lagin batean.[5]

Kinshasa satelite bidez ikusia.

Kinshasa hiri-probintziak 9.965 km² hartzen ditu. Goi ordoki handi bat du (Kwango goi ordokia), mendi kate bat (Ngaliema, Amba eta Ngafula mendiak), lautada zabal bat eta hezeguneak Pool Malebo alboan (garai batean Stanley Pool izenez ezagutzen zirenak). Lautada da eremurik jendetsuena, eta ilargi erdi baten itxuraz< luzatzen da badiatik, ekialdean, Kwango goi ordokiraino, Pool Malebo mendebaldean. Hiria garatu zen Gombe muinoaren, Pool Maleboren eta Ngaliemako badiaren artean, Livingstone ur jauzietara iritsi aurretik, eta hegoaldeko mendien artean, errekatik gertu (Ngaliemako gailurraren mendebaldean), hamabost kilometro Pool Malebotik hegoaldean.

Kontraste handiko hiria da Kinshasa: luxuzko bizitegi eta merkataritza guneak nabariak diren arren, txabola auzotan bizi dira kinshasatar ugari oraindik ere.[6]

Kongo ibaiaren ertzean dago, Kongoko Errepublikako hiriburu den Brazzaville hiriaren aurrez aurre. Buenos Airesen eta Montevideoren kasuarekin batera, munduko toki bakarra da non bi hiriburu nazional aurrez aurre dauden ibai baten ertz banatan, kasu honetan, gainera, bata bestetik hurbilago eta begi bistan daudelarik.

    Datu klimatikoak (Kinshasa, Kongoko Errepublika Demokratikoa)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 36 36 38 37 37 37 32 33 35 35 37 34 '
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 30.6 31.3 32.0 32.0 31.1 28.8 27.3 28.9 30.6 31.1 30.6 30.1 30.4
Batez besteko tenperatura (ºC) 25.9 26.4 26.8 26.9 26.3 24.0 22.5 23.7 25.4 26.2 26.0 25.6 25.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 21.2 21.6 21.6 21.8 21.6 19.3 17.7 18.5 20.2 21.3 21.5 21.2 20.6
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 18 20 18 20 18 15 10 12 16 17 18 16 '
Pilatutako prezipitazioa (mm) 163 165 221 238 142 9 5 2 49 98 247 143 1482
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 12 12 14 17 12 1 0 1 6 10 16 14 115
Eguzki orduak 136 141 164 153 164 144 133 155 138 149 135 127 1739
Hezetasuna (%) 83 82 81 82 82 81 79 74 74 79 83 83 80.3
Iturria (1): climate-Data.org (tenperatura)[7] weatherbase (muturrekoak)[8]
Iturria (2): Danish Meteorological Institute (prezipitazioak, eguzkia, eta hezetasuna)[9]
Kinshasako biztanleriaren bilakaera
urte biztanleak
1950 201.900
1955 292.400
1960 442.850
1965 717.000
1970 1.070.000
1975 1.482.000
1980 2.053.000
1985 2.812.000
urtea biztanleak
1990 3.683.000
1995 4.825.000
2000 6.140.000
2005 7.560.000
2010 9.382.000
2015 11.560.000
2020 14.342.000
2024 17.032.000
Iturria: World Population Review 2024[1]

1945ean, Kongo Belgikarreko hiriburua izanik, Léopoldvillek 100.000 biztanle inguru zituen. Herrialdearen independentziaren ondoren, 1960an, kopuru hori 400.000 biztanlera igo zen, eta Erdialdeko Afrikako hiri nagusia bihurtu zen. Hamabost urte geroago, 1966an hiriari Kinshasa izena eman zitzaionean, bi milioi biztanle zituen. Hiria nabarmen eta arin hazi zen: 1960ko hamarkadaren amaieran 800.000 bat biztanle ziren, eta 1995erako 4,8 milioi. XX. mendearen hasieran populazioaren hazkunde azkar bat izan zuen: 2024an egindako kalkuluaren arabera 17 bat milioi biztanle inguru zituen, mende hasieran baino % 36 gehiago.[1]

Estimazioen arabera, 2035erako 26 milioi baino gehiagoko biztanleria izan dezake, munduko 30 hiri handienen artean kokatuz. Munduko Bankuaren arabera, legez kanpo sortutako lanen bolumena inon baino handiagoa da, Afrikako gainerako hiriguneekin alderatuta: % 95 (% 45 - % 50 artean, Freetown edo Uagadugu hirietan).[10]

Kaleko haur eta gazteen hezitzaileen sareak (Réseaux des éducateurs des enfants et jeunes de la rue, REEJER) egindako azterketen arabera, 2006an 13.877 haur bizi eta lan egiten zuten Kinshasako kaleetan, batez ere Masina, Kimbanseke eta Limeteko barrutietan; bost urte geroago, 20.341 ziren, hau da, % 31,8 gehiago .[11]

Lurralde antolamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kinshasa probintzia, Kongoko Errepublika Demokratikoan.

Kongoko Errepublika Demokratikoak 2006an onartutako Konstituzioaren 2. artikuluaren arabera, Kinshasa aldi berean da hiri (ville frantsesez) eta probintzia (province), bien estatus administratiboa du.[12]

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kinshasa hiri-probintziak 4 barruti eta 24 udalerri (frantsesez commune) ditu.[13][14] Kongoko hiriburuko merkataritza eta administrazio gunea La Gombe da. Kinshasa izeneko udalerriak ematen dio hiri osoan du izena, hala ere metropoliaren gune komertzial edo administratiboa izan gabe.

barrutiak udalerriak
Funa[15] Bandalungwa, Bumbu, Kalamu, Bora-Vubu, Makala, Ngiri-Ngiri eta Selembao
Lukunga[16] Barumbu, La Gombe, Kinshasa, Kintambo, Lingwala, Mont Ngafula eta Ngaliema
Mont Amba[17] Kisenso, Lemba, Limete, Matete eta Ngaba
Tshangu[18] Kimbanseke, Maluku, Masina, NDjili eta Nsele
Kinshasako 24 udalerriak Kinshasako ikurra
Laburdurak:
Kalamu (Kal.), Kinshasa (Kin.), Kasa-Vubu (K.-V.), Lingwala (Ling.) i Ngiri-Ngiri (Ng.-Ng.)

Eraikinak eta erakundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Boulevard du 30 Juin etorbidea, La Gombe udalerrian.

Hiriko eremu handienak dira Afrikar Batasunerako Erakundearen gunea; Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernuaren egoitza; Matonge eremua, gaueko aisiagatik ezaguna nazioartean; eta La Gombeko bizitegi eremua.

Hiriko eraikin nabarmenen artean daude, Gecamines saltoki handia[19] eta Memling Hotela, merkatu nagusia, Kinshasako Museoa eta Kinshasako Arte Ederren Akademia. Boulevard du 30 juin kaleak hiriko gune ezberdinak lotzen ditu.

Gobernuaren eraikinak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nazioko Jauregiaren ikuspegia.

Nazioaren Jauregia Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentearen egoitza da, 2001az geroztik. Belgikako gobernu kolonialak eraiki zuen, Laekengo gazteluaren (Belgika) ereduari jarraituz, eta Kongo Belgikarreko gobernadore nagusiaren egoitza izan zen kolonialismoaren garaian. 1960ko ekainaren 30ean Kongoko independentzia aldarrikatu zuten Baudouin erregearen aurrean. Hiriko etorbide nagusiak izena aldatu zuen data horren oroimenez.

Herriaren Jauregia biltzar nazionalaren eta senatuaren egoitza da. Lingwala udalerrian dago, eta Mobutu Sese Sekok Txinari enkargatu zion 1973an, Pekinera egindako bisitan; 1975etik 1979ra eraiki zuten.[20]

Jauregia 1975-1979 urteen artean eraikia izan zen, Txinak eta Kongoko gobernuak elkarlanean. Jauregia izan zen Kongoko Errepublika Demokratikoak Txinarekin zuen zorraren arrazoirik handiena, 100 milioi dolar ingurukoa, Kinshasako estadioarekin batera. 2021ean, Txinako gobernuak zorra bertan behera utzi zuen.[21]

Kinshasako Hotel Handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kinshasako Hotel Handiaren ikuspegia.

Kinshasako Hotel Handia bost izarreko hotel bat da, 422 logela eta suite dituena, baita hitzaldietarako eta oturuntzetarako gelak ere. Eraikin nagusiak 20 solairu ditu eta Betetela etorbidean dago, La Gombe udalerriaren ipar-mendebaldean. Kinshasako eta herrialde osoko hotelik handiena da. Intercontinental izenarekin ezagutu zen 1971tik 2000ra. Beheko solairuan, merkataritza galeria bat eta luxuzko dendak daude. 2000ko maiatzaren 16an, hotelari «Grand hôtel de Kinshasa» izena eman zitzaion.[22]

Kinshasako Saint-Joseph eskola 1917ko martxoaren 9an sortu zuen belgikar apaiz batek. Egoitza Isoro etorbideko lehen atarian dago, La Gombe udalerrian. Antzina Sainte-Anne zuen izena, eta Léopoldvilleko kongotarrentzat egindako lehen eskola izan zen. 1950eko hamarkadako erdialdera arte izan zen lehen hezkuntzako eskola, gerora gizonezkoen bigarren hezkuntzako institutu bihurtu zen. 1971n izena aldatu zioten, eta Elikya ikastetxea izena hartu zuen; 1990eko hamarkadaren hasierara arte izan zuen izen hori. «Pro Deo - Pro Patria» (Jainkoaren alde, aberriaren alde) zuen goiburua. Mobutu Sese Sekok institutu horretan ikasi zuen.[23]

Unibertsitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kinshasako Unibertsitateko errektoretzaren eraikina.

Kinshasako Unibertsitatea (UNIKIN) hiriko goi mailako irakaskuntzako erakunde frankofonoa da. Lembako udalerrian dago kokatuta, eta 400 hektarea hartzen ditu. 2019-2020 ikasturtean 30.000 bat ikasle zituen.[24]

Hasieran Lovanium Unibertsitatea izenaz sortu zen (latinez Lovaina, Belgikako hiria gogora ekarriz), gaur egungo izena hartu zuen 1891ko urriaren 3an, lege baten bitartez nazionalizatu zenean. 10 fakultate ditu: zuzenbidea, letrak eta giza zientziak, ekonomia eta kudeaketa zientziak, gizarte zientziak, politika eta administrazio zientziak, zientziak, farmazia, medikuntza, psikologia eta hezkuntza zientziak, agronomia eta politeknikoa. Beraren mende sei unitate deszentralizatu daude: unibertsitate klinikak, zentro neuripsikopologikoa, institutu tekniko medikoa, eraikuntzaren akademia, eta basoen eta lurraldeen plangintza eta kudeaketa integratuko unibertsitate ondoko eskola.[25]

Kongoko Errepublika Demokratikoko unibertsitate handiena, zaharrena eta entzutetsuena da. Aldi berean da ikerketa zentro bat eta irakasle prestatzaile garrantzitsu bat.

Kinshasako merkatu zentrala hiriko erdiguneko merkaturik handiena da. Lorategi botanikoaren ekialdean dago, Kinshasa udalerrian. Hiri osoko merkaturik handiena izan zen, Askatasunaren merkatua zabaldu zen arte, Masina udalerrian. Azken hori Laurent-Désiré Kabila presidentearen agintepean eraiki zuten, Tshangu barrutiko biztanleak saritzeko, 1998ko abuztuan matxinoen oldarraldiari aurre egiteagatik.[26] Beste merkatu garrantzitsu batzuk Ganbelakoa eta Somba Zikitakoa dira.

Kinshasak hiriburu artistikotzat du bere burua.[27] Kinshasako Eskola (École de Kinshasa) terminoa erabiltzen da hirian bizi diren talde artistikoak biltzeko. Mugimendu horren bihotza Arte Ederren Akademia da (Académie des Beaux-Artes), Marc Wallenda belgikar misiolariak sortua 1943an, École Saint-Luc izenarekin.[28] Jatorriz La Gombe-Matadin kokatua, hasiera batean eskultura eskola bat bezala funtzionatu zuen. Ikasleen arte erakustaldiek arrakasta handia izan zutenez, 1949an eskola Kinshasara aldatzeko eskatu zuten, eta 1957an gaur egun duen izena jaso zuen. Wallenda sortzailea gogotik saiatu zen ikasleek ez zezaten soilik europar artea ikasi, naturaren afrikar interpretazioa indartzeko helburuarekin.[29] Lufwa Mawidi izan zen eskolak emandako lehen graduatua.[30] Maisu berrien etorrerarekin, Wallendaren lan originalak ez zuen jarraipenik izan.

Kinshasako erakunde artistiko eta kultural nagusien artean nabarmentzen dira l'École de Stanley Pool, l'École Alhadeff, l'École Saint-Luc, Le Grand Atelier, Association Internationale des Critiques d'Art elkartearen Kongoko atala, Les Sablistes eta «Belaunaldi berria».[27] Kinshasako margolari ospetsu batzuk dira Mongita, Domba, Nkusu Felelo, Mavinga, Kamba Luesa, Konde Bila eta Nduku a Nzambi.[27]

Kinshasako erlijio nagusiak dira katolizismoa eta animismoa. Katolizismoa Belgikaren kolonizazioaren garaian iritsi zen herrialdera, nahiz eta Kongo Belgikarrean flandriar nagusiki protestanteak izan ziren gehiengoa, valoniar katolikoen aldean. Animismoa mendetako erlijioa de eskualdean.[31]

Kinshasa artxidiozesi katolikoa baten egoitza da, 8.500 km² hartzen dituena; estimazioen arabera, populazioaren % 50 katolikoa da. Artxidiozesiak 125 parrokia zituen 2006an, eta haren mende zeuden zortzi elizbarruti: Boma, Idiofa, Inongo, Kenge, Kikwit, Kisantu, Matadi eta Popokabaka.[32]

Bandera eta goitizena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kinshasako bandera.

Kinshasako bandera urdina da, lerro horizontal uhindu zuri batekin, eta gainean, K letra kori bat eta bost puntako izar bat letraren alde banatan. Horren aldaera bat da K hizkia erakusten duena ezkerraldean, bi izarrekin eskuinean, bata bestearen gainean. 1960-1967 artean, hiriak Léopoldville izena zuenean, L bat zegoen K letraren ordez. Aurretik, 1925-1960 artean, bandera oraingoaren antzekoa zen, baina K gainean errege koroa bat zuen, bi izarren ordez.[33]

Kongoko Estatu Burujabearen bandera.

K hiriaren izenaren hasierakoa da, marra zuriak Kongo ibaia irudikatzen du, eta bi izarrek Kongoko Errepublika Demokratikoaren banderan agertzen direnen esanahi bera dute, hau da, ustez, Henry Morton Stanleyren diseinua, garaiko gizarte inperialistak zibilizazioaren argitzat ikusten zuena Afrika Beltza argiztatuz. Kinshasako bandera Kongoko Estatu Burujabearen eta Kongo Belgikarraren banderaren oso antzekoa da.[34]

Hiriaren goitizena Kin la belle da, frantsesez, «Kin ederra». Hala ere, 2004an zerbitzu publikoak bertan behera erori ondoren, bertako biztanle batzuek ironiaz aipatzen duten Kin la Poubelle ezizenarekin, alegia, «Kin zakarrontzia».[35]

Garraioa eta azpiegiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kinshasa itsasontzi bidez lotuta dago, ibai portutik («Beach Ngobila»), Kongo ibaia zeharkatuz, Brazzavilleraino. Ibai garraioko beste linea batzuk ere badaude, ibaian gora herrialdearen barnealdeko hirietara iristen direnak, adibidez, Kisanganira, edo, geroago, Kongoko arro hidrografikoko beste ibai batzuk hartzen dituztenak, hala nola Ubangui ibaia, Bangira, Afrika Erdiko Errepublikako hiriburura, iritsi arte.[36]

NDjiliko aireportuaren ikuspegia.

NDjilin dago Kinshasako aireportua.

Garraio Bulego Nazionalaren (ONATRA) egoitza.

Konpainia pribatu askok eskaintzen dituzte hirien eta herrien arteko garraio zerbitzuak Hiri Garraioko Sozietatearen (STUC) eta City Train sozietate publikoaren bidez.[37]

Hiri eta herrien arteko autobus zerbitzuek, gutxi gorabehera, 67.000 bidaiari garraiatzen dituzte egunean. Enpresa askok taxiak eta taxi-autobusak administratzen dituzte batera. Garraio publikoaren gehiengoa (% 95,8) enpresa pribatuek kudeatzen dute.[38][39]

Hiriak tranbia bat eraikitzeko sozietate bat dauka eratuta 2022az geroztik, Bruselako Garraio Interkomunalaren Elkartearekin (STIB) lankidetzan egindakoa.[40] Eraikuntza lanak lehenagotik hasi baziren ere, 2024an ez zegoen proiektua amaitzeko data jakinik.[41]

Garraio Bulego Nazionalak (ONATRA) hiriburuaren erdigunea eta udalerri periferikoak lotzen dituzten hiru trenbide lineak ustiatzen ditu. Horietako bat Kongo Beherera doa:[42]

  • Linea nagusiak tren geltoki zentrala Ndjiliko aireportuarekin lotzen du, eta bederatzi geltoki ditu.
  • Bigarren lineak tren geltoki zentrala eta herrialdeko behe aldea lotzen ditu.
  • Hirugarren lineak geltoki zentrala eta Ngaliema lotzen ditu.

Kinshasako portua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kinshasako portua, Limeten.

Kinshasako portuak eginkizun garrantzitsu bat du Matadiko portutik esportazio eta inportazio salgaiak bidaltzen eta jasotzen, han baitaude itsas zabaletik iristen diren ontziak. Askotan, Matadiko portuaren barrualdekotzat hartzen da.

Administratiboki izen bereko departamentuan antolatuta, Garraio Bulego Nazionalaren (ONATRA) barruan, Kinshasako portua da Kongo ibaian nabigatzeko abiapuntua eta amaiera, alde batetik Kinshasa eta Kisangani artean, ibai beraren ondoan, eta bestetik Kinshasa eta Ilebo artean, Kasai ibaiaren ondoan.

Stade des Martyrs de la Pentecôte estadioa kanpotik ikusita.

Lingwala udalerrian Martirien estadioa dago (Stade des Martyrs de la Pentecôte, frantsesez), 1994an inauguratua eta lehenago «Kamanyola» deitua. Afrikako bigarren estadiorik handiena da, 80.000 ikuslerentzako edukierarekin, eta bertan jokatzen dira Kongoko Errepublika Demokratikoko futbol selekzioaren partidak eta bertako taldeen partida nagusiak, kultur ekitaldietarako erabiltzeaz gain.[43] Gainera, Kinshasa hirian beste bi estadio handi daude: Tata Raphaël, lehen «maiatzaren 20koa» deitua, 30.000 ikusle ingururentzat lekua duena eta 2006an berritua, eta Kinshasako Udal Estadioa, 20.000 lagunentzat lekua duena. Antzina Congo-Léopoldville Txapelketa jokatzen zen, Léopoldville eta inguruko taldeek jokatzen zutena; 1923-1950 artean, klub irabazleek Brazzavillekoekin batera Stanley Pool Txapelketa jokatzen zuten.[44][45]

Kinshasa hiri-probintziak Kongoko Errepublikako Futbol Federazioaren menpe dagoen futbol liga bat dauka. EPKIN (Entente Provinciale de Football de Kinshasa) izeneko liga horretan, 18 taldek parte hartzen dute.[46][47] Liga probintzial bakoitzeko txapeldunak eta txapeldunordeak, aurreko denboraldiko merituak zituzten beste talde batzuez gain, Linafoot txapelketa jokatzen dute, Kongoko futboleko kategoria gorena.[48] Kinshasak, gainera, EPKINen beheko dibisio bat du, EUFKIN, sei talde dituena (EUFKIN-Kilimani, EUFKIN-Lipopo, EUFKIN-Lukunga, EUFKIN-Malebo, EUFKIN-Plateau eta EUFKIN-Tshangu). Kinshasako Superkopa ere jokatzen da hirian 2001az geroztik.[47]

Kongoko Errepublika Demokratikoko ligan titulu gehien dituzten bi klubak Kinshasakoak dira: Daring Club Motema Pembe, 1994an Afrikako Errekopa bat irabazi zuena, eta Association Sportive Vita Club, 1973an CAF Txapeldunen Liga irabazi eta beste edizio batean txapeldunorde izan zena. Gainera, Amicale Sportive Bilima ere Kinshasakoa da, gaur egun Amicale Sportive Dragons deitzen dena, bi aldiz Klub Txapeldunen Afrikako Kopako txapeldunorde izandakoa. Hiriko beste klub batzuk dira Athletic Club Sodigraf, Errekopako txapeldunordea, edo Association Sportive Canon Buromeca.[47]

Kinshasan jaio dira Europako ligetan karrera egin duten futbolari profesional batzuk, hala nola Herita Ilunga, Blaise Kufo, Péguy Luyindula, Steve Mandanda, Claude Makélé, Ariza Makukula edo Kiki Musampa.

Beste kirolak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dikembe Mutombo, Houston Rocketse saskibaloi taldeko jokalaria, Kinshasan jaiotako kirolari ospetsuenetako bat.

Saskibaloian, Kinshasako Probintziako Saskibaloi Erakundeak (EPROBAKIN) eta Kinshasako Saskibaloiko Hiri Erakundeak (EUBAKIN) taldeak banatzen dituzte. Kinshasa B.C. Onatra izan zen Dikembe Mutombo jokalari profesionalaren lehen taldea, eta NBAren historiako defendatzaile onenetako bat da, NBAko defendatzaile onenaren saria lau aldiz irabazi baitu eta NBA All-Star Game lehiaketaren partaide izan ohi da.[49]

1974ko urriaren 31n, Kinshasa hirian, Muhammad Ali i George Foreman borrokalarien arteko boxeo borrokaldia egin zen, The Rumble in the Jungle izenaz ezaguna eta historiako borrokaldirik onenetako bat, non Alik Foreman garaitu zuen zortzigarren roundean, pisu astunen munduko titulua berreskuratzeko. 60.000 ikusle inguruk ikusi zuten borrokaldia.[50]

Hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c «Kinshasa, DR Congo Population 2024» worldpopulationreview.com (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  2. (Frantsesez) «Voici les 15 villes les plus francophones au monde» Envols (web.archive.org) 2023-10-10 (Noiz kontsultatua: 2024-11-01).
  3. (Ingelesez) Cybriwsky, Roman A.. (2013). Capital cities around the world: an encyclopedia of geography, history, and culture. Santa Barbara: ABC-CLIO, 144. or. ISBN 978-1610692489. OCLC .862077105.
  4. (Ingelesez) Mitchell, Kevin. (2014-10-29). «Rumble in the Jungle: the night Ali became King of the World again» The Guardian (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-01).
  5. (Gaztelaniaz) Boza Cordero, Ricardo. (2016). «Orígenes del VIH/SIDA» Revista Clínica de la Escuela de Medicina UCR – HSJD (San José, Costa Rica: Hospital San Juan de Dios, San José, Costa Rica (web.archive.org)) vol. 6, 4. zk.: 48-60. or. ISSN 2215-2741..
  6. (Ingelesez) Lagrange, Marc-André; Vircoulon, Thierry. (2021-09-16). «Safety in Kinshasa: What Role for Good Urban Governance?» Urbanet (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-02).
  7. Climate: Kinshasa. en.climate-data.org (Noiz kontsultatua: 2019-08-06).
  8. Kinshasa, Democratic Republic of the Congo. weatherbase.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-06).
  9. STATIONSNUMMER 64210. Danish Meteorological Institute, web.archive.org-en gordea (Noiz kontsultatua: 2019-08-06).
  10. (Ingelesez) Maweki Batana, Yele et al.. (2021). «Demographic and Spatial Disparities in Labor Market Outcomes within the Kinshasa Urban Landscape (Policy Research Working Paper 9856)» World Bank Group (web.archive.org).
  11. (Frantsesez) «Augmentation des enfants vivant dans la rue en RDC - Democratic Republic of the Congo» Radio Okapi 2015-07-08 (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  12. (Frantsesez) République démocratique du Congo, Assemblé Nationale. (2006). Constitution de la République démocratique du Congo. Kinshasa: Unesco.
  13. (Frantsesez) «Les Communes» La Ville de Kinshasa (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  14. (Frantsesez) «AZES : Kinshasa/Maluku : ZES de Maluku» azes.cd (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  15. (Ingelesez) «About: Funa District» dbpedia.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  16. (Ingelesez) «About: Lukunga District» dbpedia.org (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  17. (Frantsesez) «District de MONT-AMBA» DJST-ASBL (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  18. (Ingelesez) «Tshangu (City District, Congo (Dem. Rep.))» Population Statistics, Charts, Map and Location (www.citypopulation.de) (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  19. (Ingelesez) «Gecamines Commercial Building in Kinshasa» SKYBD.
  20. (Frantsesez) «Palais du Peuple - Kinshasa» Petit Futé (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  21. (Frantsesez) Bendhaou, Fatma. (2021-01-06). «La chine annule la dette de la RDC et apporte un nouvel appui financier» Anadolu Ajansı (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  22. (Frantsesez) «RD Congo : le français Accor ouvre un hôtel de luxe Pullman à Kinshasa» Agence Ecofin (Wikimix Archive archive.wikiwix.com) 2015-02-16 (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  23. (Frantsesez) Kavira, Nadine. (2006-03-18). «Le Collège St Joseph souffle sur ses 89 bougies» Le Potentiel (Wikimix Archive archive.wikiwix.com) (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  24. (Frantsesez) «Présentation de l'Unikin» Université de Kinshasa 2024-11-03 (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  25. (Frantsesez) «Facultés et entités» Université de Kinshasa 2024-11-03 (Noiz kontsultatua: 2024-11-03).
  26. (Ingelesez) Beeckmans, Luce; Bigon, Liora. (2016-08). «The making of the central markets of Dakar and Kinshasa: from colonial origins to the post-colonial period» Urban History 43 (3): 412–434.  doi:10.1017/S0963926815000188. ISSN 0963-9268. (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  27. a b c (Ingelesez) «Modern African Art: A Basic Reading List - Central Africa : Congo (Democratic Republic)» Smithsonian Libraries (web.archive.org) 2024-07-27 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  28. (Ingelesez) Ekanga Botombele, Bokonga. (1976). «Cultural policy in the Republic of Zaire: a study» unesdoc.unesco.org (Paris: Unesco Press) ISBN 978-9231013171. OCLC .2620295 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  29. (Ingelesez) «Legendary: The Academy of Fine Arts in Kinshasa» Popular Images (web.archive.org) 2023-05-30 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  30. (Frantsesez) «Le sculpteur Lufwa décoré de la médaille d’or du mérite des arts, sciences et lettres» Mediacongo.net (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  31. (Ingelesez) Melton, J. Gordon; Baumann, Martin. (2010). Religions of the world: a comprehensive encyclopedia of beliefs and practices. Santa Barbara: ABC-CLIO ISBN 978-1598842043. OCLC .711782366.
  32. (Ingelesez) «Kinshasa (Archdiocese) [Catholic-Hierarchy»] Archidioecesis Kinshasana (web.archive.org) 2024-08-19 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  33. «Kinshasa (Democratic Republic of Congo)» Flags of the World (web.archive.org) 2024-02-04 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  34. (Ingelesez) «Democratic Republic of Congo» Flags of the World (web.archive.org) 2024-08-14 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  35. (Ingelesez) Chitera, Patrice. (2004-11-11). «Kinshasa begins clean-up» BBC News (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  36. (Ingelesez) Runge, Jürgen; Nguimalet, Cyriaque-Rufin. (2005-09-01). «Physiogeographic features of the Oubangui catchment and environmental trends reflected in discharge and floods at Bangui 1911–1999, Central African Republic» Geomorphology 70 (3): 311–324.  doi:10.1016/j.geomorph.2005.02.010. ISSN 0169-555X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  37. (Frantsesez) «Ceci n'est pas une fiction...» Du Cabiau à Kinshasa (web.archive.org) 2024-01-04 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  38. (Frantsesez) «Nouvelle société de transport en commun au Congo» Trans urbain kinshasa | Ce blog vous présente la réalité sociale que vivent les kinois particulièrement dans le domaine de transport (web.archive.org) 2013-08-19 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  39. (Ingelesez) «Request a ride in Kinshasa via the Yango app!» Yango (web.archive.org) 2024-05-11 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  40. (Frantsesez) «Bienvenue à Metrokin» Metrokin (web.archive.org) 2024-07-30 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  41. (Frantsesez) «Transport ferroviaire à Kinshasa : avec les besoins de la population estimés autour de 47 %, nécessité de mettre en œuvre le projet Metrokin de modernisation du réseau ferroviaire urbain de Kinshasa (DG Metrokin)» DeskEco (web.archive.org) 2024-07-31 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  42. (Frantsesez) «Congo-Kinshasa : L'enfer des chemins de fer urbains kinois» AllAfrica 2005-07-25.
  43. (Frantsesez) «Stade des Martyrs de la Pentecôte» OStadium.com (web.archive.org) 2024-01-22 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  44. (Ingelesez) «DR Congo (Zaire) - Congo-Léopoldville Champions» web.archive.org 2023-03-30 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  45. (Ingelesez) «Stanley Pool Championship» web.archive.org 2020-05-20 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  46. «Congo-Kinshasa (DR Congo; formerly Zaire) - Regional Champions» web.archive.org 2024-04-07 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  47. a b c «Congo-Kinshasa (DR Congo) 2008/09» web.archive.org 2024-04-07 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  48. «Congo-Kinshasa (DR Congo; formerly Zaire) Champions» web.archive.org 2024-06-14 (Noiz kontsultatua: 2024-11-04).
  49. (Ingelesez) «Dikembe Mutombo Stats, Height, Weight, Position, Draft Status and more» Basketball-Reference.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
  50. Peter, Josh. (2024-10-29). «Revisiting 'The Rumble in the Jungle' 40 years later» USA Today (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]