Wolfgang Schäuble
Wolfgang Schäuble (Friburgo, 1942ko irailaren 18a - Offenburg, 2023ko abenduaren 26a) alemaniar abokatu eta politikaria izan zen, CDU alderdiko kidea. Alderdi horretan Bundestagean eserlekua denbora gehien izan duen kidea da, 1972tik baita parlamentuko kidea. 2017an, Bundestageko presidente hautatu zuten.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wolfgang Schäuble Friburgon jaio zen, 1942ko irailaren 18an. Finantza aholkularia zen aita, eta haren bideari jarraitu zion: zuzenbidea eta ekonomia ikasi zituen. 1972an, Batasun Demokrata Kristauaren (CDU) bitartez, lehen aldiz lortu zuen eserlekua Mendebaldeko Alemaniako Parlamentuan.[1]
1984an, Afera Berezietarako ministro izendatu zuen Helmut Kohl kantzilerrak. 1989an, Barne ministro izendatu zuen Kohlek, eta 1990eko Alemaniaren bateratzearen negoziatzailetako bat izan zen. 1990eko urriaren 12an, hiru tiro jaso zituen hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. Tiro batek bizkarrezurra mindu zion, eta harrezkero gurpil aulkian ibiltzen da. Erasotzaileak buruko gaixotasun bat zeukan. 1991tik 2000ra arte, CDUko legebiltzarreko bozeramaile izan zen.[1]
1998an Gerhard Schröder sozialdemokratak irabazi zituen bozak, eta Schäublek Kohlen lekua hartu zuen CDUren gidaritzan; baina dimisioa aurkeztu behar izan zuen hamabost hilabetera, ustelkeria kasu batengatik: arma ekoizleen lobby batek 51.000 euro ordaindu zizkiola aitortu zuen. 2000n, Angela Merkel aukeratu zuten CDUko presidente.[1]
2005ean, hauteskundeak irabazita, CDU gobernura bueltatu zen, eta Angela Merkel kantzilerrak koalizio gobernuko Barne ministro izendatu zuen Schäuble. 2009ko urrian, berriz, Finantza ministro izendatu zuen Merkelek. Hil berean, Greziak iragarri zuen aurreikusi baino bi aldiz defizit handiagoa zeukala, BPGaren % 12,7koa. 2010eko apirilean, Greziak erreskatea eskatu zien Europar Batasunari eta Nazioarteko Diru Funtsari. Eurotaldeak behin-behineko erreskate funts bat sortu zuen, eta urte berean laguntza eskatu zuten Irlandak, Portugalek, Ziprek eta Espainiak.[1]
2012an, Schäublek, eurotaldean, onartu zuen banku batasunerako pausoa ematea: banku ikuskatzaile bakarra ezartzea denentzat, eta euroguneko bankuen krisiak ere modu zentralizatuan kudeatzea. 2015eko urtarrileko hauteskundeetan Syriza koalizio ezkertiarrak irabazi zuen Grezian, Schaeubleren eurotaldeak hezurmamitzen zuen austeritatearen guztiz kontrako promesekin. Atenasen eta Bruselaren arteko tentsioa ikaragarri handitu zen, eta uztailean Schäublek proposatu zuen Grezia aldi baterako eurogunetik ateratzea. Greziako Gobernuak atzera egin zuen, eta Bruselaren baldintzak onartu zituen hirugarren erreskaterako.[1]
2017ko hauteskundeeen ostean, Finantza Ministeriotik kendu zuen Merkelek, eta Bundestageko presidente hautatu zuten.[2] 2021eko urrian utzi zuen kargua, bozetan CDUk porrota jaso ondoren; Bärbel Bas izan zen ondorengoa.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Wolfgang Schaeuble: ibilbide politikoa. Berria, 2017ko urriak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-28).
- ↑ Fernandez, Jon. Austeritatearen azotea. Berria, 2017ko urriak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-9-28).
- ↑ Hoffmann, Christiane. Austeritatearen azotea. Spiegel, 2021eko urriak 26, spiegel.de (Noiz kontsultatua: 2021-10-26).