Goizueta
Goizueta | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
Goizueta udalerriko ikuspegi orokorra | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Iruñea | ||
Eskualdea | Leitzaldea | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Goizueta | ||
Alkatea | Unai Loiarte (Bildu) | ||
Posta kodea | 31754 | ||
INE kodea | 31117 | ||
Herritarra | goizuetar | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 43°10′16″N 1°51′51″W / 43.171111111111°N 1.8641666666667°W | ||
Azalera | 8,86 km² | ||
Garaiera | 150 metro | ||
Distantzia | 71 km (Iruñetik) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 708 (2023: 14) | ||
Dentsitatea | 0,8 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 38,79 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 38,96 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 72,28 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 8,98 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 92,10 (2018: %-2,74) | ||
Datu gehigarriak | |||
Webgunea | http://www.goizueta.eus |
Goizueta[4] ([gois̻ueta]; Goizuta [gois̻uta] bertako hizkeran) Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da. Leitzaldeko eskualdean dago, Iruñeko merindadean. 747 biztanle zituen
2014. urtean.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalerriak Zubi Handi zubiari zor dio izena: zubi horrek Urumea ibaiaren bi bazterrak lotzen ditu, bai eta ibaiak banatzen dituen Goizuetako bi alderdiak ere. Izena honako osagai hauen elkarketatik dator: goi + zubi + -eta (leku atzizkia). Horrela, Goizueta izenaren esanahia "goiko zubiaren lekua" bide da.
Bertakoen hizkeran Goizuta ahoskatzen da.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goizuetako Artikutza auzoan, itsasoaren mailatik 313 metrora, Nafarroako gobernuak 1954ean jarritako estazio meteorologikoa dago.[5]
Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.
Ikusi edo aldatu datu gordinak.
Udalerri mugakideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iparraldean, Errenteria (Gipuzkoa) eta Oiartzun (Gipuzkoa); hegoaldean, Leitza, Ezkurra, Eratsun, Beintza-Labaien eta Zubieta; mendebaldean, Arano, Hernani (Gipuzkoa), Elduain (Gipuzkoa) eta Berastegi (Gipuzkoa); eta ekialdean, Lesaka eta Arantza.
Errenteria eta Oiartzun | Oiartzun eta Lesaka | Lesaka | ||
Hernani, Arano eta Errenteria | Arantza | |||
| ||||
Elduain eta Berastegi | Leitza, Ezkurra, Eratsun, Beintza-Labaien eta Zubieta | Zubieta eta Arantza |
Auzoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goizueta zazpi auzok osatzen dute: Aitasemegi, Alkainzuriain, Alkasoaldea, Artikutza, Espidealdea, Goizueta (herriburua) eta Tartazu.
Artikutza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalerriaren parte da, baina Donostiako Udala, 1919. urtetik, haren jabea da. Artikutzara iristeko bidea, berriz, Oiartzungo Altzibar eta Karrika auzoetatik abiatzen da. Esparru natural eder horrek 37 hektarea hartzen du, 6 milioi zuhaitz inguru dituen baso zabalarekin.
Bestalde, Artikutzako urtegia edo Enobietakoa 1947 eta 1953 bitartean eraiki zuten. Gaur egun, zaharkitua geratu denez, Añarbekoak ordezkatu du.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1430. urtean gaztelarrek herria erre egin zuten, eta horren ondorioz, hamar urtez gaztelar erregeak ez zuen bertan koartelik ezarri. 1440. urtean, dorrea eta gotorlekua eraikitzeko petxatik aske gelditu zen. 1451n, Karlos Zabaleta Otsoa Lopizko jauna ageri da herriko gotorlekuko kapitain eta agintari; horren agindupeko lurrak Bortzirietaraino hedatzen ziren.
1468an, Goizuetarrek gaztelar erregeari 20 arditeko petxa ordaintzen zioten. Leonor printzesak lurrak Orreagako monasterioari eman zizkion, betiere, abadeak bertakoei udalerriko lursailetan eta Anizlarrean lurra lantzeko eta egurra biltzeko baimena ematen bazien. 1630. urtera arte, Goizueta udalerriak Arano herria bere jurisdikziopean eduki zuen.[6]
1609an, Goizuetan sorginkeria auzi bat gertatu zen. Kasu hartan, Katalina Alduntzin eta haren semea, Goizuetako bikarioaren eta erretorearen senideak, ohorearen kontrako laido eta irainengatik kereilatu ziren Johanes Zubillagaren eta Magdalena Leitzaren aurka. Bi horiek Katalinari eta haren semeari sorginak izatea egotzi zieten. Epaimahaiak Johanes Zubillaga eta Magdalena Leitza bi urteko erbestera kondenatu zituen.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goizuetako biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko hamar etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %1,23 (Nafarroako batez besteko kopuruaren azpitik).
Biztanleriaren banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzoak | Biztanleria (2014) |
---|---|
Aitasemegi | 64 |
Alkainzuriain | 28 |
Alkasoaldea | 43 |
Artikutza | 3 |
Espidealdea | 44 |
Goizueta | 553 |
Tartazu | 12 |
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udal hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007an, Eusko Abertzale Ekintzako Miguel Jose Lekuona Salaberria aukeratu zuten alkate. Udaletxeko zazpi zinegotzietatik lau lortu zituen, gehiengo absolutoa. Baliogabeko botoak hiru izan ziren (emandako guztien % 0,51) eta boto zuriak, lau (botoen % 0,68). Abstentzioa % 20,89koa izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Eusko Abertzale Ekintza | 292 | 4 |
Elkartasuna | 288 | 3 |
2011n Bildurena izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra. 448 boto, zazpi zinegotziak eta alkatetza (Pablo Miranda Tabernarentzat) erdietsi zituen.
Udaletxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- HELBIDEA: Udaletxe plaza, z/g
Alkateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007-2011 | Miguel José Lekuona Salaberria | EAE |
2011-2015 | Pablo Miranda Taberna | Bildu |
2015-2019 | Unai Loiarte | Bildu |
Azpiegitura eta garraioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ceferino Apezetxea eta Semeak autobus konpainia arduratzen da Hernani eta Goizueta bitarteko lineaz. Autobus lineak honako ibilbidea egiten du:
Bigarren linea batek Goizueta eta Leitzako udalerriak elkartzen ditu.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goizueta[10] udalerriko biztanleen % 94.84 euskalduna da.[11] Iparraldeko goi nafarreraren barnean sailkatzen da, Leitzaldeko euskaran[12] hain zuzen. Kanpotarrei goizuetarren hizkeratik deigarrien egiten zaien ezaugarria haren azentuazioa da. Doinu berezi horretan hitz egiten dutenen artean daude Jose Mari Bakero futbolaria, Patziku Perurena idazlea, Mikel Elizegi umorista eta telebista aurkezlea edota Asier eta Aimar Olaizola pilotariak. Goizuetako euskararen azentuazioak Oiartzungo euskararen antz handia du. Hona hemen Goizuetako euskarari buruzko hainbat webgune:
- Goizuetako hizkera eta azentuazio berezia entzungai. Ahotsak.com
- Goizuetako hizkera adierazkorra: biraoak. Peio Kamino Kaminondo, Patxi Salaberri Zaratiegi eta Juan Jose Zubiri Lujanbio. Fontes Linguae Vasconum. 2005.
- Goizuetako azentuera. Jose Ignacio Hualde eta Oihana Lujanbio.
1869an Luis Luziano Bonapartek Goizuetako euskara iparraldeko goi nafarreran sailkatu zuen, eta horren barnean, Gipuzkoako azpieuskalkian eta Irungo aldaeran. XIX. mendean Pedro Antonio Añibarrok erabat euskaldun ziren udalerrien zerrendaren barnean sartu zuen (Hainbat egile: "G. H. L. V.", Auñamendi., 1960, 44-60. orr.). Julio Altadill historialariak zioenez, "los naturales del país hablan casi exclusivamente vascuence, a tal punto que serán muchos, especialmente las mujeres, que no conocen otra lengua" ("bertakoak ia-ia euskaraz soilik mintzo dira, hainbeste non, emakumeek batez ere, ez dakite beste hizkuntzarik") (Altadill: Geografía general de País Vasconavarro. Provincia de Nabarra, Bartzelona, 178. orr.).[13]
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zahagi dantza. Goizuetan Inauterietan dantzatu ohi den dantza herrikoia.
- Goizuetako 2009ko Zahagi Dantzaren bideoa ikusgai.
- Berdabioko Semea, Goizuetan edo Trabukoren kanta: Elama auzoko Berdabio baserriko gizon baten egiazko istorioa kontatzen duen kopla-sorta, Resurreccion Maria Azkuek bere kantutegian jaso eta Mikel Laboa kantariak Euskal Herri osoan ezagutzera emandakoa.
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Goizuetako ezkongaiak (1979), Gotzon Garateren eleberria herri honetan girotuta dago.
- Goizuetan bada gizon bat (2010), Goizuetan sortutako Patziku Perurenaren saiakera-lana. Laboak kantatutako koplen atzean dagoen egiazko istorioa xeheki kontatzen du, urte askotako dokumentazio-lanari esker. Horrekin batera, Goizuetaren eta goizuetarren historia bat ere bada.
Jaiak eta ospakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goizuetako jaiak abuztuaren 15ean ospatzen dira, Ama Birjinetan. Ospetsua da inauterietan herriko neska-mutilek dantzatu ohi duten Zahagi dantza.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Goizuetako eliza
- Goizuetako udaletxea
- Goizuetako zubia
- Ibero dorretxea: XIV. mendeko eraikina, Leitzako lursailetan egon arren, Goizuetako herrigunetik Leitzako mendatera doan errepidean 2 kilometro eskasetara dago.
Goizuetar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Isidro Uharte (1744-1824), enpresaburu eta arkitektoa, eta Agustin Iturbide Mexikoko lehen enperadorearen aitaginarreba.
- Andres Narbarte "Xalto" (1927-1971), Bertsolaria. Herriko eskolak haren izena du.
- Juan Bautista Perurena (1929-2017), artzain, ikazkin eta bertsolaria.
- Juan Perurena (1930-2010), bertsolaria.
- Pello Apezetxea Zubiri (1932-), Etxalarko apaiza, etnografoa, etnologoa, kultura ekintzailea, idazlea eta ohorezko euskaltzaina.
- Manolo Arozena (1949-), bertsolaria.
- José Manuel Etxeberria Salaberria (1952-), futbolaria.
- Dionisio Txoperena (1954-2006), Ameriketara joandako artzaina, AEBetako publizitate kanpaina batean azaldu zelako famatua.
- Xanti Bakero (1958-), futbolaria.
- Lurdes Huizi (1958-2020), irakasle eta zuzentzailea.
- Patziku Perurena (1959-), euskal idazlea eta etnografoa.
- Jose Maria Bakero (1963-), futbolaria, futbol entrenatzailea eta kirol esataria.
- Julen Salaberria (1967-), pilotari ohia.
- Mikel Elizegi (1969-), telebista aurkezlea.
- Ixiar Bakero (1969-), futbolari ohia.
- Juantxo Apezetxea (1971-), pilotaria.
- Jon Bakero (1971-), futbolari ohia.
- Asier Olaizola (1975-), pilotaria.
- Aimar Olaizola (1979-), pilotaria.
- Amaia Lujambio (1982-), biologoa eta ikerlaria.
- Jon Apezetxea (1988-), pilotaria.
- Iker Salaberria (1999-), pilotaria.
Herri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Antzin (Nafarroa) - 2012ko maiatzaren 26an sinatu zen senidetzeko akordioa Antzingo Txondorraren III. egunean. Akordioa garai batean bi herriek ikazkintzarekin izan zuten harremana dela eta sinatu zen.[14]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
- ↑ Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
- ↑ Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- ↑ Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
- ↑ http://www.euskomedia.org/aunamendi/74916/48796?q=goizueta&numreg=1&start=0 Goizueta. Auñamendi Entziklopedia.
- ↑ «Cestau Zabaleta, Joakina - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- ↑ «Goizuetara astoz edo zaldiz - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- ↑ «Goizueta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- ↑ http://www.ahotsak.com/goizueta/ Goizueta. Ahotsak.com
- ↑ «Leitzaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-02).
- ↑ http://www.euskomedia.org/aunamendi/74916/48783?q=goizueta&numreg=1&start=0 Goizueta. Hizkuntza. Auñamendi Entziklopedia.
- ↑ http://www.diariodenavarra.es/noticias/navarra/tierra_estella_valdizarbe/2012/05/29/ancin_goizueta_recordaron_pasado_comun_carboneros_81790_1006.html
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- Goizuetako udala. Goizuetako udalaren webgunea.
- Donostia-Artikutza. Donostiako Udalaren webgunea, Artikutzari buruzkoa.
- Behelainoa oihanean, Argia.com webguneko artikulua.
- (Gaztelaniaz) Goizuetari buruzko informazioa, Nafarroako Gobernuaren webgunean.
- Herriaren ikuspegia, Hernanirako errepidetik. Google Maps.
Goizuetako auzoak | ||
---|---|---|
Aitasemegi • Alkainzuriain • Alkasoaldea • Artikutza • Espidealdea • Goizueta • Tartazu |
Leitzaldeko udalerri aurkibidea | ||
---|---|---|
Araitz • Arano • Areso • Betelu • Goizueta • Larraun • Leitza • Lekunberri |