Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Nafarroa Garaia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau erdi-babestua dago. Erabiltzaile anonimoek ezin dute aldatu.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroa Garai» orritik birbideratua)

Nafarroako Foru Komunitatea
Comunidad Foral de Navarra
Ereserkia: Nafarroako Gorteen Ereserkia

Nafarroako bandera

Nafarroako armarria
Geografia
HiriburuaIruñea
42°49′0″N 1°39′0″W
Hiririk handienahiriburu
Azalera10.391,08
Punturik altuenaHiru Erregeen Mahaia (2.438 m)
Punturik sakonenaBidasoa (18 m)
MugakideakErrioxa, Aragoi, Euskal Autonomia Erkidegoa, Akitania Berria eta Frantzia
Administrazioa
LegebiltzarraNafarroako Parlamentua
Epai autoritateaNafarroako Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia
Demografia
Biztanleria661.537
Dentsitatea63,66 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Giza garapen indizea0,918 (2013)
Ekonomia
BPG nominala18.121.000.000 € (2010)
Historia
Sorrera data: 1841eko abuztuaren 16a
Bestelako informazioa
Ordu eremua
navarra.es

Nafarroa Garaia1982az geroztik, administratiboki Nafarroako Foru Erkidegoa[1] edo Nafarroako Foru Komunitatea[2]Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik handiena da (10.391,08 km², Euskal Herriaren % 49,6), Euskal Herriko erdialdean eta hegoaldean dagoena, eta Espainiako autonomia erkidegoetako bat. 643.234 biztanle ditu, eta Iruñea du hiriburu (201.653 biztanle).

Nafarroa Garaia Iberiar penintsularen iparraldean dago. Mugakide hauek ditu: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ipar-ekialdean, Aragoi ekialdean eta hego-ekialdean, Errioxa hego-mendebaldean, Araba mendebaldean, eta Gipuzkoa ipar-mendebaldean.

Toponimia

Leitza eta Gipuzkoako Berastegi arteko muga.

Nafarroa lehen aldiz idatziz IX. mendean agertu zen, Eginardok idatzitako Vita Karoli Magni lanean, Karlomagnok Ebro ibaian zehar egindakoak aipatzen direnean[3]. Etimologiari dagokionez, Jean-Baptiste Orpustanen ustez naba hitzetik eratortzen da, akaso aitzineuskaratik, eta mendiz inguratutako lautada esan nahiko luke, Iruñerriari erreferentzia eginez[4]. Alfontso Irigoienen arabera arre koloreari egiten dio erreferentzia, nabar kolore horren izena ere baita. Terra nabarra esaldiarekin lur arrea esan nahi bide zen[5]. Manuel Lekuonaren ustez, etimologia horiek ez dira egokiak, eta nahar (hau da, "ibai") hitz semitikotik eratorria izan liteke[6].

Edonola ere, Nafarroa terminoarekin artikulu honetan lantzen den Nafarroa Garaia zein Nafarroa Beherea izendatzen dira. Arrazoi historikoak direla eta, Nafarroako Erresumari ere egiten dio erreferentzia. Gaur egun badira halaber Euskal Herriari erreferentzia egiteko Nabarra edo Nafarroa Osoa terminoa erabiltzen dutenak[7].

Gaztelaniaz Navarra terminoa erabiltzen da. Nafarroako Foru Komunitatea Espainiako autonomien barruan Nafarroa Garaia osoa hartzen duen eremu politikoa da, artikulu honetan ere lantzen dena.

Geografia

Alderdi fisiko-geografikoei begiratuta, Nafarroa Garaia hiru eremu geografikotan banatuta dago oro har: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera. Hiru eskualde horien tamaina eta eskualde bakoitzaren berezitasunak ikusita, azpibanaketa bat egitea komeni da. Hala, Mendialdean Nafarroa Garaiaren iparralde hezea, Pirinioetako haranak eta Pirinio aurreko haranak edo arroak bereizten dira. Nafarroa Garaiko Erdialdeak bi zati ditu, Ekialdeko Erdialdea eta Mendebaldeko Erdialdea edo Lizarraldea. Eta Erriberak, berriz, beste bi zati dauzka: Ekialdeko Erribera edo Tuterakoa, eta Mendebaldeko Erribera edo Lizarrakoa.

Geologia

Mendiak

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Garaiko mendien zerrenda»

Bost mendi altuenak Nafarroako Pirineoko ekialdean daude. Euskal Herri osoko mendi garaienak ere badira horiek. Mapako puntu berde eta moreak dira, honako hauek: Hiru Erregeen Mahaia (2444 m), Ezkaurre (2047 m), Arlas (2044 m), Txamantxoia (1945 m), eta Abodi (1520 m).

Bederatzi mendi lerro hauek bereizi ohi dira:

Nafarroa Garaiko mendien mapa (Wikidata, 2021, https://w.wiki/4FcV) [8] Gorria:<500; Laranja:500-1000; Urdina: 1000-1500; Berdea: 1500-2000; Morea:>2500


Ibaiak

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Garaiko ibaien zerrenda»
Nafarroako ibaiak, arroaren arabera. Nafarroako eremurik handienak Ebro ibaian isurtzen ditu urak. Iparraldean beste hainbat ibai daude, guztiak Kantauriko isurialdean.

Nafarroako ibaiek, urtero, 10.048 hektometro kubiko garraiatzen dituzte. Horietatik, erdia inguru (5.011) Nafarroa Garaian dauden euriek sortzen dituzte, eta beste erdia beste lurralde batzuetatik ekartzen dituzten ibaiek[9]. Ur isuria neurtzeko hainbat estazio daude lurralde osoan zehar[10].

Mediterraneoko isurialdea

Mediterraneoko isurialdea da Nafarroan eremu gehien hartzen duena, bere lurraldearen % 90 inguru[9]. Ibai guztien ura Ebro ibaiaren bitartez iristen da itsaso hartara. Zona zabala da, eta ezaugarri oso desberdinak dituzten hainbat eremu bereizten dira: eremu atlantiko hezea, eremu piriniarra, mendi ertaina edo mediterraneoa eta hegoaldea (lauagoa eta idorragoa). Ebro ibaia Nafarroan Vianan sartzen da eta Cortesen atera. Haren inguruan nekazaritza emankorra eta herri handiak daude, Lodosa, Castejon edo Tutera bezala.

Ebroren ibai emaile nagusi hauek dira:

Aragoi ibaiak jasotzen ditu Nafarroako ibai gehienen urak. Lehenengo Onsella jasotzen du, Zangoza pasata. Ondoren Irati ibaia jasotzen du, Irunberriko arroila igaro eta gero; honek, lehenago, Erro, Urrobi eta Zaraitzu jasoko ditu, azken honek Arbaiungo arroila sortzen duena. Tafalla inguruko urak Zidakos ibaian biltzen dira, eta Caparrosotik gertu bere urak Aragoin isurtzen dituenak. Batzen zaion azken ibai handia, Ebrora iritsi aurretik Arga da, Nafarroa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duena. Ibai honek Ultzamako urak jaso ditu lehenago, Iruñerria zeharkatu du eta, bertatik ateratzen ari dela, Sakanako urak jaso ostean Larraun ibaiarenak jaso dituen Arakilekin batzen da.

Kantauriko isurialdea

Sunbillako zubi zaharra, Bidasoaren gainean.

Kantauriko isurialdean hainbat ibai ditu, orografia malkartsuagoa baita bertan. Mendebaldetik ekialdera, lehenengo ibaiek Oriara urak isurtzen dituztenak dira. Leitzaran eta Araxes ibaiak Nafarroa Garaian jaiotzen dira, nahiz eta ibilbide gehiena Gipuzkoan egiten den. Donostia itsasoratzen den Urumea Goizuetan jaiotzen da, eta bere arroaren %60 Nafarroan dago[9].

Hurrengo ibaia Bidasoa da, Lapurdirekin muga egiten duena. Nafarroako Kantauriko isurialdeko ibairik zabalena da azalerari begira. Bertara urak isurtzen dituzten erreken artean daude, besteak beste, Onin (Lesaka udalerrian); Latsa (Arantza eta Igantzi udalerrietatik doana[oh 1]; Ezkurra ibaia, Malerreka eskualdean, Saldiasko lurrak zeharkatzerakoan Urtzuriko errekarenak eta aurrerago Lotzabian (Beintza-Labaien), Zubieta (Txitxiluko erreka jasoz), Ituren, Elgorriaga eta Doneztebetik (Ezpelura erreka jasoz) pasatzen dena; Baztan ibaia Baztan udalerrian. Berez Bidasoa izena hartu behar zuen, baina Baztan udalerrian Baztan izena hartzen du Bidasoa ibaiak. Besteak beste erreka hauekin: Beartzun, Artesiaga edo Marin. Nabarmenak dira Xorroxin ur-jauzia (Baztanen, Erratzun) eta (Putzubeltz ur-jauzia (Arantza udalerrian).

Azkenik, Nafarroan jaio eta Lapurdin itsasoratzen diren bi ibai arroetara isurtzen duten errekak ere badaude: Urdazurira isurtzen duten ibaiak daude Zugarramurdin eta Dantxarinean eta Errobira isurtzen dutenak Luzaiden eta Baztanen. Pirinioetako ur isurialdean Nafarroa Garaiaren aldean dauden iturburu gutxi batzuek Aturrin amaitzen dute.

Urtegiak

Hauek dira Nafarroa Garaiko urtegiak: Allotz, Artikutza (2019an hustuta), Esa, Eugi, Itoitz, Las Cañas aintzira, Leurtza, Arritzulegi (Mendaur), Urdalur, eta Usotz.

Klima

Nafarroa Garaiaren mapa fisikoa.

Nafarroako Foru Erkidegoa Pirinio mendien, Euskal Herriko arkuaren eta Ebro ibaiaren arroaren artean dago. Elkarren oso bestelakoak diren mendi horiez gainera, Nafarroa Garaian elkartzen dira Kantauri aldeko eta Mediterraneo aldeko isuriak eta klima ozeanikoa, subalpeetakoa eta mediterraneoa, bakoitzak bere landaredi berezia duela. Horren guztiaren ondorioz, kontrasteak dira Nafarroa Garaiaren ezaugarri nabarmenenetako bat, eta arrazoi beragatik, heterogeneitatea dute eskualdeek ezaugarri, nahiz batetik besterako trantsizioa oso mailakatua den.

Geografia ezaugarri horien trantsizio mailakatu horrek ez ditu zehatz bereizten uzten Nafarroa Garaiko eskualdeen arteko mugak. Eskualde banaketa, beraz, era askotara egin daiteke, nahiz banaketa horiek batzuetan bat etorri ez. Nolanahi ere, kontuan izan behar da banaketa hori aztertu beharreko gaiaren araberakoa izaten dela, eta hartara denak izan litezkeela baliagarri.

Mugak

Nafarroak Arabarekin egiten du muga mendebaldean (92,569 km) eta Gipuzkoarekin (100,734 km). Iparraldean Lapurdirekin (39,105 km), Nafarroa Beherearekin (87,372 km), Zuberoarekin (30,269 km) eta 9,27 kilometro Biarnorekin.

Ekialdean Huescarekin 33,266 km. ditu eta Zaragozarekin 191,97. Gainera, Petilla Aragoik beste 33,325 kilometro ditu Zaragozarekin ere. Hegoaldean batez ere Errioxarekin egiten du muga 153,086 kilometroz.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako historia»

Historiaurrea

Nafarroako megalitoen mapa. Online mapa Wikidatan ikusgai..

Neolitoa Nafarroan K. a. 5. milurtekoan kokatu behar da eta gutxi gorabehera K. a. XVIII. menderaino luzatu.[11]. Behe Neolitoan aztarna gutxi aurkitu dira eta horregatik hasiera batean influentzia eskasa egon zela uste da.[11]. Autore batzuen arabera Nafarroa eta Mediterraneoko, Akitaniako eta Kantauri aldeko biztanleen artean nahasketak egon ziren[11]. Hala ere, beste batzuen arabera[12], elkarte kultural berdina zen Pirinioetan, bai iparraldean zein hegoaldean, zegoena.

Aldaketa klimatikoa zela eta animalien aldaketak egon ziren. Ehiza jada ez zen kobazulo inguruetan bizi, baizik eta lautadetan. Hori dela eta kobazuloak alde batera utzi ziren hein handi batean eta lautadatara jaitsi. Honek ere elkartze kulturala egotea ekarriko luke. K. a. 5. milurtekoan garia eta txakurra agertu ziren Nafarroan. Garagardoaren antzeko edariak, harri bero batekin eginda, agertu ziren ere. Nafarroako gaur egungo lurraldean 1.000 biztanle inguru zeuden eta 12 tribu.[11]

Neolito Ertaina K.a. 3.500etik K. a. 2500 urtera arte luzatu behar da. Garai honetan agertzen da lehenengo aldiz zeramika Nafarroan. Garai honetan biztanleria gehiena kobazuloetan bizi zen, eta horrekin lotutako kultura dago, nahiz eta silex edo bestelako aztarna gutxirekin. Zenbait aztarnategik aukera ematen digute berrikuntza horiek ailegatu zireneko bilakaera ikusteko, Zatoiako (Abaurregaina) kobazuloan lehenbiziko zeramika aztarnak aurkitu dira, harri leunduzko tresnak, erabiltzeko errazagoak (azal leundua, forma borobilekoa); eta Marañongo La Peñan edo Biotzariko Padre Areso babestokian abereen hezurrak aurkitu dira.[13]

Goi Neolitoan Iberiar Penintsulatik kanpai-formako ontzien kultura hedatu zen, eta beste migrazio bat egon zen Ekialdeko Europatik. Baina ez dirudi bertan geratu zirenik.[11]. K. a. 2. milurtekoaren hasieran trikuharri eta harrespilak egiten zituen kultura megalitikoa hedatu zen Pirinioetan eta baita Nafarroa osoan ere. Brontze Aroaren hasiera eman arte biluzik joaten ziren eta uste da hortik aurrera bizarra mozten hasi zirela eta buruan apaindurak jartzen.

Baskoien lurraldea erromatarren garaian

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herria erromatarren garaian» eta «Baskoi»

Gaur egungo Nafarroa Garaiko zatirik handiena baskoien lurraldean sortu zen. Izan ere, Iruñea, Erdi Aroko erresumako hiriburua, Ponpeio jeneral erromatarrak gotortutako hiria zen (Pompaelus latinez). Erromatarrek guztiz menperatuta zeukaten lurraldea K. a. 74rako. Beti ere, erromatartzea, erromatarren kultura elementu material eta espiritualen onartze eta beretzea den aldetik, sakonagoa izan zen agerean saltusean baino, biziagoa klase aberatsen artean nekazarien artean baino.[14] IV. mende amaieran hasitako migrazio mugimenduen ondorioz, eten egin ziren administrazio loturak Erromarekiko. Badirudi antzinako germaniarrek Pirinioak gurutzatu nahi izan zituztenean, bertako noble multzo batek aurre egin ziela. Urte batzuk geroago, bagauda izeneko jendetza matxinatu zen baskoien lurraldean.

Erdi Aroa

Urte ilunak

Sakontzeko, irakurri: «Baskoniako dukerria» eta «Orreagako gudua»
Banukasitarren gutxi gorabeherako eremua, VIII. mendean.

Erromatarren agintea desagertuta, bisigodoak bilakatu ziren Iberiar penintsulako botere nagusia. Hainbat errege godok baskoien aurka egin zuten borroka. Geroagoko zenbait kroniketan irakur daiteke errege horietako askok baskoiak menderatu zituztela (domuit vascones), baina behin eta berriro menderatu beharrak esan nahi du, ziurrenez, ez zituztela inoiz menderatzen. Datuak urriak izanda, ez dago garbi noraino menderatu zuten bisigodoek baskoien lurraldea. Iruñean bisigodoen hilerria agertu da[15], eta Iruñeko hainbat apezpiku izan ziren Toledoko kontzilioetan. Iparraldeari dagokionez, datu gutxi ditugu. VII. mendean errege frankoek gaskoien (iparraldeko baskoien) lurraldea okupatu nahi izan zuten. Badirudi frankoek agintea galdu ahala nagusitu zirela bertakoak, eta Akitanian zehar hedatu. 714tik aurrera, gudaroste musulmanak bertan izateak, ageriagoan jarri zituen iparraldeko (saltus) eta hegoaldeko (ager) baskoien arteko kultura ezberdintasunak. Ebroko haraneko jaun handiki batek, Cassius kondeak, kalifarekin elkar hartu eta bere aginpidea sendotu zuen, eta hurrengo lau mendeetan Erribera gobernatu zuen banukasitar dinastiaren buru bilakatu zen. Mendekotasun politikoarekin batera, kulturaren islamizatzea etorri zen.[14]

VIII. mendean eta hurrengoaren lehen laurdenean, printze kristauen eta musulmanen arteko adiskidetasunezko hitzarmena izan zen Nafarroan politikaren ezaugarria, odol loturak eta interes ekonomiko berdinak baitzituzten elkarrekin. Ama berberaren semeak izan ziren, adibidez, Eneko Arista eta Musa ibn Musa, banukasitarren buruzagi ospetsua. Kidetasun horrek, eta Nafarroa Pirinioen hegoaldeko muturrean kokatua egoteak eragin berezia izan zuten Iruñeko Erresuma sortu eta finkatzekoan. Baskoiek hitzarmenak hautsi ondoren, ordea, Iruñea eraso zuten Uqba eta Yusuf valiek.[14]

Leireko monasterioa izan zen, Erdi Aroan, Iruñeko erresumaren gotorlekua eta Nafarroakoaren ernamuina.

Iruñeko ahaideen eta banukasitarren arteko harreman on horiek VIII. mendearen azken herenean ere eman zituzten beren emaitzak. Karlomagnok akordio bat egin zuen Zaragozako buruzagi musulmanarekin, hark hiria eman ziezaion, baina gudaroste frankoa hirira iristean, iruzur egin ziotela konturatu zen. Horren ondoren, Karlomagnoren tropek Iruñea suntsitu zuten, baina baskoiek mendeku hartu zuten Pirinioetan, Orreagan zehazki, 778ko abuztuaren 15ean armada frankoa ustekabean harrapatu baitzuten segada batean. Hala ere, agintari kristau eta musulmanen arteko harremanen gorabeherek jarraitu zuten, adibidez, Argantzongo haitzarteko guduan (803), Iruñea menderatzeko Ludovico Piorenak (812), karolingiarren aldeko Belaskoren aurka emirrak egin zituenak (816) eta Akitaniako erregeak Eblo eta Aznar kondeen gidaritzapean antolatua (824). Garai honetan Leireko monasterioa bilakatu zen Nafarroako Erresuma izango zenaren ernamuina.[14][16][17][18]

Nafarroako Erresuma

Sakontzeko, irakurri: «Iruñeko Erresuma» eta «Nafarroako Erresuma»

Erresuma independentea eratzen

XI. mendeko mugak (1035 arte)

806 eta 812 urteetan, Iruñea frankoen mendean zegoen. Hala ere, enperadore frankoek ezin zuten inperioz haraindiko lurraldeak behar bezala zaindu, etxean zuten arazoak zirela-eta. Horrela, apurka-apurka eskualdea inperioaren eraginetik ateratzen joan zen eta bertako dinastia indartzen. Iruñea inguruko euskaldunak (navarri) Iruñeko Erresuman egituratu ziren X. mende hasieran, 824tik aurrera jaurerri bat eratuz, Eneko Enekoitzen gidaritzapean, Arista ezizenekoa, Iruñeko errege-erreginen aitzindari.

Ondorengo Gartzia Enekoitz (851-882) izan zuen[19]. Kordobako emirerriak preso izan zuen urte asko eta litekeena da Ximeno leinuko Gartzia Ximenitz erregeorde edo erregekidea izatea.[20] Erresumak orduko euskaldunen lurralde guztiak hartu zituen Antso III.a Nagusiaren garaian, Pirinioen ekialdetik (Ribagorza) Garonaraino (1032-1035) eta Gaztelaraino (are, Leon ere). Testamentuan, lau semeren artean banatu zituen bere mendeko lurrak, haiek kudea zitzaten, baina formalki Iruñeko erregeari Gartzia III.a Santxez Naiarakoari, Iruñeko erregeari men eginez. Hargatik, seme horiek eta haren ondorengoek erresumak sortu zituzten: Gaztela, Aragoi. Aragoi-Iruñeko Erresuman, Alfontso Borrokalaria erregeak berriz elkartu zituen lurralde asko. 1118an, hegoaldera hedatu zen, eta Tutera (Erribera) konkistatu.

Antso VI.a Jakitunak eta Antso VII.a Azkarrak hiribildu ugari sortu zituzten, hiri gutunen bidez, eta Donejakue bidearen bidez kolonizazio handi bat hasi zen haren inguruan. Alfontso VII.a Gaztelako erregeak basailutzat hartu zituen bai Gartzia bai Antso VI.ak (1150-1194) bere semea[21]. Hala ere, Antso VI.ak menpekotzatik ateratzea lortu zuen[22]. Gaztelaren aurkako kanpaina hasi baino lehen, aldaketa nabarmena izan zen: Antsok Pampilonensium Rex titulua erabiltzeari utzi eta Rex Navarre titulua aldarrikatu zuen; harrezkero, Nafarroako Erresuma deituko zen. XIII. mendetik aurrera, Gaztelako Erresumak Nafarroa mendebaldea inbaditu zuen, Bizkaia (1179) Araba, Durangalde eta Ipuzkoako lurrak (1199-1200).

Nafarroako Erresumak lurraldeen eta biztanleriaren ia erdia galdu zuen eta itsas irteerarik gabe geratu. 1234an, Antso VII.a hiltzean, bertako dinastiak amaitu ziren, eta trukean Tibalt I.a Evreuxkoa hasi zen erregetzan. Horren aurrean, Nafarroako indar aktiboek foruak jarri zituzten indarrean, nafar legeak bermatzeko. 1451n, Gerra Zibila piztu zen Joan II.a Aragoiko errege gaztelarra Nafarroako koroa usurpatu zuenean. 1479an, Biarnoko Katalina Foixkoa bihurtu zen erregina, eta beaumontar indarrei egin behar izan zien aurre. Hala ere, garaituak izan ziren (1507). Bakea lortutakoan, Fernando Katolikoaren tropek, Albako dukea buruan zutela, erresuma inbaditu zuten 1512an, salbu eta Bortuez Haranzko Lurraldea merindadea.

Espainiar Koroaren konkistaren ondoren

1521eko udaberriko erresuma berreskuratzeko ahalegin batek porrot egin zuen. Xabierko Frantziskok (Frantsesek), nafar legitimista galtzaileen alderdikoak, Jesusen Lagundia eratzen lagundu zuen, eta Asian misiolari ibili ondoren santu eta Nafarroako patroi bihurtu zen, San Ferminekin batera. 1589. urtean, Henrike III.a Nafarroako erregea Henrike IV.a Frantziakoa bihurtu zen, katolizismoa onartu ondoren. Ondorengo Frantziako errege guztiek, beraz, Roi de France et de Navarre titulua izan zuten. Espainiar koroarekiko tentsio handien artean, 1576an Diputazioa eratu zen, Filipe II.ak haren autonomia zapuztu bazuen ere (1594). Nafarrek koroaren gerretan parte hartu behar izan zuten, hala nola Katalunian 1639an, kontraforua zena. Desertzioak ugariak izan ziren.

XVII-XVIII. mendeetan, nafar ugarik Ameriketara emigratu zuten, eta euskaldunen kofradietan bildu ohi ziren, hala nola San Ferminen Kongregazioa eta Arantzazuko Andre Mariarenak. Juan Goienetxe baztandarra aberastu egin zen Madrilgo errege gortera hurbilduz, asmo merkantilista batez. Nafar ilustratuak sendotu egin ziren XVIII. mendean. Dena den, Karlos III.a espainiar erregeak areagotu egin zuen agintearen zentralizazioa, eta estutu egin zituen nafar foruen kontrako neurriak, aduanen gaian. Mendeko azken hamarkadetan, Nafarroa Garaiaren merkataritza Pirinioez iparraldera eta Hego Euskal Herriko beste lurraldeetara bideratzen zen, % 37,2 eta % 62,3, hurrenez hurren.[23] Jose Maria Magallon San Adriango markesak ilustrazioa sustatu zuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin lankidetzan arituz.

Foruen amaiera

Gehiago jakiteko, irakurri: «Foruen amaiera Hego Euskal Herrian»
Karlisten altxamendua, 1833an.

1794ko Konbentzioaren Gerrak borrokak eta suntsipena ez ezik, koloka batean utzi zituen foruak, frantses iraultzaileei aurre egitera espainiar errege armada Nafarroara heldu zenean eta Manuel Godoy Espainiako ministro ahalguztidunak foruak deuseztatzea bilatu zuenean. Nafarroa Garaiko frantsestuak baztertuak izan ziren behin betiko Espainiako Koroan Fernando VII.a errege koroatu zutenean (1814); orduan, foruak berrezarri ziren, joera kontserbadore eta erlijioso handi batez.[24] Ekonomia krisian zen, itotzen, eta 1833an Espainian liberalak gobernura heldu zirenean, nafar askok mendira jo zuten altxamendurako boluntario, espainiar agintari berriei aurre egitera eta nafar foruak babestera.

Karlista horiek Zumalakarregi gipuzkoarra zuten buruzagi, eta indartsu egin ziren Ameskoan. Urte eta erdian, Espainiako gobernu liberalaren armadari gailendu zitzaizkion Nafarroan eta Euskal Herriko gainerako eskualde gehienetan, salbu eta hegoalde eta ekialdean. Aldiz, Zumalakarregiren heriotzak (1835) karlisten pixkanakako beheraldia hasi zuen. 1836an, espainiar agintariek Nafarroako Diputazioa desegin zuten, trukean probintziako diputazio bat izendatuz. Boluntario karlistak akiturik, Espainiako gobernuaren armadak Nafarroa Garaia okupatu ahal izan zuen. 1841ean, diputazio horretako ordezkariek Foruak Eraldatzeko Legea sinatu zuten, Nafarroako Erresuma probintzia bilakatuz.

Trukean, Nafarroa Garaiak zerga bilketari eta administrazioko prerrogatiba batzuei eutsi zien. Aduanak Pirinioetara eta itsasaldera lekualdatu ziren. Nafarrak Espainiako soldadutzara behartuak izan ziren: kintak. Amorrua eta ondoeza nagusitu ziren, eta herritar askok erbestera jo zuten. Kontrabandoa ugaldu egin zen. Lurraldea Espainiako ekonomiara ireki zen, eta 1857tik 1864ra burdinbidea bete-betean heldu zen Nafarroara: 1857an Tutera eta Iruñera, eta 1864an Norteko burdinbidea Altsasura. Mende erdialde eta amaieran, herri euskalduna ugari erdaldundu zen erdialdeko eskualdeetan, euskara Iruñean, Lizarran eta Tafallan galduz.

Karlistaldietatik Espainiako Gerra Zibilera

1872an, Espainiako giro politiko ezegonkorraren erdian, boluntario partidak eratu ziren mendialdean. Karlos Maria Borboi erregenahia Nafarroara itzuli zen deserritik, eta Bigarren Karlistaldia piztu zen, eta Orokietan izan zen lehen gudua maiatzean, boluntario karlisten eta Espainiako gobernuko tropen artean. Ondorioz, Zornotzako bake ituna sinatu zuten bi indarrek. Aldiz, bi urtera berpiztu egin zen gatazka eta, oraingoan, karlistak Nafarroa gehienean nagusitu ziren, baita Hego Euskal Herri gehienean ere. Hiriburua Lizarran finkatu zuten, eta estatu karlista bat osatu zuten.

Aldiz, 1875 hasierarako, Alfontso XII.a erregearen espainiar militar kontserbadore konstituzionalistek boterea hartu eta 100.000 soldadu eta gehiagoko armada bat igorri zuten Nafarroara, eta lurraldea okupatu. Canovas del Castilloren erregimenak Nafarroa gerraren errudun izendatu zuen eta, ondorioz, biztanleriak askotariko hertsapenak jasan zituen: gerra legea, isunak, armadaren mantenua, presoak kolonietara igortzea, etab. Kupoa aldatzeko legeak ezarri ziren Madrilen. Bigarren Karlistaldi ondorengo urteetan, askok Ameriketara jo zuten eta Nafarroa Garaiak biztanleria galdu zuen, funtsean landa gizarte gisa iraunez. Herri lurrak pribatizatzen joan ziren, lurjabe handien eskuetan utziz.

Elkartasun eta aldarrikapen mugimendu bat piztu zen Nafarroa Garai osoan, Laurak Bat mugimendua bihurturik beste euskal lurraldeekin. Kultur mugimendu erromantiko handia sortu zen, tartean zirela, Pablo Sarasate eta Julian Gaiarre musikariak, Iruñeko Orfeoia, etab. Navarro Villosladak Amaya o los vascos del siglo VIII eleberri historikoa idatzi zuen. Gainera, nafar intelektualen talde foruzale batek Nafarroako Euskal Elkargoa sortu zuen; besteak beste Juan Iturralde Suit, Nicasio Landa, Arturo Campion eta Serafin Olabe zituen kideak. Bitartean, ordea, Gamazo ministroak Espainiako aurrekontuetan Nafarroako fiskalitatea aldatzeko ahalegina egin zuen, baina aurrez aurre aurkitu zuen 1893-1894ko Gamazada herri protesta zabala. Batetik, foruak berrezartzeko mugimendu karlista berpiztu zuen (integrismoa) eta, bestetik, euskal nazionalismoaren haziak erein zituen. Nafarroa probintziako diputazioak "foru" izendapena aldarrikatu zuen izenean. Aldi berean, lankidetzan hasi zen beste euskal diputazioekin elkarren interesak defendatuz eta harremanak estutuz.

1896 eta 1903artean filoxerak mahasti gehienak suntsitu zituen, eta Etxauriko fokutik abiatuta Nafarroan zehar hedatu zen.[25] Ondorioz, herritar horiek fabrika berrietara jo zuten lan bila, lurraldeko azukre industriara nabarmenki. Langile mugimendua agertu zen. Egunkariek garapen handia izan zuten, bereziki El Pensamiento Navarrok eta El Diario de Navarrak. Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, eta euskal estatuturako egitasmoa umotu zen (1931), baina zapuztuta geratu zen buruzagi karlista batzuen oposizioaz .

Espainiako Gerra Zibiletik Frankoren diktadurara

Gehiago jakiteko, irakurri: «Gerra Zibileko biktimak Nafarroan»
Nafarroako masa ehorzketen mapa.

Nafarroa Garaian, Elkarte Tradizionalistak indar handia hartu zuen, eta Errepublikaren kontrako jarrera nagusitu. Espainiako Errepublikaren laikotasunak etsaigoa aurkitu zuen Nafarroa Garaian. Bestalde, lurrik gabeko milaka nekazarik lurjabe aberatsen lursailak hartu zituzten beren eskuetan 1933ko urrian, eta lurjabeak mendeku zain geratu ziren.[26] Karlista erreakzionarioenak eta elizkoienak nagusitu ziren, eta Errepublikaren kontrako kolpea egosten hasi ziren Varela eta Lizartza gidari zituztela. Karlisten eta Mola jeneralaren arteko ezusteko hitzarmen batek 1936ko uztailaren 18ko estatu kolperako bidea zelaitu zuen.[27]

Berehala karlistak kalera irten eta batailoiak eratu ziren. Erretagoardian, errepresioa eta izua zabaldu ziren altxamenduarekin bat egin ez zutenen kontra, bereziki Erriberan, era horretan guztira ia 3.500 herritar erailez 1936an eta 1948 arte.[28] Bitartean, Iruñetik Gipuzkoako kanpaina militarra abiatu zen. Euskal hezkuntza eta kulturaren adierazpenak, halaber, gogor pertsegitu ziren, hala nola Lizarran eta Elizondon. Probintzia gehienak kolpistekin bat egin zuenez, foru prerrogatiba ugariri eutsi zien, adibidez, kupoa. Karlistek 1841eko erregimenaren jarraipena ikusi zuten. Gerra traumatikoa izan zen eta isiltasuna nagusitu zen; gainera, galtzaileentzat, hamarkadetako umiliazioa hasi zen.

40 urteko diktadura hasi zen. Franco haren buruak Elkarte Tradizionalista karlista desegin zuen, beharturik FET y de las JONS eratuz ("sindikatu bertikala", 1937ko apirila), nafar karlista asko sumindurik utzi zuena; tentsioak bizi ziren falangistekin. Hala ere, karlistak Francoren erregimen berrira egokitu ziren. Dogma nazional-katolikoa egin zen nagusi lurralde osoan, adibidez, 1941ean Javierada deitu erromeria egiten hasi zen Xabierrera. Euskara debekatua izan zen, eta meza euskaraz emateari utzi zitzaion herri askotan. Kulturgile ugari hil egin ziren, edo deserriko bidea hartu.

Batzuek unibertsitate baten premia sumatzen zuten, eta abantailak eman zitzaizkion espainiar talde ultrakatoliko bati Iruñean finkatzeko: Opus Dei eta Nafarroako Unibertsitatea (1952ko urria). Gero eta indar handiagoa hartzen hasi zen Nafarroa Garaiko gizarte bizitzan, diktadura erregimenean bezala. Berretsi egin zen 20ko hamarkadan hasitako joera: Iruñerako inmigrazioa eta hazkunde demografikoa. Iruñean industria oparo garatu zen 60ko hamarkadan, ibilgailuen sektorean bereziki. Errepideak hobetu egin ziren. Horrek, aldi berean, gizarte klaseko kontraesanak eta gatazkak harrotu zituen, eta langile mugimendua eta protestak berpiztu. Karlismoan, arrakalak agertzen hasi ziren, eta euskal mugimendu abertzalea sendotzen.

Trantsizioa eta Nafarroako Foru Erkidegoa

1975eko azaroan, Franco diktadorea hil zen, eta erregimenaren erreforma hasi zen, hauteskunde askeak eginez. Mobilizazio handiko eta anitzeko garaia zen eta, besteak beste, amnistiaren aldeko[29] eta ekologiaren aldeko manifestazioak eta protestak izan ziren. ETAk, talde parapolizialek eta polizia erasoek indarkeria giroa areagotu zuten, hildako eta kaltetu ugari ekarriz 70, 80 eta 90eko hamarkadetan. Jurramendiko erasoek (1976ko maiatzean) nafar karlismoaren amaiera zelaitu zuten. Nafarroako Foru Diputazioaren hurbileko abokatu eta enpresaburuek Adolfo Suárezen UCD alderdiarekin bat egin zuten, baina gero Jesús Aizpúnek UPN alderdia sortu zuen (1979), Hego Euskal Herriko estatutua (Euskadi) arbuiatuz, eta adieraziz Nafarroako foruak indarrean zirela.[30]

HB alderdia Iruñeko bigarren indarra bilakatu zen 1979an, UCD ofizialistatik 750 botora.[31] Presioen erdian, Nafarroako PSOE-PSEk guztiz aldatu zuen bere posizioa, foru erkidegoa sortzearen alde agertuz Foru Hobekuntza deitutako erregimenean (1982), diktadurakoaren foru jarraipen zena. PSNk hauteskundeak irabazi zituen urte horretan, eta Gabriel Urralburu hasi zen Nafarroa Garaiko lehendakari. Hautsi ziren EAErekiko lotura organikoak. 1986ko abenduan, Euskararen Legea onartu zen, foru erkidegoa zona desberdinetan banatuz, hainbat eragozpen politiko jasan zituen arren.[32][33] Lege hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere aplikatzekoa zen;[33] NUP unibertsitatea, hain zuzen, 1987an sortu zen. Urralbururen agintaldia 1991n amaitu zen, Juan Cruz Alli gailendu zitzaionean, UPN alderdia pasa baitzen alderdi bozkatuena izatera.[34]

Otano hurrengo lehendakaria (PSN) UPN alde batera uzten saiatu zen EA eta CDNrekin batera, baina Diario de Navarrak PSNren ustelkeria datuak atera zituen, eta gobernu hori desegin egin zen. Orduan, UPNko Miguel Sanz heldu zen lehendakaritzara. Agintaldi horretan (1996-2011), Leitzaran eta Aragoiko autobiak eraikitzen amaitu ziren (A-15 eta A-21), baina Sanzek uko egin zion EAErekin lotuko zuen X diseinuko AHT burdinbidea eraikitzeari. Bitartean, Nafarroako eta Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak bat egin zuten Nafarroako Kutxa eratuz (CAN, 2000). Aldiz, Barcinaren agintaldian, Nafarroako kutxa enblematiko horrek porrot egin zuen, eta CaixaBankek erosi (2012), utzikeria eta praktika ustelen salaketen erdian. Ustelkeria eskandaluek PSN, Geroa Bai eta Ahal Duguren koalizio bat erkidegoko gobernura heltzeko bidea zelaitu zuten (2015), polarizazio handi baten erdian.

Ikurrak

Bandera

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako bandera»

Nafarroako Foru Erkidegoko bandera Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 7.2 artikuluak ezarri zuen:[35]

« Nafarroako bandera gorria da, erdian armarria duela »

Armarria

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako armarria»

Nafarroako armarria ikur heraldiko bat da, mendeetan zehar Nafarroaren eta Nafarroako Erresumaren ikur nagusia izan dena. 1982ko abuztuaren 10eko Lege Organikoak, ondokoa adierazten du 7.1 artikuluan:

« Nafarroako armarria, hondo gorriaren gainean paraturiko urrezko kateez da, katemailaz osaturiko zortzi besoen elkargunean esmeralda bat dutela eta ororen gainean, berriz, Errege koroa, Nafarroako antzinako Erresumaren sinboloa.[36] »


Egun Nafarroako Foru Erkidegoko armarri nagusia da.

Ereserkia

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Gorteen Ereserkia»

Gorteen Ereserkia Nafarroako Foru Erkidegoko ereserki ofiziala da Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legearen arabera.

Ereserkiaren jatorrizko doinua, "Erresumako Gortearen Sartzerako Martxa" izeneko pasaklaustro barrokoa da, Iruñeko katedraleko klaustroan jotzen zen Nafarroako Gorteetako kideak batzarretara zihoazenean.

Martxa hori XIX. mendetik jotzen zen ospakizun ofizial nagusietan, eta Nafarroaren ereserkitzat.

Nafarroako Gobernuak ereserkiaren harmonizazio ofiziala onartu zuen 1993an eta Manuel Iribarrenek 1971n idatzitako hitzak erantsi zizkion Jose Maria Azpirozek euskaratu zituelarik.

Banaketa

Banaketa tradizionala

Tradizioz, Nafarroa Garaia hiru irizpideren arabera banatu izan da beti: lurraldeak, merindadeak eta eskualdeak.[37][38]

Lurraldeak

Nafarroa Garaiko lurralde tradizionalak:
     Mendialdea
     Erdialdea
     Erribera
Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Mendialdea», «Nafarroako Erdialdea» eta «Nafarroako Erribera»

Lurraldeak kontzeptu zehaztugabe samarra dira, kokapenaren arabera zehaztuak. Hiru lurralde daude: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera. Mendialdea herrialdearen iparraldean dago; oro har, lurralde berde eta menditsua da, landaretza eta euri ugarirekin, eta ibar meharrak ditu. Desnibel handiko eremua da, euskara biztanle gehienen ama-hizkuntza gisa bizirik iraun duen eremua. Bertze biak ez bezala, Mendialdea izena nahiko generikoa da, eskuarki mendikatearen izenarekin (Pirinioak, Pirinioaurrea...) edo zuzenean dagokion ibarraren izenarekin (Baztan, Malerreka, Sakana...) aipatzen baita.

Bertzalde, Erdialdea Mendialdea eta Erribera arteko trantsizio-eremua da. Iparraldeak antzekotasun gehiago ditu lehenengoarekin, eta formarekin hegoalderantz egiten da; ezaugarri horiek galdu egiten dira, bigarrenarengandik hurbilago dauden beste batzuen mesedetan. Hemen erliebea txikiagoa da, baina koska bat dago oraindik. Landaretza ez da hain ugaria, eta haranak irekiagoak dira. Hegoalderago, haranak ez dira ia bereizten. Oro har, Erdialdearen mendebaldean (Lizarrerria) eta ekialdean (Erdialdea bera) bereizten dira.

Azkenik, Erribera oso eremu laua da, ibar oso emankorrak ditu, eta ia landaredi guztia laborantza-formakoa da. Malda txikia amildegi itxurakoa da, eta prezipitazioak gero eta urriagoak dira. Eremu idor samarra da, eta lekurik idorrenera iristen da Errege Bardeak basamortu batean. Aurreko bi lurraldeetan ez bezala, Erribera elkarrengandik urrun dauden herri handietan banatzen da, modu independentean garatu direnak, eta, beraz, hemen eskualde tradizionalak ez dira existitzen, soilik geografikoak dira, dauden ibaiaren ertzaren arabera.

Merindadeak

Nafarroa Garaiko merindadeak:
     Iruñea
     Zangoza
     Lizarra
     Erriberri
     Tutera
Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako merindadeak»

Merindadeak (nafarreraz: Merinaldeak) Nafarroako Erresumaren banaketa tradizional nagusia izan dira, eta gaur egun arte mantentzen dira, nahiz eta 1979tik ez duten inolako erabilgarritasun administratiborik. Merindadea merio baten agintaritzapean dagoen lurraldea da. Merioak eskumen judizialak eta betearazleak zituen, eta, gainera, erregearen ordezkari gisa jarduten zuen.

Jatorrizko lau merindadeak Iruñekoa edo Mendialdea, Zangozakoa edo Bortuak, Lizarrakoa edo Lizarrerria eta Tuterakoa edo Erribera dira. 1407an, Erriberriko merindadea sortu zen, Lizarrako, Zangozako eta Tuterako merindadeen lurraldeetatik abiatuta, eta merindadeak hiriburuaren izenarekin soilik ezagutzen hasi ziren. 1530 arte, Nafarroa Beherea ere barne hartzen zuen. Seigarren merindadetzat, Bortuez bestaldeko merindadea detua, hartzen den arren, zehazki bailegoa zen, hau da, baile izeneko administrariaren ardurapean zegoen. Merioa Zangozan zegoen.

Aro Garaikidean, hauteskunde-barrutia izan ziren XIX. eta XX. mendeetan. Gaur egun, ordea, merindadeek ez dute eskudantziarik, barruti judizialekin bat egiten badute ere. Merindadeetatik abiatuta sortu ziren, baina Zangozari zegokion egoitza Agoitzen zegoen, eta gauza bera gertatu zen Erriberri eta Tafalla artean. Gainera, Burlata Zangozako merindadean dago, baina Iruñeko barruti judizialean.

Nafarroa Garaiko egungo merindadeak bortz dira, eta hauek dira: Iruñekoa, Zangozakoa, Lizarrakoa, Erriberrikoa eta Tuterakoa.

Eskualdeak

Ikus kategoria: «Nafarroako eskualdeak»
Nafarroa Garaiko eskualde tradizionalak

Lurraren orografia dela eta, goinafartar lurraldearen zatirik handiena, Euskal Herri osoa bezala, elkarrengandik hurbil dauden herri txikietan banatzen da. Horrek eragin du, antzinatik, herriek beren artean bat egitea, entitate zabalagoak eratuz, gutxi gorabehera ibar geografikoekin bat datozenak. Ibar beraren barruan, gauza asko partekatzen dira (euskalkia, kultura, ohiturak, elezaharrak...), eta horri esker, XIX. mendeko administrazio-erreformak egin arte, banaketa tradizional horiek administratiboki ere izan ziren.

Gaur egun, ondorio praktikoak direla eta, udalerriak ez datoz guztiz bat administrazio-banaketa horiekin zenbait kasutan, baina bai beste batzuetan. Hala ere, horrek ez du eragozten eguneroko bizitzan oso presente egotea, bereziki Mendialdean, non zatiketak geografikoak baino ez diren. Erriberan, ezaugarri geografiko eta demografiko bereziak dituztenez, banaketa horiek ez dira kontuan hartzen. Erdialdean, ohi denez, iparralderago daude.

Horiek ez dira gaur egun indarrean dauden administrazio-eskualde ofizialak, baina horietako batzuek Aezkoako Batzarre Nagusia, Erronkaribarko Batzorde Nagusia edo Izarbeibarko Mankomunitatea bezalako egiturak dituzte. Bertze batzuk, Erroibar edo Baztan kasu, gaur egungo udalerriekin bat datoz, eta, beraz, bertako Udalak dira eskualdeko administrazio-erakundea. Zenbait kasutan, eskualdeko herri bat bereizi egin zen udalerri independente bihurtzeko (adibide gisa balio dezaten: Beriain, Agoitz, Lekunberri edo Jaitz), eta bertze batzuetan, herri guztiak udalerri gisa eratu ziren (Aezkoa, Berrotza, Bortziriak...).

Nafarroa Garaiko eskualde tradizionalak
MENDIALDEA
Kantaurialdea Iruñerria Pirinioak Pirinioaurrea
ERDIALDEA ERRIBERA
Lizarrerria Erdialdea Lizarrerriko Erribera Tuterako Erribera

Banaketa administratiboa

Administratiboki, Nafarroa Garaia eskualdeka banatuta dago. Eskualde horiek, aldi berean, udalerritan banatzen dira, eta barruan kontzejuak, lekuak, etxaldeak eta herri hustuak dituzte.[39][40]

Eskualdeak

Nafarroa Garaiko eskualde administratiboak
Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Garaiko eskualdeak»

2019ra arte, Nafarroako Parlamentuak ofizialki eskualde-banaketa onartu zuen arte, Nafarroa Garaia ez zegoen ofizialki eskualdeetan banatuta. Ordutik, lurraldea 12 eskualdetan eta 4 azpieskualdetan banatzen da: Baztan-Bidasoa, Erdialdea, Erribera, Erriberagoiena, Estellerria (Montejurra eta Estellerriko Erribera azpieskualdeak), Iruñerria (Metropolialdea eta Ibarrak), Izarbeibar-Novenera, Larraun-Leitzaldea, Pirinioak, Pirinioaurrea, Sakana eta Zangozerria.

Eskualde-banaketa horrek ezaugarri historiko eta tradizionalak hartzen ditu kontuan, nahiz eta Erdialdea edo Erribera eskualdeetako batzuk ez datozen guztiz bat banaketa tradizionalekin. Hala ere, merindadeek legezko ondorio praktikorik ez dutenez, ez da haien antolaera errespetatu; izan ere, eskualde batzuk mankomunitate jakin batekoak dira oso-osorik, eta beste batzuk hiru merindadetan banatu dira.

Gaur egun, eskualde horiek sortzeko prozesua amaitu gabe dago, eta figura horiek legez existitzen dira, baina ez dute ez lurralde-egiturarik ez erakunde publikorik, lehen zeuden mankomunitateak ez baitira oraindik desegin. Aurreikusita dago eskualde-kontseiluak sortzea, Katalunian gertatzen den bezala, eta horiek izatea mankomunitateen eskumenak izango dituztenak, bertzeak bertze, ura edo hondakinak.

Udalerriak

Ikus zerrenda: «Nafarroa Garaiko udalerriak»
Nafarroa Garaiko udalerriak

Nafarroa Garaiak 272 udalerri ditu gaur egun. Hauxe da biztanleriaren oinarrizko erakundea, Euskal Herriko gainerako udalerrien parekoa. Udalerri bakoitza demokratikoki aukeratutako alkate batek eta zinegotzi-kopuru jakin batek gobernatzen dute, biztanleriaren arabera.

XIX. mendeko erreforma administratiboen ondoren, bi udalerri mota agertu ziren: sinpleak eta konposatuak. Udalerri sinpleak, iparraldeko udalerri gehienen antzekoak, dira eredu ohikoenak, non Udala den udalerrian dagoen guztia biltzen duen administrazio-organoa. Horiek ez bezala, udalerri konposatuak bereziki Mendialdean eta, intentsitate txikiagoarekin, Erdialdean daude. Udalerri horiek, populazioaren sakabanaketaren ondorioz, hainbat biztanlegune dituzte, kontzeju, leku edo etxalde moduan. Kontzejuek beren administrazio-organoa dute, kontzejuaren berezko gaiak administratzeaz arduratzen dena, nahiz eta tokiko Udalaren mende egon.

Gaur egun, 353 kontzeju daude Nafarroa Garaian. Aurreko garaietako kopurua baino txikiagoa da; izan ere, herrialdeko landa-eremuek pairatzen duten despopulatzea dela eta, mota horretako administrazio-erakundeak baitaude gehien, haien autogobernua bideraezina da. Horren ondorioz, kontzeju asko desagertu egin dira, eta leku bihurtu dira.

Partzuergoak

Nafarroa Garaiko partzuergoak
Sakontzeko, irakurri: «Partzuergo (banaketa administratiboa)»

Nafarroa Garaia herrialde partikularra da, bere lurraldearen zati bat ez baitago inongo udalerritan. Kasurik ezagunena Errege Bardea da, nahiz eta eszenatoki hori berrogeita hamar bat aldiz errepikatzen den, bai Urbasa, Andimendi edo Lokiz bezalako azalera handietan, bai txikiagoetan, Erremendia edo Xaldua kasu. Hauek dira partzuergoak.

Partzuergoa bi subjekturen edo gehiagoren artean itundutako komunitatea da, lursail batzuen jabetzari edo aprobetxamendu jakin batzuei dagokienez. Subjektu horiek, oro har, kontzejuak edo udalerriak dira, eta fazeria ezartzen duten lurrak, oro har, haien arteko mugakideak dira.

Gaur egun, 70 bat partzuergo daude Nafarroa Garaian, nahiz eta 110 baino gehiago izatera iritsi ziren Foru Berria onartu ondoren, nahiz eta gerora batzuk desagertu egin ziren, erabilgarritasunik ez zutelako, edo kongozanteak kontzeju izatetik toki soil izatera igaro zirelako, eta, beraz, eskumenak udal beraren esku geratzen ziren.

Demografia

Biztanleriaren banaketa

Map
Nafarroa Garaiko biztanleria
  •  
    >10.000
  •  
    5.000-10.000
  •  
    2.500-5.000
  •  
    1.000-2.500
  •  
    500-1.000
  •  
    250-500
  •  
    <250

Biztanleriaren mugimenduak

Map
Biztanleria aldaketa Nafarroa Garaian azken 10 urteotan
  •  
    >%10
  •  
    %5-10
  •  
    %1-5
  •  
    %0-1
  •  
    %-5 - 0
  •  
    %-10 - 5
  •  
    <%-10

Udalerri populatuenak

Udalerrien artean, hauek dira nagusiak 2016ko datuei dagokienez:

Azken urteotako hazkunde eta mugimendu demografikoak kontuan hartuta, ordea, badira beste udalerri batzuk garrantzi handia hartzen ari direnak, hala nola Berriobeiti edo Galar.

Politika

Trantsizioaren ondoko lehen gobernuak

Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernua da botere betearazle nagusia duen organoa, eta Nafarroako Legebiltzarrak du botere legegilea.

Autonomia eratu ondoren, Jaime Ignacio del Burgo izan zen Diputazioaren lehen presidentea 1979 eta 1980 bitartean, FASA auzia hasi arte. Ondoren, Juan Manuel Arzak ordezkatu zuen eta 1984an sozialistak iritsi ziren boterera. Urte horretatik 1991ra arte Gabriel Urralburu buru zuen PSNk gobernatu zuen Nafarroa Garaia; batzuetan, UPNren laguntzarekin. Hala ere, Nafarroa Garaian UPN eta AP (gero, PP) batutakoan, lehendabiziko indar politikoa bilakatu ziren, eta Juan Cruz Alli Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuburu bilakatu zen (1991).

PSNren eta UPNren arteko gobernuak

Alta, gorabeherak egon ziren nafar politikan, Juan Cruz Alli UPNtik aldenduz joan zen, batik bat Alfredo Jaime, garaiko Iruñeko alkate alderdikidearekin izandako ika-mikengatik; bada, alderdi berria osatu zuen: CDN. UPN erdibitu zela eta, 1995eko hauteskundeek gobernu berria ekarri zuten, PSN, CDN eta EA arteko hirukoa, Javier Otano presidente sozialistarekin eta IUN-NEBaren aldizko babesarekin. EAErekin organo komuna eratzeko proposamena mahai gainean jarri zuten.

Gobernu hori, ordea, 1996an desegin baitzen Otano Auziarengatik, hau da, Diario de Navarra egunkariak argitaratu zuen Javier Otanok sinaturik PSNk Suitzan diru-kontu sekretuak zituela. Javier Otanok dimisioa eman eta politika utzi zuen, gero PSN ohiz kanpoko biltzarrak kudeatu zuen eta UPNri aldizko laguntzak eskaini zizkion gobernua osatzeko.

Horren ondorioz, Miguel Sanzek 1996an eskuratu zuen boterea Nafarroa Garaian. Hamabost urtez aritu zen lehendakari eta bere agintaldiak polemikak eta eztabaida dezente egon zen euskararen eta euskal nazionalismoaren inguruan. Adibide moduan, 2003ko Nafarroako Ikurren Legea aipatzen ahal da, baita Euskarabidearen kudeaketa ere bai.

Gobernu alternatiboa osatzeko porrota (2007)

Alabaina, hamaika urte eta gero, 2007ko hauteskundeetan, gobernu alternatiboa antolatzeko gehiengoa atera zen. PSN, Na-Bai eta IUN-NEBen arteko negoziazioak hasi ziren. Posible zen udaletan, haietako boto gehien lortu zuenak alkatetza eskuratu zuen. Honela, PSNko hautagaiak Erriberrin edo Burlatan alkate bihurtu ziren, eta Na-Baikoak Zizur Nagusian, Barañainen edo Atarrabian, besteak beste. Aldiz, Nafarroa Garaiko hiriburuan, Iruñean, akordioa ez zen hitzartu. PSNk EAE-ANVrekin bat egiteari uko egin zion, eta Uxue Barkosek ezin zion UPN-ko politikariari, Yolanda Barcinari, alkatetza kendu.

2007ko abuztuan, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernua osatzerakoan, PSOEk Nafarroa Bairen eta PSNren arteko gobernu akordioa gerarazi eta oztopatu zuen, UPNk Espainiako Gobernuari inbestidurarako babesa bermatu eta gero.[42] Lehendabiziko Nafarroako Parlamentuko presidentearen izendatzeko. Parlamentuko presidentetza adosteko. Na-Baik, bigarren indar politikoa izanda eta Gobernuko presidentetzari uko eginda, Parlamentuko burua nahi zuen Koldo Amezketarentzat, baina bozketa egunean, aldiz, PSNko Elena Torresek erdietsi zuen postua, UPNk bere alderdiarekin bat egin ondoren. Trukean, PSNk UPNko Javier Markotegiri eman zion botoa Parlamentuko mahaiko bigarrena izan zedin.

Horrek guztiak negoziazioaren lehendabiziko krisialdia eragin bazuen ere, gobernua osatzeko elkarrizketek aurrera segi zuten. Programa adostu zuten eta gobernua eratzear zegoela zirudienean, sailburuen banaketan porrot egin zuen negoziazioak. Na-Baik gobernuko 6 eserleku betetzea espero bazuen ere, PSN-k bi baino ez zituen eskaini. Beste bi PSNrentzat izango lirateke (horien artean presidenteordetza), beste bat IUN-NEBarentzat, eta gainerako 6ak independenteak izango lirateke. Na-Baik onartezintzat jo zuen eskaintza eta muzin egin zion proposamen horri.

Hala ere, negoziazioak segitu zuen eta hirugarren saiakera izan zen Sanferminak igarotakoan. Alde batetik, PSNk eskaintza guztiz ezberdina aurkeztu zuen; beste aldetik, Na-Bai eta IUN-NEBarekin gobernua antolatzeari uko egin zion, eta alderdi guztien arteko larrialdizko gobernua eratzea proposatu zuen. Gainerako alderdi guztiek, UPNk eta CDNk ere, errefusatu zuten. UPNk, bere aldetik, Na-Bai izan ezik besteek osatutako gobernuaren alde egin zuen.

Hirukotea osatzeko lehen porrotaren ondoren, PSN-ko hainbat kideren kritika zorrotzak egon ziren. Besteak beste, Ainhoa Aznarezek edo Jose Luis Urizek, zuzendaritzaren jokabidea gogor kritikatu zuten, eta alderdien arteko elkarrizketei berriro ekitea aldarrikatu zuten. Horrekin batera, UPNk PSN-ri proposatutako zorrotzak zien. Hori guztia zela-eta, abuztuaren 1ean, PSNk ustekabean Na-Bai eta IUN-NEBarekin berriro ituna hitzartzeko prest zeudela jakinarazi zuten. PSOEko zuzendaritzak, ordea, ez zuen erabaki hori onartu, Espainian 2008ko martxoan egitekoak ziren hauteskunde orokorretan eragin txarra izango zutelakoan. Abuztuaren 3an, PSOEko zuzendaritzak ebatzi zuen PSN abstenituko zela UPNko hautagaiaren bozketan, eta, ondorioz, Miguel Sanzek Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakari izaten jarraituko zuela.

2007tik 2019era arte

Urte hauetan UPN eta PSNren arteko elkarlana egon zen, lehenik Miguel Sanzen agintaldian eta ondoren Yolanda Barcinaren urteetan. Lehenik Carlos Chivitek babestu zuen UPNren gobernua eta geroago Roberto Jimenezek koalizio gobernua osatu zuen Yolanda Barcinarekin. Honen ondorioz, NaBaik irabazi zuen indarra oposizioko indarren artean.

Yolanda Barcinaren urteetan hainbat ustelkeri kasu egon zen eta tentsio politiko nabarmena egon zen abertzaleekin. Honetaz gain, Ahal Dugu alderdiaren etorrerak gizarteko sektore batzuk mugiarazi zituen eta 2019an UPN eta PSNren artean ez zuten gehiengoa lortu Nafarroako Parlamentuan. Aldi horretan, lauko gobernua osatu zuten "aldaketaren indarrek" (NaBai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra, EH Bilduren abstentzioaz), Uxue Barkos presidente zutela; UPN agintetik kanpo geratu zen lehenengo aldiz 25 urtean.

Eskuinak oposizio sutsua abiatu zuen gobernu berria eta bere neurrien aurka. Besteak beste, Nafarroako Ikurren Lege berriaren kontrako manifestazioa antolatu zuten eta kalapita sortu zuen hezkuntza oposizioen deialdiren alderdi linguistikoa.

2019tik aurrera

Uxue Barkos bere inbestidura egunean

2019ko hauteskundeetan gehiengoa galdu zuen lauko gobernuak eta UPN-PSN arteko ituna berritzeko aukera ikusi zuten askok. Halere, negoziaketa luzeren ondoren, Maria Chivitek aukeratu zuen NaBai gobernu kide bezala eta UPN (aldi honetan Na+ koalizioaren barnean), bigarren aldiz geratu zen boteretik kanpo.

Erakunde nagusiak

Iruñeko Sarasate Pasealekutik ikusita, Parlamentuaren fatxada.
  • Nafarroako Parlamentua: erakunde legegilea, Nafarroari dagozkion legeak onartzen ditu. Lau urtean behin nafarrek aukeratuta, Parlamentuak Gobernuburua hautatzen du. Horretaz gain, gobernuaren ekintzak kontrolatzen ditu.
  • Nafarroako Gobernua edo Foru Aldundia: Instituzio betearazlea, Foru Erkidegoko administrazioa zuzentzeaz gain, orokorreko politika ezartzen du. Presidentea gobernuburua da, zeinek sailburuak aukeratzen dituen. Gaur egun Geroa Baik du agintea.
  • Kontuen Ganbera: Nafarroako Foru Erkidegoko alderdi publikoaren ekonomi eta finantza kudeaketa kontrolatzen dituen erakundea da.
  • Nafarroako Arartekoa: Parlamentuaren aginduz, hiritarren oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak zaintzen dituen erakundea da.

Nafarroako Foruak

Iruñeko Sarasate pasealekuko Foruen Estatua.

Nafarroak historian zehar izandako edozein lege-sistema izendatzeko erabilitako espresioa. ohiturazko zuzenbidean eta erromatar zuzenbidean oinarritzen da. Pirinioetako zuzenbidearekin ere lotura du, kasu, Bearneko Foruak. Foruak legez idatzita daude eta Erdi Aroko Erregeak zin egin behar zituzten foruak errege izateko[43].

Kontraforuak gertatzen zirenean, hau da, erregeak foruak betetzen ez zituenean, liskarrak sortzen ziren. Kontraforu larrienak Nafarroako Errege Kontseiluak erreklamatzen zituen.

1841, Lehen Karlistaldiaren ondoren, Foruak Eraldatzeko Legea aprobatu zen. Lege horrne bidez Nafarroak erresuma izateari utzi zion eta Espainiar Erresumako beste probintzia bat bilakatu zen. Galdu egin ziren Gorteak, Erresumako Diputazioa eta erresumako burujabetasun legegile eta judizialak; bisorraiaren trukean, Espainiako gobernadore zibila ezarri zen.Halere, autonomia onartu zen hainbat arlotan, adibidez, zerga-zuzenbidean, zuzenbide zibilean eta administrazio-zuzenbidean.

Hainbat bilketa idatzi dira historian zehar. Nafarroa Erresuma izan zen bitartean, besteak beste Antonio Chavierren Gorteen Legeen Bilduma (1686), Bilduma Berria (1735) eta Gorteen Legeen Koadernoak (1724-1829) idatzi ziren. Foruek Eraldatzeko legearen ondoren, beste hiru bilduma ikus ditzakegu. Lehena,1841ko abuztuko Foruak Eraldatzeko Legearen indarrean zeuden Nafarroako Erresuma zaharraren foruen eta lege zaharren bilduma eta komentarioak. XX. mendean beste bi lan daude, Nafarroako Administrazio-legeria (Luis Orozek egina) eta hainbat liburutan banatua, hurrenez hurren, 1917 eta 1923; gainera, 1924 eta 1959ko eranskinak badaude. Honetaz gain, Foru Berria (1973), oraingo zuzenbide zibila biltzen duena

Tokiko foruak

Nafarroako Erresumaren foruez aparte, hainbat herrik bazituzten tokiko foruak. Hala nola:

  • Iruñeko forua edo Iruñeko San Zernin Burguko frankoen forua o fuero de los francos del Burgo de San Saturnino de Pamplona. Beste hainbat herritan erabili zen, adibidez, Atarrabian, Zangozan, Irunberrin, Orreagan, Larrasoañan, Alesben, Lantzen eta Etxarrin.TJacako foruan oinarritzen zen eta Gipuzkoako herri batzuetan ere erabili zen (Donostia, Getaria, Mutriku eta Zumaia).
  • Lizarrako Forua (1090).
  • Arguedasko Forua (1092), hau ere Antso Ramirezez emana.
  • Tuterako Forua (1117), Alfontso Borrokalariak emana. concedido en 1092 por Sancho Ramírez.

Kultura

Hizkuntzak

Euskararen banaketa
Nafarroa Garaian XIX. mendean mintzatzen ziren euskalkiak, udalerrien mapan. Euskalki horietatik hegoaldekoenak eta ekialdekoenak galduak dira gaur egun.
Sakontzeko, irakurri: «Euskararen Foru Legea», «Nafarrera» eta «Ekialdeko nafarrera»

Herrialdean nagusiki bi hizkuntza erabiltzen dira: gaztelania eta euskara. Gaur egun, erdi eta iparraldeko eskualdeetan bakarrik da koofiziala euskara, Hizkuntza-eremuen Legearen arabera «eremu euskalduna» eta «eremu mistoa» deiturikoetan. «Eremu ez-euskaldun»ean, batere ofizialtasunik ez du hizkuntzak.

Euskalkiei dagokienez, Nafarroa Garaiak lau aldaera ditu: nafarrera, nafar-lapurtera, ekialdeko nafarrera eta (berrikitan baina gero eta indar handiagoz) gipuzkera.

Euskararen ezagutzari dagokionez, Nafarroa Garaian askoz gutxiago aurreratu da Euskal Autonomia Erkidegoan baino, eskolatzeari esker hobetu egin den arren. Euskaraz ikasten duten umeen kopurua etengabe hazten ari da, eta horrek euskara estimatu edo balioetsi egiten dela adierazten du. Eta hori, Nafarroa Garaiko UPNko gobernuek euskara sustatzeko eman duten laguntza publikoa urria izan den arren.[44].

2011eko datuen arabera, Nafarroako herritarren %13,7 dira elebidunak —%9,9 (1991)—; elebidun hartzaileak, euskara ulertu bai baina hitz egiteko gai ez direnak, %10,4 (%7,4 1991ean) eta euskara ez zekitenak %74 dira —%82 1991ean—. Ezagutza eremu mistoan eta ez-euskaldunean igo da. Lehenengoan %18,6 gauza dira euskaraz hitz egin edo ulertzeko; ez-euskaldunean, berriz %11,5. Etxeko erabileran ez dago aldaketa nabarmenik eta gazteen artean ari ezagutza igo egin da[45].

Euskara gaitasuna hizkuntza eremuaren arabera. 2018.[46]
Hizkuntza erabilera Nafarroa Garaian 2018ko azterketa soziolinguistikoaren arabera. Ehunekoak.[46]

2018ko datuen arabera Nafarroa Garaiko herritarren % 14,1 euskaraz bazekien, % 8 euskaldun hartzailea zen eta % 77,9 ez zekien euskaraz. Zazpi urte lehenagoko zifrekin konparatuz, euskaraz ez zekitenen kopuruak gora egin zuen.[46]

















Literatura

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako idazleak»

Lurraldeak izen handiko euskarazko idazleak eman ditu, klasikoen artean Axular, Arturo Kanpion, Pablo Fermin Irigarai Larreko eta Alexander Tapia Perurena nabarmentzen direla. Garaikideak ditugu, besteak beste, Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Eduardo Gil Bera, Jose Angel Irigarai, Patziku Perurena, Alberto Ladron Arana, Inma Errea, Josetxo Azkona, Anjel Erro, Hedoi Etxarte eta Jokin Muñoz.

Halaber, erdarazko idazle aipagarriak dira Yehuda Halevi eta Abraham Ben Meir Ibn Ezra (hebreeraz) eta Antonio de Eslava eta Francisco Navarro Villoslada (gaztelaniaz).

Musika

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako musika»
María Bayo (2018)

Nafarroako jota bertako abeste mota tradizional ezaguna da, Raimundo Lanas "El ruiseñor navarro" (1908-1939) murilloarra jota abeslari ezagunenetako bat izan zen. Euskarazko abeslarien artean, Petti (folk-rock, blues, post-rock) eta Joseba Irazoki (pop-rock) beratarrak aipagarriak ditugu. Estatu mailan, gaztelerazko kantari ospetsuak izan dira Maria Ostiz, Serafin Zubiri eta Amaia Romero.

Musikagile nafar ezagunak izan dira Hilarion Eslaba eta Joaquin Gaztanbide, eta Pablo Sarasate. Abeslarien artean, Julian Gaiarre (1844-1890) eta Maria Bayo (1961-) mundu osoan ezagunak dira. Aipagarriak dira Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Orfeón Pamplonés ere (1865ean sortua).

1980ko hamarkadan Euskal Rock Radikalaren barruan sortutako taldeen artean "Barricada" nabarmendu zen, baita "Tijuana In Blue" eta "Tahúres Zurdos".

Berri Txarrak (2019)

1990eko hamarkadan abiatutako "Berri Txarrak" (rock), "Skalariak" (ska elebiduna), "Nahi ta nahiez" (pop-rock), "Kojon Prieto y los Huajalotes" (estilo askotakoa gazteleraz), "Hemendik At!" (dance), "Marea" (rock gazteleraz) "Koma" (heavy eta trash metal), "Leihotikan" (punk-rock), "Piperrak" (punk erriberarra) eta El Columpio Asesino (indie) azpimarratzekoak dira.

Azkenik, 2000ko hamarkadatik aurrera "Selektah Kolektiboa" (rap eta hip-hop), "Kerobia" (pop), "SextySexers" (rock) "Lendakaris Muertos" (punk), "Stupenda Jones" eta "Hesian" (punk rock sakanarra) eta "Vendetta" (askotariko estiloak) oso kontutan hartzekoak dira.

Bertsolaritza

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Bertsolari Txapelketa»
Saioa Alkaiza Nafarroako bertso-txapelduna 2021ean.

1936an izan zuen aurreneko ekitaldia Elizondon eta Juan Felix Iriarte "Berjinanto" izan zen txapelduna. Bigarren ekitaldia 1960an jokatu zen. Hamarkada horretan Migel Arozamenak hiru garaipen lortu zituen. 1979tik aurrera urtero jokatu da, 2020an baino ez du hutsik egi, COVID-19 pandemiaren erruz. 2003 artean Iparraldeko bertsolariek ere batera hartzen zuten eta Amets Arzallus lau aldiz izan zen txapeldun.

Xabier Silveira (7) eta Julio Soto (5) dira txapel gehien eskuratu duten bertsolariak.

Folklorea

Dantzak

Artzaina eta deabrua, Cortesko paloteadoan

Nafarroa Garaikoa Euskal Herriko folklorerik ugarienekoa da. Halaber, kanpoko eragin ageriena izan duena izanik, dantza-tankera eta ohitura asko bereganatu eta moldatu ditu. Dantza aipagarriak dira Erriberako makila-dantzak, eta katean elkarturiko bikotekako dantzak: Ingurutxo, Larraindantza, Sokadantza, etab.

Bestalde, Euskal Jauzien moduko dantzak ere badira, hona nola Baztango Mutil Dantza eta Otsagabiko makila-dantzak. Azken herri hori Pirinioetako aran batean kokatuta dago eta bere baitan kontserbatzen dituen dantzetan, gaur egun erlijio kutsua badute ere, antzinagoko iragan mitologikoa soma dezakegu.

Nafarroako Dantzarien Biltzarra 1978 urtean sortu zen, Nafarroako euskal dantza taldeen topaleku gisa. 2021ean, 68 taldek osatzen zuten, horietatik 38 talde heldu eta 30 dantzari talde txiki.[47] Besteak beste talde hauek aritzen dira gaur egun: Agoizko Angiluerreka, Atarrabiako Mikelats, Lizarrako Ibaiega, eta Iruñean Amaiur, Duguna, Oberena, eta Ortzadar.[48]

Inauteriak

Inauterietako pertsonaiak

Ituren, Zubieta, Lantz,[49] Erribera, Altsasu eta abarreko Inauterietan mitologia, erlijiotasuna eta tradizioak topatzen dira.

Inauterietako pertsonaiak izaten dira honakoak: Joaldunak, Miel Otxin, Hartza, Zaku Zaharrak, edo Altsasuko momorrotxoak.

Zubieta eta Ituren herrien artean ibiltzen dira Zanpantzarrak edo joaldunak. Inauteri hau urtarrilaren azken astearte eta asteazkenean ospatu ohi da. Zanpantzar ibilaldiaz gain soka-dantza eta dantza soltea ere dantzatzen dira.

Kirola

Labrit pilotalekua.
Laxo pilota-jokoa
Osasunaren partida Real Madrilen aurka.
Miguel Indurainek bost Tour irabazi zituen, irudian 1993koa.

Pilota

Esku pilota

Nafarroak izen handiko pilotari asko eman ditu, besteak beste Buruz Buruko txapeldun diren Julian Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Ruben Beloki, Patxi Eugi, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Oinatz Bengoetxea eta Joseba Ezkurdia.

Frontoi garrantzitsuena Labrit pilotalekua da, Iruñekoa, eta bertan jokatzen da besteak beste Nafarroako lau eta erdiko txapelketa eta San Fermin jaietako torneoa.

Laxoa

Laxoa Nafarroa Garaiko Baztan eta Malerreka ibarretan jokatzen den pilota jokoaren aldaera bat da, gaur egun tresnaz jokatzen direnetan zaharrena. Luzeko pilota jokoa da, hots, plaza batean bi talde aurrez aurre jarrita jokatzen dena. Jokalariek eskularruarekin jotzen dute pilota. Kintzeka eta jokoka kontatzen da. Nafarroako Gobernuak Kultur Ondasun Inmaterial izendatu zuen 2019ko maiatzean.[50]

Futbola

Nafarroa Garaiko futbol talde nagusia Osasuna futbol kluba da, Iruñeko taldea. 1920. urtean sortu zen eta 40 denboraldi egin ditu Lehen mailan (2021eko datua). Bi aldiz lortu du 4. postua eta Errege Kopako finala ere jokatu zuen 2005ean. 2007an Txapeldunen Ligan aritu zen eta urte berean UEFA Europa Leagueko finalerdietara iritsi zen. Sadar estadioan jokatzen ditu etxeko partidak.

Bigarren B mailan jokatu duten beste talde batzuk ere badaude, Osasuna B, Izarra, Tudelano, Peña Sport, Azkoien, Mutilvera eta Txantrea.

Nafarroako futbol selekzioa ere antolatu zen 2003. urtean eta hiru partida jokatu zituen 2005 artean, urtero bana.

Areto-futbolean bi talde daude Espainiako maila gorenean, Xota Futbol Sala, Ligan eta Kopan finalista izandakoa, eta Ribera Navarra FS.

Eskubaloia

Bi eskubaloi talde izan ditu Nafarroa Garaian goren mailan, biak ere Iruñekoak. Portland San Antoniok 2002ko eta 2005eko ASOBAL Ligak irabazi zituen eta Europan ere txapeldun izan zen, Europako Kopa bat bi Errekopa eta Superkopa bat irabaziz. 2013an ordea taldea desegin zen. Gaur egun SCDR Anaitasunak hartu du haren lekua. 2011n igo zen ASOBAL Ligara eta 2016an Errege Kopako finala jokatu zuen.

Txirrindularitza

Txirrindulari ezagun ugari izan dira Nafarroa Garaian. Denetan arrakastatsuena Miguel Indurain izan da, Frantziako 5 Tour eta Italiako 2 Giro irabazi zituena besteak beste. Erlojupekoan Munduko txapelduna eta txapeldun olinpikoa ere izan zen. Beste txirrindulari ezagun batzuk honako hauek dira: Guillermo Antón, Mariano Cañardo, Jesús Galdeano, Hortensio Bidaurreta, Mikel Nieve, Patxi Vila...

Trial modalitatean Benito Ros aipatu behar da. Hamar aldiz izan da munduko txapelduna eta bi aldiz Europakoa. Pista txirrindularitzan Juan Peralta eta Sergio Aliaga Espainiako txapeldunak izan dira.

Herri kirolak

Aizkolaritzan izan dira nafarrak nagusi herri kirolei dagokienez. Mikel Mindegiak 9 aldiz irabazi du Euskadiko txapelketa. Beste aizkolari arrakastatsu batzuk Floren Nazabal, Donato Larretxea, Patxi Astibia, Iker Vicente, Martin Garziarena eta Ramon Latasa izan dira.

Harrijasotzaile ezagunena Iñaki Perurena da eta jasotako pisuaren errekorra Mieltxo Saralegik ezarri zuen 2001ean, 329 kg hain zuzen ere.

Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa 11 aldiz irabazi du Nafarroa Garaiko selekzioak eta palmaresean lehena da.

Mendiko eskia

2012tik urtez urte gero eta izen handiagoa hartzen ari den Bandres-Karolo mendiko eskiko memoriala[51] antolatzen da Izaban. Otsaileko asteburu bat izan ohi da normalean, elurraren arabera betiere. Kronoigoera eta bakarkako proba (eski-zeharkaldia) jokatzen dira. Bi mailatan banatzen da zeharkaldia: A eta B. Azken edizioetan A mailako proba Euskal Herriko Koparako puntuagarria izan da. B mailakoa berriz, maila apalagokoa eta herrikoiagoa da.

Hedabideak

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroa Garaiko euskarazko irratiak»

Euskalerria irratiak Nafarroako Foru Erkidego osorako eta euskaraz emititzen du. Kate txikienen artean Eguzki Irratia eta dugu Iruñerrian eta Irati Irratia Pirinioetako ibarretan.

Egunkari nagusiak «Diario de Navarra» eta «Diario de Noticias» probintzian.

Aldizkarien artean «Nabarra» Euskal Herri osorako argitaratzen zen, baina itxi egin zuten 2011n, arazo ekonomikoak medio[52]. Tokian tokikoen artean, Bortziriko «Ttipi-Ttapa» dugu adibide, baita Mendixut ere Pirinio aldean.

Azpiegitura

Osasuna

Garraioa

Errepide sarea

Nafarroako errepide sarea.

Trafikoaren eskumena Espainiako Barne Ministerioarena da, eta Guardia Zibilak du trafikoa zaintzeko eskumena. Halaber, Ministerio horrek radarrak eta isunen administrazioa kudeatzen ditu. 2021eko martxoan ezagutu zen Estatuak 12,72 milioi euro kobratu zituela isunetan Nafarroako errepideetako radar finkoen bidez bost urtean, eta 208.000 gidarik jaso zutela salaketa horregatik. Euskal Autonomia Erkidegoarekin mugan jarritako radarrek bildu zuten diru gehien isunetan, zehazki Altsasukoak (1.932.876,41 euro) eta Lekunberrikoak (6.587.398,59 euro), kobratu gabe gehiago utzi bazen ere.[53]

Garraio publikoa

Nafarroako gaur egungo eta iraganeko burdinbide eta tren geltokien mapa.

Garraio publikoan eragin handiena duena autobus konpainiak dira. Iruñeko autobus geltokian zentratutako sare batek hainbat eskualdetara egiten du zerbitzua. La Baztanesa, La Estellesa, La Muguiroarra, La Roncalesa, La Veloz Sangüesina edo La Uniónek Iruñea eta eskualde buruak zein herriz herriko zerbitzua dute. Gainera, Iruñerrian Atarrabiarra edo La Villavesa izeneko Iruñerriko Eskualdeko Hiri Garraioa sarea dago.

Tren zerbitzuari dagokionez, behinola existitu ziren trenbide gehienak desagertuta daude gaur egun, eta trenbide nagusietan ere hainbat geltoki itxi dira. Castejongo geltokia, Iruñeko tren geltokia eta Altsasuko geltokia dira zerbitzuen nodo zentralak. Euren arteko loturaz gain, Bartzelona, Madril, Vigo edo Irunera doazen zerbitzuak daude. Baita Miranda de Ebrorekin (Gasteizko geltokia bidean hartuta) edo Logroñorekin lotzen duten eskualdeko trenak. Trenbideen garairik oparoenean Iruñea-Zangoza burdinbidea, Iruñea-Donostia burdinbidea, Irun-Elizondo burdinbidea eta Anglo-Vasco-Navarro trenbidea existitu ziren, azken honek Lizarra eta Bergara lotzen zituen, Gasteiztik[54].

Iruñeko aireportua

Iruñea-Noain aireportua — ofizialki Iruñeko aireportua / Aeropuerto de Pamplona Iruñeatik sei kilometrora dago, Noaingo udalerrian. Aena enpresako aireportu publikoa da. Bere urterik onenean, 2007an, guztira 500.097 bidaiari erregistratu ziren.[55] Asfaltozko pista bakarra du, batez ere Espainiako helmugak eskaintzen dituzten hegaldientzat. Frankfurteko aireportuarekin ere lotura eskaini zuen Lufthansak[56].

Unibertsitateak

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

NUPeko Liburutegia

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP, NAUP edo UPNA) 1987an sortu zen. 10.000 ikasle (700-edo hirugarren zikloan) eta 600 irakasle inguru dira. Arrosadian kokatuta dago zen.[57] 2000-2001 ikasturtetik ikasketa hauek eskaintzen zituen: Enpresa Zientzietako diplomatura (1.067 ikasle), Ingeniaritza Tekniko Industriala, Lan Harremanetako diploma, Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketan lizentzia, Ingeniaritza Industriala, Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa, Nekazaritza Ingeniaritza, Telekomunikazio Ingeniaritza, Ekonomia, Soziologia eta Zuzenbide lizentziak, eta Irakasle ikasketak eta Erizaintza.

2021ean 6 fakultate edo eskola hauek daude NUPen:

  • Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea
  • Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea
  • Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa
  • Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa
  • Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola
  • Zientzia Juridikoen Fakultatea

Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitatea egoitza nagusia Iruñean duen unibertsitate pribatu bat da. 1952ean sortu zuen Jose Maria Escriva de Balaguer-ek, Opus Dei-ko sortzailea. Izaera katolikoa du.

Bertan, 42 titulazio ofizial ikas daitezke. 2007-2008 ikasurtean Nafarroako Unibertsitatean 828 lanaldi osoko irakasle eta 1.049 zerbitzu-langile zeuden. 9.188 ikasle gradu-ikasketetan matrikulatuta zeuden. 4.302 gradu-ondoko ikasle zeuden.

Ikastetxe hauek biltzen ditu:

Nafarroako Unibertsitateak eskaintzen dituen tituluen artean Euskal Ikasketen Diploma izenekoa dago, euskara, historia eta Nafarroako zuzenbideari buruzko gaiak jorratzen dituena. 1963. urtean sortu zen Nafarroako Unibertsitatean euskal etnografia eta euskal kultura, euskalkien gaia lantzen zuen katedra.[58] Oskillaso eta Jose Migel Barandiaran irakasle izan zirelarik[59], Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedra ere badago unibertsitatean eta euskal kultura bultzatzen duen Abarrots Euskara Taldea ere bai.[60]

Udako Euskal Unibertsitatea

Ikergazte kongresua (UEU eta NUP, 2017)

Udako Euskal Unibertsitatea 1973ko udan sortu zen euskara unibertsitatean integratzeko. Euskal Herri osoan jarduten du.

1970an unibertsitatean euskara ez zen bat ere erabiltzen. Hutsune hori betetzeko sortu zen , Euskaltzaindiaren babespean. Lehengo ekitaldi biak Donibane Lohizunen egin ziren, ondorengo biak Uztaritzen, eta azkenean 1977tik aurrera Iruñean, non 20 urtez Iruñeko Larraona ikastetxeko ikastaroak oso emankorrak izan ziren. Geroago, urteak pasa ahala, hainbat urrats kualitatibo egin dituzte etengabe euskarazko unibertsitatea eraikitzeko bidean, bai Nafarroan bai Euskal Herriko beste herrialdeetan ere.[61]

Orobat euskaraz eta unibertsitate mailakoak diren atal hauek sustatzen ditu: ikastaroak (2000 ikastaro 1973tik), liburu-argitalpenak (438 liburu eta 3 aldizkari zientifiko), Internet zerbitzuak, kongresuak, profesionalen bilkurak, eta graduondoko-ikasketak (12 titulu, 250 ikasle). Udaz gain, beste urte sasoietan ere antolatzen ditu ikastaroak, baita jardunaldiak ere (esaterako, Informatikari euskaldunen bilkurak, edo Natur Zientzietako Topaketak). Euskal komunitate zientifikoa ezagutarazteko eta trinkotzeko zenbait datu-base ere eskaintzen ditu (Inguma eta Tesiker). Ikergazte kongresu zientifikoak 200 gazte ikerlari bildu zituen 2017an Iruñean.

Ekonomia

2020ko Biztanleria Aktiboa 278.400 pertsonakoa zen, honako jarduera sektoretan banatuta: Zerbitzuak = 177.800, Industria = 75.700, Eraikuntza = 15.600, eta Lehen sektorea = 9.400.[62]

Sunsundegui enpresak Altsasun ekoiztutako autobus bat.

2019ko BPG-Barne Produktu Gordina 20.973 M €-koa izan zen. Beraz, BPGaren bolumenaren araberako Espainiako 14. ekonomia zen. Per capita BPGa bizi-kalitatearen adierazle ona da, eta 32.141 €-koa izan zen, estatuko BPGa 23.690 €-koa zen bitartean. Kopuru horrek esan nahi du Nafarroako biztanleria estatuko bizitza-maila onena dutenen artean dagoela, hain zuzen 3. postuan Autonomia Erkidegoetako per capita BPGaren rankingean.[63]

2021eko bigarren hiruhileko BAI-Biztanleria Aktiboaren Inkestan, Nafarroako langabezia %10,3koa zen, estatuko langabeziaren ehuneko txikiena duen Euskal Autonomia Erkidegoaren ondoren.[64]

Zerbitzuak

Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera, 2021eko urtarrilaren 1eko enpresa-egitura zerbitzuen sektorean kontzentratzen da bereziki, hamar enpresatik ia zortzi eta soldatapeko hamar pertsonatik bost bertan baitaude.

Enpresen biztanleriaren egituran pisu handiena duen sektoreak 19.616 enpresa biltzen ditu, arlo hauetan: ostalaritza, garraioa eta biltegiratzea, informazioa eta komunikazioak, finantza- eta aseguru-jarduerak, ondasun higiezin-jarduerak, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, jarduera administratiboak eta zerbitzu lagungarriak, hezkuntza-, osasun- zein gizarte-laguntzako zerbitzuak, eta bestelako gizarte-jarduerak Gainerako Zerbitzu bezala biltzen diren zerbitzu pertsonalak barne, eta enpresa guztien % 55,5 dira.

Merkataritzaren pisua ere garrantzitsua da, 8.060 enpresa baititu. Guztizkoaren % 22,8rekin, sektore honetan sartzen dira handizkako eta txikizkako salmentako jarduerak egiten dituzten enpresak eta merkataritzako bitartekariak.[65]


Industria

Industria-sektoreak soldatapeko hamar pertsonatik lau enplegatzen ditu, eta hamar enpresatik bat hartzen du. Nafarroako industria goi mailakoa eta esportatzailea da, eta 51 enpresa daude 500 enplegatutik gora dituztenak.[66] Horien artean batzuk multinazionalen filialak dira, hala nola Volkswagen eta beste hainbat bertako kapitala dutenak, ezagunenak Azkoyen Taldea, Sunsundegui edo Fagor Ederlan izanik.[67]

Jarduera industrialek CETENASAtik (Nafarroako Zentro Teknologikoak) sortutako ikerketa teknologikorako zentro batzuen euskarria dute. Zentro horiek enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute.[68]

NIE- Nafarroaren Industriaren Elkarteak industriaren eta haren ingurunearen arteko lankidetza eta lehiakortasunaren hobekuntza sustatzen ditu. NIE elkarte pribatua da, kudeaketan eta teknologian espezializtua, erreferente izateraino, eta Nafarroako enpresa garrantzitsuenen %70 inguru biltzen ditu, bezero eta elkartuen artean, fakturazio-bolumenari dagokionez. [69]

Eraikuntza

2020. urtean eraikuntza sektoreak 15.600 enplegatu zituen,[64] 2.709 enpresetan banatuta.[70] Sektoreko adierazle nagusiak lanpostuak, zementuaren kontsumoa, eraikingintza eta obra zibila dira.

Eraikingintza azpi-sektorean hiru jarduera mota daude: garrantzitsuena den etxegintzaren arloa, gizarte-ekipamendua eta bestelako eraikuntza. 2020an egiten hasitako etxebizitza babestuak 605 izan ziren, eta libreak 1954. Bukatutakoak berriz, 558 izan ziren babestuak eta 1498 libreak.[71]

Obra zibilaren azpi-sektorean, lau jarduera mota bereizten dira: garraioa, urbanizazioa, hidraulikoa eta ingurumena. Estatuko zein Nafarroako Gobernuko lizitazio publikoek baldintzatzen dute beraien dinamismoa, eta pandemiaren eraginez 2020an soilik 130 M€ inbertitu ziren, hain zuzen aurreko urtekoaren erdia.

Etorkizunari begira sektoretik eraikuntzaren trakzio- lana beste jarduera ekonomiko batzuekiko azpimarratzen dute, eta energia eraginkortasuneko eta ekonomia zirkularreko estrategiekin lotura, garapen jasangarrira eta erresilientea bideratzeko.[71]


Lehen sektorea

2020an, nekazaritzako elikagaien merkataritza-balantzak ildo positiboari jarraitu zion, 727 milioi euroko superabit osoarekin. Animalia bizien eta animalia-arloko produktuen adarrak 203 M€ esportatu zituen eta 141 M€ inportatu; landare-arloko produktuen adarrak, koipeek eta olioek berriz, 520 M€ esportatu eta 260 M€ inportatu zituen, eta elikagai-industrietako produktuen adarrak 631 M€ esportatu eta 226 M€ inportatu zituen.[71]

Nekazaritza azpisektorean, belarkien laboreek 255 mila Ha okupatu zituzten, eta zurezko laboreek berriz 31 mila Ha. Nekazaritzako ekoizpen nagusiak zerealak 1.010.080 tona, bazka-laboreak 991.455 tona,eta barazkiak 518.481 tona izan ziren; kopuru txikiagoekin zeuden zurezko laboreak (mahastiak, fruta-arbolak eta olibadiak), laborantza industrialak, tuberkuluak eta lekadunak.[71]

Abeltzaintzaren azpisektorean, 2020an zerri-erroldak 685.605 buru zituen, ardi-aziendak 467.020, behi-aziendak 123.450, eta ahuntz-aziendak 12.755.[71]

Jaiak

Joaldunak. Ituren eta Zubietako Inauterietan

Urte oso zehar ospatzen dira Nafarroako herriko festak. Herriko festa gehienek lotura dute Santuekin eta herri bakoitzak badu bere patroiak. Jatorri erlijiosoko festekin segituz, martxoaren lehendabiziko bi asteburuetan ospatzen dira Xabierraldiak, hau da, Xabier herriraino urtero egiten den erromeria. Beste hainbeste jaik, berriz, inauterietan zentratzen dira eta oso famatuak dira, adibidez, Ituren eta Zubietan ospatzen direnak, baita Sakana aldean ere. Honetaz aparte, apirileko azken igandean urteroko jai egiten dute Baigorren, Nafarroaren Eguna, Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko batasun kulturala aldarrikatzeko.

Hau da jai esanguratsuenen zerrenda:

Nafar ospetsuak

Oharrak

  1. Ez da Aturriko Latsa, izen bereko bi ibai desberdinak dira. Oka Ibaian eta Deba Ibaian ere badira "Latsa" errekak.

Erreferentziak

  1. Nafarroako Foru Erkidegoa da Euskaltzaindiak hobetsitako forma. 32. araua: Espainiako erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-07-09).
  2. Nafarroako Foru Komunitatea da Nafarroako Gobernuak onartutako euskarazko izen ofiziala. Autogobernua. Foru Hobekuntza. Nafarroako Gobernua (Noiz kontsultatua: 2010-07-09)..
    Euskaltzaindiak euskara baturako Nafarroako Foru Erkidegoa izena du onartua, forma nagusitzat; hala ere, «Nafarroako Foru Komunitatea izendapena ere erabil daiteke», zehaztu du. 154. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-10-14).
  3. Castiella, Pablo J.. Eginardo. Vida de Carlomagno (Vita Karoli Magni). Edición bilingüe latín-castellano. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  4. «NABA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  5. Navarra y su abrazo etimológico. (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  6. (Gaztelaniaz) «Etimología de la voz "Navarra"» Pyrenaeus 2012-12-02 (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  7. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «Las debilidades del pan-nabarrismo» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-03).
  8. Ugarte, Uxer. (2021). «Euskal Herriko mendien mapa(Iturria: wikidata)» query.wikidata.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-15).
  9. a b c «Recursos hídricos. Los ríos - navarra.es» www.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-10-19).
  10. «Web del agua en Navarra» administracionelectronica.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-10-19).
  11. a b c d e Historia de Navarra II. El Neolítico
  12. URZAINQUI, TOMAS. "Navarra, sin fronteras impuestas". Pamiela
  13. Merindadeak. Nafarroako historiako gaiak Bigarren Hezkuntzarako
  14. a b c d Jimeno Jurío, José María. Nafarroako erreinua. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-1-21).
  15. Mezquíriz, M. Á. (1965). Necrópolis visigoda de Pamplona. Príncipe de Viana, 26(98), 107-131.
  16. Lacarra, Jose Maria. (1972). Historia política del Reino de Navarra. Aranzadi.
  17. Eiroa, Francisco Javier Ocaña. (2006). «Planimetría de la iglesia mozárabe del monasterio de San Salvador de Leire» Príncipe de Viana 67 (239): 743–774. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  18. Miguel, José María Lacarra y de; Gudiol, José. (1944). «El primer románico en Navarra, estudio histórico arqueológico» Príncipe de Viana 5 (16): 221–272. ISSN 0032-8472. (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
  19. Barrau-Dihigo, Lucien. "Les origines du royaume de Navarre d'apres une théorie récente". Revue Hispanique. 7: 141-222. orr. (1900)
  20. Lakarra de Miguel, José María. "Textos navarros del Códice de Roda". Estudios de Edad Media de la Corona de Aragon. 1:194-283 (1945).
  21. Grassotti, H. (1964) "Homenaje de García Ramírez a Alfonso VII." Vianako Printze Erakundea. 94–95. orr.
  22. Angel J. Martín Duque "Sancho VI el Sabio y el Fuero de Vitoria", (Vianako Printze erakundea, 63. urtea, 227. zbk, 2002)
  23. Esparza, Jose Mari. (2012)., 57 or..
  24. (Gaztelaniaz) «Navarra. Historia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-23).
  25. Piqueras Haba, Juan. (2005). La filoxera en España y su difusión espacial: 1878-1926. Universitat de València: Facultat de Geografía e Història PMC 814492859. (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  26. Preston, Paul. (2013). The Spanish Holocaust: Inquisition and Extermination in Twentieth-Century Spain.. HarperCollins, 182 or. ISBN 978-0-00-638695-7..
  27. «Efemeridea. Juan Iruretagoyena Ayestaran idazlea 1899ko martxoaren 28an jaio zen Zarautzen Efeméride. Ceferino Urien Leizegui nace el 30 de marzo de 1892 Efeméride. Ignacio Baleztena Ascarate nace en Pamplona el 2 de abril de 1887» www.euskonews.eus 2008-03-28 (Noiz kontsultatua: 2021-10-11).
  28. (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «Navarra registra 3.507 muertos de la represión franquista entre 1936 y 1948» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-11).
  29. Bueno Urritzelki, Mikel. La lucha proamnistía en las provincias vasco-navarras en la transición española. Geronimo de Ustariz, 30-31, 83-100 or..
  30. Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 284, 308. or.
  31. (Gaztelaniaz) Goñi, Fermin. (1979-04-06). «La alcaldía de Pamplona, clave de las relaciones PSOE-PNV» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-10-11).
  32. (Gaztelaniaz) Muez, Mikel. (2000-05-23). «El PSN "sospecha" que los nacionalistas se han beneficiado de la ley del Vascuence» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
  33. a b (Gaztelaniaz) «La sentencia respalda que la ley foral del Vascuence también se aplique en la universidad pública» El País 1999-03-22 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
  34. (Gaztelaniaz) Muez, Mikel. (1991-08-14). «Urralburu pierde la última votación para gobernar Navarra» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
  35. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Hizkuntza Eskubideen Behatokia.
  36. Nafarroako Sinboloak: Armarria, bandera eta ereserkia.
  37. Nafarroako Entziklopedia Handia | ESKUALDE GEOGRAFIKOA. (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).
  38. «Geografia eta biztanleria. Lurraldea eta bertakoak - nafarroa.eus» www.nafarroa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).
  39. Chourraut, R; Ortigosa, C. eta Valentin, A. Nafarroa Garaiko banaketa-izendegirako proposamenak. www.nafarroa.eus
  40. Nafarroako Entziklopedia Handia | PROBINTZIA-BANAKETA. (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).
  41. [1]
  42. «Hurrengo geltokia: Iruñea» Berria 2023-12-27 (Noiz kontsultatua: 2023-12-27).
  43. Nafarroa, Foru erkidegoa. Nafar foruaren historia eta egungo baliotasuna. Nafarroako Gobernua.
  44. Ramón Zallo eta Mikel Ayuso (euskaratzailea: Josemari Navascués): Euskal Herria ezagutzea, Eusko Jaurlaritza, 2009, 44. orrialdea.
  45. Garikoitz Goikoetxea, «Euskararen mapaz, eta mapa azaldu ez», Berria, 2015-01-14
  46. a b c Nafarroako Gobernua. (2018). Azterketa soziolinguistikoa. Nafarroako Gobernua, 7 or. ISBN LG NA 940-2020..
  47. Nafardantza. «Nafarroako Dantzarien Biltzarra — dantzan.eus» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2021-10-20).
  48. «Dantza taldeak | Dantzanet» www.dantzanet.net (Noiz kontsultatua: 2021-10-22).
  49. «LANTZ» web.archive.org 2010-01-26 (Noiz kontsultatua: 2021-10-20).
  50. «Gobernuak Laxoa jokoa Kultur Intereseko Ondasun Inmaterial izendatu du» Ttipi-Ttapa, 2019-05-09 (erran.eus) (Noiz kontsultatua: 2019-05-14).
  51. «bandres-karolo memoriala» bandres-karolo memoriala (Noiz kontsultatua: 2021-10-04).
  52. http://www.argia.com/albistea/nabarra-aldizkariak-argitaratzeari-utzi-dio-arazo-ekonomikoak-direla-eta 'Nabarra' aldizkariak argitaratzeari utzi dio arazo ekonomikoak direla eta
  53. «Los radares del Estado en Navarra recaudan 12,72 millones y denuncian a 208.000 conductores en cinco años» Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2021-03-28).
  54. Gran Enciclopedia de Navarra | FERROCARRIL. (Noiz kontsultatua: 2021-10-19).
  55. «Presentación - Aeropuerto de Pamplona - Aena.es» www.aena.es (Noiz kontsultatua: 2020-06-02).
  56. (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Lufthansa descarta recuperar el vuelo entre Pamplona y Fráncfort durante la temporada de invierno» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2021-10-19).
  57. berria.info[Betiko hautsitako esteka] (2010-10-22)
  58. Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedra. Aurkezpena.. (Noiz kontsultatua: 2018-09-11).
  59. Ana Echaide Itarte: Euskal hizkuntza eta kultura katedraren ibilbidea. Recorrido histórico de la cátedra de lengua y cultura vasca de la Univ. de Navarra.
  60. Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedra, Nafarroako Unibertsitatea. 2010-01-17.
  61. Aizpuru Murua, Mikel Xabier. (2003). Udako Euskal Unibertsitatea : euskal kulturgintzan : Hasierako urteak, 1973-1984. Udako Euskal Unibertsitatea, 33-34 or. ISBN 8484380416. PMC 433518649. (Noiz kontsultatua: 2019-08-19).
  62. (Gaztelaniaz) Biztanleria aktiboaren inkesta. Nafarroako Esatistika Erakundea. https://administracionelectronica.navarra.es/GN.InstitutoEstadistica.Web/InformacionEstadistica.aspx?R=1&E=172.
  63. (Gaztelaniaz) Datos macro Navarra – Economía de las Comunidades Autónomas.. Expansión https://datosmacro.expansion.com/ccaa/navarra+ISBN C.I.F.: B-87328910..
  64. a b (Gaztelaniaz) Datos macro Navarra – Encuesta de Población Activa. Expansión https://datosmacro.expansion.com/paro-epa/espana-comunidades-autonomas/navarra+ISBN C.I.F.: B-87328910..
  65. (Gaztelaniaz) Directorio de empresas de Navarra. Nafarroako Estatistika Erakundea http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Economia+y+Hacienda/Organigrama/Estructura+Organica/Instituto+Estadistica/NotasPrensa/Directorioempresas.htm.
  66. (Gaztelaniaz) Ranking de empresas. El Economista. https://ranking-empresas.eleconomista.es/empresas-NAVARRA.html.
  67. (Gaztelaniaz) Catálogo de la industria navarra. Diputación Foral de Navarra. Gobierno de Navarra, Prensa publicaciones ISBN 9788423502462..
  68. (Gaztelaniaz) Apraiz, Amaia, Martínez, Ainara, Romano,María. (2019). Patrimonio industrial de Navarra. Gobierno de Navarra. Fondo de Publicaciones; N.º 1, 365, 370 or. ISBN 8423535053, ‎ 978-8423535057..
  69. (Gaztelaniaz) Bayo, Alberto, et al.. (2010). Claves de la economía y la empresa de Navarra. Colección Informes. Gobierno de Navarra, 144 or. ISBN 9788461337422..
  70. (Gaztelaniaz) Guía de empresas, servicios y profesionales de Navarra. Anuario de la Construcción https://www.anuariodelaconstruccion.com/+ISBN B31414873..
  71. a b c d e (Gaztelaniaz) Madariaga, Joseba. (2021). Economía Navarra. Informe 2020. Departamento de Estudios. Laboral Kutxa https://corporativa.laboralkutxa.com/src/uploads/2021/09/ECONOMIA-NAVARRA-2020.pdf, 103 or. ISBN 978-84-946432-8-6..

Bibliografia

  • Esparza Zabalegi, Jose Mari; Aoiz, Floren; Zabaleta, Patxi. (2016). Tres tristes trileros; Arbeloa, Del Burgo y Aizpún. Tafalla: Txalaparta SL ISBN 978-84-16350-64-3..

  • Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2012). Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan. Euskal Editorea SL ISBN 978-84-936037-9-3..

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa