Location via proxy:   [ UP ]  
[Report a bug]   [Manage cookies]                
Edukira joan

Haritz kandudun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Quercus robur» orritik birbideratua)
Haritz kandudun
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFagales
FamiliaFagaceae
GeneroaQuercus
Espeziea Quercus robur
Linnaeus, 1753
Sinonimoak
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakEzkur eta oakwood from Quercus robur (en) Itzuli
Quercus robur

Haritz kanduduna[1] (Quercus robur), haritz edo haritzondo izenaz ere ezaguna, Quercus generoko zuhaitz espezie bat da, Euskal Herriko haritzen artean ohikoena. Haritz kandudunaren ezkurrek, izenak dioen moduan, kandua edo txortena dute; haritz kandugabearenek, ordea, ez. Izen espezifikoa, robur, latinetik dator, eta «gogor» edo «indar» esan nahi du: izan ere, gogortasuna da haritzaren egurraren ezaugarririk nabarmenena. Indarraren sinboloa da haritza. Biziraupen handiko espeziea da: batzuetan, 1.000 urte baino gehiago bizi daiteke, hala nola Gernikako arbola bezala.

Hosto erorkorreko zuhaitza handia da, 40 metro garai izateaz gain 15 metroko diametroa izatera iritsi daiteke, normalean lodiera txikiagoa izan arren.

Oso zuhaitza indartsua da, bestelako zuhaitz bat hiltzeko moduko zauriak osatzeko gai da. Egur gogorra eta erresistentea du.

Haritz kandudunak Olarizuko lorategi botanikoan

Zuzena, laburra eta lodia du enborra.

Erorkorrak eta lobulatuak dira haritzaren hostoak; sinpleak, txandakatuak eta txorten txikikoak.

Apiriletik maiatzera loratzen da haritza.Gerba motako infloreszentziatan hazten dira lore arrak; eta txorten luzeko multzo txikitan, emeak.

Haritzaren fruituak, ezkurrak, irail-urrietan heltzen dira, eta txorten luze baten puntan hazten dira.

Azala arre iluna kolorekoa eta zimurtua du.

Haritz kandudunaren azala
Haritz kandudunaren azala






Haritz kandudunak sustrai indartsuak eta garatuak ditu, sakonera handikoak.

Lur sakonetan bizi denez gehienbat, sustrai primarioa oso garatua eta luzea du, tinko lotuz lurzorura.

Baso guztietan gertatzen den moduan, haritz banakoak kolektibo gisa dihardu bere espezietako gainontzekoekin komunitate bat osatuz. Mikorrizek horretan laguntzen dute lur azpian sare zabal bat sortuz.

Banaketa eremua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia Europa gehienetik eta mendebaldeko Asiatik hedatzen da, Eskandinaviako eta Errusiako leku hotzenenetan eta Iberiar penintsulako leku lehorrenetan izan ezik.

Euskal Herri hezeko espezierik berezkoena da haritza. Gehienbat, lurzoru azido eta hezeetan aurkitzen da.

Ekologia eta habitata

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas mailatik 500 metro bitarteko garaieran erraz hedatzen da. Lur freskoak, hezeak eta sakonak atsegin ditu. Haranetan eta bailara sakonetan gustura ibiltzen den zuhaitz horietako bat da, baina oso erresistentea da topatzen dituen baldintzetara.

Haritzek osatzen duten basoari harizti deritzo, gehienetan baso mistoak dira haritza izanda baso horretan nagusitzen dena. Hariztiak pagadiak bezain itxi eta ilunak ez direnez, beste espezie ezberdinetako zuhaitz, zuhaixka eta landareekin bizi da oihanpe bat osatuz. Beraz zuhaitz eta zuhaixken aldetik baso nahiko bioanitzak izaten dira hariztiak.

Haritzek ez dute lehorteak maite, eurizaleak dira eta Pagoek aire hezeak behar dituzten moduan haritz kandudunek lur hezeak behar dituzte.

Europan eta Euskal Herrian 0-500 metro bitartean nagusitzen den zuhaitza da, ekologian garaiera horretan fitokomunitate klimax bezala ezagutzen dena osatuz.

Bere haziak (ezkurrak) jaki gozoak dira animalia askorentzat, besteak beste, katagorri, muxar, basasagu, orkatz, orein, basurde, eskimosa eta bestelako korbidoentzat.


Gernikako arbola zaharra


Haritzaren zura oso preziatua da: kalitate onekoa eta oso erresistentea da. Zurgintzan, upelgintzan eta ontzigintzan erabiltzen da. Haren egurra erregai ona da; eta ikatza, bero-ahalmen handikoa.

Apaingarri gisa erabiltzen da parkeetan.

Abereen bazkarako erabiltzen da ezkurra; txerrientzat, bereziki.



Haritz kanduduna mitologian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso leku garrantzitsua betetzen du mitologian eta herriko tradizioetan haritzak: zuhaitz beneratua izan da herrialde askotan. Haritzaren inguruan egiten ziren batzordeen bilerak, akelarreak, druiden batzarrak eta izaera animista duten beste erritu batzuk.

Beste izen arruntak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Quercus robur tokiko euskarazko testuetan[2]: haritz (haitz, haritx, haitx, aretx, araitz, areitz, aretz, agatx); haritzondo (haitzondo);

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Artikulu honen edukiaren zati bat Botanika.wikispaces.com webgunetik hartu da, CC BY-SA 3.0 lizentziapean.
  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2011]
  2. Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]