Artelatz
Artelatz | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Fagales |
Familia | Fagaceae |
Generoa | Quercus |
Espeziea | Quercus suber |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | artelazki eta cork oak wood (en) |
Artelatza (Quercus suber) quercus generoaren zuhaitz-espezie baten izen arrunta da.
Mendebaldeko Mediterraneo itsasoan jatorria duen zuhaitz hori oso zabalduta dago, bere azaletik artelazki ateratzen dutelako[1]. Haren ezkurrak ere txerriak elikatzeko erabiltzen dituzte. Euskal Herrian populazio bakan batzuk aurkitu daitezke, bereziki iparraldean, Baiona eta Biarritz inguruan, eta Getaria eta Zarautz arteko lurretan. Bitxia da artelatza Kantauri isurialdean egotea, berez klima mediterraneokoa baita. Bizitzeko klima lehorra eta silizio askoko lurra behar ditu artelatzak, baina Getaria eta Zarautz arteko itsasertzean, ordea, mikroklima berezi bat sortzen da, tenperatura epel samarrekin, eta, gainera, eremu batzuetan lurra aberatsa da silizioan. Hortaz, artelatzak eremu horietan bere lekua topatu du, eta ezin hobeto egokitu da. Inguru horretan, arkamurka deitzen zaio.[2][3]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artelatzak artearen antza handia du, baina azalean erraz bereizten dira: artelatzaren azala harroa eta pitzatua da, artelazkia. Azala hauts kolorekoa da (iluna azala gabeko enbor eta adarretan, baina gorrixka azala kendutakoetan). Zuhaitz hori tamaina ertainekoa da, 20 metrorainokoa eta adakera zabalekoa. Adar bihurriak dituzte.
Hostoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artelatzaren hostoak 2,5-10 x 1,2-6,5 cm-koak dira, koriazeoak, iraunkorrak eta obatu-lantzeolatuak. Oin asimetrikoa dute. Gainaldetik berde ilunak eta glabroak izaten dira baina zurixkak eta tomentotsuak azpialdean. Ertz horzduna izaten dute, baina hortzak ez dira oso nabariak. Nerbio nagusia bihurgunetsua izaten da eta nerbio sekundarioak zuzenak. 6-20 mm-ko peziolo tomentotsua dute.
Loreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artelatzaren loreak sexu bakarrekoak dira, eta ez oso deigarriak. Quercus generoaren lore tipikoak udaberri hasieran agertzen dira, lehenengo hostoak ateratzen hasi aurretik. Loreak hori edo berde argi kolorekoak dira. Lore arrak gerba motako infloreszentziatan hazten dira eta emeak, txorten luzeko multzo txikitan.
Lore ar mota hauek airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude, 4-8 cm-ko luzera dute, forma zilindrikoa eta adarretatik zintzilik agertzen dira (bakarka zein taldeka), polena askatuz. Lore ar bakoitzak ezkata trilobulatu bat du eta honen barruko aldean txertatzen da 5-7 gingil obatu eta iletsuko perigonioa, lazinia ilegabe eta 6 estamine luzerekin (4-10 estamine izan ditzake baina arruntena sei izatea da). Estaminek antera bilotsuak dituzte eta filamentuen tamainakoak izaten dira.
Lore emeak buruxkatan antolatzen dira (bakarka edo binaka), hiru estigma dituztelarik eta adar lateralen puntetan agertzen dira. Estiloak laburrak dituzte eta oinetik dibergenteak. 4-6 lobulu bilotsuko periantoa dute. Ginezeoak estilo linear-klabiformeak ditu, oinarritik dibergenteak.
Artelatzaren loreek errakis bilotsua dute.
Fruituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artelatzen fruituak ezkurrak dira, uda hasieran agertu eta iraila-urrian heltzen direnak. Ezkurra glande motako fruitua da, forma oboideokoa, 1 cm-koa eta hasieran kolore berde argia azaltzen duena, nahiz eta geroago marroixka bihurtzen den. Ezkurrak, pedunkulu luze baten puntan hazten dira, luzangak dira (2,5 cm luze ingurukoak) eta txortenak fruituaren herena estaltzen du, txapela moduko bat osatuz: karloa. Karloa 8-15 x 10-20 mm-koa da eta bertan ezkata lauak ageri dira baina oro har, ez dute ertza gainditzen.
Fruituak 1-2 ezkurreko taldetan edo banaka hazi daitezke baina beti ere pedunkulu bakarretik eratortzen direlarik. Pedunkulu hau 12 cm-raino irits daiteke. Ezkurrak elikagai-iturri garrantzitsua dira zenbait animaliarentzat.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualde mediterraneoko mendebaldean hazten da modu naturalean baina eskualde honetan ere artelatz kultibo garrantzitsuak daude. Espainia, Portugal, Algeria, Maroko, Frantzia, Italia eta Tunisiako azalerak batuta 2,5 milioi hektarea betetzen dituzte artelatz landaketek. Portugalek mundu mailako produkzioaren % 50 asetzen du.
Euskal Herrian, populazio bakan batzuk aurkitu daitezke, bereziki iparraldean, Baiona eta Biarritz inguruan, eta Getaria eta Zarautz arteko lurretan. Izan ere, espeziearen banaketa-muga Frantziako hego-mendebaldean dago.
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualde mediterraneoan hazten da, barne haranetan, ondo drainatutako lurzoru sakonetan, substratu silizioetan bereziki. Hezetasunari dagokionean, lurzoru lehorrak nahiago ditu, azidoak (pH 3,5-5,5) eta nitrogenoan txiroak. Argitasun gutxi behar du eta tenperatura beroak. Hala ere, nahiko zuhaitz kontinentala da eta ondo jasaten ditu tenperatura aldaketak.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batik bat artelazkia erauzteko erabili izan da artelatza. Euskal Herrian, eguberrietan jendeak artelazkia hartu ohi du, jaiotza apaintzeko. Ohitura horrek kalte handia egin dio artelatzari, behin azala zaurituta arrisku handia baitago zauri horretatik onddoak edo bizkarroiak sartzeko eta, ondorioz, zuhaitza gaixotzeko.
Horrez gain, artelatzaren zura ikatzerako ustiatzen zen, artea baino kalitate txarragokoa zen arren.
Ezkurrak txerriak elikatzeko erabili izan dira tradizionalki.
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artelatzekin elkarrekintzan onddo ugari aurki daitezke baina garrantzitsuenak hauexek dira: Auricularia auricula-judae, Cantharellus cibarius, Boletus aereus, Paxillus involutus, Xerocomus subtomentosus, Lactarius rugatus, Lactarius zonatus, Russula olivacea, Amanita caesarea, Amanita curtipes, Amanita ponderosa, Gymnopilus suberis, Pluteus petasatus eta Tricholoma myomyce.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ Santos Pereira, João; Bugalho, Miguel Nuno; Caldeira, Maria da Conceição, 2008. From the Cork Oak to cork: A sustainable ecosystem
- ↑ Ana GALARRAGA AIESTARAN: «Aitziber Sarobe: "Artelatza babestu nahi badugu, eremua gorde behar dugu"»[Betiko hautsitako esteka], Elhuyar Zientzia eta Teknologia, 2004-09-01.
- ↑ Manuel M. RUIZ URRESTARAZU: «Quercus espezieen euskal izenak», Euskera: Euskaltzaindiaren lan eta agiriak, ISSN 0210-1564, 53. liburukia, 2. zenbakia, 2008, 405-409. orrialdeak.